2024-04-19
InicioAcción Social"Sindikatu antirrazista baterantz", Eñaut Aramendi eta Josefina Roco "Txefi" elkarrizketatu ditugu

«Sindikatu antirrazista baterantz», Eñaut Aramendi eta Josefina Roco «Txefi» elkarrizketatu ditugu

Jarraian duzue Eñaut Aramendi eta Josefina Roco, «Txefi»-ri, egindako elkarrizketa. Aramendi uztailaren 7an atxilotu zuen poliziak Urruñan, kotxean hiru migrante zeramatzala eta Roco, X Biltzar Nagusiaren ondoren sindikatuak sortu berri duen Idazkaritza Antirrazistako arduraduna da.

Uztailaren 7arekin batera atxilotua izan zinen, Eñaut. Lehenik eta behin, nola zaude? Nola daude zurekin batera atxilotutako hiru lagunak? Nola, non eta zergatik atxilotzen zaituzte gendarmeek?

Uztailaren 7an, goizeko 8etan atxilotua izan nintzen eta 7 ordu pasa nituen komisaldegian galdezkatua izateko. Egia esateko, ni oso ongi nago eta oso lasai. Aldiz, nirekin ziren hiru gazteen berririk ez dut. Elkarrekin denbora oso gutti ukan dugu eta ez dugu denborarik ukan izenak edota telefonoak elkar trukatzeko ere. Soilik badakit bi Txadetik heldu zirela eta hirugarrena Sudanetik. Pentsatzen dut berehala berriz saiatu zirela muga pasatzen eta segur aski lortu dute eta haien bideak segitzen ari dira nonbaiten.

Uztailak 7an, ostegunez, goizean goiz mezu bat jaso nuen esanez etorkin batzuk zeudela Urruña inguruan bide bazterrean eta laguntza behar zutela Baionara joateko. Haien bila joan nintzen eta Baionako bidea hartu genuen elkarrekin. Justu kilometro bat egin eta gero konturatu nintzen polizia sekretuaren auto batek segitzen gintuela eta oso fite gelditu gintuen. Argi eta garbi zen gelditua izan nintzela etorkinak eramaten nituelako nire autoan.

Atxiloketa hau ez da gaiari lotua ematen den lehena.

Egia da. Azken hilabete hauetan pertsona asko atxilotuak izan dira. Batzuk, justu kontrolatuak izan dira, poliziek etorkinak hartzen dituzte haiekin eta gidaria libre uzten dute. Niri, esate batera, bi aldiz gertatu zait hori.

Beste batzuk, komisaldegira eraman izan dituzte, kontrolatzeko eta presionatzeko pixka bat eta aski fite libratzen dituzte mehatxatuz ondoko aldian GAV («Garde A Vue») bat izango dela eta ondotik epaitegira eramanak izango direla erranez.

Edo bukatzeko, niri gertatu zaidan bezala azken aldi honetan, GAVan sartu, galdezkatu eta ordu batzuetan atxikitzen zaituzte komisaldegi batean. Batzuek 24 ordu pasa dituzte komisaldegian.

Txefi, X. Biltzar Nagusian Idazkaritza Antiarrazistako arduradun gisa hautatua izan zara. Zergatik eta zertarako idazkaritza antiarrazista?

Arrazakeriaren aurkako sindikalismoaren idazkaritza oso erronka garrantzitsua da. Langile migratuek eta arrazializatuek enpleguaren munduan bizi dituzten diskriminazio zehatzei aurre egitea ahalbidetuko duen tresna zehatz bat eraikitzearen alde lan egingo dugu. Horretarako, langile horien errealitate zehatzei erantzungo dieten baldintzak sortzea da erronka, erakunde gisa asko ikasten ari garen subjektu aktiboak diren aldetik, sindikatua langile guztientzako tresna gisa zabalduz. Langile migratuak eta arrazializatuak Euskal Herrian prekarizatutako langile klasearen parte dira, eta funtsezko lanak egiten dituzte sektore garrantzitsuetan; sindikatu gisa ezin dugu beste alde batera begiratu, eta norabide horretan urratsak emango ditugu, urrats txiki baina sendoak.

Sindikalismotik zein ekarpen egin dakioke langile migratu eta arrazializatuek bizi duten problematika berezituari?

Gure sindikalismo soberanista, feminista, klasekoa eta trantsizio ekosozialaren aldeko apustua egiten duena da; arrazakeriaren aurkakoa ere izango da, edo ez da izango. Antirrazismoaren betaurrekoak jartzeak esan nahi du prozesu bat maila askotan egiteko borondate politikoa izatea, eta horretaz kontziente izateak guztiak inplikatuko gaitu. Gure tokitik, erakunde soziosindikal gisa, bide luzea dago egiteko zentzu horretan: prestakuntza, lan-osasuna, aholkularitza, interpelazio juridikoa, ekintza sindikala eta antolaketa kolektiboa, gizarte-kolektiboekiko sareak eta aliantzak, eragin soziala eta politikoa; guztiak dira antirrazismoaren betaurrekoetatik landuko ditugun ertzak. Gai asko zabaltzen dira, eta pixkanaka, errespetuz eta erantzukizunez landuko ditugu.

