2025-12-26
Blog Page 1019

EITBko langileek lanuzte eta kontzentrazioak egin dituzte euren soldaten defentsan

0


Eusko Irratia, EITBnet eta EITB erakundeko langileek lanuzte eta kontzentrazioak egin dituzte gaur euren soldaten defentsan, 2010ean ezarri zieten %5eko soldata murrizketa etetea eta kendutako dirua bueltatzea eskatuz. Deialdi honek erantzun zabala izan du, besteak beste, EITBneten ia erabatekoa izan da jarraipena eta Euskadi Irratian %85 ingurukoa.

EAJk, PSEk eta EITBko zuzendaritza nagusiak bat egin dute eta "segurtasun juridikoa" eta "lansarien oreka" bezalako kontzeptuak erabiltzen dituzte Eusko Irratiko eta EITBNETeko langileoi dagokiguna ez ordaintzeko.

Gogoratu behar dugu "Segurtasun juridikoa" aipatzen badute ere Auzitegi Konstituzionalak eta Auzitegi Gorenak bi ebazpen irmo eman dituztela % 5aren soldata murrizketa baliogabetuz. Bestalde "Lansarien oreka" aipatzen dute, baina ETBn murrizketa gelditu zuten eta 2010etik kendutako dirua itzuliko diete langileei; hau da, "orekaz" hitz egiten dute, baina langileon arteko soldata bereizketa aplikatuko dute EITBn, batzuei ordainduta eta besteoi dirua kenduta.

Bere garaian esan zuten inposatutako murrizketa bat zela, nahitaez egin beharrekoa. Baina oraingoan Madrilek ez du inposatu langileoi murrizketa ezartzea. Alderantziz, murrizketa hori legez kanpokoa dela ebatzi dute Madrilen. Baina EAJk, PSEk eta EITBko zuzendaritzak murrizketa aplikatzen jarraitzeko, langileoi hilero dirua kentzen segitzeko eta lapurtutakoa ez itzultzeko erabaki politikoa hartu dute, azken egunotan EITBko administrazio Kontseiluan eta Eusko Legebiltzarrean egiaztatu ahal izan dugunez.

Beraz, bidegabekeria honen aurrean, mobilizatzen jarraituko dugu langileoi zor digutena itzuli arte.

 

 

 

SEAk bultzatzen duen prekarietatea salatu du LABek

Arabako patronalaren zati bat bildu da gaur, hilak 10, langileok pobreziara garamatzaten errezetei eusteko asmoz. Hau salatzeko LABek elkarretaratzea egin du eta hemendik aurrera ere arlo politiko, ekonomiko eta sozialean aldaketa lortzera bideratutako beharrekoz ekimenak garatzen jarraituko dugu eta Patronalak bultzatzen dituen desberdintasunak salatuko ditugu.

Beste behin, Arabako patronalaren zati bat bildu da gaur hilak 10, euren betiko errezetei eusteko. Patronalarentzat langileok euren emaitza kontuetako zenbaki hutsak baino ez gara eta behar duten ibilbide-orria markatzen die politikariei. Izan ere, ordezkari instituzionalak ere etorriko dira txalo egitera eta irabazi enpresarialak handitzeko langileriaren prekarietatea besterik bilatzen ez duten errezetak babestera.

Enplegua sor dezaketen bakarrak bailiran aurkezten dute euren burua eta era berean, desberdintasun sozialak sustatzen dituzte muga jasanezinetaraino. Hain zuzen ere, duela egun batzuk txosten ekonomikoa aurkeztu zuen SEAk, titular handiek lagunduta. 9.000 lanpostu berri sortu omen dituzte, baina letra txikia irakurrita, 2.450 izatera pasatzen ziren eta hauetatik %29,1 soilik ziren mugagabeak eta asko eta asko lanaldi partzialekoak. Herritar guztiongatik sakrifikatzen omen dira, euren zergak murriztea exijitzen duten bitartean. Laguntza ekonomikoak eskatzen dituzte lortutako plusbalia ez baita nahikoa euren beharrizanetarako eta era berean, laguntza sozialak kontrolatzeari buruz edo langileon soldatak murriztearen inguruan hitz egiten dute.

