2026-07-04
Blog Page 1030

Enplegu publiko duin eta egonkorra aldarrikatu dute Gasteizko Legebiltzarraren aurrean

Iñigo Urkullu lehendakari aukeratu dute gaur Gasteizen. Minutu gutxi geroago, Legebiltzarraren kanpoaldean, LABek elkarretaratze bat egin du zerbitzu publikoetan egindako murrizketak salatu eta berriak egin ez ditzaten eskatzeko.

EAJ eta PSE-EE alderdiei egin die sindikatuak, gobernu akordioa sinatu duten alderdiei: “Ez dugu ahaztu behar bi hauek azken urte luzeetan zerbitzu publikoetan eta langile publikoen lan baldintzetan murrizketa handienak gauzatu dituzten alderdi nagusiak direla”. LABek nabarmendu du EAJk PPko Gobernuak Madriletik inposatutako murrizketa guztiak bere egin dituela: “Egoera honek, langile publikoen lan baldintzetan ez ezik, herritarrek jasotzen dituzten zerbitzuen kalitatean ere eragin zuzena izan du”.

Eusko Jaurlaritzako langileen artean, behin-behinekotasun tasa %35 gorakoa da. Erretiroa edo baja hartzen duten langileak hainbat kasutan ez dira ordezkatzen, eta lan pilaketak nabarmen hazi egin dira. "Bereziki kezkagarriak dira eremu batzuetan pairatzen dituzten egoerak. Lanbiden, esaterako, funtzionario eta bitartekoentzako Akordio Arautzailea eta lan kontratadunen Lan Hitzarmena erabat zaharkituta daude”, jakinarazi du sindikatuak.

Aurreikuspenak hobeak ez direla ohartarazi du LABek: “Gauza jakina da Europako Batasunak Espainiako Gobernu berriari murrizketa berriak agindu dizkiola. Horiek Estatuko aurrekontuetan izango duten eragina gutxi barru ikusiko dugu; edozein kasutan ere, Madril eta Gasteizko gobernuen arteko mimetismoa ikusita, Madrilek inposatuko dituen murrizketa berriak Gasteizko Gobernuak bere egingo dituela ziurtzat eman daiteke”, azpimarratu du sindikatuak, eta aurrekontu autonomikoan etor daitezkeen murrizketak ere ikusteko daudela adierazi du.

Hau guztiagatik, mobilizatzera deitu ditu zerbitzu publikoetako langileak, murrizketen kontra borroka dezaten.

 

 

 

Biolentzia matxistaren aurka, urrats feminista

Biolentzia matxistak gure biziak baldintzatzen ditu. Beldurraren bitartez emakumeon eskubideak zapaldu eta bigarren mailako hiritarrak bilakatzea du helburu. Biolentziaren espresio gorena fisikoa bada ere, milaka espresio eta aurpegi ditu biolentzia matxistak. Etxean, kalean, lanean, eskolan, jaietan… matxismoaren adierazpenak pairatzen ditugu, egungo jendartean oso errotuak daudelako eta onartu egiten direlako. Honen ondorioz, egoera hauek “normaltasunez” bizitzera behartzen gaituzte, arazo indibidual gisara salduz.

Biolentzia matxista ez da modu isolatuan edo arlo pribatuan gertatzen den egoera bat, baizik eta egungo eredua kapitalista heteropatriarkala sostengatzeko ezinbesteko bitartekoa. Emakumeok menpeko behar gaituzte ereduak aurrera egin dezan.

Hortaz, biolentzia matxistari aurre egin nahi badiogu, ezinbestekoa da Euskal Herriko egungo sistema aldatu eta eredu berria eraikitzea.

Agerikoa da, arlo ezberdinetatik orain arte harturiko neurriak ez direla nahikoa izan. Ez dute inongo momentutan eredua bera zalantzan ipini eta hortaz, adabakiak besterik ez dira izan. Egoera benetan konpondu nahi badugu, muineko arazoa, hau da, kapitalismo heteropatriarkala da aldatu beharrekoa. Hau gainditu ezean, nekez lortuko dugu libre izatea.

