2025-12-26
Blog Page 1024

Brasilgo estatu kolpeari ez!

0

Brasilgo impeachment (Estatu kolpea) salatzeko konzentrazioa burutuko dugu bihar, maiatzak 26, arratsaldeko 19:00etan Bilbon, Arriaga antzoki aurrean eta Donostian, Boulevard izango dira. Bertan, konzentrazio amaieran brasilgo kide batek, Frente Brasil Popularrek publiko egindako komunikatua irakurriko du.
 

 

Zerbitzu publikoetako langileen %86ak egoera prekarioak antzeman ditu


Zerbitzu publikoetako langileek zer esan handia dute prekarietatearen inguruan. Hiru astez eskuz eskuko dinamika baten baitan 1500 langileren iritzia jaso dugu. Inkesta bidez jasotako erantzunetan agerian geratu da zerbitzu publikoetan ere prekarietatearen inguruan kezka handia dagoela. Hain zuzen ere, duela urte batzuk ez bezala, langileen gehiengo zabal batek (%86a) egoera prekarioak antzematen ditu bere lanpostuan edo ingurukoetan.

Zerbitzu publikoetan ere prekarietatea gero eta indar handiagoz azaltzen den errealitatea da. Egoera honen atzean dauden arrazoiak ugariak dira: instituzioek bultzatutako politiken ondorioz sortutako behin behinekotasuna, soldatetan izandako murrizketak, lanaldi partzialak edo kontratazio zatikatuak, ordutegiak, lan kargak erratioak, arrisku laboral psikosozialak, azpikontratazioaren ondorio laboral prekarizatzaileak… Gainera prekarietateak zerbitzuaren kalitatean ere eragin negatiboa du, hala nola itxaron denborak luzatu dira, erratioak handitu eta hainbat zerbitzu kendu dituzte.

Pairatzen duten egoera salatzeaz gain zerbitzu publikoetako langileek badituzte proposamenak ere prekarietatea gainditzeko: behin behinekotasuna jaitsi, ordezkapenak bete, egonkortasuna sustatu, LEPak, azpikontratazioarekin amaitu, lanpostuak sortu, antolakuntza eta funtzioen banaketa egokia egin, … Eta horretarako bidea botere politikoa interpelatu eta borroka bateratuak sustatzea dela deritzote.

Argi dago ez gaudela gustora prekarietatearen aroan, eta egoera iraultzeko lerro oso bat jarri dugu martxan, ekintza sindkal berrituarekin. Borrokarik gabe ez dago ezer, eta borrokatzeko, ezinbestekoa da eskubideak aktibatzea, eta honekin lotuta, bideak batzea, aldaketarako aliantzak landuz. Mobilizazioa ezinbestekoa da aldaketa ekartzeko. Urrengo hitzordua jarrita dago: Bilbon ikusiko dugu elkar Maiatzaren 28an.
 

 

 

Kutxabankeko akzioen gaineko kontrola berreskuratzeko mobilizatzen


Euskal Sistema Finantziero Publikoaren aldeko eta Kutxen-Kutxabanken Pribatizazioaren kontrako Plataformako eragile sozial eta sindikalok, Kutxabanken akzioen kontrol osoa berreskuratzeko exijituz mozio-testuak helarazi genizkien hainbat erakunderi beraiek utzi baituzte fundazio bankarioen esku. Maiatzak 25 eta 26an, mozio hauek Donostia Bilbo eta Gasteizko udaletxeetan eztabaidatuko direla aitzakia hartuta elkarretaratzeak egingo ditugu.
 

 

 

LABek errekurtsoa aurkeztu du errauskailuaren plana gelditzeko

0


Datorren igandean, maiatzaren 29an, Errausketaren aurkako mugimenduak mobilizazioa deitu du Gipuzkoan. LABek mobilizazioa babesten du eta bertan parte hartzeko deia egiten die langileei. Errausketa jarduera kutsatzailea da, herritarren eta langileon osasunaren aurka jotzen du bete betean. Guztiz frogatuta dago errauskailuetatik hurbil bizitzeak minbizia izatearen aukera biderkatzen duela, beraz, zer esanik ez errauskailuan lan egiteak. Honen aurka kalera aterako gara igandean.

Errauskailuak badauzka alternatiba egingarriak, alternatiba horiek baztertu, eta errauskailuaren alde egiten bada, aukera politikoa da guztiz, kapital handien alde egiten duena herritarron eta langileon osasuna, ekonomia eta ingurumenaren alde egin beharrean.

LAB oposizioan izan da urte hauetan errauskailuaren proiektuaren aurrean. Gure aldarrikapen eta apostuak garbiak dira: hondakinen produkzioa gutxitzearen aldekoak gara, berziklatzea eta berrerabiltzea biderkatu behar dira, hondakinei beste trataera bat ematearen aldekoak gara, zabortegi toxikoen aurrean. Beste edozein alternatiba aztertu eta bilatzearen aldekoak gara. Beste alternatiba horiek enplegu sortzaileak direla frogatuta dago gainera.