LABek azken asteotan enpresetako prekarietatearen salaketa dinamika sendoa egin du. Bertan, besteak beste, kontratazio berrietako eta soldata desberdintasunak dakartzan prekarietatea, UGT eta CCOOekin lankidetzan enpresarioen interesak lehenesten dituzten hitzarmenekiko babesgabetasuna, lan istripuen aurreko babes falta salatu ditgu. Nabarmentzekoa da prekarizazio prozesuak gero eta gehiago eragiten diola langileen osasunari, gero eta arazo gehiago eta larriagoak ditugu prekarietatearen ondorioz. Michelinen dugu adibide garbienetako bat. Lanaren ondoriozko osasun kalteak dituztenei ez diete bajarik ematen sendatzeko, lanpostua aldatzen diete edo ordaindutako baimen bat eman lan-istripu eta laneko gaixotasun moduan ager ez dadin.

LABek argi du beharrezkoa dela Arabako patronalak bultzatzen duen eredua hau alboratzea, lan-harremanak enplegu prekarioaren sinonimo baitira. Ezinbestekoa da negoziazio kolektiborako esparru propioa izatera bideratutako akordioak bultzatzea, gaitasun legegile propioa behar dugu eta erabakitzeko gaitasun horretan oinarritutako enplegu politikak. Politikariek beste alde batera begiratzeari utzi behar diote eta beharrizan kolektiboen aldeko apustua egin.

Guzti honengatik, gaur, hilak 10, elkarretaratzea burutu dugu. Eta hemendik aurrera arlo politiko, ekonomiko eta sozialean aldaketa lortzera bideratutako beharrekoz ekimenak garatzen jarraituko dugu eta Patronalak bultzatzen dituen desberdintasunak salatuko ditugu.
 

 

 

EITBko Zuzendari Nagusiak ez dio egia esan Parlamentuari

0
Parlamentutik EITB Taldean txandakako lan kontratua erabiltzeari buruzko idatzizko erantzuna eskatu zaio Zuzendari Nagusiari. ETBko LABek dio Iturbek ez duela egiarekin erantzun, izan ere, kasu hauetan lan poltsak zintzo-zintzo betetzen ari direla baieztatzen du. Hain zuzen ere, txandakako lan-kontratuen kontuarekin, eta ETBri dagokionez, ez da egia erreleboa egiten duten langile guztiak barematutako lan-poltsa barematuak egoki erabilita sartu direnik

Parlamentura bidalitako erantzuna sinatzen duen Maite Iturbek zera dio: «Erreleboa egiten duten langileek barematutako lan-poltsetan duten lehentasunezko tokiaren arabera onartzen dute kontratua. Poltsa horiek enpleguko deialdi publikoen bidez sortzen dira; hortaz, bete egiten dira EITB taldeko enplegu publikoa lortzeko eskatzen diren merezimendu eta gaitasun printzipioak».

Baieztapen hau gezurtatu nahi du LABek. Txandakako lan-kontratuen kontuarekin, eta ETBri dagokionez, ez da egia erreleboa egiten duten langile guztiak barematutako lan-poltsa barematuak egoki erabilita sartu direnik. Hau da, kasu batzuetan lan poltsa jakin bateko lehen postuetan kokatutako langileei ez zaie errelebo kontratua eskaini; eta beste batzuetan, nahiz eta aurre-erretiro partziala hartzen duen langilearen departamentu eta kategorian kontratazio beharra izan, beste departamentu eta kategoriako langilea aukeratu izan du ETBk errelebista kontratua egiteko, beste lan poltsa batzuk erabiliz.

Horrez gain, ez dira errespetatzen ari Bilbo eta Miramongo plantilla estrukturalak , hau da, Miramongo langile batek aurre-erretiroa sinatzerakoan, Bilboko plantillarako errelebo kontratuak bultzatu dituzte, Donostiako plantilla estrukturalari buruzko akordioa errespetatu gabe. Kontrako kasuren bat ere eman da, Bilboko ordezkatuaren kontratua Miramonen lan egiteko lan kontratuarekin betetzea.