Eta bide honetan, inoiz baino ozenago aldarrikatu nahi dugu irtenbidea soilik FEMINISMOAN SAKONTZETIK etorriko dela. Estrategia feminista indartsu baten bitartez soilik lortuko dugu, egiten ditugun borrokak jendartearen erdia baino gehiagok pairatzen ditugun zapalkuntzei aurre egitea.

Hau guztiagatik, LABen, gure borroka feminista indartuko dugu, feminismoa delako berme bakarra egingo ditugun aldaketak sexuaren araberako bereizkeriak gainditu eta aukera eta eskubide berdintasunean oinarritutako Euskal Herri berri bat eraikitzeko garaian.

Bide honetan, ezinbestekoa da Euskal Herriko mugimendu feminista indartsua. Horregatik, datorren azaroaren 25ean Mugimendu feministak antolatzen dituen mobilizazioetan parte hartzearen garrantzia azpimarratu nahi dugu. Denon ardura da indarkeria matxistari aurre egitea.

BIOLENTZIA MATXISTAREN AURKA FEMINISMO GEHIAGO!

 

A25. Mugimendu feministaren deialdiak

BAIONA 18:30 • Herriko etxetik

BILBO 20:00 • Arriaga Plazatik

DONOSTIA 19:00 • Bulebarretik 

IRUÑEA 20:00 • Gaztelu Plazatik 

GASTEIZ 19:00 • Andra Mari Zuriatik
 

Errektoretzarako hauteskundeetan proiektu ezberdinen konfrontazioa eta adierazpen askatasuna nagusitu behar dira

0


Europako Esparruan dauden Unibertsitate Sistemek hainbat aldaketa bizi izan dituzte azken urteotan eta aldaketa horiek, batez ere, neoliberalismoa eta estatuen interesetan oinarrituak dira. Aldaketa horiek eragina zuzena izan dute Euskal Herriko Unibertsitateetan, bai Unibertsitate Publikoetan zein pribatuetan, izan ere, kasu askotan ez dira lehenetsi herri bezala ditugun erronkak. Azaroak 7 martxan jarri zen hauteskunde kanpaina momentu aparta da errealitate honi buelta emateko proposamenak, aldarrikapenak, neurriak eta bideak eztabaidaren erdian jartzeko.

Aurreko UPV/EHUko errektorearen hauteskundetan bezala, LABi une egokia iruditzen zaio partekatzeko gure kritikak sistemari, oraingo talde errektoralari edota aurkezten den hautagaiari gure kexkak eta lehentasunak helerazteko erantzunaren zain.

Azaroaren 24a, hitza hartzeko eguna izango da, bozkaren bidez batzuk, mobilizatuz besteak. Bermatu ditzagun bozkatu nahi dutenen eskubidea, ez bokatzea erabaki dutenen eskubidea eta erabakia errespetatu behar den bezala. LABetik dei egiten diegu Unibertsitateko eragile guztiei Errektorearen hauteskundeak behar den giroan egin daitezela. Halaber, hauteskunde kanpainan guztion hitza -oztoporik gabe- errespetatua izatearen alde eta kanpaina behar den giroan bermatzearen alde dagoela zabaldu nahi du LABek.

LABek bere konpromezu irmoa agertu nahi du Adierazpen Askastasunaren alde UPV/EHUko campusetan. Unibertsitate guneak aske eta kritikoa izan behar du, ideiak konfrontatzeko eta aukera ezberdinen arteko lehia ideologiko eta politikoa egiteko gunea dira. Unibertsitateko agintariak horren kontra agertu direnean publikoki salatu dugu.

