2026-06-17
HomeEkintza SozialaDonostiako Eusko Jaurlaritzaren pisuan izandako heriotza gizarte zerbitzu urrien eta arrazakeria instituzionalaren...

Donostiako Eusko Jaurlaritzaren pisuan izandako heriotza gizarte zerbitzu urrien eta arrazakeria instituzionalaren ondorioa da

LAB sindikatutik, Donostiako Eusko Jaurlaritzaren pisuan izandako heriotza gizarte zerbitzu urrien eta arrazakeria instituzionalaren ondorio dela salatu eta bertako langileei eta bazterketa sozialaren aurka egiten duten funtsezko lanari gure aitortza eta babes osoa adierazi nahi diegu.

Jatorri anitzeko pertsonen egoera administratiboa erregularizatzea ezinezko egiten duenez sistemak, egoera konplexu eta bikoitza pairatzen duten pertsonak dira, funtsezko eskubideen urraketa jasaten baitute, eta adingabeak izanik babesgabetasun egoera larritzen baita. Gizarte zerbitzuen sarearen barruan dauden bitartean nolabaiteko babesa jaso badezakete ere, 18 urte betetzean egun batetik bestera kale gorrian topatuko dituzte euren buruak. Zer funtzio betetzen du oinarrizko gizarte zerbitzu batek, ondoren berriro ere babesgabetasun egoerara itzularazten badituzte?

Ezbehar honen ondorioz berriz ere ikusi ditugu agintari eta hedabideak arreta fokua arazoaren muinetik desbideratzen. Gazte honen heriotza babesgabetasunean dauden pertsonei eskaintzen zaizkien zerbitzuak ez-nahikoak direlako gertatu da. Ziurgabetasun egoera tutela bukatu ostean jarraitu ezezik, larritu ere egiten delako gertatu da. Erroldatzeko eskubidea ere ukatu egiten zaielako gertatu da. Gizarte eta inklusio politikak babestu eta aukera berriak eskaini beharrean, desberdintasunak kronifikatzeko eta ezkutatzeko sare amaigabe gisa diseinatu dituztelako gertatu da. Eta ondorioz, zerbitzu hauetan baliabide falta izugarria delako gertatu da. Langileen gainkarga eta lan-baldintza prekarioen ondorioz, zerbitzu publikoek bermatu beharreko eskubide sozialak bermatu ezin dituztelako gertatu da. Zerbitzu publikoen pribatizazioarekin negozioa egiten dutelako gertatu da.

Zentzu horretan, guztiz lotsagarria iruditzen zaigu Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek antzeztutako erakustaldia. Azpikontratazioa eta pribatizazioa sustatzen ari direnen hitz hutsek ez dute pobrezia eta bazterketa soziala are eta gehiago hedatu den larrialdi egoera baretuko. Ekintzak nahi ditugu.

Bizitza duina bermatzeko gabezia instituzional guzti hauen aurrean, lehenik eta behin, migrazio politika hiltzaileekin bukatzea ezibestekoa da, atzerritartasun legea indargabetuz eta une honetan behar-beharrezkoa den pertsona guztien erregularizazioa gauzatuz. Urjentziaz, inklusioa bermatzeko harrera politika eraginkorrak garatzeko ardura dute euskal administrazioek. Horretarako ezinbestekoa den gizarte zerbitzuen sistema publiko, kalitatezko, doako eta unibertsala aldarrikatuko dugu.

LAB sindikatutik pertsona guztien eskubideen defentsan lan egiten diharduten langileei, egunero gizarte egoera latzenetan bidelaguntza egiten duten horiei, gure babes adierazi nahi diegu. Sistema kapitalista, arrazista eta neokolonial honen zanpaketa egunerokotasunean gorpuzten duten pertsona gazte guztien elkartasunez jarduten jarraitzeko konpromisoa dugu, diskriminazio eta bazterkeria egoera ororekin bukatzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Mobilizazioak egin ditugu elikagaien merkataritzako tokiko hitzarmenak defendatzeko

Patronalak eta banaketa kate handiek bultzatutako ekimenak Hego Euskal Herriko elikagaien merkataritzan adostutako lan baldintzak mehatxatzen dituela salatu dugu. Gaur mobilizazioak egin ditugu Hego Euskal...

Hezkuntza komunitateak Gimeno kontseilariaren kargugabetzeari emandako babes masiboa erregistratu dugu

Hezkuntza komunitatea osatzen duten ia 1.900 lagunen sinadurak aurkeztu ditugu LABetik, eta Chivitek fitxarik mugitzen ez badu, irailean mobilizazioei berriz ekingo diegula iragarri dugu.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren baitako Lurralde Oreka Berdeko Departamentua indartzeko eskatzen dugu

Gipuzkoako Foru Aldundiaren baitan nekazaritza, landa garapena, natura ingurunea eta lurralde oreka bultzatzeaz arduratzen den Lurralde Oreka Berdea departamentuko langileak hainbat urte daramatzate beren lan-baldintzetan ezartzen dizkieten atzera-urratsak pairatzen, eta egoera onartezin horren aurrean mobilizatzen ari dira. Oraingoa zazpigarren mobilizazio astea dute, eta gaur manifestazioa egin dute Zarautzen.