Gogoratuko dugu LABek hainbat salaketa jarrita dituela epaitegietan eta Lan Ikuskaritzan hain zuzen ere Euskal Telebistako Zuzendaritzak lan poltsak ez dituelako errespetatzen, eta berriro ere kontratazio mugagabe ez-finko kasu gehiagorekin aurkituko gara laster. Bada garaia etorkizuneko EITBk beharko dituen benetako plantilla estrukturalak adosteko, baina LABen iritziz Zuzendaritza honek ez du horretarako gaitasunik.

Azkenik, 2010eko soldata murrizketaren aurka bihar ostiralean Eusko Irratian, EITBNETen eta EITB entean deituta dauden lanuzteei elkartasuna luzatu nahi die Euskal Telebistako LABek. Murrizketak dagoeneko eragiten ez badigu ere langileak elkarretaratzeetara joan daitezen animatu nahi ditugu. Baita ere, ETBko Zuzendaritzari 2010etik kendu zaigun dirua lehenbailehen itzultzea exijitzen diogu publikoki.
 

 

 

Heldu eta Pentsionisten Asanbladak 1.080€ko gutxieneko pentsioak eta sistema propioa aldarrikatu ditu

LABek Heldu eta Pentsionisten Arloaren asanlada egin du Altsasun urteko balantzea egiteko, egindako lana baloratzeko eta datorren ikasturterako erronkei buruz eztabaidatzeko. Ainhoa Etxaide Idazkari Nagusiak egungo egoera sozio politiko eta sindikalaren inguruko azalpenak eman ditu, jubilatu eta pentsionisten inplikazioa eskertuz. Sindikatutik egindako lana nabarmendu du, eta modu berezian aurten, enpleguaren mundutik aldenduta egon arren, aldarrikatzeko asko duen kolektibo baten aldarrikapenak kalera atera instituzioetara eramateko egin den lana.

Egindako lanen artetik nabarmenenak, eta oraindik Arloak mahai gainean dituenak, honakoak dira:

– Babes eta Segurantza Sozialeko Sistema Propioaren aldarrikapena, posible egingo duena, Euskal Herrian, erretiratu guztientzat Pentsio Duinak erabakitzea ahalbideratuko diguna. Hilean 1.080 eurotako gutxieneko pentsioak guztientzat.

– Iruñea zein Gasteizko parlamentuetan aurkeztutako Herri Ekimen Legegileak posible egiteko sinadura-bilketarekin jarraitu. Gasteizkoaren kasuan, EAJ, PP, PSE eta UPyDk ibilbide legala eragotzi zuten, hala ere, milaka sinadura jaso da honezkero.

– PPren estatuko gobernuak osasungintza publikoan egindako murrizketek inposatutako osasun-kopagoari aurre egin. Aipatzekoa da Gasteizko gobernuak, EAJren eskutik, ez duela ahaleginik egin pentsiodunei sortzen dien eragina ekiditeko.

Datorren ikasturterako, martxan dauden lan-ildoekin jarraitzearekin batera, pertsona nagusien Menpekotasuna landuko da nagusiki. Horretarako, herrialdeen araberako lan-taldeak sortu dira honezkero.

Asanblada Nazionala eta osteko bazkariarekin, amaitutzat eman dute LABeko Heldu eta Pentsiodunek balorazio, hausnarketa eta pendiente dauden aldarrikapen eta beharrizanekiko konpromisorako eguna. LABek aldarrikapenei bide ematen jarraitzeko konpromisoa erakutsi du.

 

 

 

Patronalaren ordezkaritza neurtu behar da, demokrazia kontua da

LABek, patronalaren ordezkaritza neurtzeko prozedura objektibo bat ezartzeko gogoeta irekitzeko eskaera egin zuen Lan Harremanen Kontseiluan (LHK). Ondoren gogoeta hori Eusko Jaurlaritzari bidali asmoz. Sindikatuon ordezkaritza parte-hartze organo instituzionaletan eta negoziazio kolektiboko mahaietan, hauteskunde sindikalen emaitzen araberakoa izaten da, guztiz neurgarria eta objektiboa den sistema. Aldiz, askotan salatu dugun moduan, patronalaren ordezkaritza ez da neurtzen eta honek gero eta arazo gehiago sortzen ditu negoziazio mahai desberdinetan.

