2026-09-26
InicioAcción Social Busturialdean duin lan, aske bizi

[IRITZIA] Busturialdean duin lan, aske bizi

Jarraian duzue Ion Basurko Bustialdea-Lea Artibai eskualdeko arduraduna, Sortu-ko Ibon Meñika eta Ernai-ko Irati Omagoieaskoak Urdabaiko Guggenheim proiektuaren inguruan idatzitako iritzi-artikulua.

Gure herriarentzat sintesi bikaina idatzia du Eñaut Elorrieta abeslari gernikarrak, «aspalditik gatoz, urrunera goaz» kantatuz. Eta egia da; bilakaera luzeko errealitatea gara, eta eskualde honek badu zer esan ibilbide horretan: Gernikako Arbolak itzala ematen jarraitzen du mendeetan zehar egin bezala, eta, orain 86 urte suntsitu nahi izan bazuten ere, bere lur gainean askatasuna eta bakea eraikitzen ari den herri bat dago, zutik.

Berehalakotasunean itota bizi ei garen jendartea da gurea. Dena eta momentuan gura dugunok; ikuspegia zabaldu eta zein lur eremutan bizi garen ohartu behar dugu, belaunaldiz belaunaldi transmititua izan den jakintza eta aberastasuna esku artean baititugu. Zertarako eta noren mesedetan da gakoa.

Azken hilabete luzeetan Busturialdea notizia da noiznahi, 1984. urteaz geroztik biosfera erreserba den Urdaibain Guggenheim-a eraikitzeko asmoa azaldu dutelako Bizkaiko eta EAEko zenbait instituziok. 130 milioiko kostua izango ei du –lehen aurreikuspenetan– mega-proiektuak, eta, besteak beste, espainiar Gobernu zentralari 40 miloi aterata, antza, ordainduko da dena. Gainerakoa nondik aterako den, ez dakigu.

Ernai gazte antolakundeak ekainean egindako mobilizazioan azaldutakoak gure egin ditugu eta, Euskal Herriko beste toki batzuetan egindakoaren antzera, gure eskualdea turismo industriara soilik bideratu nahi izateak ezinegona sortzen digu.

Daukagun ondare natural eta historikoaren ustiapen ekonomikoa bultzatu nahi dute, gutxi batzuen interesei men egingo diena. Bigarren etxebizitzen zabalpen neurrigabea, alokairuen prezioen igoera, gentrifikazio arriskua, ur baliabidearen eskaria areagotzea, garraio publikoaren bidezko mugikortasun erronkak handitzea, ekosistema sentikorrenen gaineko arriskuak ugaritzea, kulturaren merkantilizazioa, lanpostuen prekarizazioa… Eta guztia, gainera, diru publikoz lagunduta.

Ba, ez.

Eztabaidari perspektibarekin heldu beharra dago eta, garai honetako erronka eta eraldaketa prozesuek erakusten digutenari gainbegirada bat emanez, egun ditugun egitekoak lehenetsi: krisi ekosozialak edota zaintzaren krisiak bestelako sistema produktibo eta erreproduktibo baten beharra eta urgentzia azaleratzen dute, eta egitasmo horietan murgiltzen ari diren mugimenduak –baita gure eskualdean ere– ehuntzen ari dira; trantsizio ekosozialerako proposamenak (bertoko basoen berreskurapena, energia komunitateak, iraunkortasun indizeak, desazkunderako pedagogia…) edota azaroaren 30eko greba feminista orokorra, horren lekuko.

Osasuna eta modu duinean bizi eta artatuak izateko eskubidea kolokan dagozen honetan, eskualdeko ospitalean gaixo kroniko eta aringarrientzat oheak egotea urgentziazko inbertsioa da; eta ospitalea oheekin plataformak zein pentsiodunen mugimenduek denbora daramate berau aldarrikatzen.

Erabaki politikoek urteetan bultzatutako industria huste prozesuaren aurrean, balio erantsiko industria iraunkorrean arreta jarri, kooperatibismoaren eraberritzean sakondu (bizitza prekarioa sortzen duen azpikontratazioen gehiegizko erabilerak bere sorrera filosofiatik urruntzen baititu), elikadura burujabetzan oinarrituriko lehen sektorerako apustu errealak egin, turismo jasangarrian ereduak izan, jasangarritasunaren hezkuntza-proiektuak (arautua eta komunitarioa) landu, euskara eta euskal kulturaren sistemarako arnasberritze estrategiak abiatu, inklusibitate politikak gauzatu…

Hor kokatu beharko genituzke politika publikoaren potentzialitatea eta inpultsu komunitarioaren indarra eta baliabideak.

Lan duina, bizitza askea, zaintza publiko-komunitarioa, euskal kulturaren prestigiatze lanak eta naturarekiko orekak erdigunean dituen eskualde eredu baten alde gaudenok gehiengoa gara Busturialdean.

Egiturazko arazo errealei heldu eta eskualdearen erronkei erantzungo dien plana eraikitzeko baliabideak badaude, eta ditugun jakintza eta tresna guztiak bere zerbitzura jartzea dagokigu. Borrokaren bidez eskubideak eskuratu eta gurea dena defendatzeko determinazioa ardatz izan behar dugu.

Gu horretan gaude; eta egongo gara. Elkarlanerako prest, ekintzailetza sustatzeko asmoz, gehiengo sozialen alde. Busturialdean lan eta bizitzeko aldarriaren genealogia jaso dugu, ikasi dugu, transmititu digute. Begirada altxatu eta gaurko eta biharko Busturialdea balore berdinzale, komunitario, herritar eta eraldatzaileen gainean eraikitzeko gogoz gaude.

Inondik inora ez dugu onartuko elite pribilegiatuen eskuetan egotea gure oraina eta etorkizuna.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

PNV y PSE cierran la puerta a la negociación de Udalhitz mientras EHBildu muestra su voluntad de seguir negociando

Cerca de que la negociación del convenio de los ayuntamientos de la CAV cumpla dos años, todavía falta profundizar en las medidas concretas para recuperar la pérdida de poder adquisitivo, en las medidas para vivir y trabajar en euskera, en el derecho de subrogación de las y los trabajadores subcontratados, en una mayor reducción de la jornada y en la implantación del contrato de relevo y los planes de rejuvenecimiento.

Multitudinaria manifestación en Bergara en apoyo de los y las trabajadoras de ITASUA en huelga indefinida

Las y los trabajadores del servicio de Inspección Técnica de Vehículos (ITV) de Zarautz y Bergara llevan ya 77 días en huelga y han anunciado su intención de seguir luchando hasta que la empresa se mueva y cese en el bloqueo de la negociación. Entre los próximos pasos, el lunes tendrán una reunión con la empresa en la Delegación de Trabajo de Gipuzkoa, y en el próximo Pleno de Bergara se tratará una moción sobre el tema.

LAB y ELA hemos solicitado una reunión con el lehendakari Pradales para reclamarle que haga frente a la patronal en favor de un salario...

Tras recoger más de 145.000 firmas a favor de que el salario mínimo se decida en Hego Euskal Herria y tras una exitosa huelga general, LAB y ELA consideran que el Gobierno Vasco debería dar cauce a la voluntad de la sociedad y que el lehendakari, Imanol Pradales, debería ejercer un liderazgo claro para superar el veto de la patronal y del PSE-EE y del PNV.