Azkenik, jakinarazi nahi dugu LABek Zubietako errauskailuaren aldeko Eusko Jaurlaritzaren ebazpenari errekurtsoa jarri diola. Ingurumen Sailburuordeak 2016ko apirilaren 11n onartutako ebazpena legez kanpokoa da. Ebazpen honek Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketari onartu egiten dio Zubietako errauskailua egitea, errauskailu horrek indarrean dagoen legedia eta Europako zuzentarauak betetzen ez arren. Gainera, legeztatu nahi den baimena 2010ekoa da, eta, beraz, bere lege-indarra galdua du.
 

 

 

Etxebizitza eskubidea aztergai Eskubide Sozialen Kartak antolatutako hitzaldietan

Maiatzaren 25 eta 26an, “Etxebizitza eskubidearen alde, bizitza burujabea eskubide osoz” lemapean Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak hitzaldiak antolatu ditu Bilbon, Gasteizen eta Iruñean. Bertan, beste eragile sozial ezberdinekin batera, parte hartuko dute Paris 365 jantoki solidarioak, Emantzipazio bulegoak eta Hernán Córdobak, La Ciutat Invisibleko bazkidea, La Borda Cooperativako sortzailetako bat eta Sants kooperatibismoaren inguruan gertatzen ari den arduradunetako bat.
 

 

 

CCOO eta UGT Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaibusen proposatu duen enplegu suntsiketa bermatzen ari dira

0

Honen bidez, LABek CCOOek eta UGTk a Bizkaibuseko emakidunetan agertu duten jokaera salatu gura du. Enpresa batzorde batzuetan dauzkaten gehiengoaz baliatuta, CCOO nahiz UGT Bizkaibusen gertatzen ari den enplegu suntsiketa berresten ari dira. Berriro ere, sindikatu hauek langileenak eta bizkaitarrenak ez diren bestelako interesei egiten diete men.

Bizkaiko Foru Aldundiarekin sinatu den ituna ez balioetsiz, ontzat ematen da enpresetako lanpostuen amortizazioa. Hori komeni zaio Aldundiari, hasiera hasieratik gainera. Jose Luis Bilbaok Raul Arzarekin batera, kafea edanez, egin zuen bilera hura “ederto hornitua” zegoen, eta horixe da hain zuzen, gaur egun, aipatu bi sindikatu hauek saldu guran dabiltzana.

Jazoera horrek onura dakarkie Aldundiari, horrela enplegua suntsitzen duelako, nahiz enpresei, enplegua suntsituz haien mozkinak areagotzen zaizkielako, kontratuz bermatzen den %6aren gainetik.

CCOOek eta UGTk, aurreakordio hauek sinatuta, Aldundiaren laguntzen diote, gainontzeko sindikatuekin eta langileekin lortutako konpromisoak ahaztuz. Aipatu konpromisoen artean, Bizkaibuseko enpleguari eutsiko zitzaiola ezartzen zen, eta hori hitzarmenetan adierazi behar zen.

Bi sindikatu horiek jasan behar izan dituzten presio politikoek ez dute justifikatzen, euren sinadurekin, enpleguari eusteari begira Aldundiak hartutako konpromisoak ahaztea.

CCOOk eta UGTk, hau guztia babestean, saldu egin dituzte Bizkaibuseko langileak eta Bizkaiko jendartea, aurreakordio horiek ez dutelako ziurtatzen lanpostuei eta zerbitzuaren kalitateari eutsiko zaienik.

Beste sindikatuei dei egiten diegu, egun lanuzteak egiten ari diren bi emakidunetako batean LABekin batera gehiengoa dutenak, aurreakordioak Aldundiak hartutako konpromisoak berma ditzan beharrezko dinamikak bermatzera.

LABek ez du Aldundiak hartutako konpromisoak jasoko ez dituen akordiorik sinatuko.
 

 

 

Ezetz esaten diogu isolamendu eta sakabanaketari



Gaur, Bilboko gehiengo sindikala osatzen dugun ELA, LAB, STEILAS, ESK, EHNE eta HIRU sindikatuok kontzentrazioa egin dugu gaur Fresnesen preso dagoen Itziar Moreno San Inazioko auzokidearen isolamendua salatu eta behingoz buka dadin eskatzeko asmoz.

Itziar, Fresneseko kartzelako beste kide batzuk bezala presondegi honetako oinarrizko eskubideen urraketengatik protestatzera behartua ikusi zuen bere burua: higiene falta, katxeoak biluztera behartuz, funtzionarioen aldetik behin eta berriz emandako errespetu falta, haurdun dauden presoen bizi-baldintza tamalgarriak… guzti hauek, besteak beste, bizi-baldintza duinak izatea galarazten dutelarik.

