2026-02-03
Blog Page 997

Herrien Mobilizazio Astean presente izango gara

0



Herrien subirautza aldarrikatu eta transnazionalen boterea deuseztatzeko martxan jarri zen Kanpaina Orokorraren baitan, gaur, ekin diote Ginebran Herrien Mobilizazio Asteari. Bertan hitza hartuko dute transnazionalen botere eta inpunitatea pairatzen duten komunitateek. LABek ere bat egiten du borroka honekin eta bertan izango da.

Gaur goizeko bederatzietan mobilizazio aste honi ekimen ikusgarri batekin ekin diote. Ondoren, taller, mahai inguru eta hitzaldien bidez zuzenean eragiten diguten gaiak landuko dira. Hala nola, uraren eskubidea; langileen migrante eta transnazionalen eragina pairatzen dutenen borroka; osasun, elikadura eta lurraldea eta emakumeen egoera aztergai izango dira tallerren bidez.

Gure sindikatuarentzat garrantzitsua da honelako borrokak gure egiteaz gain modu aktiboan parte hartzea. Horregatik LABeko ordezkaritza bat Ginebraraino gerturatu da eta Urtzi Ostolozagak hitza hartuko du bihar. Hain zuzen ere ezinbesteko deritzogu gai hauei heldu eta transnazionalen botereari aurre eginez alternatiba eraikitzea.

 

 

 

Lanuzte eta grebak Indarren hitzarmen duinaren alde

0


Indarreko hitzarmena lortu nahian bederatzi hilabete pasa ondoren langileek ez dute dute adostasunerako aukerarik ikusi eta greba eta lanuzteei ekitea erabaki dute. Urriaren 27 eta 28an 4 orduko lanuzteak egingo dituzte eta azaroaren 2, 3 eta 4an egun osoko grebak.

Indarreko langileen oharra:

Beasaingo Indar enpresan, langileen batzar orokorrak lanuzte eta grebak egingo ditu hitzarmen duinaren alde. Urriaren 27 eta 28an 4 orduko lanuzteak eta azaroaren 2, 3 eta 4an egun osoko grebak egitea erabaki zuen. Langileen gehiengoa agertu zen mobilizazioen alde (alde 380, aurka 90, 17 bozka txuri eta 10 nulo).

Bederatzi hilabetez negoziatzen jardun ondoren ez da adostasunerako aukerarik ikusi, ez enplegu politikan (salmentak igo ahala Beasaingo plantan eman beharreko kontratazioa eman) eta ez atal ekonomikoan (soldata igoera, erreleboko plusak, gaixotasun bajen konpentsazioak), eta horregatik hartu da erabakia.

 

 

 

CNA Fagorren proiektua bideragarri izateak zuzendaritza eta instituzioen konpromisoa behar du

0


EDESA INDUSTRIALeko Enpresa Batzordeak ostiralean izan zuen azkeneko bilera enpresaren zuzendaritzak aurkeztutako Enplegua Erregulatzeko Espedientearen negoziaketaren inguruan. Batzordeak ez du onartu EEEa, ez baitie enpresak dauzkan arazo estrukturalei erantzuten.

FAGOR CNAko enpresa batzordearen oharra:

EDESA INDUSTRIALeko Enpresa Batzordeak ostiralean izan genuen azkeneko bilera enpresaren zuzendaritzak aurkeztutako Enplegua Erregulatzeko Espedientearen negoziaketaren inguruan.

Enpresako zuzendaritzak EEEaren aplikazio minimoa proposatu du, azaroan bakarrik aplikatuko bailitzateke, eta gainera era partzialean, 2 asteetan egosketan eta 4 aste garbiketa sailean. Gero, jarduera era normalizatuan aplikatuko da.

EREaren negoziaketa akordio gabe bukatu da, bere baitan ez baitu inolako irtenbiderik proposatzen, eta enpresaren etorkizunaren inguruan kezka sortzen digun urrats bat gehiago da.

Ez dugu EEEa onartu ez dielako enpresak dauzkan arazo estrukturalei erantzuten. Gainera, zuzendaritzak ez dio erantzunik eman Enpresa Batzordeak etorkizunerako plan bat aurkezteko egindako eskaerari. Horregatik, enpresaren jabegoari bilera eskatu diogu.

Ez dugu inolako zalantzarik CNA Fagor proiektua bideragarria izan daitekeela. Baina horretarako guztion inplikazioa behar du (zuzendaritza, langileak, instituzioak).

 

 

 

Bizkaiko Elikadura Merkataritzako hitzarmenaren alde mobilizatu gara

0

ELA, LAB, CCOO eta UGTren mobilizazioak Bizkaiko Elikagai Merkataritzako hitzarmenaren alde elkarretaratzea egin dute gaur Bilboko Sarriko BMren aurrean. Mobilizazioan "prekarietatez betetako zakuak” eraman dizkiote bertako Zuzendaritzari.

