"Zazpi urte bete dira gaur Bateragune kasuaren baitan gertatutako atxiloketak gauzatu zirenetik.
Idatzi hau babesten dugunok, jatorri eta ibilbide politiko desberdinetakoak gara, eremu sozial, kultural eta sindikal anitzekoak, eta hala ere bat etorri ginen orduan operazioa arbuiatzerakoan, eta bat gatoz gaur ikuspegi hura berresten, iragandako denborak emandako ikuspegiarekin.
Zerbait ez dabil ondo sistema batean zeinetan eskutik doazen Gobernuko alderdiaren gorengo eremuetan gertatzen den ustelkeria eta gehiengo sozialak krisi garaietan zigortzeko austeritate politikak, edota kartzelarekin penatzen diren, kasu honetan bezala, bortizkeria amaitzeko eta normalkuntza demokratikoa ekartzeko meritu handiko garabideak gidatu dituztenen jardunak.
Gur egun ere jasaten ari gara oraindik ordukoaren ondorioak. Azken hauteskundeetan gertatu da, Arnaldo Otegiri lehendakari-hautetsi bezala aurkezteko aukera ukatu zaionean. Eta gaur bertan ere gertatzen da, Rafa Díez Usabiaga kartzelan dagoelako, sumarioan bildutako gainerako kide guztiak zigor osoa bete ondoren aske daudelarik.
Hauxe da hain zuzen ere agiri honetara gakartzan arrazoia. Zeren eta ezinezkoa da jada Bateragune kasuan egindako kaltea osatzea, baina arrazoizkoa dirudi etorkizunerako aukera berriak ireki daitezkeela pentsatzea, Rafa Diez Usabiaga berehala libre geratuko balitz, bere zigorra berrikusteko testuinguruan, oraintsu egin duten bezala Entzutegi Nazionalak eta Epaitegi Gorenak, Zigor Kodeko 579.4 bis artikulua aplikatuta.
Gure ustez eskari honek zentzu juridiko osoa dauka, politikoa ukaezina delako, ETAk bere jardun bortitzaren behin betirako amaiera iragarri zuenetik jada bost urte bete direnean. Zentzu juridiko eta politiko bera izango lukeelarik Rafarenaren antzeko kasuetan kartzela zigorrak berraztertzeko testuinguru orokorra irekitzeak, eta era berean sakabanaketaren amaiera, gaixotasun larriak dituzten presoak aske uztea, edota zigorraren 3/4ak bete dituztenena ere berraztertuz.
Azken batean, justizia trantsizionalaz ari gara, ETArekin lotzen diren presoei aplikatzen zaien salbuespeneko kartzela erregimenari bukaera emateko.
Horretaz guztiaz mintzatzeko garaia da, eta horrela egitea Rafa Diez Usabiagarenganako aitortza azaltzeko modurik egokiena da ziurrenik, ez bakarrik preso dagoelako, berez darion balioagatik ere bai, oraingoa bezalako uneetan nabarmentzen baita hutsunea, berak ongi mamitzen duen konpromisorako ahalmena, ikuspegi estrategikoa, lidergoa, eta akordioak lantzeko gaitasunarena.
Aske ikusi nahi dugu laster batean, ezarritako kartzela zigorra osorik bete baino lehen. Har bitez helburu horretarako neurri juridiko egokiak eta itzal bitez eragozle diren jarrera politikoak.
Bukatzeko, mezu pertsonal sentibera zuzendu nahi diegu Rafari eta bere familiari, gure gertutasuna eta gure arnasarik beroena adierazi, laster batean aske ikusiko dugun fede eta esperantzarekin.
Argi eta indartsu entzun dadila gure ahotsa: Zigorraren berrikusia eta berehalako askatasuna Rafarentzat
Donostian, 2016ko urriaren 14an"