Eñaut, Bidasoaren mugaren bi aldeetan gero eta zabalagoa da elkartasun antolatua migrazio prozesuan dauden pertsonei haien ibilbidea seguruago egiteko. Zein da zuen esperientziatik bertan bizi den egoera?

Bai, elkartasun talde desberdinak daude. Azken urte honetan, urgentziazko taldeak indartu ditugu. Etorkinak Irungo Gurutze Gorrian sartzen direnean, soilik 3 egun egoteko aukera dute. Kriston presioa jasotzen dute eta ez dute aukera askorik. Lehenbailehen ospa egin behar dute, Iparraldean sartu eta lehenbailehen Baionako harrera lekura iritsi nahi dute. Harrera gune horretan ere beste 3 egunez egoten ahal dira eta gero gehiengo batek Paris, Marseilla, Nantes, Lyon, Inglaterra, Alemania etabar dute helburu.

Guk egiten duguna aski sinplea da. Hendaiatik Baionara egiten duten bidea ahalik eta seguruena izan dadin laguntzen ditugu gehienak. Haiekin hitz egiteko ditugun minutu gutti horiek erabiltzen ditugu informazio guztiak pasatzeko, eta saiatzen gara haien eskubideak zein diren ere informatzeko. 

Egunero pertsona berri batzuk gurutzatzen ditugu, laguntzen ditugu, eta egunero “anekdota” berri bat dugu kontatzeko.

Ezin dugu gelditu ezer egin gabe, ezin ditugu begiak itxi, baina aldi berean ere badakigu oso ondo hiri handi horietara joaten direnean prekarietate gorrira joaten direla asko eta asko.

Hau da gure buruari beti egiten diogun galdera: Ea laguntzen ditugun uzten ditugunean joaten? Erantzuna ez da BAI edo EZ! Gehienek dioten bezala, haien erabakia da joatea eta haien bidea segitzea. Hori errespetatuz, guk egiten dugun ekarpen txiki honen bitartez laguntzen ditugula diote, eta eskertzen dizute gainera!

Hau da hemen bizitzen dugun egoera.

Eta amaitzeko, biei galdera, zeintzuk dira hurrengo hilabeteerarako LABek dituen erronkak borroka antiarrazistari begira eta pertsona migratu eta arrazializatuen eskubideen alde?

Eñaut: Nire ustez, segitu behar dugu beste eragile desberdinekin lan egiten edozein pertsona migrante jasotzeko guk dugun eskubide eta betebeharren berri emateko. Bide seguruak izateko borrokatu behar dugu eta horrela ez den bitartean, gure autoetan hartu eta etxeko ateak ireki behar ditugu. Bukatzeko sindikatu bezala, hemen egon nahi duten pertsona migrante guztiak bizi duin eta bizigarria izateko duten eskubideen alde borrokatu behar dugu. Horrek suposatzen du, besteak beste, lege batzuk aldatu beharra, esaterako lanari eta erregularizazioari dagozkienak, adibidez.

Txefi : Uste dut hori dela orain eta etorkizunean dugun erronka nagusietako bat. Faxismoaren, esplotazioaren eta arrazakeriaren hedapenaren aurrean, erantzuna eman behar dugu, eta Euskal Herrian bizi-aukera eta elkartasun antolatuko lurraldea ahalbidetu. Sindikatu gisa, badakigu asko dagoela ikasteko eta desikasteko. Ez gara hutsetik abiatzen, LAB den etxe honetako txoko askotan badira kideak lan ikaragarria egiten ari direnak. Orain, dimentsio integrala eman behar zaio, egitura osoaren mailakoa. Badakigu bidean korapiloak eta zailtasunak aurkituko ditugula, akatsak ere egin eta egingo ditugula, malgutasunez eta irekitasunez bideratzen ikasi beharko dugu. LABek ekarpen handia egin behar ahal die langile askori, eta, zalantzarik gabe, prozesu horren barruan guztiak haziko gara erakunde, militante eta pertsona gisa.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Firmamos un acuerdo que mejora las condiciones laborales en Haurreskolak

El acuerdo, que ya está en vigor, implica la prórroga de los contratos por producción, el procedimiento para ampliar la relación de puestos de trabajo y avances en la reducción de jornada por edad.

Denunciamos que la realización de horas extras en las villavesas en 2023 eliminó 16 puestos de trabajo

La sección sindical de LAB en el transporte urbano de la Comarca de Iruñea —denominado popularmente como ‘villavesas’ y gestionado actualmente por la empresa TCC— ha emitido una nota en la que explica y denuncia que la suma de las horas extras y complementarias realizadas en 2023 fue de 27.608 horas, una cantidad escandalosa que elimina 16 puestos de trabajo a jornada completa, lo que es totalmente contrario a la distribución equitativa del trabajo.

En lucha contra Amazon y Alpha North Logistics

Las personas trabajadoras que se encuentran en el centro de trabajo de la empresa Amazon en Trapagaran han iniciado un nuevo ciclo de huelga para dignificar las condiciones laborales. Llevan más de un año intentando negociar un Convenio que les haga salir de la precariedad en la que la empresa las tiene sumidas. Pero la multinacional sigue manteniendo una actitud sorda y ha bloqueado la mesa de negociación desde el principio. Entre sus reivindicaciones está la de estabilizar las condiciones laborales y garantizar el empleo de las plantillas de las empresas subcontratadas que Amazon tiene para el transporte de mercancías.