LABetik beti aldarrikatu dugu Ikasle mugimendu sendo eta eraikitzailea edukitzea berma bat dela hezkuntza eredu propio eta berri baterako bidea egin nahi badugu. Eta bat gatoz beste gauza batean, mobilizazioa da ikasleek duten tresna nagusia beren aldarrikapenak mahai gaineratzeko eta borrokatzeko gaurko eredu honetan.

Arazoak modu zuzen eta egokian bideratzeko erreferentzia bat izan behar dira unibertsitateak, gatazkak bideratzeko bide errepresiboak alboratuz interes ezberdin eta kontrajarrien talka beste ereduekin bideratzeko gai izan behar gera. Errektore talde berriaren erronka bat izango da, zalantzarik gabe. Baita ikasle, irakasle eta AZP langileena ere komunitate osoaren erantzukizuna den neurrian.

UPV/EHUn asko dugu egiteko herri ikuspegia nagusituko duen unibertsitate ereduaren alde, behar beharrezkoa izango da eragileon arteko elkarlana eta elkar ulertzea. Hor dago, gure ustez, Euskal Herriko Unibertsitatea eraikitzeko bide emankorrena.
 

 

 

Mercedeseko aurreakordioaren inguruko bozka iruzur hutsa da

0

Gaur gauean hasiko da Mercedes Benzeko zuzendaritzak eta gutxiengoa diren UGT, PYM eta Ekintza sindikatuek erdietsitako aurreakordioaren inguruko bozketa. Kontsulta hau enpresak gidatutako prozesuan beste pausu bat da, eta aurrekoak bezala inolako gardentasunik gabe egin da. LABen iritziz bozketa hau antzerki hutsa da langileen babesaren irudia emateko eta horregatik ere, LABek ez bozkatzeko aukera berresten du.

Bozka hau irizur hutsa da. Enpresak deitzen du bozketara, berak egiten du deialdi ofiziala, berak esaten du nork bozka dezakeen, noiz bozkatzen den eta nola bozkatzen den. Eta aldi berean ebentualak presionatzen ari dira bozketan parte hartzeko eta hori erabat onartezina iruditzen zaigu. Ezin da kontsulta hau onartu ebentualek, zuzenean edo zeharka, parte hartu ezean kaleratu egingo dituztela dakitenean edo ez dietela kontratu mugagabea egingo. Mehatxatuta bozkatzea ez da demokratikoa. Beraz, beraien burua bozkatzera behartuta sentitzen dutenek beraien kontrako jarrera adieraztera deitzen ditugu, ezezkoa edo bozka baliogabe edo zuriaren bidez.

Argi dugu enpresak erabakia hartuta duela, emaitza edozein izanda ere, aurreakordioa hitzarmen bihurtu dutela, eragin osokoa edo eragin mugatukoa. Azken aukera hau ezarriz gero, azken lau hitzarmenetatik eragin mugatuko hirugarrena izango zen, eta ez dugu uste hori kasualitatea denik.

Edonola ere, bozketa hau antzerki hutsa da langileen babesaren irudia emateko eta horregatik ere, LABek ez bozkatzeko aukera berresten du. Beraien iruzurrezko kontsultaren gainetik, LABek dei egiten du langileon indarrak biltzera eta prekarietatea borrokatzera.

 

 

 

Errauste plantaren aurkako manifestazioarekin egin dugu bat

0

LABek bat egin du GuraSOS taldeak azaroaren 26rako deitutako manifestazioarekin. Hain zuzen ere, Zubietan eraiki nahi duten errauste plantaren aurkako protesta larunbatean izango da, 17:00etan, eta Donostiako Arabako Parkea eta Alderdi Eder lotuko ditu. Sindikatuaren iritziz, azpiegitura txikitzailea litzateke errauste planta, eta osasunarentzat kalte nabarmenak ekarriko lituzke.

