2026-10-19
HomeEkintza SozialaNafarroako langileei dei egiten diegu azaroaren 11n lantokiak hustu eta kaleak bete...

Nafarroako langileei dei egiten diegu azaroaren 11n lantokiak hustu eta kaleak bete ditzaten

Larunbatean Iruñean 2.000 lagun baino gehiago mobilizatu ondotik, LABek CENi eta Nafarroako Gobernuari pobretzearen eta errentismoaren aurkako egiturazko neurriak eskatu dizkie, eta eskaera zehatza egin dio Nafarroako Gobernuari: Testa funts putreak bereganatutako etxeak desjabetu ditzala eta parke publikora igaro daitezela.

Asteburu honetan, 2.000 lagun baino gehiago atera dira kalera Iruñean etxebizitza eskubidearen alde, LABek eta euren etxea galtzeko arriskuan dauden Testa funts putrearen maizterrek deituta. Gaur, agerraldia egin du sindikatuak Iruñean, mobilizazioaren balorazioa egin eta azaroaren 11ko greba orokorrean Nafarroako instituzioei eta patronalei sindikatuak egingo dizkien interpelazioen berri emateko.

Testak bereganatutako etxebizitzak diru publikoarekin eraiki ziren, babes ofizialetako etxeak ziren, baina izendapena galdu zuten hamarkadaren hasieran. Testak horiek erosi zituen, eta alokairu kontratuak amaitu ahala ez berritzeko asmoa du, auzokideak etxegabetuz. Testak egundoko espekulazio ariketa gauzatu nahi du Nafarroan.

Larunbateko mobilizazioan maizterrek argi utzi zuten ez direla euren etxeetatik joango, borrokarekin aurrera egiteko asmoa dutela eta etxebizitza horiek parke publikora igaro behar dutela. Nafarroak funts publikoen bidez ordaindutako etxebizitzak Nafarroaren jabetzapeko parke publikora bideratu behar dira.

Horregatik, Nafarroako Gobernuari eskaera zuzena egin dio LABek, larunbatean ikusi zen moduan, babes sozial handia duen eskera: has dadila etxebizitza horiek berreskuratzen, desjabetze publikoari ekinez. Horixe da LABek Nafarroako Gobernuari eskatzen diona, Jaime Iribarren LABeko Ekintza Sozialeko Nafarroako arduradunak zehaztu duenez.

Hain zuzen, LABek etxebizitzaren gaiarekin irekita dituen gatazkei aterabidea ematea izango da sindikatuak greba orokorrari ezarritako helburuetako bat, Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak gogora ekarri duenez. Horrez gain, Euskal Herriko marko propioa indartzea eta soldaten eta etxebizitzaren eremuan bertako patronalak eta instituzioak egiturazko neurriak har ditzaten behartzea izango dira sindikatuaren helburu nagusiak.

Helburu horiei lotuta, honako lau ideia hauek nabarmendu ditu LABek gaurko agerraldian:

1.Greba gure herrian egiten ari garen ibilbidearen baitan kokatzen dugu.

Kapitalaren eta bizitzaren arteko talkaren aurpegi gordina da etxebizitzarekin gertatzen ari dena, eta hori langileen eta kapitalaren agenda erreakzionarioaren arteko talkaren erakusle da. Horregatik, LABek uste du eskuin muturraren eta faxismoaren aurrean, langileen bizi baldintza duinen eta politika birbanatzaileen alde borrokatzea dela oldarraldi erreakzionarioari aurre egiteko bidea, eta euskal langileek hori ulertu dutela.

Izan ere, Euskal Herrian sindikalismoa bizirik dagoela erakusten dute azken urteek. 2020tik hona egiten den bosgarren greba edo lanuzte orokorra izango da azaroaren 11koa.

2. Euskal Esparruaren aitortza eta defentsa oinarrizko printzipioa da.

Indarrak biltzearen aldeko hautua egin du LABek. CCOOk eta UGTk greba egun berean egingo badute ere, LABek ez du aukerarik ikusi gutxieneko bestelako adostasunetarako. Izan ere, bi sindikatu horiek ez zuten martxoaren 17ko greba orokorrean parte hartu, eta, gainera, euskal esparruaren kontrako jarrera izan zuten, gutxieneko soldata propio baterako eskumenak eskuratzearen kontra eginez.

Oraingo greba honetan, Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua aintzat hartzeko prest daudeneko gutxieneko adostasunak eraikitzen saiatzen ari da LAB. Aste honetan greba erregistro bateratua egin dute eragile horiek, gehiengo sindikaleko sindikatuek eta etxebizitza sindikatuek. Greba egunaren diseinua adosten jarraitzen dute.

