2025-12-26
Blog Page 1022

Langileok BAI, Euskal Estatu burujabe bateko herritar izateari

2008an hasi eta gaurdaino GURE ESKU DAGO ekimenak borondateak josten egindako lan eskergak ekarri gaitu ekainaren 5etako geltokira. Azken urteetan elkarrizketa sustatu da eta adostasunak eraiki dira. Orain, urrats berri bat eman eta erabakitzen hasi behar dugu. Goierri, Debagoiena, Aramaio, Azpeiti eta Ispaster izango dira ariketa hori egiten lehenak, igande honetako herri galdeketetan.

Euskal Herrian nazio eraikuntzaren eztabaida elite ekonomiko eta politikoek bahitua izan dute gaurdaino. Beraz, Euskal Herriak eta euskal herritarrok gure bidea egin ahal izateko ezinbestekoa da erabakitzeko eskubidea berreskuratu eta egikaritzea. Gure bizitzan determinanteak diren afera guztiak erabaki nahi eta behar ditugulako, langile klaseak hitza hartu eta erabaki egin behar du.

Demokrazian, burujabetza osoz bakarrik eraikiko dugu benetako alternatiba. Norabide horretan Estatu propio bat izateak emango digu beharrezkoa dugun estatusa. Bizitzaren jasangarritasuna eta ongizatea bermatuko dituen eta eredu sozio-produktibo berri bat izatea ahalbidetuko duen Euskal Estatua aldarrikatzen dugu.
Badugu Estatu propioaren eraikuntza nondik hasi. Eredu sozial alternatiboa eraikitzeko hor ditugu Euskal Herriko Euskubide Sozialen Kartak jasotzen dituen printzipioak. Euskal Herriak bide propioa jorratu behar du, espainiar eredua inportatzeari utzi eta interes kolektiboak interes pribatuen gainetik jartzeko.

Arlo ekonomiko nahiz sozialean ahalmen legegile osoa izateak bakarrik ahalbidetuko digu bestelako eredu baten oinarriak jartzea. Hala nola, neurriak hartzea emakumeenganako diskriminazio eta bortizkeriarekin amaitzeko, baldintza laboral eta sozialen berdintasuna bermatzeko, genero, adin, sexu joera, aniztasun funtzionala edota nazionalitateengatiko diskriminazio oro ezabatuz.

Baita aberastasuna modu orekatuan banatu eta justizia sozialean oinarrituko den jendartea eraikitzeko bestelako erabakiak hartzea ere: Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua garatuz, langabezia, prekarietate eta pobrezia egoerei aurre egingo dien eredu sozial berri bat eraikitzea, kalitateko sektore publiko sendo baten alde egitea, lan osasun sistema publikoaren bidean urratsak ematea, hizkuntz eskubideak eta eskubide kulturalak bermatu eta garapen eredu jasangarri bat garatzea.

Horiek guztiak aurrera eramateko bitarteko juridiko eta politikoak bermatuko dizkigun Euskal Estatua aldarrikatzen dugu.
Elite ekonomiko eta politikoen ahotan behin baino gehiagotan entzun genuen “lehenik krisia eta gero erabakitzeko eskubidea”. Hori iruzurra da. Krisiaren irtenbidea eztabaida politikoa da, burujabetzaren bidetik bakarrik lortuko baitugu benetako alternatiba bat. Zentzu honetan langileek, ikasleek, pentsiodunek, gazteek, migranteek, eta zer esanik ez emakumeek eta, orohar, pobreziara eta prekarietatera kondenatutako herri sektoreek asko dugu esateko.

LABetik diogu independentzia helburu baino, tresna dela. Tresnarik eraginkorrena Kapitalismoaren parametroen aurkako sistema eraikitzeko. Beraz, independentziaren aldeko borroka, Euskal Herrian bizi garen pertsona guztien eskubideak bermatzeko borroka da.

Nazio bat gara, Herri bat gara, eta erabakitzeko eskubidea dugu zer eta nola produzitu nahi dugun, nola bizi eta antolatu nahi dugun. Euskal Herrian bada kontzientzia nazional handiko langile klasea, har dezagun hitza!

