Angelun, 19 urteko emakume batek bortxatu egin zutela salatu eta egun gutxira bere buruaz beste egin izana erabat lazgarria da eta, beste behin ere, erakusten du indarkeria matxistak hil egiten duela.
LAB sindikatuak bat egiten du gertatutakoaren harira Emakumeen Mundu Martxak deitu dituen mobilizazioekin, eta langileak horietan parte hartzera deitzen ditugu.
Jarraian irakur daiteke Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxaren irakurketa, osorik:
“INDARKERIA MATXISTARIK GABEKO BIZITZAK ORAIN!
Euskal Herriko Emakumeon* Mundu Martxatik, amorruz eta minez, Angelun (Lapurdin) 19 urteko emakume gazte baten heriotza salatu nahi dugu. Emakume gazteak bortxaketa bat salatu zuen bere buruaz beste egin baino egun batzuk lehenago. Gertakari honek indarkeria matxistak emakumeon* bizitzetan eta ongizatean dituen ondorioez hausnartzera behartzen gaitu, baita indarkeria horren adierazpenak eta ondorioak aztertzeko beharra ere.
Gure elkartasun eta babes osoa helarazi nahi diegu emakume gaztearen senide, lagun eta hurbilekoei. Ez dugu haren heriotza indarkeria matxistaren testuingurutik kanpo ulertu nahi. Gertatutakoa aztertzeko eta emakumeon* bizitzetan indarkeria matxistak duen eragina erdigunean jartzeko beharra azpimarratzen dugu.
Gertakari honen aurrean, honako hau adierazi nahi dugu:
Indarkeria matxistak aurpegi eta ondorio ugari ditu. Sistema zisheteropatriarkalak emakumeon* bizitzak baldintzatzen ditu, gure gorputzen eta erabakien gaineko kontrola ezarriz. Indarkeria matxistak gure bizitzetan eta ongizatean eragiten du, eta ezinbestekoa da haren adierazpenak eta ondorioak ikuspegi feministatik aztertzea. Emakumeon* bizipenak, sufrimendua eta bizitzeko baldintzak erdigunean jarri behar ditugu, indarkeria horren errealitatea ulertu eta hari aurre egiteko. Era berean, gogor salatzen dugu hedabide batzuek gertakari honen inguruan hartzen ari diren jarrera, emakumeen aurkako indarkeria arrazakeria eta diskurtso xenofoboak zabaltzeko baliatzen ari baitira. Ezin da emakumeon mina eta sufrimendua gorrotoa hauspotzeko erabili. Hedabideei exijitzen diegu erantzukizunez joka dezatela, indarkeria matxistaren larritasuna erdigunean jar dezatela eta arrazakeria normalizatzeari utz diezaiotela.
Erakundeen erantzukizuna: arreta, babesa eta erreparazioa. Erakunde publikoek ardura dute indarkeria matxistaren aurrean prebentzioa, arreta integrala eta laguntza egokia bermatzeko. Horrek, sexu-indarkeria salatzen duten emakumeen beharrak erdigunean jartzea eskatzen du, laguntza psikologikoa eta soziala eskuragarri izatea eta prozesu osoan zehar babesa eskaintzea Emakume gazteak salatutako sexu-indarkeriaren aurrean zer arreta eta babes eskaini zitzaizkion argitzea eta emakumeen beharrei erantzuteko baliabideak bermatzea eskatzen dugu. Ez da nahikoa indarkeria gaitzestea: baliabideak, arreta eta benetako konpromiso politikoa behar dira.
Gizonei interpelazioa: hartu zuen erantzukizuna! Indarkeria matxista ez da emakumeon* arazoa; egiturazko arazoa da, eta gizarte osoari dagokio horri aurre egitea. Zuen isiltasuna konplizitatea da. Interpelazio zuzena egiten dizuegu: apurtu itun patriarkalak, utzi gure bizitzak kontrolatzeari eta hasi zuen pribilegioak eta indarkeria mekanismoak deseraikitzen. Erantzukizuna zuen gain dago.
Protokoloa aktibatuta: erantzun kolektiboa gure indarra. Euskal Herriko Emakumeon* Mundu Martxatik, erailketa matxisten aurkako gure protokoloa aktibatu dugu, gertakari honen aurrean erantzun kolektiboa antolatzeko. Emakume gazte honen heriotzak indarkeria matxistaren errealitateaz eta emakumeon* bizitzetan dituen ondorioez hausnartzera eta erantzun feminista artikulatzera garamatza. Protokoloaren aktibazioaren bidez, gertakari hau ikuspegi feministatik kokatu eta indarkeria matxistaren aurkako borroka kolektiboa indartu nahi dugu. Gure indarra antolakuntzan, elkartasunean eta kaleetan dago.
Autodefentsa feminista gure hautua. Ez gara biktimak, subjektu politikoak gara. Autodefentsa feminista ez da soilik norbera defendatzea; gure arteko aliantzak eraikitzea da. Emakumeon* bizitzak eta ongizatea erdigunean jartzen dituen gizartea eraiki nahi dugu, indarkeria matxistaren adierazpen guztiak aitortu eta horiei erantzuteko gai izango dena. Horregatik, antolatzen eta borrokatzen jarraituko dugu, emakumeon* askatasuna eta bizitza duina defendatzeko.
ERASORIK EZ ERANTZUNIK GABE!
MARTXAN JARRAITUKO DUGU DENAK ASKE IZAN ARTE!
GORA BORROKA FEMINISTA!”