Salaketa hauen ondorioz, Itzar isolamendu ziegan zigortua izan da, bere kideak zigor ziegetan daude, eta Saul Curto Zorrotzako auzokideak, gose greba hasi zuen pasa den maiatzaren 11an egoera honekin amaitzeko.

Era berean, Itziar Moreno, Ekhiñe Izagirre Fresnesen dagoen euskal presoarekin batera, gose greban dagoela jakin dugu, atzotik, maiatzaren 23tik.

Sindikatu hauetatik, gaur Bilbon, Frantziar Kontsulatuaren aurrean, Itziar Morenori jarritako arrazoi gabeko zigorrarekin amaitzea eskatzen dugu.

Era berean, frantziar zein espainiar estatuei pertsona ororen oinarrizko giza eskubideak urratzen dituzten salbuespen neurriekin eta isolamendu zein dispertsioarekin buka dezaten eskatzen diegu.
 

 

 

Zalantzan jartzen dugu irakasleen kontrako erasoen aurreko protokoloaren eraginkortasuna

0

Gure kezka adierazi nahi dugu azken hilabeteetan irakasleen kontrako eraso ezberdinen berri jaso dugulako. Gainera, kezka areagotu egiten da gertakarien jakinarazpena irakasleek beraiek eman digutenean. Izan ere, sindikatuak EAEko Hezkuntza Sailetik inolako informaziorik ez jasotzeak eta langileengandik beraiengandik jasotzeak berretsi egiten du kasu gehiago egon badaudela.

Azken erasoak icebergaren tontorra izan daitezkeela pentsatzen dugu. Horregatik, eta icebergaren tamaina jakiteko, Hezkuntza Sailari azken urteotan irakasleek jasandako erasoen datuak sindikatuei heleraztea eskatzen diogu. Langileen ordezkariekin, datuak mahai gainean, azterketa sakona egin eta arazoari aurre egiteko neurri eraginkorrak bilatu behar dira.

Gaur egun erasoen aurrean jarraitzen den protokoloaren eraginkortasuna zalantzan jartzen dugu. Berau berrikusteaz gain, erasoak ez gertatzeko prebentzio neurriak aztertu behar dira.
 

 

 

3.370 inkesta zerbitzu sektoreko langileen egoera gainditzeko


Prekarietatearen aurkako borrokan ezinbestekoa da egoera hau pairatzen duten langileei hitza ematea. Helburu honekin LABek zerbitzu sektorean aritzen diren langileegana jo du bizi duten egoeraren argazkia egin eta bizi duten prekarietateari irtenbideak bilatzeko. Betetako 3370 inkestek agerian utzi dute langileen gehiengo zabalak uste duela baldintza prekarioak dituztela.

Prekarietatearen aroa bizi dugu, baina prekarietatea ez da soilik lan-baldintza kaxkarrak izatea, bizitza proiektu burujabe baterako dugun zailtasunen zerrenda amaigabea baino. Egoera honi aurre egiteko sindikatuak egokitu egin behar duela erabaki du. Eta horretan ari gara. Sektore prekarioetara hurbildu gara, borrokarako eta antolaketarako eskaintza berritua eskainiz.

Zentzu honetan garrantzia berezia eman diogu langileen iritzia eta egoera bertatik bertara jasotzeari, eta horretarako inkestak baliatu ditugu. Zerbitzu sektorean, beste arlo batzuen artean, garbiketa, merkataritza, jantoki eta telemarketingeko langileek LABekin hitz egin dute eta prkarietateak gogorki kolpatzen dituela jakinarazi digute.

Datuak zein baino zein argiagoak dira. Langileen %80 uste dute beraien lan baldintzak prekarioak direla. Gainera egoera honen arrazoi nagusiak, beste askoren artean, soldata, behin behinekotasuna eta ordutegia dira langileen iritziz. Egoeraren argazkia osatzeaz gain prekarietate hori gainditzeko neurriak ere plazaratu dituzte langileek. Galdezkatuen %90etik gorak 1200 €ko gutxienezko soldata, 35 lanorduko astea, erreformatik babestutako bertoko sektore hitzarmenak, jardunaldi partzialeko kontratuak egin al izateko gutxienezko ordu kopuru bat zehaztea, enpleguaren egonkortasuna bermatzen duten neurriak eta lan ikuskaritzak lan zentruetan dauden lan baldintza errealen kontrol zehatza egitea aldarrikatzen dute.

Inkesta hauek agerian utzi dute prekarietateak milaka aurpegi dituela eta guztiak borrokatu eta alternatibak aldarrikatzera goaz. Maiatzaren 28an Bilboko kaleetan langileon salaketak eta alternatibaren beharra ozen entzungo dira.