2026-03-18
HomeIrakaskuntzaHezkuntzaUPV/EHU-k ez duela jardunaldi partzialeko irakasleek egiten duten lana bere osotasunean ordaintzen...

UPV/EHU-k ez duela jardunaldi partzialeko irakasleek egiten duten lana bere osotasunean ordaintzen salatu dugu

LAB sindikatutik salatzen dugu UPV/EHUk ez dituela aitortzen ezta ordaintzen lanaldi partzialeko irakasleek egiten duten lana bere osotasunean. Izan ere, unibertsitateak eskola- eta tutoretza-orduak besterik ez dizkie aitortzen lanaldi partzialeko kontratua duten irakasleei; ez, ordea, ikasgaien prestakuntzarik, egin beharreko kudeaketa-lanik edo formaziorik. Hori dela eta, 1.000 pertsona inguruk osaturiko kolektibo honen egoera ezagutarazteko eta salatzeko kanpaina bat martxan jarri dugu hiru campusetan.

Gaur egun, UPV/EHUn klaseak ematen diharduten 4.386 irakasletatik %21.8k lanaldi partzialeko kontratua du, nahiz eta, aitortutako lan-orduetatik haragoko dedikazioa eskatzen duen, gehienetan, beren ardurak behar bezala betetzeak. Eskola- eta tutoretza- orduetatik kanpo, kontratu partziala duten irakasleek ordaindu gabeko orduetan egiten dituzte ezinbesteko hainbat ataza, besteak beste, irakasgaien eta eskola-materialaren prestaketa, ikasleen ebaluazioa, kudeaketa-lanak, gradu amaierako lanen tutorizazioa, material didaktikoa egokitzeko formazioa, eta abar luzea, hori guztia hilean 391 eta 781 euro bitarteko soldata gordinaren truke.

Irakasle hauen egoera ezagutzeko asmoz, LABetik kaltetuei galdeketa egin diegu. Emaitzen arabera, ordaindutakoaren lanordu bikoitza egin behar dute batez beste dagokien lana betetzeko. Jardunaldi partzialean dauden 955 irakasleetako batzuek enpresa edo erakunderen batean lan egiten duten arren, beste batzuk, unibertsitatean karrera akademikoa egitea dute helburu, eta hau da beraien diru iturri bakarra. Gainera, ordezkapen kontratuak kateatuz, irakasle hauen egoera prekarioa urteetan luzatzen da, sarritan.

Hori gutxi balitz, lanaldi partzialean dauden irakasleei ez zaie aitortzen egindako ikerketa lana, nahiz eta hori izan lanpostu iraunkorra lortzeko bide bakarra. Aitortu ez arren, ordea, UPV/EHU ikerketa hauetaz baliatzen da bere kapital zientifikoa indartzeko, eta, adibidez, nazioarteko rankingetan gora egin eta mantentzeko.

Ordaindu gabeko lanari, prekarizazioari eta ikerketaren aitortza-ezari irakasle hauek jasaten duten diskriminazioa gehitu behar zaie, irakaskuntza edota ikerkuntza osagarriak lortzeko aukera ere ukatu egiten baitiete UPV/EHUk eta Unibasq-ek.

LAB sindikatutik aspaldidanik daukagu gai hau aldarrikapenen artean, lanaldi partzialean kontrataturiko irakasle-ikertzaileen soldata eskatzen zaien betebeharrei egokitzeko. LAB- en eskaerak argiak dira:

-Soldataren igoera, egiten diren jarduera guztiak aitortuz (41/2008 dekretua aldatuz).

-Irakaskuntza eta ikerkuntza merituak errekonozitzea eta ordaintzea (5 urteko eta 6 urtekoak).

-Lanaldi partzialeko kontratu kopurua murriztea, behar beharrezkoak soilik utziz.

-Irakasle elkartuaren figurarekin dagoen iruzurrarekin bukatu. EHUtik kanpoko profesionalak beharrezkoak direnean kontratatuz bakarrik, ikasgai zehatzak emateko eta hutsik geratzen badira lanpostu horiek ordezkapen-poltsetatik bete gabe.

-Karrera akademikorako sarrera bideak ongi definitzea, lanpoltsek bide horretan duten lekua kontuan hartuz.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Korrikan masiboki parte hartzera dei egiten die LABek euskal langileei

Hainbat kilometro erosi ditu LABek, eta bere kidegoa aktiboki ari da parte hartzen Korrikaren antolaketan, izan tokian tokiko batzordeetan zein lantegietan. Orain, errepidera salto egiteko garaia da. Horregatik, bihartik aurrera euskararen aldeko olatua indartzera dei egiten die LABek euskal langileei.

LABek burujabetza, ekonomiaren kontrol publikoa eta gutxieneko soldata propioa eskatzen ditu lan eta bizi baldintza duinak hemen ziurtatzeko

Kontseilu Ekonomiko eta Sozialak (KES) ezohiko bilera egin du Irango gerrak Nafarroan izan duen eragina aztertzeko eta maila ekonomiko eta sozialean izan dituen ondorioak...

LGS propio baten aldeko jendartearen aldarriak gobernuak eta patronalak behartu behar ditu aurrera egitera, berehala ezar dadin

Grebaren arrakastak eta mobilizazio masiboek erakusten dute euskal jendarteak ez duela amore emango 1.500 euroen aldarrikapenean. LAB, ELA, Steilas, Etxalde eta Hiru, M17aren ondoren: “Gaur atzo baino indartsuagoak gara, ez gara geratuko helburua lortu arte”.