BAI esaten diogu Euskal Estatu Independenteari: bizimodu duina izateko, kalitateko enpleguaren alde, lanaren eta aberastasunaren banaketa orekatu baterako, zerbitzu publikoen defentsan, babes soziala nahikoa izan dezagun, pentsioak bermatzeko, emakumeon, gazteon, migranteen eskubideak bermatzeko eta orohar, langileon interesak defendatzeko.

Euskal Estatu Independente, Sozialista, Euskaldun eta Feminista lortzeko bidean, BAI, EUSKAL EUSKAL ESTATU BURUJABE BATEKO HERRITAR IZAN NAHI DUGU!
 

 

 

Eskubide Sozialen Kartak Gipuzkoa Zutik ekimenari babesa adierazi nahi dio


Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartatik Gipuzkoa plazan errauskailuaren kontra eta beste eredu berri baten alde akanpatuta egon den Gipuzkoa Zutik ekimenari babesa adierazi nahi dio. Aldi berean errauskailuaren inposizioa indarrez defendatzen dutenen jarrera salatu nahi du. Gipuzkoa plazaren desalojoak argi erakusten du: alternatiben eta eredu berrien beldur dira.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak Gipuzkoa Zutik ekimenak deitzen dituen mobilizazioak eta bestelako ekimenak babestuko ditu eta jendarteari parte hartzera dei egiten dio. 

 

 

Alternatiben aurrean, indarkeriaren bidez defendatzen du bere eredua EAJk

0

LAB sindikatuak Zutik Gipuzkoa ekimena babestu eta EAJren inposaketa jarrera salatu nahi du. Beste behin ere, indarraren monopoliaren erabilera eginez, inposatu nahi diguten ereduaren oposizioa Gipuzkoa plazatik desalojatu du EAJk, horretarako bere poliziak erabiliz.

Osasunaren, pertsonon, langileon eta ingurumenaren alde, maiatzaren 29an etxera ez joatea erabaki zuten gipuzkoar askok. Langileok ere presente egon ginen bertan. Gaur arratsaldean, LABeko ordezkari bat Gipuzkoa plazan izatekoa zen, errauskailuaren aurreko alternatiben inguruan hitz egiteko, baina oposizioa ikustezin bihurtu nahi dutenek ezinezko egin dute.

Lehenik eta behin, horrelako jarrerek, argi erakusten dute, indarrean dagoen eredua defendatzen dutenek ez dutela oposiziorik onartzen. Beraz, lehenik eta behin, demokrazia da aldarrikatu eta defendatu nahi duguna. Bigarrenik, beraien ereduak, gaixotasunera, kutsadurara eta miseriara garamatza, eta langileok ez gaude hori onartzeko prest. Ez dugu onartuko aberastasuna gero eta esku gutxiagotan kontzentratzea, gure lan eta bizi baldintzak gero eta prekarioagoak izatea, herri honetako baliabide naturalekin bukatzea, gure aurrezkiak gorde ditugun kutxak banku pribatu bihurtzea…

LABek Gipuzkoa Zutik ekimenak deitzen dituen erantzun mobilizazioak eta bestelako ekimenak babestuko ditu, eta langileei eta orokorrean gipuzkoar jendarteari parte hartzera dei egiten dio.
 

 

ACBko enpresa komiteak lantokia bideragarria egiteko proposamena jarri du mahai gainean

0

ACBko langileek aspaldi aldarrikatu zuten industria plan alternatibo batekin enpresak aurrera egin zezakeela. Gaur, ACBko komiteak agerraldia eskaini du enpresa bideragarria egiteko proposamena aurkezteko. Beste propasamen askoren artean kostuak murrizteko hobekuntza teknikoak bultzatzea, balio erantsiko produktuen aldeko apostu progresiboa egitea, sare komertzial propioa garatzea eta Jaurlaritzaren inplikazioa eskatu dute.
 
