2026-10-31
HomeEkintza SindikalaTubos Reunidosen etorkizunari begira konpromisoa, gardentasuna eta laguntza publikoak baldintzatzea eskatu diegu...

Tubos Reunidosen etorkizunari begira konpromisoa, gardentasuna eta laguntza publikoak baldintzatzea eskatu diegu Industria Sailari eta aldundiei

Langileen ordezkariok bilera egin dugu gaur Eusko Jaurlaritzako Industria Sailarekin eta Arabako zein Bizkaiko Foru Aldundiekin, hartzekodunen konkurtsoaren ondorioz ireki den egoera aztertzeko.

Bileran, erakundeek fase berri honetan izango duten papera zein izango den galdetu dugu LABetik, eta erakundeei eskatu diegu inplikazio handiagoa izateko eta irekita dagoen prozesuan paper aktiboa jokatzeko. Azken asteetan, balizko inbertitzaileei, etorkizunerako aukerei eta enpresaren egoerari buruzko hainbat adierazpen publiko entzun dira, baina langileen ordezkaritzak ez du oraindik funtsezko gaiei buruzko informazio nahikorik.

LABetik galdera zehatzak planteatu ditugu balizko inbertitzaileei buruz, SEPIrekin (Estatuko Industria Partaidetzarako Sozietatearekin) egiten ari den lanari buruz, erakundeek prozesuan duten eginkizunari buruz eta etorkizuneko industria-proiektuetan egon litekeen parte-hartze publikoari lotu beharko litzaizkiokeen baldintzei buruz.

Dena den, beste behin ere, erantzun argirik gabe atera gara bileratik langileen ordezkariok. Opakutasunak eta gardentasun faltak etengabeko ezaugarri izaten jarraitzen dute. Adierazpen publikoak egiten diren bitartean eta komunikabideen bidez mezuak zabaltzen diren bitartean, langileok eta beren ordezkariok jarraitzen dugu izaten informazioa jasotzen azkenak. Langileak ezin dira beti ilaran azkenak izan.

Bestalde, argi utzi dugu etor daitekeen edozein parte-hartze edo laguntza publiko enplegua, industria-jarduera eta lan-baldintzak mantentzeari lotuta egon beharko dela. Horrez gain, kontrol eta jarraipen mekanismo eraginkorrak bermatu beharko dira.

LABen ustez, Euskal Herrian dagoeneko gehiegi izan dira baldintza nahikorik gabe eta benetako kontrol-mekanismorik gabe emandako laguntza publikoen adibideak, enplegua eta industria-sarea suntsitzen ziren bitartean. Diru publikoa ezin da txeke zuri bihurtu. Erakundeek Tubos Reunidosen etorkizunean parte hartzea beharrezkotzat jotzen badute, parte-hartze horrek enpleguaren, industria-proiektuaren eta interes kolektiboaren zerbitzura egon behar du, eta ez galerak sozializatzera mugatu, beste batzuek etekinak pribatizatzen dituzten bitartean.

Halaber, Tubos Reunidos industria-proiektu integral gisa mantentzearen beharra defendatu dugu, eta berriro azpimarratu dugu etapa berri batek kudeaketa berri bat eta zuzendaritza berri bat ere eskatzen dituela.

Langileek hilabete hauetan guztietan Tubos Reunidosen etorkizunarekiko duten konpromisoa erakutsi dute. Orain erakundeen txanda da, hitzez ez ezik, ekintzez ere beren erantzukizunak beren gain hartzeko. LABen hartzekodunen konkurtsoaren prozesuari jarraipen etengabea egiten jarraituko dugu, eta langileen interesak zein Aiaraldeko eta Ezkerraldeko industria-etorkizuna defendatzen segiko dugu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Osakidetzako langileek irmoki erantzun diote greba deialdiari, eta kaleak bete dituzte lehenengo greba egunean

Eguerdiko manifestazioek milaka pertsona bildu dituzte, osasun zerbitzuko kategoria guztietako beharginak eta osasungintza publikoa babesteko herri plataformetako kideak eta herritarrak barne.

Osakidetzako grebaren baitan Osasun Sailean eserialdia egin dugu

Bilboko egoitzan ekimena egin dugu goizean, eta Alberto Martinez sailburuari eskutitza helarazi ahal izan diote haren idazkariaren bitartez. Greba eguna oso arrakastatsua izaten ari da....

Nafarroako administrazioko langile guztiek 60 urterekin erretiroa hartu ahal izatea eskatu dugu

Gaur goizean LAB sindikatuak elkarretaratzea egin du Nafarroako Jauregiaren aurrean, urtarriletik aurrera langileok enegarren eskubide-igalera pairatuko dugula salatzeko: erretiro adin arrunta 67 urtera atzeratzea....