LAB behin baino gehiagotan agertu da Zubietan eraiki asmo duten errauste plantaren aurka. Azpiegitura txikitzaile eta inposatutzat jo du sindikatuak, eta, hori dela eta, horren aurka deitutako manifestazioan parte hartzeko deia luzatu du langileen artean, “osasunaren alde eta inposaketaren aurka”.

Hondakinen kudeaketa zure aukera da. Gipuzkoa + eman bidea osasunari eta adostasunari leloa izango du manifestazioak.
 

 

 

Itunpeko Irakaskuntzako liberatuak Hezkuntza Departamentuaren aurrean kontzentratu gara

Gaur goizean Itunpeko Irakaskuntzako liberatu sindikalak (LAB, SEPNA, UGT eta ELA) Hezkuntza Departamentuaren aurrean kontzentratu gara Gobernuak langileei ezarri nahi dizkioten murrizketa berriak salatzeko.

Hezkuntza Departamentuak Itunpeko Irakaskuntzako Akordioa berritzen ari den honetan, murrizketa berriak proposatu ditu langileen lan baldintzetan eta zerbitzuko kalitatean, 2017an irakasleen soldatetan %1eko berreskurapen berandutarra finantziatzeko asmoz. Berreskurapen hau sare publikoko langileek 2016ko urtarrilean izan zuten. Itunpeko irakaskuntzako langileek igoera izanen omen dute urtebete beranduago, ez dozenteez ahaztuta, etorkizuneko balizko berreskurapenak ziurtatu gabe eta lan baldintzak okertzearen truke. Departamentuaren hasierako asmoa izan zen dirua patronalen diru poltsatik lortzea, baina babes legalik ez duenez gero, langileei aplikatu nahi dizkio murrizketa berriak. Gogoratu behar da langile hauek, publikoko langileek bezala 2010 eta 2012an murrizketa gogorrak pairatu zituztela. Egoera hau salatzeko pasa zen astean langileen kontzentrazio jendetsua egon zen Parlamentuaren aurrean, eta oraingoan liberatu sindikalak Hezkuntza Departamentuan kontzentratu dira.
 

 

 

Ez zaituztegu bakarrik utziko. Geuk ere, berriro egingo genuke

Borroka sozialetan errepresaliatutako kideek agerraldia egin dute gaur, Bilboko EAEko Auzitegi Nagusian. Bertan, datozen egunotan epaituko dituzten Iñaki Montes, Alexis Rodríguez eta David González langileei euren babesa helarazi diete. Kartzela zigorrei egin behar diete aurre hirurek.

Borroka sozialetan errepresaliatutako kideen adierazpena

"Gaur, hemen, batu gara gure elkartasuna eta besarkadarik beroena eskaintzeko azaroaren 24an eta 29an epaituak izango diren herrritarrei. Batzuk (Iñaki Montes) Troikako ordezkariek Bilbora etorri zirenean egindako protestengatik epaituak; besteak (Alexis Rodriguez eta David Gonzalez), beraien lanpostuen defentsan egindako borrokaren ondoren, enpresariaren mendeku gogoagatik auziperatuak.

Berton gaudenok, gure bizitzako momenturen batean borroka sozialen batean parte hartzeagatik errepresioa pairatu dugu: kartzela, epaiketak, isunak… Errepresioaren aurpegi ezberdinak ezagutu ditugu, grebako piketeetan egoteagatik; eredu jasangarri baten alde borroka egiteatik; gure lanpostuen defentsan aritzeagatik; langile, gazte eta ikasleon eskubideen alde altxatzeagatik. Eta gaur bertora hurbildu gara mezu argi batekin: geuk ere, berriro egingo genuke!

Hori da batzen gaituena, eta ondorengo hau da egin nahi dugun ADIERAZPENA:

Neoliberalismoak agintzen du. Krisi ekonomikoaren aitzakiarekin inoiz ezagutu dugun eraldaketa sozial atzerakoienaren erdian gaude. Elite ekonomiko eta politikoen batasunak erreforma ziklo oso bat martxan jarri du, langileok, gazteok eta emakumeok berriro ere jarriz beraien aberasteko anbizioaren jopuntuan.

