2026-10-02
HomeIrakaskuntzaSukalde eta garbitzaileakEHUko eta Hezkuntzako garbiketako azpikontratako langileok gure lan egoera salatu dugu

EHUko eta Hezkuntzako garbiketako azpikontratako langileok gure lan egoera salatu dugu

1.600 langilek osatzen dugu Eusko Jaurlaritzako bigarren hezkuntzako eskola publikoko eta EHUko azpikontratatutako garbiketako kolektiboa. Hitzarmena 2014ko abenduaren 31n amaitu zen eta orduztik bilera eta saiakera asko egin dugu akordio bat lortzeko. Hemendik aurrera ere sindikatuok lanean eta behar diren bilera guztiak egiten jarraituko dugu.

ELA, UGT, LAB, CCOO eta ESK sindikatuen iritziz agerian geratu da enpresek errespetua galdu digutela. Indartsu ikusten dute euren burua eta beraien eredua inposatu nahi dute:

– Soldatak izoztu: 2009 urtetik soldata ia izoztua dago, eros-ahalmena %8,4 galdu da.
– Kontratu partzialak: honek miseriazko soldatak eta lan karga handiak dakartza.
– Ordezkapen eza, eskubideak kentzeko mehatxuak, oporrak ukatu, kaleratzeak…

Eusko Jaurlaritzak, azken esleipenean 2012arekiko aurrekontuak murriztu ditu eta beste alde batera begiratu du enpresek prezioak bota dituztenean (%10 eta 20 artean).

Sindikatuok honakoa salatu nahi dugu, enpresek beraien irabaziak mantendu dituzte eta administrazioak aurrekontuak murriztu ditu langilegoaren prekarietatea handituz.

Hau da ezarri nahi diguten lan-harremanen eredua: murrizketak eta prekarietatea.

Bilerak eskatu ditugu bai EHU eta baita Hezkuntzako arduradunekin. Administrazioa, azpikontratatzen dituen langileen lan-baldintzak okertzearen arduraduna da.

Posizio patronal honen aurrean, ELA, UGT, LAB, ESK eta CCOOek gure lan baldintzak defendatzeko bide bakarra mobilizaziorako antolatzea dela ikusten dugu. Gure hitzarmena arriskuan dago.

Hori dela eta, gaur, ekainaren 8an, berriro deitu ditugu elkarretaratzeak hiru lurraldeetan.

Enpresek negoziaketari uko egiten jarraitzen badute, oporren buelta beroa izango da, mobilizazioak indartuz.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.

LABek eta ESK-k Arabako Esku-Hartze Sozialeko IV. Hitzarmena baztertu dugu eta Aldundiari ekiparazioaren bidean benetako aurrerapausoak exijitu dizkiogu

Gaur, urriaren 1ean, LAB eta ESK sindikatuok Arabako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, sektorearen finantzatzaile nagusia baita, esku-hartze sozialeko langileek IV. Hitzarmen Kolektiboaren sinaduraren aurrean duten jarrera argi adierazteko. Sinadura gaur goizeko 12:30ean egitekoa da, ELA, CCOO eta AISA patronalaren artean. LAB ez da negoziazio-mahaira joango eta ez du hitzarmen hau sinatuko; bi sindikatuok erabat baztertzen dugu akordioa.