 

Zerbitzu pribatuetako langileek prekarietateari aurre egiteko neurriak aldarrikatu dituzte


Azken hilabeteetan LABek zerbitzu sektorean aritzen diren langileegana jo du bizi duten egoeraren argazkia egin eta bizi duten prekarietateari irtenbideak bilatzeko. Gaur emaitzak ezagutzera eman eta patronalari zein erakundeei, langileen beharrizanak kontuan hartuz prekarietatea gure bizitzatik at utziko duten neurriak aldarrikatu ditugu.

Inkesta erraldoi hau egin den testuinguruan egiazta daiteke Euskal Herrian bizi dugun prekarietate egoera ez dela koiunturala. Kapitalak inplementatu du eta gobernuek ezartzen dute; ez bagara egoera iraultzeko gauza, gure artean gera dadin nahi dute.

Zerbitzu sektoreko beste arlo batzuen artean, garbiketa, merkataritza, jantoki eta telemarketingeko 3.369 langileak LABekin hitz egin dute eta bere egoera laboralaren argazki bat egiteko eta bizi duten prekarietate egoretik irtenbidea bilatzeko, galdetegi bat bete dute.

Galdetegiaren ondorio nagusia da langileen %80 uste dute beraien lan baldintzak prekarioak direla. Galdetegiaren bidez egoera prekariotik irtetzeko, hurrengo neurriak eskatzen dira langileen %90 baino gehiago:

  • 1200 €/neto-ko gutxienezko soldata.
  • 35 lanorduko astea.
  • Bertoko eta erreformaren aurrean babestutako sektore hitzarmenak.
  • Jardunaldi partzialeko kontratuak egin al izateko, gutxienezko ordu kopuru bat zehaztea.
  • Enpleguaren egonkortasuna bermatzen duten neurriak.
  • Lan zentruetan dauden lan baldintza errealen kontrol zehatza Lan Ikuskaritzaren partetik.

Gaur, galdetegien emaitzak ezagutara emateko eta patronalari zein erakundeei, langileen beharrizanak kontutan hartuz, prekarietatea gure bizitzatik at utziko dituzten neurriak aldarrikatzeko, Iruñan, Bilbo, Donostian eta Gasteizen kalera irten gara

LABek aldarrikapen hauek bereak egiten ditu, eta langileak pobretzeko kapitalak hartutako erabakiaren kontra baita, belaunikatuta nahi gaituzten bertoko gobernuen pasibitatearen kontra borrokatzeko konpromisua hartzen dugu. Gaurkoa, egoera prekarioan dauden langileen eguna dugu; eta LABek haien iritzien bozgorailua izan behar du.

 


BILBO

IRUÑEA

DONOSTIA

 

 

Metro Bilbaon Hitzarmen Kolektiboari buruz lortutako aurreakordioa positiboki baloratzen dugu

0

LABek positiboki baloratzen du Metro Bilbaon Hitzarmen Kolektiboari buruz lortutako aurreakordioa alde batetik murrizketen eta lan erreformaren aurka blindatzeari buruzko funtsezko hainbat kontu eguneratzen baititu eta bestetik gai garrantzitsuak jasotzen baituitu baimenen alorrean eta prebentzioaren eta osasunaren inguruan.

Akordioa 2018a arte egongo da indarrean, eta aurrerapen handiak dakartza eskubide kolektibo eta sozialetan. Langileon lan baldintzak babesten dituzten atalak jaso eta gehitzen ditu Madril eta Gasteizko Gobernuetatik datozen lan erreforma eta inposizioetatik babesteko, eta enplegu bermea indartzen du ORPRICCEra (Estatutuaren araberako Hitzarmen Kolektiboak ez Aplikatzeko Prozedurak Ebazteko Organoa) joatea eragotziz.

Astelehenean, ekainak 30, LABeko ordezkaritzak, CIM; CCOO, UGT eta ESKrekin batera, aurreakordioa itxi zuen Metro Bilbaorako hitzarmen kolektiboa sinatzeko.