Erreformek prekarietate eredu berri bati ireki nahi diote atea. Eredu horretan hazkunde ekonomikoaren ardatza ez da eredu ekonomiko jasangarri bat, aberastasuna banatzen duen eredu bat; alderantziz, ekonomiaren ardatza langileon prekarietatean kokatzen dute. Langileok, pertsonak izatetik aldagai ekonomiko bihurtu nahi gaituzte. Eredu honetan lan erreproduktiboak ez dauka lekurik, ezta ingurumenak ere, eredu honetan ez dago gerorik, ez dago hurrengo belaunaldientzako lekurik.

Badakite eraldaketa hori ezin daitekeela egin jendartearen babesarekin, badakite jendarteak ez duela babestuko beraien seme-alabak prekarietatera kondenatzen dituen eredua. Horregatik, errepresioa da elite ekonomiko eta politiko horrek duen bitartekoa erresistentzia guneen aurrean. Horren adibide, horren tresna nagusi Mozal legea, bertoko instituzioak ere gogo onez ezartzen ari direna.

Hemen kokatu behar ditugu 24ko eta 29rako auziperatuen kontrako kartzela zigor eskaerak. Gaur egun, eta ez soilik Euskal Herrian, langileen eta aktibista sozialen kontrako kartzela zigorrak biderkatu egin dira, eta jada zoritxarrez lehenengo presoak ere ezagunak dira. Norabide errepresibo horretan elite ekonomiko eta politikoek berriro ere elkarrekin lanean daude: patronalak eskatu, politikariek onartu eta fiskalek gauzatu.
Euskal Herriak ez du agintzen erreforma ziklo horretan. Dena, kanpotik eratorria eta inposatua izan da, hemengo langile eta jendarteak ez dugu eredu ekonomikoaren inguruan erabakitzeko eskubiderik.

Erreforma ziklo hau ez da krisi bat gainditzeko ezarri, inposatu dituzten aldaketak estrukturalak dira eta luzerako geratzeko jarri dituzte martxan. Krisia aitzakia izan da, elite ekonomiko horren araberako eredu antisoziala erabat eraikitzeko.

Euskal Herrian denontzako aberastasun nahikoa sortzen da. Jatorri industrialak eta kokapen geografiakoak aukerak ematen dizkigu eredu ekonomiko jasangarri bat eraikitzeko, non aberastasuna sortzen eta banatzen den, gazteei lekua egiten diena eta aukera berdintasuna bermatu dezakeena. Ez dago diru faltarik, arazoa da eredu ekonomikoa erabakitzeko eskubiderik ez edukitzea. Hemen bizi eta lan egiten dugunok erabaki behar dugu zein den gure lan harreman eredua. Eta gainera, Euskal Herrian badago gure eredua erabaki nahi duen gehiengo argia.

Euskal Herriak berriro ere borrokatu behar du bere geroagatik, gure geroa erabakitzeko. Ezin dugu onartu inposatzen digutena, ezin dugu onartu lanpostuak eta eskubideak lapurtzea inpunitate osoz. Soilik antolatzen den herriak lortuko ditu bere helburuak.

Guzti horregatik behin eta berriro esango dugu: geuk ere, berriro egingo genuke borrokan!

Gure babes osoa erakusten diegu auziperatu hauei zein etorkizunean antzerako gaiengatik egon daitezkeenei. Eta dei egiten diegu herritarrei errepresioaren aurrean deitutako mobilizazio ezberdinetan parte hartzeari. "

PARTE-HARTZAILEAK

-JEZeko langilea eta Troika Bilbon egon zeneko auziperatua, Iñaki Montes, azaroaren 24an epaituko dutena.

