LAB sindikatuko koordinatzaile orokorrak elkarrizketa egin du gaur goizean Euskadi Irratiko Faktoria irratsaioan.
Etxebizitzaren gaia hizpide hartuta hasi da Iñaki Guridik gidatutako elkarrizketa, eta Aranburuk gogorarazi du gaur-gaurkoz milaka direla eskubide unibertsala den etxebizitzarako sarbidea ziurtatuta ez daukaten herritarrak, espekulazioari bide ematen dioten politikak urte luzez aplikatu izanaren ondorioz. Ildo horretan, etebizitzaren merkatua berrantolatzea ezinbestekotzat jo du, tartean prezioen gaineko neurriak ezarrita.
Arlo horretan ere ekintza sindikala abiatzeko erabakia hartu zuen berriki LABek, eta uneotan baditu bi gatazka garrantzitsu irekita, bata Iruñerrian eta bestea Erandion, biak ala biak putre funtsekin lotuak. “Jendea arlo honetan mobilizatzeko prest dagoela ikusi dugu”, azaldu du Aranburuk.
Inflazioaren gorakadaz ere galdetu dio aurkezleak, eta koordinatzaile orokorrak esan du ez dela arazo koiunturala, azken urtetotan aberastasunaren banaketan ikusi dugun desorekaren ondorio baizik: “Ekonomiaren hazkundea prekarizazioan eta pobretzean oinarritzen bada, hori ez da ona langileentzat”. Hala, lana, zaintza eta aberastasuna modu justuan banatzeko politiken beharra azpimarratu du, eta horretarako martxoko Greba Orokorrean aldarrikatutako 1.500 euroko Lanbidearteko Gutxieneko Soldata propioa aldarrikapen estrategikoa dela gogorarazi du.
Absentismoa delakoaz ere galdetu diote, EAEko lehendakariak berriki politika orokorreko eztabaidan gaia mahai gainean jarri zuela eta. Bada, LABeko koordinatzaile orokorrak argi eta garbi esan du absentismoa ez dela existitzen, eta salatu du Pradalesek guztiz erosi duela patronalaren diskurtsoa, “baja eskubideari murrizketa gehiago ezartzea” helburu duena.
Martxan dauden negoziaketak ere izan dituzte hizpide, hala nola Bizkaiko metalekoa, zeinetan sektorea antolatzeko lanean murgilduta dagoen sindikatua, edota osasungintza arlokoak.
Negoziazio kolektiboan euskaraz aritu ahal izateari dagokionez, eta ELA sindikatuak 27 negoziaziotan euskara hutsean jarduteko asmoa duenaren iragarpenari dagokionez, koordinatzaile orokorrak gogorarazi du LABek beti emango diela ongietorria euskararen aldeko dinamika guztiei, baina azpimarratu du euskara larrialdi egoeran dagoela eta, horrenbestez, eragile euskaltzaleek, norbere burua proiektatzeko interes korporatiboez harago, euskararen egoerak hobera egin dezan konpromiso serioagoa hartzea eta elkarlanerako jarrera lehenestea gustatuko litzaiokeela, bai negoziazio kolektiboan, baita, oro har, lan munduan ere.