Hitzarmen hori 2018ra arte egongo da indarrean, eta ultraktibitatearen klausula mantentzen duenez hor jasotako artikulu guztiak baliozkoak izango dira hurrengoa sinatu arte. Gainera, ez du Metro Bilbaoko lantaldearen oraingo eskubide batean ere atzera eragiten duen inolako artikulurik jasotzen.

Aurrerapen horiek, enplegua bermatzeko eta alde batek soilik nahita hitzarmenak ez aplikatzea ebazteko organora (ORPRICCE) ez jotzeko konpromisoekin batera, Gasteiz eta Madrilgo Gobernuetatik datozen murrizketa eta lan erreformei aurrea egiteko neurriak dira, besteak beste. Neurri horiekin batera, LAB sindikatuarentzat gako diren prebentzioari eta osasunari buruz gure salaketa baten ostean OSALANek emandako jarraibideak eta akordioak ere finkatzen ditu.
Baimenen araudian ere aurrera egiten du, laneko eta lanetik kanpoko bizitza uztatu eta erraztera begira. Gauza horiek langileen motibazioa eta poztasuna areagotzen dituzte, gure iritziz, eta enplegua mantendu eta finkatzen ere laguntzen dute, etorkizunean gehitu eta berriak sortzeko aukerak ere zabalduz.

Bizimodua errazteari dagokionez, Arizeko tailerreko eta Zerbitzu Nagusietako ordutegietan adostutako neurriak ere azpimarratu nahi ditugu.

Aurreko hitzarmenaren filosofiaren ildotik, eta sektore publikoan soldaten alorrean agertokia aldatzeko izan den aukeraren aurrean, soldata finkatu da, eta hiriarteko tren konpainia
gobernatzen duten erakundeetan (Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza) izandako igoerak ere ematen dira. Era berean, hitzarmen hau sinatzean soldata izoztu den aurreko urteetatik zuzendaritzak lantaldearekin zekarren zorraren zati bat berreskuratu ahal izan da.

Beste akordio batzuk ere aipatuko genituzke, guztiak zerrendatzen hasi barik:

• Hobekuntzak Bezeroen Arreta eta Harrera zerbitzuetan
• Lantaldea haztea geltokietan
• Lanpostu berriak prestakuntza iraunkorra sustatzeko
• Homogeneotasuna kolektibo guztientzat prestasun saria ordaintzean
• Hobekuntzak eta argitasuna lan txanden banaketan
• Definizio handiagoa txandetan eta aldaketak mugatzea.
• Ordutegiak homogeneizatzea instalazioetan
• Antzinatasuneko atseden-egun gehiago
 

 

 

Gran Hotel Durangoko langile bat kaleratu izana salatzen dugu

0


LAB Sindikatutik Gran Hotel Durangon izan diren gertakariak salatzen ditugu. Hain zuzen ere bertako langile batek apirilaren erdi aldera lan-ordu murrizketa eskatu zuen bere alaba zaindu ahal izateko. Enpresak, hitz onez, barne antolaketan aldaketak egin behar zituztela eta egun batzuk itxaroteko eskatu zion. Maiatzaren hasieran, ordea, langileak kaleratze gutuna jaso zuen.

Lana eta familiaren zaintza uztartzea eskubidea da, Gran Hotel Durangok ezin du langilearen borondate ona (eskaera formala egiteko egun batzuk itxaroteko prestutasuna adierazi duenean) baliatu, bere kaleratzea prestatzeko. Gran Hotel Durangok ezin du barne antolaketa berritzea argudiatu lanpostu hori desagertu ez denean, are gehiago, langile hau kaleratu eta 2 egun beranduago, Durangoko pertsona bati lanpsotu bera eskaini diotenean.