ELA, LAB, CCOO eta UGTren oharra:

ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuok parte hartzen dugun Bizkaiko Elikagai Merkataritzako mahaien, patronalak blokeoan jarraitzen du eta jarrera immobilista mantentzen du, aintzinatasun kontzeptua aldatu nahirik gutxinaka desager dadin

Guk egitea nahi duten amore-emateen artean, antzinatasuna aldatzea eta soldata-igoerak abenduaren 24 eta 31ko ordutegien aldaketa onartzearekin baldintzatu nahi dute, aurreko borroketan lortutako eskubideei uko egitea nahi dutelarik.

Bizkaiko elikagai merkataritzako hitzarmena ez dago indarrean egun. Beraz, beharrezkoa dugu lehenbailehen sektoreko langileon lan-baldintzak blindatu eta hobetuko dituen hitzarmen bat lortzea.

Guzti honegatik, mobilizazioen egutegiari ekin diogu, gure esku dagoelako hurrengo urteetan izango ditugun lan-baldintzen alde borrokatzea. Zuetariko bakoitzaren indarra eta babesa behar ditugu gure enpresei erakusteko ez garela produzitzen duten makina soil ak, Gure enplegua duintzeko helburuarekin borrokarako prest gauden langileak gara.
 

 

 

EAEko Ostalaritzako Akordio Markoaren negoziazioan parte hartuko du LABek sektoreko hitzarmenak babesteko


Atzo, 2016ko urriak 20, Lan Harremanen Kontseiluan bilera egin zen EAEko Ostalaritza sektoreko Akordio Markoaren negoziazioa bultzatzeko. Akordio honen helburua herrialdeko hitzarmenak estatuko erasoaren aurrean babestea da, Zapatero eta Rajoyk bultzatutako lan erreformen ondorioz hitzarmen kolektiboen estatalizazioa ahalbidetzen baita.

Bilera honetan LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok hartu dugu parte, baita enpresari elkarteek ere: Confebask, Euskal Herriko Ostalaritzako Federazioa, Gipuzkoako Ostalaritzako Elkartea, Gasteizko Ostalaritzako Elkartea, Bizkaiko Ostalaritzako Elkartea eta Garen.

LABek EAEko langileak lan erreformaren aurrean babestuko zituen Akordio Interprofesionala lortzeko eta gaur egun pairatzen dugun estatalizazioa ekidingo zuen negoziazio kolektiboko gure esparrua blindatzeko egin ziren bi saiakeretan parte hartu zuen. Bi saiakerak Confebasken jarreragatik geratu ziren bertan behera. Honek, herri honetako langileen prekarizazioa bilatzen zuen soilik.

Ondoren, LABek Merkataritza eta Garbiketa sektoreetako akordio markoak negoziatzeko mahaien osaketa bultzatu zuen. Era berean, sindikatu honen borondatea prekarietatea nagusi den beste sektoreetan ere bultzatzea zen, hala nola ostalaritzan. Hitzarmen guztiak blindatzeko saiakeraren porrotaren aurrean, sektore bakoitzean langileen lan baldintzak bildatzeko aukera zabaltzea zen asmoa. Negoziazio hauek enpresa elkarte zein gainontzeko sindikatuek baztertu zituzten.

LABek positiboki baloratzen du mahai hau estatalizazioa eta Confebaskek bultzatutako prekarizazio prozesua galgatzea ahalbidetuko duten edukiz osaturiko hitzarmen propioak lortzeko mekanismo gisa. Negoziazio mahai honetan parte hartzeko eskubidea dutenen artean hitzartutako datorren bileran ere izango gara. Datorren bilera 2016ko azaroaren 11an egingo dugu 11.30ean Lan Harremanen Kontseiluan.
 

 

 

TMAko langile ohiek auzipetuak babesteko kanpaina hasi dute


Etxebarriko Talleres Mecánicos Arakistain enpresako langileek 2013an egindako mobilizazio eta salaketen harira, enpresariak salaketa jarri eta kartzela zigorra eskatzen du bi langileentzat, baita kalte ordain altuak ere. Honen aurrean, TMAko langile ohiek atxikipen kanpaina bat hasi dute “Barriro be eingo geunke. Alexis eta David libre!” lemapean. 

2013 urte bukaeran, zortzi hilabeteko greba baten ondoren itxi zen TMA. Baina ez dute borrokarako griña galdu, borrokatzen jarraitzeko asmoa erakutsi dute. Lanpostuen defentsan egin zuten borrokaren aldeko atxikimenduak eta auziperatuak babesteko dinamika da hasiko dutena. Badakite arrazoia dutela eta langileok gure eskubideon defentsan lan egiten jarraitu behar dugula.

