Jarraipena oso zabala izaten ari da, eta eguerdiko manifestazioek milaka pertsona bildu dituzte, osasun zerbitzuko kategoria guztietako beharginak eta osasungintza publikoa babesteko herri plataformetako kideak eta herritarrak barne.
LABek, SATSEk, ELAk, CCOOk eta UGTk deituriko grebetan lehenengoa ari da izaten gaurkoa, eta egun osoan zehar nabarmena izan da eragina anbultorioetan, ospitaletan nahiz EAEko osasun zerbitzu publikoko gainerako lantokietan.
Eguerdiko 12etan manifestazio jendetsuak egin dira hiru hiriburuetan. Manifestazio horiek OPA Herri Plataformen, beste erakunde batzuen eta erabiltzaileen babesa izan dute.
Greba egiteko aukera izan duten langileen artean grebaren jarraipena oso zabala izaten ari da. Horren adibide garbia da lan zentruetan bizi den egoera. Arreta-mailen arabera, nabarmentzekoa da Lehen Mailako Arretan jarraipena oso garrantzitsua izaten ari dela, batez ere AACCetako administrazio-langileen eta erizaintzako langileen artean. Nahiz eta jarraipen desberdina zentruaren arabera, azpimarratu behar da zentro batzuetan fakultatiboen artean jarraipena ere garrantzitsua dela. Itxita egon dira, besteak beste, Bilbon Sagarminaga eta La Merced-eko osasun-zentroak; Bizkaian Igorre, Lemoa, Zeanuri, Aulesti, Gueñes eta Gizaburuagakoak; Araban Artziniega, Arrespalditza, Dulantzi, Valles I eta La Habana; eta Gipuzkoan Andoain, Oiartzun eta Hondarribia. Nabarmentzekoa da ere zentro askotan gutxieneko zerbitzuak besterik ez daudela lanean.
Ospitaleetan, gutxieneko zerbitzuen eragina handiagoa izanik, jarraipena ere oso garrantzitsua izaten ari da greba egin dezaketen langileen artean. Besteak beste, Basurton oso jarraipen handia dago, Txagorritxu Ospitalean itxita daude ebakuntza-gelak, biltegia, pediatriako kontsultak, erauzketak eta laborategi zentrala; Santiago Ospitalean lentzeria, ebakuntza-gelak, loaren unitatea, erosketa-zerbitzua eta harrera-zerbitzua itxi dituzte; Bidasoa Ospitaleko biltegia eta Zumarragako Ospitaleko Anatomia Patologikoko zerbitzua ere itxi dira; Donostia Ospitalean hainbat zerbitzu itxi dira; Lezako ospitalean garbitegia, errehabilitazioa, administrazioa eta farmazia itxi dira era. Zentro eta zerbitzu askotan gutxieneko zerbitzuak bakarrik daude lanean.
Osasun Mentaleko Sareei dagokionez, nabarmentzekoa da Araban jarraipena handia izaten ari dela, Angulemako Eguneko Ospitalea itxita baitago, eta Arabako Ospitale Psikiatrikoan ia gutxieneko zerbitzuekin ari dira lanean.
Langileak argi eta garbi erakusten ari dira beraien haserrea eta Osakidetzari garbi esan diote, ia 20 urte itxaron ondoren, premiaz negoziatu eta hobetu behar dituela kategoria guztien lan-baldintzak. Premiazkoa da ere euskal osasun-sistema publikoaren antolakuntza-eredua aldatzea, pribatizazioa geldiaraziz eta lehen mailako arreta-eredua aldatuz; horretarako, bertan lan egiten duten profesional guztiei entzun behar die.
Osakidetzako zuzendaritzak orain arte Mahai Sektorialean egin dituen planteamenduek ez diete profesionalen benetako beharrei erantzuten. Gaur egun, 17 urte baino gehiagoz lan-baldintzak berritu gabe egon ondoren, plantillak merezi duen garrantzia daukan aurrerapausurik ez da eman. Onartezina da une honetan inolako soldata-proposamenik ez egotea mahai gainean, Eusko Jaurlaritza datorren urterako aurrekontuak ixten ari denean. Azpimarratu behar da plantillak behar dituen hobekuntza guztiei aurre egiteko ezinbestekoa dela Osakidetzara bideratzen den aurrekontua handitzea.
Era berean, ez dago aurrerapauso nabarmenik honako gai hauetan: lanaldia, kontziliazioa, baimenak, berdintasuna, belaunaldien arteko erreleboa, lan-osasuna edo euskara. Bitartean, Osakidetzak hilean 3 milioi euro bideratzen ditu ospitaleetan egiten diren aparteko orduak ordaintzera, eta kopuru horri beste arreta-maila batzuetakoak gehitu behar zaizkio.
LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok salatzen dugu gutxieneko zerbitzuak gero eta altuagoak direla eta milaka langile greba-eskubiderik gabe uzten dituztela. Berrikuntza gisa, klausula anbiguo bat sartu dute oraingoan, lehen ez zeuden gutxieneko zerbitzuak ezartzeko aukera ematen duena, eta erantzunkizuna grebara deitutako langileen gain uzten duena.
Horren beste adibide bat da, besteak beste, Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroan gertatzen dena. Duela urtebete arte, langileen zati handi batek greba-eskubidea zeukan. Gaur egun, plantilla osoa gutxieneko zerbitzua da, eta, beraz, inork ezin du grebarik egin. Gutxieneko zerbitzuen etengabeko igoera hori ulertzen zaila da Osakidetzan ohikoa denean langileen absentziak ez ordezkatzea eta oporraldietan oheak eta osasun-zentroak ixtea eta ordutegiak murriztea erabakitzen denean. Nolanahi ere, azpimarratu behar dugu urgentziak artatuak izan direla eta bertan behera geratu dena izan dela ohiko eta planifikatutako jarduera.
Gehiengo sindikalak Osakidetzari eta Osasun Sailari ohartarazi die bere helburua argia dela: kategoria guztien lan-baldintzak hobetzen dituen lan baldintzen akordioa lortzea, profesionalen arteko diskriminazioak ezabatuko dituena, plantilla nahikoak bermatuko dituena eta osasun publikoa indartuko duena. Azpimarratu dute ez daudela prest itxaroten jarraitzeko, ezta azaleko aldaketekin konformatzeko ere.
Horregatik, benetako aurrerapenik ezean, deitutako mobilizazioei eta grebei eutsiko diegu: abenduaren 9an Araban, 10ean Bizkaian, 11an Gipuzkoan eta 14an berriro ere Osakidetza osoan. Langileen lan-baldintzak hobetzea borondate politiko kontua da, eta Eusko Jaurlaritzaren esku dago gatazka konpontzea.

