3. Bertako patronalak interpelatuko ditugu. CEN patronalari soldaten erosahalmena bermatzeko eskatuko zaio greban, bizitzaren garestitzeari aurre egiteko, eta baita gutxieneko soldata propio baterako negoziazioa irekitzeko ere, euskal langile orok gutxienez 1.500 euroko diru sarrera bermatua izan dezan. Higiezin patronalei eta funts putreei etxebizitzarekin negoziorik ez egiteko eskatuko zaie greba orokorrean, eta gurean ez direla ongi etorriak gogoraraziko zaie.

Azaroaren 11ko greba egunaz hitz egiteko, CENek gaurkorako sindikatu guztiak bilera batera deitu dituela salatu du LABek. Izan ere, LABek soldaten inguruan ere hitz egin nahi du patronalarekin, eta ez, CENek iradoki moduan, grebak enpresetan edo jarduera ekonomikoan izango duen eraginaz. Horregatik, gaurko bileran parte ez hartzea erabaki du sindikatuak.

4. Gobernua interpelatuko ditu greba orokorrak

Nafarroako Gobernuari etxebizitza politika ausartagoak egin ditzan eskatzen dio LABek, eta, zentzu horretan, sindikatuak bilera eskaria egin dio Begoña Alfaro Nafarroako Gobernuko Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politika kontseilariari.

Izan ere, etxebizitza larrialdiari erantzuteko egiturazko neurriak behar dira:

  • Alokairu mugagabeak ezarri eta etxebizitza prezioak jaisteko esku hartzea.
  • Etxegabetze guztiak gelditzeko konpromisoa.
  • Funts putreen esku dauden etxebizitzak berreskuratzeko neurriak, eta funtsok gure lurraldetik kanporatzekoak.
  • Errentismoa elikatzen duten politika publikoak amaitzea, banketxeen esku amaitzen duten diru laguntzarik ez ematea eta politika fiskal progresiboa ezartzea.
  • Etxebizitza parke publikoa handitzea eta parke publiko indartsua eratzea.

Instituzio desberdinei dagokie neurri horiek hartzea, hasi estatutik eta maila lokaleraino.

Madrilen jokatzen ari den partidari dagokionez, kaleko presio sozialak eraginda, eskubide batzuk eskuratzea ekarriko luketen bi dekretu aurkeztu zituen Pedro Sanchezen gobernuak Espainiako Kongresuan. LABentzat neurriok ez dira nahikoa, adabakiak dira, baina sindikatuak argi du, larrialdi egoeran, maizterren egonkortasuna eta bizi baldintzak hobetzeko neurriak beharrezkoak direla.

Edozein kasutan ere, partida nagusia Euskal Herria jokatzen da. EAE eta Nafarroako Gobernuek etxebizitzaren eremuan eskumen zabalak dituzte eta ardura nagusiena beraiena da. Bada garaia autogobernua langileen interesekoak diren politikak egiteko baliatzeko eta autogobernu maila zabaltzeko, lan harremanetarako eta babes sozialerako euskal esparrua eratuz, baita etxebizitza politikan ere, alokairuak osoki bertan arautzeko bidea eginez. Bada garaia Madrilen posible ez diren aldaketak, Euskal Herrian posible egiteko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Euskal Herrian indarkeria matxistak eragindako azken heriotza salatzeko mobilizazioetan parte hartzera dei egiten dugu

Angelun, 19 urteko emakume batek bortxatu egin zutela salatu eta egun gutxira bere buruaz beste egin izana erabat lazgarria da eta, beste behin ere, erakusten du indarkeria matxistak hil egiten duela.

Lan-baldintzak hobetzearen alde, beste greba ziklo bati ekingo diote Gipuzkoako Moeve gasolindegietako langileek urriaren 27tik abenduaren 23ra

Greba ziklo berri honek hiru urrats izango ditu. Lehena, urriaren 27ko 22:00etatik urriaren 29ko 22:00etara izango da. Bigarrena, azaroaren 23ko 22:00etan hasi eta azaroaren 25eko 22:00etara arte luzatuko da. Azkenik, hirugarrena, abenduaren 21eko 22:00etan hasiko da eta abenduaren 23ko 22:00etan bukatuko da.

Azaroaren 11n lantokiak hustu eta kaleak bete ditzagun dei egiten diegu euskal langileei

Euskal Herritik Euskal Herrirako greba orokorra izango da, bertako patronalei eta instituzioei pobretzearen eta errentismoaren kontrako neurriak eskatzeko.