2026-10-20
HomeEkintza SindikalaOsasunbidean ez dagoela inor soberan aldarrikatu dugu Iruñean, Lizarran eta Tuteran

Osasunbidean ez dagoela inor soberan aldarrikatu dugu Iruñean, Lizarran eta Tuteran

LABek elkarretaratzeak deitu ditu azken egunetan ezagutu dugun Osasunbideko 350 langileren kaleratzea salatzeko. Mobilizazioak Nafarroako hiru ospitale nagusietan egin dira; Iruñean, Lizarran eta Tuteran, hain zuzen ere.

LAB Osasunbideak hamarnaka lagun bildu ditu gaur goizean Nafarroako hiru ospitalegune nagusietan egin dituen elkarretaratzeetan: Nafarroako Ospitale Unibertsitarioan, Tuterako Reina Sofía ospitalean eta Lizarra García Orcoyen ospitalean.

Mobilizazio horien helburua izan da salatzea Osasun Departamentuak eta Nafarroako Gobernuak Osasunbideko langileekiko erakutsi duten utzikeria eta konpromisorik eza. Horrek eragin duen egoera urte luzez ari da jasaten Osasunbideko plantilla, eta hori gutxi balitz bezala, berriki nabarmen egin du okerrera 376 langileri kontratua ez luzatzeko erabakiaren eraginez.

Elkarretaratze horietan aipagai izan zen ere Indurain kontseilariak atzo Nafarroako Parlamentuan egin zuen agerraldia, eta argi adierazi zen horren eragile nagusia LAB sindikatua izan zela. Izan ere, halako kaleratze mordoaren gaineko datu xeheenak ezagutzeko agertu dugun egoskorkeriari esker eta plantillaren egoeraren aurrean erakutsi dugun kezka dela-eta eman baitzituen azalpenak Indurain andereak. Kontseilariak 150 langileri kontratua luzatuko zitzaiela adierazi zuen, denak ere txertaketa kanpainarako, baina LABen badakigu datu horiek ez datozela bat aurreko astean Osasunbideko arlo guztietako profesionalen zuzendaritzek sindikatuei eman zizkigutenekin. Baina zuzenak izanik ere, datu “apaindu” eta koiunturalak baino ez dira, kontratuaren luzapena sinatu duten langileek azarora arte baino ez baitute jarraituko. Eta kontratazio horiek, bistan denez, ez dute inondik inora ere konponduko Osasunbideko langileek aspaldiegitik jasaten duten egoera makurra.

Horregatik guztiagatik, LAB Osasunbideko kideok gure prestasun guztia agertu nahi dugu plantilla guztiarentzako baldintza duinak lortzeko helburuz borrokan eta mobilizatzen jarraitzeko. Eta aurretiaz ohartarazten dugu ez gaituztela isilaraziko, ez promesa elektoralekin, ez zatikako irtenbideekin, ezta legez ezarritako zirkuituetatik kanpo negoziatutako konponbideekin ere.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Nafarroako langileei dei egiten diegu azaroaren 11n lantokiak hustu eta kaleak bete ditzaten

Larunbatean Iruñean 2.000 lagun baino gehiago mobilizatu ondotik, LABek CENi eta Nafarroako Gobernuari pobretzearen eta errentismoaren aurkako egiturazko neurriak eskatu dizkie, eta eskaera zehatza egin dio Nafarroako Gobernuari: Testa funts putreak bereganatutako etxeak desjabetu ditzala eta parke publikora igaro daitezela.

Euskal Herrian indarkeria matxistak eragindako azken heriotza salatzeko mobilizazioetan parte hartzera dei egiten dugu

Angelun, 19 urteko emakume batek bortxatu egin zutela salatu eta egun gutxira bere buruaz beste egin izana erabat lazgarria da eta, beste behin ere, erakusten du indarkeria matxistak hil egiten duela.

Lan-baldintzak hobetzearen alde, beste greba ziklo bati ekingo diote Gipuzkoako Moeve gasolindegietako langileek urriaren 27tik abenduaren 23ra

Greba ziklo berri honek hiru urrats izango ditu. Lehena, urriaren 27ko 22:00etatik urriaren 29ko 22:00etara izango da. Bigarrena, azaroaren 23ko 22:00etan hasi eta azaroaren 25eko 22:00etara arte luzatuko da. Azkenik, hirugarrena, abenduaren 21eko 22:00etan hasiko da eta abenduaren 23ko 22:00etan bukatuko da.