2026-11-22
HomeEkintza SindikalaPrekarietatea salatuko dugu bihar Ezkerraldean, Megapark zeharkatuko duen manifestazioaren bitartez

Prekarietatea salatuko dugu bihar Ezkerraldean, Megapark zeharkatuko duen manifestazioaren bitartez

LABek manifestaziora deitu du biharko, Ezkerraldeko langile askoren prekarietate egoera salatzeko. Martxa Barakaldoko Megaparkeko gasolindegitik abiatuko da, 11:00etan, eta, protestaz gain, prekarietatearen lehen lasterketa egingo dute: garailea gehien irabazten duen enpresa izango da, langileei baldintza prekarioenak ezarrita. Dominak Confebask, Eusko Jaurlaritza eta EAJko ordezkariek banatuko dituzte; baldintza prekarioak ezartzea ahalbidetzen dituzten arduradunek, hain justu.

LABek nabarmendu du Ezkerraldean langile behartsuak daudela. Askok diru sarrerak bermatzeko errenta (RGI) eskatu behar dute, pairatzen dituzten lan baldintza prekarioak direla medio. Adibide moduan, merkataritzan eta elikagaigintza arloetan Estatu mailako hitzarmenaren menpe daude, eta jasotzen duten batez besteko soldata 750 eurokoa da. Hala ere, emakume asko daude soldata txikiagoarekin, lanaldi osoko kontraturik ez dutelako.

Prekarietatea ere industriara iritsi da, kontratazio berriek ez baitituzte garai bateko eskubideak jasota. Hortaz, Ezkerraldeko gazteria emantzipatu ezinik eta emigratzera zigortuta egoten da. Gainera, langile gehien dituzten enpresetan, udaletan eta Gurutzetako Ospitalean, okerrera egin du egoerak. Enplegua sortzeko iturri izan beharko lirateke enpresa publiko hauek, baina murrizketak besterik ez dituzte egin.

Egoera honen aurrean, LABek biharko manifestaziora deitu ditu Ezkerraldeko langileak, prekarietatearen aurka borroka dezaten, sindikatuak datozen hilabeteetan kapitalismoak eragindako gaitz honen aurka egingo duen dinamikaren baitan. Hain zuzen ere, Ezkerraldeko langileen lekukoa beste eskualdetakoek hartuko dute martxoa bitartean.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Teknikarien sektorean langile borrokaren bidez lortu dugu patronala mugiarazi eta negoziazioa ahalbidetzea

Ikuskizunen eta ekitaldien sektorean 26 eta 27rako aurreikusita zegoen greba bertan behera geratu da gaur; izan ere, behin eta berriro negoziazioak geldiarazten edo oztopatzen ahalegindu den patronala mahaian eser dadin eta teknikarien lan-baldintzei buruz negozia dezan lortu dute langileek beren mobilizazioekin eta presioarekin.

Gipuzkoako helduen egoitzen hitzarmena #LortuDugu

Administrazio publikoko langileekiko ekiparazioaren aldeko urratsak eman eta arrakala murrizten du aurreakordio honek, LABek negoziazio hasieratik mahaian defendatu izan duen bezala.

Lan-ikuskaritzak arrazoia eman digu, eta argi geratu da San Esteban egoitzako langileei eskubideak urratu zaizkiela

Txostenak frogatutzat jo du Getxoko lantokian ez dela errespetatu adinekoen egoitzetako hitzarmena.