Egungo sistema ez da batere gardena eta ez da demokratikoa. Horregatik gero eta gehiago gara CONFEBASKen ordezkaritza zalantzan jartzen dugunak.

LAB, gaia LHKra eramanda saiatu da CONFEBASKek ere gogoeta horri bide eman ziezaion. Hauek bere bozak erabili dituzte eztabaida ekiditeko. Ez dute lortuko, LABek, bere eskura dituen bitarteko guztiekin, egoera salatzen eta iniziatiba desberdinak hartzen jarraituko du.

Guretzat ez da sorpresa izan CONFEBASKen jarrera. Ez dugu zalantzarik eztabaida hau ez dela CONFEBASKen gustokoa, inoiz neurtu gabeko ordezkaritzaz baliatzen ari baita negoziazio kolektiboa blokeatzeko, lan erreforman sakontzen jarraitzeko, enpresari guztien izenean elite patronalaren interesak defendatzeko edota diru publiko kopuru itzela jasotzeko. Kontua ordea, ez da CONFEBASKek nahi duen edo ez, demokrazia kontua da.

Gure ustez, orain bai oso argi geratu dela, pilota hau noren teilatu gainean dagoen. Eusko Jaurlaritzak ezin du geldirik eta isilik egon, ezin du patronal hau babesten jarraitu. Eusko Jaurlaritzari dagokio patronalaren ordezkaritza neurtzeko prozedura bat ezartzea.

 

 

 

Euskal Aurrezki Kutxen likidazioa saihestea aldarrikatu dugu


Euskal Sistema Finantziero Publikoaren aldeko eta Kutxabank-en pribatizazioaren aurkako plataformak, gaur, elkarretaratzea egin dugu Batzar Nagusien aurrean, berriro ere salatzeko euskal kutxak likidatzea eta banku bat sortzea, hauen akzioak akziodun pribatuen esku geratuko direlarik, iruzurra dela.

Plataforma hau osatzen dugun erakunde sozial eta sindikalek elkarretaratzea burutu dugu Batzar Nagusien aurrean. Bertan, gaur, erakunde honi Euskal Aurrezki Kutxen likidazio saihesteko eskatuz aurkeztu genuen mozioa eztabaidatu da.

Aurkeztutako mozioak, eta gaur eztabaidatu denak, ondoko hau eskatzen dio erakunde horri:

• EAEko Jaurlaritzari Kutxen legearen proiektua baztertzeko eskatzen diogu, zein EAEko legedian zertifikatu bat baino ez da Euskal Kutxak likidatzeko.

• Beharrezkoak diren neurriak hartzea Kutxabanken akzioen jabetza berreskuratzeko. Akzio hauek, Fundazio Bankarioei entragatu zaizkie.

• Euskal Kutxen-Kutxabanken pribatizazio eta pribatizazio prozesuan atzera egitea.

• Euskal Kutxen legea negoziatzea izaera publiko eta sozialean sakontzeko gizartearen eta erakundeen erabakiak baino muga gehiago izan gabe.

• Beharrezkoak diren ekimen politko eta instituzionalak hartzea euskal sistema finantzieroa eraikitzeko, pertsonen eta enpresa txiki eta ertainen beharrizanak asetzeko.

 

 

 

EHUko eta Hezkuntzako garbiketako azpikontratako langileok gure lan egoera salatu dugu

1.600 langilek osatzen dugu Eusko Jaurlaritzako bigarren hezkuntzako eskola publikoko eta EHUko azpikontratatutako garbiketako kolektiboa. Hitzarmena 2014ko abenduaren 31n amaitu zen eta orduztik bilera eta saiakera asko egin dugu akordio bat lortzeko. Hemendik aurrera ere sindikatuok lanean eta behar diren bilera guztiak egiten jarraituko dugu.