-TMAko auziperatuak diren Alexis Rodríguez eta David González, azaroaren 29an epaituko dituztenak

-Troika Bilbora etorri zenenko inputatuak oraintsu arte

-Deustoko grebalarien ordezkaritza

-Greba orokor batean Gernikako piketean parte hartu zuten kideen ordezkaritza

-Sar Quavitae enpresako langileak

-Iberdrolako Dorrera sartu zirenen ordezkaritza

-AHTko proiektua salatzeagatik errepresaliatua

-INCOESA enpresako langileen ordezkaritza

-Tubos Reunidos enpresako langileak

-IKEAn egindako ekimen batengatik errepresaliatuen ordezkaritza

-Confebasken egindako ekimen bategatik auziperatuak

 

 

 


Pentsionistak Martxanek Herri Ekimen Legegilerako beharrezkoak diren sinadurak bildu ditu

Nafarroako Pentsionistak Martxan plataformak 6.500 sinadura baino gehiago bildu ditu dagoeneko, publikoki adierazi duenez. "Horri esker", esan dute, "aurkez dezakegu Herri Ekimen Legegilea Nafarroako Parlamentuan. Hartan eskatzen dugu, bertzeak bertze, lege bat eratu behar dela, non haren bidez, pentsio osagarri txikiagoa eta hileko 1080 €tako gutxiengo pentsio ezarriko liratekeen. Kopuru horri, gaur gaurkoz, duintasuneko gutxiengo sarreratzat irizten diogu".

Honekin batera "Sarrerok bat datoz Europako irizpideekin, horien baitan, gutxieneko diru-sarrera hori mantenurako, elikatzeak, janzteak, etxebizitzak, medikazioak, energiek,… eragindako gastuei aurre egiteko, behar diren gutxiengo oinarrizko premiak asebetetzeko adina den. Horrez gain, Herri Ekimen Legegileak proposatzen du Pentsio. Babes eta Gizarte Segurantzaren Erakunde Publikoa sortu behar dela, ahalmen arautzaile osoa izanen duena, non hiritarren pentsioak eta Babes Sozialaren diru sarrerak eta gastuak antolatu eta kudeatuko diren" adierazi dute.

"Gure poza eta esker ona adierazi nahi diogu Nafarroako gizateari ekimen honek jaso duen onespen handiagatik. Horren haritik, erabaki dugu sinadurak biltzeko epea luzatuko dugula; horrela, kalean iraunen dugu sostengu gehiago biltzen, eta aldaketa soziala sustatu nahi izanen duen pertsona ororen artean behar adinako indarra pilatzeko proposamenari estaldura emanen diogu. Honela, Nafarroan, Babes eta Gizarte Segurantzako berezko sistemaz hornitzeko helburura hurbilduko gara, eta bertan sortzen diren baliabideak eta aberastasuna ukan eta kontrolatu ahal izanen ditugu".

"Erran, Espainiako estatuaren pentsio sistemak ez dituela bermatzen pentsiodunen eskubideak, pentsio duinak eskuratu ahal izatea eragozten duela, erakunde pribatuen pentsioak sustatu eta garatzen dituela. Egungo legeriak eta honen joera murriztaileak dira, etorkizun hurbilean, pentsioa eskuratu ahal izateko, haren haszkundea mugatzen du, eta epe labur batean, txirotze handiago batera eramaten gaitu. Gure oinarrizko eskubide sozialen defentsan, herri aktibazio indartsuaren beharra dugu".

"Nafarroan, non eta pentsiodunok dagoeneko biztanleriaren %25 osatzen dugun, ez daukagu gaitasunik gure pentsioak kudeatzeko sistemarik egokiena erabakitzeko".
 

 

 

“Biolentzia matxistari aurre egitea denon ardura da”

Ostirala, azaroak 25, Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna da. Hori dela eta, mugimendu feministak hainbat mobilizazio egingo ditu, eta LABek hauekin guztiekin bat egin eta langileria deialdietan parte hartzera deitu du, “biolentzia matxistari aurre egitea denon ardura delako”.

