2026-11-03
HomeHerriak du hitza eta erabakiaLangileok BAI, Euskal Estatu burujabe bateko herritar izateari

Langileok BAI, Euskal Estatu burujabe bateko herritar izateari

2008an hasi eta gaurdaino GURE ESKU DAGO ekimenak borondateak josten egindako lan eskergak ekarri gaitu ekainaren 5etako geltokira. Azken urteetan elkarrizketa sustatu da eta adostasunak eraiki dira. Orain, urrats berri bat eman eta erabakitzen hasi behar dugu. Goierri, Debagoiena, Aramaio, Azpeiti eta Ispaster izango dira ariketa hori egiten lehenak, igande honetako herri galdeketetan.

Euskal Herrian nazio eraikuntzaren eztabaida elite ekonomiko eta politikoek bahitua izan dute gaurdaino. Beraz, Euskal Herriak eta euskal herritarrok gure bidea egin ahal izateko ezinbestekoa da erabakitzeko eskubidea berreskuratu eta egikaritzea. Gure bizitzan determinanteak diren afera guztiak erabaki nahi eta behar ditugulako, langile klaseak hitza hartu eta erabaki egin behar du.

Demokrazian, burujabetza osoz bakarrik eraikiko dugu benetako alternatiba. Norabide horretan Estatu propio bat izateak emango digu beharrezkoa dugun estatusa. Bizitzaren jasangarritasuna eta ongizatea bermatuko dituen eta eredu sozio-produktibo berri bat izatea ahalbidetuko duen Euskal Estatua aldarrikatzen dugu.
Badugu Estatu propioaren eraikuntza nondik hasi. Eredu sozial alternatiboa eraikitzeko hor ditugu Euskal Herriko Euskubide Sozialen Kartak jasotzen dituen printzipioak. Euskal Herriak bide propioa jorratu behar du, espainiar eredua inportatzeari utzi eta interes kolektiboak interes pribatuen gainetik jartzeko.

Arlo ekonomiko nahiz sozialean ahalmen legegile osoa izateak bakarrik ahalbidetuko digu bestelako eredu baten oinarriak jartzea. Hala nola, neurriak hartzea emakumeenganako diskriminazio eta bortizkeriarekin amaitzeko, baldintza laboral eta sozialen berdintasuna bermatzeko, genero, adin, sexu joera, aniztasun funtzionala edota nazionalitateengatiko diskriminazio oro ezabatuz.

Baita aberastasuna modu orekatuan banatu eta justizia sozialean oinarrituko den jendartea eraikitzeko bestelako erabakiak hartzea ere: Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua garatuz, langabezia, prekarietate eta pobrezia egoerei aurre egingo dien eredu sozial berri bat eraikitzea, kalitateko sektore publiko sendo baten alde egitea, lan osasun sistema publikoaren bidean urratsak ematea, hizkuntz eskubideak eta eskubide kulturalak bermatu eta garapen eredu jasangarri bat garatzea.

Horiek guztiak aurrera eramateko bitarteko juridiko eta politikoak bermatuko dizkigun Euskal Estatua aldarrikatzen dugu.
Elite ekonomiko eta politikoen ahotan behin baino gehiagotan entzun genuen “lehenik krisia eta gero erabakitzeko eskubidea”. Hori iruzurra da. Krisiaren irtenbidea eztabaida politikoa da, burujabetzaren bidetik bakarrik lortuko baitugu benetako alternatiba bat. Zentzu honetan langileek, ikasleek, pentsiodunek, gazteek, migranteek, eta zer esanik ez emakumeek eta, orohar, pobreziara eta prekarietatera kondenatutako herri sektoreek asko dugu esateko.

LABetik diogu independentzia helburu baino, tresna dela. Tresnarik eraginkorrena Kapitalismoaren parametroen aurkako sistema eraikitzeko. Beraz, independentziaren aldeko borroka, Euskal Herrian bizi garen pertsona guztien eskubideak bermatzeko borroka da.

Nazio bat gara, Herri bat gara, eta erabakitzeko eskubidea dugu zer eta nola produzitu nahi dugun, nola bizi eta antolatu nahi dugun. Euskal Herrian bada kontzientzia nazional handiko langile klasea, har dezagun hitza!

BAI esaten diogu Euskal Estatu Independenteari: bizimodu duina izateko, kalitateko enpleguaren alde, lanaren eta aberastasunaren banaketa orekatu baterako, zerbitzu publikoen defentsan, babes soziala nahikoa izan dezagun, pentsioak bermatzeko, emakumeon, gazteon, migranteen eskubideak bermatzeko eta orohar, langileon interesak defendatzeko.

Euskal Estatu Independente, Sozialista, Euskaldun eta Feminista lortzeko bidean, BAI, EUSKAL EUSKAL ESTATU BURUJABE BATEKO HERRITAR IZAN NAHI DUGU!
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Navarrabiomed – Miguel Servet Fundazioko plantillak bertan behera utzi ditu greba eta mobilizazioak, Osasun Departamentuak jakinarazitako aurrerapausoak direla-eta

Joan den ostegunetik, gure hitzarmen kolektiboaren aplikazioaren inguruan Osasun Departamentutik jakinarazi zizkiguten aurrerapausoak eta albisteak ezagutu ondoren, Navarrabiomed - Miguel Servet Fundazioko langileok erabaki dugu garatzen ari ginen greba eta mobilizazioak bertan behera uztea.

Udaltzain batzuk Intxaurrondon jasotako formakuntza ikertzeko eta berriro halakorik ez dadin gertatu eskatzen dugu

Gipuzkoako hainbat udaltzaingotako agenteek Intxaurrondoko kuartel nagusian, Gipuzkoako Guardia Zibilaren Komandantziaren egoitzan, egindako prestakuntza-ikastaro batean parte hartu izana salatzen dugu.

Etxebizitzarako eskubidea bermatu dadin, hiru eraldaketa eta sei ekintza lerro proposatu ditugu

Etxebizitza langileen eta herritarren beharren arabera antolatzeko, parke publikoa ardatz duen planifikazioa egin behar da; etxebizitza politiketan eman beharreko eraldaketak kapitalaren irabazi espekulatiboen bidez ordaindu behar dira; eta, jarduera espekulatiboak debekatuz, negoziorako erabiltzen diren etxebizitzak berreskuratu behar dira.