Kaleratze guztiak dira larriak, baina horrelakoak sozialki onartezinak direla deritzogu. Honen aurrean langilean lanera itzul dadin eskatu eta sortutako kalteak konpon ditzatela eskatzen dugu. Horrez gain Gran Hotel Durango-k bereahala onar dezala lan-jardunaren murrizketa exijitzen dugu; Ainhoak familiak behar duen zaintza eta alabak behar duen jarraipena egoki egiteko eskubidea errespetatuz. Gainera, eta egoera zuzendu bitartean, kontzentrazio bat egingo dugu Gran Hotelaren aurrean, ostegun honetan, ekainaren 2an, arratsaldeko 18:30 ean.
 

 

 

Prekarietatearen aurkako martxek Hego Euskal Herria zeharkatu dute

Administrazio zein hedabide askok kontrako mezua zabaldu nahi duten arren zerbitzu publikoetan prekarietatea jaun eta jabe bihurtu da. Erreforma eta dekretu bidez ekarritako prekarietatearen aurrean mobilizazioaren bidea hartu dugu. Gaur, Borroka Astearen baitan, kalitateko zerbitzu publikoak eta lan baldintza duinak aldarrikatu ditugu.

Hego Euska Herriko hiriburuetan prekarietatearen aurkako martxak egin ditugu. Zerbitzuen externalizazioa, merkantilizazioa, lan baldintzen araupetze falta, kontratuen behin behinekotasuna, interinitatea, ordainsari baxuak… egoera guzti hauek borrokatu eta garaitzeko borondatea dugu. Asmo horrekin prekarietatea zabaltzen duten erakunde guztietan gure salaketa plazaratu dugu.

Arazoaren muina administrazioen borondate politikoari lotuta dago eta beraz egoera hau aldatzea borondaterik ez dagoen lekuetan behartu egin beharko dugu. Hori da langileon mobilizazio eta borrokaren bidez egingo duguna. Herritarrek behar dituzten kalitateko zerbitzu publikoak eta langileoi dagozkigun lan baldintza duinak eskuratzea izango dira gure borrokaren ardatz.

 

 

 

Ikasturte amaierak eskola-jantokiak aska bihurtzen dituela salatzen du LABek

EAEko Hezkuntza Sailak, Catering enpresekin elkar hartuz, ikasturte amaiera honetan abiatu duen jarduera salatzen du LABek. Ikasturte amaieran, lanaldi jarraitua ezarrita eta bazkaltiarren kopurua urritu denez, eskoletako jantokietan haurrak zaintzen dituzten pertsonen lanaldia murrizteko agindua jaso dute.

Ezarri diren murrizketa hauen ondorioz lanaldiak murriztu direnez, geratzen diren bazkaltiarrak talde jendetsuagoetan biltzen dira eta txandak beharrezko dituen espazio batean pilatzen dira. Jukutria hau erabiliz, txanda bakarrera murrizten dute.

Hezkuntza Sailak agindu du langileen lanaldiak ezin dezakeela bi ordutako zaintza gaindi; hala ere, egiaztatu dugu jantokietako mahaien luze-zabalerak neurtu dituztela ikasleak birkokatzeko, baliabideak optimizatzeko aitzakia pean.

Jarduera hau salatu du LABek, gure jantokiak aska bihurtzen dituelako. Ez dugu onartuko gure ikasleriak burugabekeria honen ondorioak jasan ditzala, are gehiago, gogoan hartzen badugu enpresa hauek ez dutela Lehiakortasun Legea bete, eta horrek 18 milioi eurotako isuna ekarri duela (oraindik ez dute justifikatu nola egingo dioten aurre).

Ez deritzagu onargarri, hezkuntza-helburua onartu beharko litzaiokeen gune hau, administrazioak aparkaleku soiltzat hartzea.

Honen bidez, galdera batzuk egin nahi dizkiegu sail honi eta haren konplizeak diren Catering enpresei. Hau al da gure ikasleei eskaini nahi zaien kalitatea irakaskuntzan, jatorduari loturiko gune eta hezkuntza ekimen honetan? Hau al da, gune honi dagokionez, egokitzat jotzen duten hezkuntza-proiektua? Zein da ikasgelen eta elikatzen diren gelen arteko zatiketaren zergatia ikastetxean?