ELA, UGT, LAB, CCOO eta ESK sindikatuen iritziz agerian geratu da enpresek errespetua galdu digutela. Indartsu ikusten dute euren burua eta beraien eredua inposatu nahi dute:

– Soldatak izoztu: 2009 urtetik soldata ia izoztua dago, eros-ahalmena %8,4 galdu da.
– Kontratu partzialak: honek miseriazko soldatak eta lan karga handiak dakartza.
– Ordezkapen eza, eskubideak kentzeko mehatxuak, oporrak ukatu, kaleratzeak…

Eusko Jaurlaritzak, azken esleipenean 2012arekiko aurrekontuak murriztu ditu eta beste alde batera begiratu du enpresek prezioak bota dituztenean (%10 eta 20 artean).

Sindikatuok honakoa salatu nahi dugu, enpresek beraien irabaziak mantendu dituzte eta administrazioak aurrekontuak murriztu ditu langilegoaren prekarietatea handituz.

Hau da ezarri nahi diguten lan-harremanen eredua: murrizketak eta prekarietatea.

Bilerak eskatu ditugu bai EHU eta baita Hezkuntzako arduradunekin. Administrazioa, azpikontratatzen dituen langileen lan-baldintzak okertzearen arduraduna da.

Posizio patronal honen aurrean, ELA, UGT, LAB, ESK eta CCOOek gure lan baldintzak defendatzeko bide bakarra mobilizaziorako antolatzea dela ikusten dugu. Gure hitzarmena arriskuan dago.

Hori dela eta, gaur, ekainaren 8an, berriro deitu ditugu elkarretaratzeak hiru lurraldeetan.

Enpresek negoziaketari uko egiten jarraitzen badute, oporren buelta beroa izango da, mobilizazioak indartuz.

 

 

 

Yolanda Rojasen heriotzaren aurrean, gure doluminak lagun eta senideei

0


Euskal Herriko LAB sindikatutik, Venezuelar Herriaren Bilboko Kontsul orokorra den Yolanda Rojas anderearen heriotzaren aurrean, gure doluminak eman nahi dizkiegu lagun eta senideei. Zerbait izan badu Yolandak bere borrokarako indarra eta gehien behar dutenen eskubideen defentsa nekaezina izan dira. Horrek Venezuelar Herriak hasitako prozesu Bolivarraren borrokalari nekaezin bihurtu zuen.  Agur eta ohore, Yolanda!

 

 

 

Haurreskola txikien inguruko politika egokiak aldarrikatu ditugu Legebiltzarrean

0

Haurreskola txikien inguruko politika egokia aldarrikatuz 2.000 sinadura baino gehiago aurkeztu zituen LABek EAEko Hezkuntza Ordezkaritzan maiatzaren 10ean. Gaur, Gasteizko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean parte hartu dute LABeko Eider Casanova eta Lore Igartuak Haurreskoletarako finantziazio nahikoa, aitortza politikoa, beharretara egokitutako politikak eta kudeaketa eraginkorra eskatzeko.

LABen interbentzioaren laburpena:

ISEI-IVEIk Haurreskolak Partzuergoa eta Eusko Jaurlaritzarako egin duen azkenengo azterketan azalaratzen diren ondorioen artean, 0-3 urteko zikloak eta eskolaratze goiztiarrak duten garrantzia eta ekartzen dituen onurak azpimarratzen ditu. 0-2 zikloak daukan garrantzia gero eta argiago dago eta inork ez du zalantzen jartzen Haurreskolak Partzuergoak egindako ekarpena EAEn ziklo hau sustatzeko. Baina, zoritxarrez, Eusko Jaurlaritzak eta Haurreskoletako Zuzendaritza batzordeak hartutako erabakien ondorioz, ziklo honek behar duen bultzada emateko inolako asmorik ez dagoela adierazi dute.

Haurreskolak Partzuergoa, udal ezberdinen eta Eusko Jaurlaritzaren artean Haur Eskolen kudeaketa integrala eta 3 urtetik beherakoen laguntza eta hezkuntza arreta emateko sortu zen.

