2026-11-04
HomeErrepresioaLABek babesa erakusten dio Eneko Compains irakasleari jazarpen mediatikoaren aurrean

LABek babesa erakusten dio Eneko Compains irakasleari jazarpen mediatikoaren aurrean

El Correo egunkariak bere azalean gaur argitaratu duen berri baten arabera “etakide-ohi batek Konstituzio Zuzenbidea irakasten du UPV/EHUn”, barnealdean honakoan aldatzen delarik: “UPV/EHUk etakide izateagatik kondenatutako irakasle bat kontratatu du”. Hain zuzen, Konstituzio Zuzenbidea eta Pentsamenduaren eta Mugimendu Sozial eta Politikoen Historia Saileko Eneko Compains irakasleari buruz ari dira, Konstituzio-Zuzenbidea euskaraz irakasteko kontratatua.

Argitaratutako testuaren irakurketaz ondorioztatzen denaren arabera, berri honen helburua irakasle horren jazarpen politikoa da, irakaslearen heriotza zibila eta laborala bilatuz. Edonola, azpimarratu nahi dugu UPV/EHUk Eneko Compains kontratatu izan duenean, orain eta lehenago ere, legearen barruan egin izan duela, baita Eneko Compainsek eta berarekin batera epaitutako lagunek Fiskaltzarekin eta AVTrekin lortutako akordioaren ondorioz Entzutegi Nazional espainolak ezarritako sententzia bidegabearen arabera ere.

Berriaren irakurketaz, kazetari sinatzaileak aipatzen ez dituen iturriak UPV/EHUtik beretik datozela antzematen dugu, eta ez dugu zalantzarik, informazio okerra eta kontrastatu gabeko atalak edukitzeaz gain, bakearen aurka dauden UPV/EHUko sektore atzerakoien eta minoritarioen aldetik datozela. Sektore hauek ez dute nahi pertsona guztien eskubideak bermatzen dituen egoera normalizaturik, tartean, atxilotuak eta , torturatuak izan ondotik, espetxera itzuli behar ez izateko helburuarekin lortutako akordio baten ondoren, bidegabeki kondenatuak izan ziren pertsonena. Sektore horiek gainera, euskal gizartearen gehiengoak onartzen ez dugun errelatoa inposatu nahi digute, bakezko orainaldi eta etorkizun aske eta demokratikoa eraikitzeko berme gisa balio ez duelako.

Aurrekoagatik, publikoki gure elkartasuna adierazi nahi diogu Eneko Compains irakasleari, eta UPV/EHUri eskatzen diogu Vocento Taldeko hedabideak bidegabeki jazarritako irakasle honen eskubideak defenda ditzala. Era berean, UPV/EHUko irakasle-ikertzaile laboralaren Enpresa-Komiteari ez-ohiko bilera eskatuko diogu gai hau aztertzeko eta egoera salatzeko.

UPV/EHUko LABeko Sail Sindikala

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Navarrabiomed – Miguel Servet Fundazioko plantillak bertan behera utzi ditu greba eta mobilizazioak, Osasun Departamentuak jakinarazitako aurrerapausoak direla-eta

Joan den ostegunetik, gure hitzarmen kolektiboaren aplikazioaren inguruan Osasun Departamentutik jakinarazi zizkiguten aurrerapausoak eta albisteak ezagutu ondoren, Navarrabiomed - Miguel Servet Fundazioko langileok erabaki dugu garatzen ari ginen greba eta mobilizazioak bertan behera uztea.

Udaltzain batzuk Intxaurrondon jasotako formakuntza ikertzeko eta berriro halakorik ez dadin gertatu eskatzen dugu

Gipuzkoako hainbat udaltzaingotako agenteek Intxaurrondoko kuartel nagusian, Gipuzkoako Guardia Zibilaren Komandantziaren egoitzan, egindako prestakuntza-ikastaro batean parte hartu izana salatzen dugu.

Etxebizitzarako eskubidea bermatu dadin, hiru eraldaketa eta sei ekintza lerro proposatu ditugu

Etxebizitza langileen eta herritarren beharren arabera antolatzeko, parke publikoa ardatz duen planifikazioa egin behar da; etxebizitza politiketan eman beharreko eraldaketak kapitalaren irabazi espekulatiboen bidez ordaindu behar dira; eta, jarduera espekulatiboak debekatuz, negoziorako erabiltzen diren etxebizitzak berreskuratu behar dira.