Bilboko egoitzan ekimena egin dugu goizean, eta Alberto Martinez sailburuari eskutitza helarazi ahal izan diote haren idazkariaren bitartez.
Greba eguna oso arrakastatsua izaten ari da. Langileen parte-hartzea oso handia izaten ari da, eta gaueko txandan zein goizeko zerbitzuan pikete jendetsuak egin ditugu sindikatuok.
Horrez gain, LABeko dozenaka ordezkari eta afiliatu Osasun Sailak Bilbon duen egoitzara hurbildu gara eta eserialdia egin dugu han, Alberto Martínez Ruiz sailburuari aldarrikapenak jasotzen dituen gutuna emateko asmoz. Azkenean haren idazkariari helarazi ahal izan diogu langileen ezinegona azaldu eta Osakidetzako kolektibo guztien aldarrikapenak aintzat hartzeko eskatzeko eskutitza.
Lan-baldintzen Akordio berriak Osakidetzako langileen lan- eta bizi-baldintzak hobetzeko, osasun-zerbitzu publikoaren kalitatea indartzeko eta herritarren osasun-eskubidea bermatzeko tresna izan behar duela adierazi diogu. Era berean, pribatizazioari aurre egiteko urratsak eman behar direla eta lehen mailako arretaren eredua aldatu behar dela azpimarratu dugu.
Gainera, benetako euskal osasun-sistema publikoa eraikitzeko eta egungo eredua iraultzeko, ezinbestekoa da aurrekontuetan horretarako bideratutako diru-partida nabarmen handitzea.



