2026-06-20
HomeIdazkaritzakEuskara IdazkaritzaEuskara hutsean aritzen gara zuzendaritza egituretan

Euskara hutsean aritzen gara zuzendaritza egituretan

LABek euskararen erabileraren inguruan ikasturtero egin ohi duen neurketaren azken emaitzak eskuetan ditu jada. Datuek erakusten dute sindikatuak euskara hutsean funtzionatzen duela Komite Exekutibo, Nazio Biltzar eta Nazio Komiteari dagokienez. Hain zuzen ere, neurketak zuzendaritza egiturak hartzen ditu erreferentziatzat, eta kopuruek ez dute zalantzarako tarterik uzten: 2015-2016 ikasturteko euskara erabileraren batez besteko indizea 9 puntukoa da, sabaiatik puntu eskasera.

Komite Exekutiboak euskaraz funtzionatzen du, bilerak erabat euskaraz dira, ez da erdarazko interbentziorik egoten. Interbentzioak bietan egiten direnean, euskara da nagusi, eta erdarazko esamolde edota esaldiak txertatzen dira. Eta bi hizkuntzetan egiten diren interbentzio hauek ere murriztuz joan dira.

Hau da Komite Exekutiboaren bilakaera:

2012/13 ikasturteko batez besteko indizea: 8.9
2013/14 ikasturteko batez besteko indizea: 9.1
2014/15 ikasturteko batez besteko indizea: 9.1
2015/16 ikasturteko batez besteko indizea: 8.9

2012-2013 urtetik aurrera, Nazio Biltzar kide izateko euskara ulertzeko gaitasuna izatea ezinbestakoa da, aldi bereko itzulpengintza zerbitzua kentzea erabaki zelako. 2015-2016 ikasturtean, hiru neurketa egin dira, irailean, urtarrilean eta ekainean; ondorioz, Nazio Biltzarrean egiten den euskararen erabileraren inguruan, zenbait ondorio atera ditzakegu. Aipatutako neurriak abian jarri direnetik, esan dezakegu, Nazio Biltzarraren funtzionamendua euskaraz izatea lortu dugula. Biltzarretan ez da erdara hutsezko interbentziorik egoten, eta, ikasturte honetan egin diren neurketetan, interbentzio guztiak euskara hutsean egin dira.

Hau da Nazio Biltzarraren bilakaera:

2013/14 ikasturteko batez besteko indizea: 9.2
2014/15 ikasturteko batez besteko indizea: 9.4
2015/16 ikasturteko batez besteko indizea: 9.3

Nazio Komiteak euskara hutsez funtzionatzen du, baina, azken bi neurketetan, gehituz joan dira bi hizkuntzetan egindako interbentzioak; gehienetan, erdarazko esamoldeak edota esalditxoak txertatzen direlako izaten da. Euskara da nazio komitearen hizkuntza.

Hau da Nazio Komitearen bilakaera:

2013/14 ikasturteko batez besteko indizea: 8.9
2014/15 ikasturteko batez besteko indizea: 8.9
2015/16 ikasturteko batez besteko indizea: 8.6

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Gaur, berriro ere Udalhitzeko mahaia blokeatu dute EAJk eta PSEk, aurrerapausorik ez dutelako eman euskararen gaian zein zerbitzu publikoen kudeaketan

EAJk eta PSEek, Enplegu Publikoaren euskal Legearen moldaketaren eztabaida aitzakiatzat erabiliz, lan-hitzarmen batek jaso ditzakeen klausuletan ez dute aurrera egin nahi izan, eta merkantilizazioa...

HHEEetako zerbitzu orokorretako langileak beharra sortzen denean bertan ordezka ditzaten exijitzen dugu

Dagoeneko bi ikasturte oso daramatzagu Nafarroako Gobernuko haur eskoletako zerbitzu orokorretako langileen ordezkapenak egiteko arazo larriekin. Horrelako kontratazioak, egiten badira, oso berandu egiten dira, zoritxarrez. Eta batzuetan enpresa pribatuetara ere jotzen dute kontratazioak egiteko. Horrek tentsio larria eta gainkarga handia eragiten die langileei, horretarako beharrik izan gabe.

Bilboko udal eraikinetako garbitzaileek udalari exijitu diote behingoz ardura har dezala gatazkan

Lan baldintzak hobetzeko bederatzi greba aste egin ostean, atseden hartzeko unea iritsi zaie, baina ohartarazi dute datorren ikasturtean indartsu berrekingo diotela borrokari.