2026-06-18
HomeEkintza SindikalaSalatu dugu Espainiako estatuko OEIS patronalak Nafarroako Esku-hartze Sozialeko hitzarmena inpugnatu duela

Salatu dugu Espainiako estatuko OEIS patronalak Nafarroako Esku-hartze Sozialeko hitzarmena inpugnatu duela

Sei urteko borrokaren ondoren eta bi urte negoziatzen ibili ondoren, 2021eko urtarrilaren 8an LAB sindikatuak, CCOO eta UGT sindikatuekin eta ANEIS patronalarekin batera, akordio historikoa lortu zuen sektorea duintzeko, eta, hala, Nafarroako esku-hartze sozialaren lehenengo hitzarmen sektoriala sinatu zen. Orain, Espainiako Estatuko OEIS patronalak (Ekintza eta Esku-hartze Sozialaren arloko Erakundeen Estatuko Elkartea) hitzarmen hori salatu du. Epaiketa apirilaren 26an izanen da Nafarroako Auzitegian. OEISen barruan elkarte hauek daude: Gurutze Gorria, Cáritas, Acción contra el Hambre, Secretariado Gitano eta Asociación Española contra el Cáncer. Orain salatzaile gisa agertzen diren enpresa horiek ez zuten bere garaian hitzarmenaren negoziazio prozesuan parte hartu nahi izan, jakinaren gainean egonda eta gonbidatu bazeuden ere.

LABen iritziz, salaketa hau oso larria da, gizarte-zaurgarritasun egoeran dauden herritarrei ematen zaizkien zerbitzuen kalitateari zuzenean eragiten diolako, eta, orobat, sektorean aritzen diren 1.600 langile ingururen lan eskubideen aurka egiten duelako. Hitzarmenari esker, langile horiek egiten duten lan sozial eta profesional goraipagarria aitortua eta duindua izatea lortu zen.

LABek bere esku dagoen guztia eginen du hitzarmena defendatzeko, langileekin eta prest dauden gainerako eragileekin batera. Badakigu berri hau ez dela atsegina, baina ziur gaude antolakuntzaren eta borrokaren bidez lortuko dugula egoerari buelta ematea, hitzarmenaren negoziazioan egin genuen bezala. Bi hilabete ditugu borroka egiteko.

Idazki honen bidez sektoreko langile guztiei dei egin nahi diegu hurrengo egunetan eginen diren batzarretan parte hartzera, egoera denen artean aztertzeko, zalantzak argitzen saiatzeko eta OEISek egin digun eraso honi nola erantzun erabakitzeko.

Batzarrak:

  • Otsailak 25, ostirala
    • 10:00 Katakrak (Kale nagusia), Iruñea
    • 17:00 LABen egoitza (Arga ibaia 12-14) Rotxapea, Iruñea
  • Otsailak 28, astelehena
    • 10:00 Katakrak (Kale nagusia), Iruñea
    • 17:00 Katakrak (Kale nagusia), Iruñea
  • Martxoak 2, asteazkena.
    • 17:00 La Rúa gizarte etxea. Tutera

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Amiantoak hil egiten duela salatu dute CEMOSAko langileek

Joan den maiatzaren 9an hil zen Juan Mazorriaga Maguregui, Matxorri, CEMOSAko langilea, lanean ari zela amiantoaren eraginpean egotearen ondorioz. Honen harira, amiantoarekiko esposizioak eragindako...

Grebaren jarraipen masiboa Etxebarri-Ibiñako PEPSICOren botilaratze plantan

PEPSICOko langileak greba egiten ari dira gaur, enpresa batzordeak deituta, enpresa diziplina-araubidea gehiegikeriaz eta arbitrariotasunez erabiltzen ari dela salatzeko. Enpresa langileen aurkako politika zigortzailea gauzatzen...

LABetik exijitzen dugu lehenbailehen zuzendu dezatela familia-langileen soldaten finantzaketa

Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuan eskaera aurkeztu ondoren, martxoan jaso genuen departamentuaren erantzuna, non esan baitziguten 48/2020 Foru Dekretuan jasotako familia-langileen finantzaketa-moduluen "azterketa" egingo zutela. Hiru hilabete geroago, oraindik ez dugu erantzunik jaso, eta oinarrizko gizarte-zerbitzuen kolektibo horrek konparaziozko bidegabekeria onartezina jasaten jarraitzen du.