Helburuen artean argi zehaztu zen Landa-eremuetako biztanleei hezkuntza eta laguntza izaerako zerbitzu baten eskuragarritasuna ahalbidetzeko egitasmoa zela.

Guk aurkeztutako ekimenean, hezkuntza komunitatean dagoen kezka handi bat islatu nahi izan dugu. Izan ere, pasa den ikasturtetik, eta zuzendaritza batzordean horrela erabakita, landa eremuko haurreskolak zabalik mantentzeko eta behin zabalik egonda, ordutegi zabala eskaintzeko (gainontzeko haurreskoletan dagoena), argi adierazi ziguten beti izandako malgutasuna eta egindako salbuespenak ez zirela mantenduko. Beraz, zuzendaritza Batzordeak Landa eremuko haurreskolekin zorroztasunez jokatzea erabaki zuen. Erabaki honekin, hainbat haurreskola arriskuan jarri ziren. Batetik, udalerri horietan eskaintzen den hezkuntza zerbitzua gutxiesten eta, bestetik, lanpostuak kolokan jartzen.

Guztira 37 haurreskola, 512 haurrentzako plaza eta 59 lanpostu. Hauek dira zorrotz jokatzeak ekarri ahal dituen kalteak.

Baina, azterketa sinple bat izango litzateke, hemendik egiten dugun irakurketa zorrotza izatea edo malguak izatea hautua hartzea baldin bada. Hemen jokoan dagoena da haurreskolek daukaten garrantzia onartzea, bai ala ez. 0-3 zikloak hezkuntza sisteman egiten duen ekarpena onartzea ala ez. Horregatik, hasieratik esan dugun bezala, hori ezin dugu zalantzan jarri.

Haurreskolak Partzuergoak 0-3 zikloan egin duen ekarpena, onartzen badugu, gaur egungo finantziazioa nahikoa ez dela onartuko genuke.

Zuzendaritza Batzordeak hartutako erabakiarekin argi utzi zuen, haurreskoletarako inbertsio ekonomiko nahikorik ez dagoela 0-2 ziklorako. Horrelako neurriek helburu ekonomizistei erantzuten diete, eta ez jendarteak dituen beharrei. Horretan dago gakoa.

Bildu diren sinadurekin argi esan behar dugu, landa eremuko herrietan, kalitateko hezkuntza zerbitzu bat izateko benetako politikak behar direla, neurri zehatzak, elkarlana, kudeaketa integrala eta eraginkorra, beharrak detektatu eta behar horiei erantzungo dieten politikak behar ditugu. Hori da, hain zuzen ere, bildutako sinadurekin eta LAB sindikatuak egiten duen aldarrikapenekin lortu nahi duguna: finantziazio nahikoa, aitortza politikoa, beharretara egokitutako politikak eta kudeaketa eraginkorra.

Lau zutabe hauetan oinarrituta, 0-3 zikloak izan behar duen garapena lortuko genuke, hasieratik, adierazi ditugun onurak ekarriko dituen proiektua eraikitzen, baina, zoritxarrez, azken urtetan hartutako neurriak ez doaz bide horretara zuzenduta:

Adibide batzuk jarriko ditugu:
– 0-3 zikloa apurtu da (0-2 urte partzuergoan eta 3-6 irte eskola publikoen sarean).
– Herritarrentzat oso garestia den zerbitzua da (208 euro 8 ordurengatik).
– Langileon lan baldintzak gero eta okerragoak dira.
– Haurreskola berriak zabaltzeko zailtasunak jartzen dira, ekonomikoki, baldintzarik ez dagoelako.

Hori da gaur egungo argazkia, aldatu beharrekoa. Kalitateko hezkuntza sistema batean, 0-3 zikloak izan behar duen aitortza lortzea da gure helburua eta, horretarako, ez dago alternatibarik. 0-3 urteko zikloa, doakoa, unibertsala, euskalduna eta kalitatekoa izatea behar dugu. Horretan sinesten dugun guztiontzat bide bat besterik ez dago, finantzazioa egokitzea eta ziklo honetan behar bezala inbertitzea. Azken finean, hezkuntzan egiten den inbertsioa jendartearen ongizatean inbertitzea delako.