Langileen kontrako eraso honen aurrean langile, langabetu, ikasle, pentsiodun, eragile sozial, alderdi, sindikatu eta gainerakoei kanpainarekin bat egiteaz gain azaroaren 27an 13:00etan Markina-Xemeinen egingo duten manifestazioan parte hartzeko gonbitea egin diete.
 


 

 

Bat egiten dugu 2018ko Erreferendumean Kanakiar guztiak erroldatuak izateko aldarrikapenarekin

0


Gaur egun, oraindik orain Kanakiar herriak Kolonizazio garaitik datorren estatus zibil berezi bat du, eta hori dela eta 25.282 kanakiar ez dira 2018an eginen den Erreferendumeko erroldan agertzen. LABen iritziz 2018an egingo den burujabetza osoa berreskuratzeko galdeketan kanakiar orok bere bozka eskubidea izan beharko luke.

Gogoratu behar da Kanakia Frantziako kolonia bat da 1853 geroztik. 1998ko Numeako akordioen ondotik autodeterminazio eskubidea onartu zitzaion. Baino egoera honetan, 150 urtetik gorako kolonizazio prozesu baten ondoren, 2018an bere etorkizuna erabakiko duen momentuan 25.282 kanakiar erroldatik kanpo uztea onartezina iruditzen zaigu, tranpa egiteko saiakera bat eta erreferenduma modu zikinean baldintzatzeko modu bat. 2018an egingo den burujabetza osoa berreskuratzeko galdeketan kanakiar orok bere bozka eskubidea izan beharko luke.

Kanakiar herriak, munduko nazio guztiek bezala, bere etorkizuna libreki erabakitzeko eskubidea izan behar du, honekin behin betirako deskolonizazio prozesuarekin bukatuz.

Hori dela eta LABetik, Euskal Herriko ezkerreko sindikatu independentista izanik, justizia sozialean oinarrituriko Euskal estatu independiente baten alde borrokatzen duen sindikatu bat izanik, eta internazionalismo politikoa bere ideologiaren zutabe garrantzitsu bat duen sindikatu bat izanik, gure herriarentzat nahi duguna bertze herrientzat ere nahi dugu, eta hori dela eta, 2018ko erreferendumean Kanakiar guztiek askatasun osoz bozkatzeko eskubidea izan dezaten aldarrikatu nahi dugu.

Aldi berean, gure mezu hau honekin bukatu nahiko genuke: Kanakiar guztiak, inongo baldintzarik gabe eta eskari indibidualik egin beharrik gabe, erroldatuak izan daitezen exijitzen dugu.

 

 

 

Gamesak Asteasun duen lantegiko hitzarmenaren aurre-akordioa babestu dute langileek

0


Azken 10 hilabete luzetan enpresako hitzarmena negoziatzen aritu dira Asteasuko Gamesako langileak. Enpresak inongo eskaintzarik egiten ez zuela ikusita, langileek greba egitea erabaki zuten. Hiru aste luzez borrokan aritu ondoren, enpresarekin aurre akordio batera iritsi zen enpresa batzordea eta gaur langileek baiezkoa eman diote asanbladan.

Hitzarmenak aurrerapauso haundiak jasotzen ditu langileen eskubideetan, besteak beste:

– hiru urtetan bataz beste % 8ko soldata igoerak
– 10 orduko lanaldi murrizketa
– Malgutasunari mugak
– Bizitza pertsonala eta lana uztartzeko baimen ezberdinak

Guzti hau, azken astetan langileek egin duten borrokari esker lortu da. LABek zoriondu egin nahi ditu borrokan aritu diren langileak, beraien borrokari esker lortu dituztelako lan baldintzetan horrelako aurrerapausoak.

 

 

 

Edesa Industrialeko Enpresa-Batzordeak etorkizunerako konpromisoak eskatzen ditu

0

Edesa Industrialeko Enpresa-Batzordeak etorkizunerako konpromisoak eskatzen ditu enpresak EEEa zehazten duen bitartean. Hain zuzen ere Zuzendaritzak Enplegu Erregulazio Espedientearen prozedura azaroan bakarrik aplikatuko dela jakinarazi die. Honen aurrean komiteak EEEa baztertzeko exigitzen du eta azpimarratzen du bideragarritasun plan bat aurkeztea beharrezkoa dela.

Edesa Industrialeko enpresa batzordearen oharra:

Edesa Industrial enpresako Garagartzako lantokiko Enpresa Komiteak, gaur asteartea ERE prozedurako bigarren bilera izan dugu.

Zuzendaritzak Enplegu Erregulazio Espedientearen prozedura azaroan bakarrik aplikatuko dela jakinarazi digu, egosketan bi astez eta garbiketan lau astez.

Komite honek EEEa baztertzeko jarrera berresten du, enpresak dauzkan egiturazko arazoei ez baitie inolako konponbiderik ematen.

Berresten dugu bideragarria izan daitekeela uste dugun proiektu honen etorkizuna bermatzeko, bideragarritasun plan bat aurkeztea beharrezkoa dela.