2026-10-19
HomeEkintza SindikalaLan-baldintzak hobetzearen alde, beste greba ziklo bati ekingo diote Gipuzkoako Moeve gasolindegietako...

Lan-baldintzak hobetzearen alde, beste greba ziklo bati ekingo diote Gipuzkoako Moeve gasolindegietako langileek urriaren 27tik abenduaren 23ra

Greba ziklo berri honek hiru urrats izango ditu. Lehena, urriaren 27ko 22:00etatik urriaren 29ko 22:00etara izango da. Bigarrena, azaroaren 23ko 22:00etan hasi eta azaroaren 25eko 22:00etara arte luzatuko da. Azkenik, hirugarrena, abenduaren 21eko 22:00etan hasiko da eta abenduaren 23ko 22:00etan bukatuko da.

Langileek hainbat hilabete daramatzate enpresaren barne ituna negoziatzen eta konpainiak langileen lan-baldintzak duintzeko behar adina aurrerapauso eman ez dituenez, langileek hiru greba ziklo burutu dituzte uztailetik hasi eta irailera arte. Greba ziklo horien jarraipena ia erabatekoa izan da, eta horrek indartu egiten ditu langileen aldarrikapenak enpresaren aurrean.

Ordea, konpainiak entzungor egin die langileen aldarrikapenei eta, beraz, beste greba ziklo bat iragarri dute langileek. Oraingoan, arestian esan bezala, hiru urrats izango ditu.

Moevek Gipuzkoan 16 gasolindegi eta 150 langile dauzka. Enpresa batzordea LABeko 5 ordezkarik eta ELAko 3k osatzen dute.

Datozen egunotan jakinaraziko dute greba egunetako mobilizazio nagusiak non eta noiz egingo dituzten.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Nafarroako langileei dei egiten diegu azaroaren 11n lantokiak hustu eta kaleak bete ditzaten

Larunbatean Iruñean 2.000 lagun baino gehiago mobilizatu ondotik, LABek CENi eta Nafarroako Gobernuari pobretzearen eta errentismoaren aurkako egiturazko neurriak eskatu dizkie, eta eskaera zehatza egin dio Nafarroako Gobernuari: Testa funts putreak bereganatutako etxeak desjabetu ditzala eta parke publikora igaro daitezela.

Euskal Herrian indarkeria matxistak eragindako azken heriotza salatzeko mobilizazioetan parte hartzera dei egiten dugu

Angelun, 19 urteko emakume batek bortxatu egin zutela salatu eta egun gutxira bere buruaz beste egin izana erabat lazgarria da eta, beste behin ere, erakusten du indarkeria matxistak hil egiten duela.

Azaroaren 11n lantokiak hustu eta kaleak bete ditzagun dei egiten diegu euskal langileei

Euskal Herritik Euskal Herrirako greba orokorra izango da, bertako patronalei eta instituzioei pobretzearen eta errentismoaren kontrako neurriak eskatzeko.