Irtenbidea feminismoan sakontzetik etorriko dela nabarmendu du sindikatuak, eta instituzioak interpelatu ditu, “gai honetan behingoz anbizioz joka dezaten eta politika feminista ausart eta eraginkorrak abian jar ditzaten”.

Era berean, LABek bere borroka eta ildo feminista indartzeko apustua berretsi du, “feminismoa delako sexuaren araberako bereizketa gainditu eta aukera eta eskubide berdintasunean oinarritutako Euskal Herri berri bat eraikitzeko berme bakarra".

Hauek dira azaroaren 25erako aurreikusitako mobilizazioak: Baionan, 18:30ean, herriko etxetik; Bilbon, 20:00etan, Arriaga plazatik; Donostian, 19:00etan, Bulebarretik; Iruñean, 20:00etan, Gaztelu plazatik; eta Gasteizen, 19:00etan, Andra Mari Zuritik.

Hauxe da LABek, Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna dela eta, egindako adierazpena:

BIOLENTZIA MATXISTAREN AURKA, URRATS FEMINISTA

Biolentzia matxistak gure biziak baldintzatzen ditu. Beldurraren bitartez, emakumeon eskubideak zapaldu eta bigarren mailako hiritarrak bilakatzea du helburu. 

Biolentziaren espresio gorena fisikoa bada ere, milaka espresio eta aurpegi ditu biolentzia matxistak. Etxean, kalean, lanean, eskolan, jaietan… matxismoaren adierazpenak pairatzen ditugu, egungo  jendartean oso errotuak daudelako eta onartu egiten direlako. Honen ondorioz, egoera hauek “normaltasunez” bizitzera behartzen gaituzte, arazo indibidual gisara salduz. 

Biolentzia matxista ez da modu isolatuan edo arlo pribatuan gertatzen den egoera bat, baizik eta egungo eredua kapitalista heteropatriarkala sostengatzeko ezinbesteko bitartekoa. Emakumeok menpeko behar gaituzte ereduak aurrera egin dezan. 

Hortaz, biolentzia matxistari aurre egin nahi badiogu, ezinbestekoa da Euskal Herriko egungo sistema aldatu eta eredu berria eraikitze. 

Agerikoa da, arlo ezberdinetatik orain arte harturiko neurriak ez direla nahikoa izan. Ez dute inongo momentuan eredua bera zalantzan ipini eta, hortaz, adabakiak besterik ez dira izan. Egoera benetan konpondu nahi badugu, muineko arazoa, hau da, kapitalismo heteropatriarkala da aldatu beharrekoa. Hau gainditu ezean, nekez lortuko dugu libre izatea. 

Eta bide honetan, inoiz baino ozenago aldarrikatu nahi dugu irtenbidea soilik FEMINISMOAN SAKONTZETIK etorriko dela. Estrategia feminista indartsu baten bitartez soilik lortuko dugu, egiten ditugun borrokak jendartearen erdia baino gehiagok  pairatzen ditugun zapalkuntzei aurre egitea.  

Hau guztiagatik, LABen, gure borroka feminista indartuko dugu, feminismoa delako berme bakarra egingo ditugun aldaketak sexuaren araberako bereizkeriak gainditu eta aukera eta eskubide berdintasunean oinarritutako Euskal Herri berri bat eraikitzeko garaian. 

Bide honetan, ezinbestekoa da Euskal Herriko mugimendu feminista indartsua. Horregatik, datorren azaroaren 25ean mugimendu feministak antolatzen dituen mobilizazioetan parte hartzearen garrantzia azpimarratu nahi dugu. Denon ardura da indarkeria matxistari aurre egitea. 

BIOLENTZIA MATXISTAREN AURKA, FEMINISMO GEHIAGO!