2026-10-20
Blog Page 978

Rio Negron borrokan ari diren sindikalistak atxilotu izana langileen eskubideen urraketa nabarmena da

0

Weretilneck gobernadoreak inposaturiko politiken aurka Rio Negron borrokan ari diren sindikalistak atxilotu izana langileen eskubideen urraketa nabarmena da. Gertatutako saltzeaz gain Argentinako ATE eta CTA Autonoma sindikatuei babesa adierazi nahi diegu.

2012tik Epaitegi probintzial eta Federaletan aipatu sindikatu horietako erreferente nagusienen kontra 24 kausa judizial ezberdin zabaldu dira. Kausa hoietatik 9 inputatuen askatasunarekin itxi ziren eta gainontzekoak irekita jarraitzen dute gaur egun.

Kasu judizial guzti hauetan epaile eta fiskalen arbitrarietatea nabaria izan da, hala nola ordezkari sindikal hauen kontrako jarrera ere. Ezin dira probintzian gertaturiko bertze irregulartasun batzuk aipatu gabe utzi: poliziaren infiltrazioa mobilizazioetan, telefonoen interbentzioak eta entzuketa telefonikoak, eta inolako notifikazio judizialik gabe sindikalisten kontra egindako atxiloketa arbitrarioak bertzeak bertze.

Askatasun indibidualen urraketen sakontze honetan Rio Negroko Asociación de Trabajadores del Estado-ko (ATE) bi erreferente nagusi diren Rodolfo Aguiar y Aldo Capretti atxiloketa kokatu behar da. Gaur egun oraindik espetxean jarraitzen dute.

Euskal Herriko LAB sindikatutik ATE eta CTA Autonómako kideei gure elkartasun guztia helarazten diegu eta jazarpen sindikal hau bertan behera gelditu dadila exijitzen dugu. Euskal Herrian antzeko egoerak ere bizi ditugu atxiloketa, grebalarien aurkako salaketa, borroka soziala isilarazteko egindako mozal legea eta abarrekin. Errealitate hau aldatzeko borrokan dihardugunon aurkako gorakada errepresibo baten aurrean gaude, baino ez gaituzte isilaraziko.

 

 

 

SATeko Oscar Reinaren aurkako salaketak bertan behera gera daitezen exigitzen dugu

0

Andaluziako Sindicato Andaluz de Trabajadores-i (SAT) eta bereziki bere Idazkari Nagusia den Oscar Reinari gure elkartasun osoa adierazi nahi diogu jasaten ari den jazarpen judizialarengatik. Hain zuzen ere Oscar Reinak hiru zitazio judizial jaso ditu azken hilabete honetan lapurreta, usurpazio eta kalteak eragin izan eta el Cerroko lursaila okupatu izana leporatzen diote.

Zitazio judizial hauen aurrean SATeko Idazkari Nagusia den Oscar Reinak intsumisioaren bideari ekin dio eta ez da epailearen aurrean agertuko. Horren ondorioz edozein momentutan atxilotzeko arrisku larrian egon daiteke.

Jazarpen judizial hau inposatu nahi diguten errealitate honen kontra borrokatzen duten eragile sozial, sindikal eta politikoren aurkako errepresioaren testuinguruan kokatu behar da. Hor daude Andrés Bódalo eta Rafa Diezen kasuak gaur egun oraindik kartzelean daudenak, baino hor daude aldi berean mozal legea, isunak, grebalarien aurkako salaketak…

LABetik berehala Oscar Reinaren aurkako salaketa hauek eta Sindicato Andaluz de Trabajadoresen aurkako jazarpena bertan behera gelditu daitezen exijitzen dugu. Aldi berean argi eta garbi utzi nahi dugu gure ahotsa isilarazten saiatu arren ez gaituztela isilaraziko eta borrokatzen jarraituko dugula.

 

 

 

Osakidetzaren eskaintza oso urrun dago LABek eskatzen duenetik

0

Gaur Gasteizen, Osakidetzako Mahai Sektoriala bildu da, baina beste behin esan behar dugu osakidetzaren eskaintza oso urrun dagoela LABen eskakizunetatik. Bertan, akordioetara heltzeko borondate eta beharraz aritu dira, baina momentuz distantzia handia dago gure artean. LABek, egindako eskaintza eta pasatutako informazioa aztertuko ditu eta benetako negoziazioaren aldeko bidetik jarraituko du. Oraindik ikusteke dago Osakidetzaren jarrera ere bide honetatik joango den.

Gaur Gasteizen egindako Osakidetzako Mahai Sektorialaren bileraren ondoren, honakoa hau azpimarratu nahi dugu:

• Osakidetzak ekarritako eskaintza ez da oso ausarta izan eta, oro har, martxoko eskaintzaren edukia jasotzen du.

• Puntu batzuetan zehaztapen handiagoa aurkeztu digute. Adibidez, 2017ko EPErako plaza kopurua (962 txanda librean eta 438 barne promozioan) eta kategorien araberako banaketa; eta pribatizazioen gaineko jarreran (besteak beste, sukaldeak pribatizatzearen aldeko jarrera mantentzen dute). Momentuz, Osakidetzaren eskaintza guk proposatzen dugunetik oso urrun
dago.

• Hala ere, diskurtsoan behintzat, negoziatzeko eta posturak hurbiltzeko konpromisoari berretsi diote.

• Azkenean, Osakidetzako estrukturako plantilla pasatu digute, atzerapenez bada ere eta urtetan eskatzen ibili eta gero.

• Guk argi utzi dugu, gure marra gorri batzuk EPEa eta pribatizazioa direla. EPE deialdiek plaza gehiago jaso behar dute, eta kategoria guztientzako plaza kopuru nahikoa. Pribatizazioari buruz, sukaldeak ere publikoak izan behar dira lehentasunez, Osakidetza %100 publiko izateko helburuaren bidean.

Laburbilduz, akordioetara heltzeko borondate eta beharraz aritu dira, baina momentuz distantzia handia dago gure artean. LABek, egindako eskaintza eta pasatutako informazioa aztertuko ditu eta benetako negoziazioaren aldeko bidetik jarraituko du. Oraindik ikusteke dago Osakidetzaren jarrera ere bide honetatik
joango den.

 

 

 

Gasteizko udaletxeko langileek itxialdia hasi dute

Bi urte pasa dira EAJ Gasteizko udalera heldu zenetik. Ordutik ona ez du bere hitza bete, ez du murrizketetan atzera egin ezta ere langileen lan baldintzak negoziatu. Hasieran baino okerrago gaude. Eskaini zigutena mahai gainetik kendu dute, zinegotzia aldatu ondoren soldata igoeraren akordioari ezezkoa eman diote eta 20 urte lanean daramaten langileei ez diete lanpostua zihurtatzen. 1000 lanpostu bakante daude baina 200 lanpostu betetzeko LEPa eskaintzen digute. Guzti honen aurrean mobilizazioei ekitea erabaki dugu, itxialdian egitea erabaki dugu.

Murrizketa desberdinek eraginda, %10eko eros ahalmenaren galera izan dugu eta horren aurrean %1ko igoera eskaintzen digute.

Madriletik datozen aginduak EAJk bete egiten ditu tutik esan gabe. Errealitatea da Madrilen hartzen diren erabakiak EAJk berekoiak egiten ditu eta areago, estatuko aurrekontu orokorrak sinatuz.

Langileen batzordetik eta langileen batzarretik argi daukagu Udal Gobernuaren eskaintza guztiz eznahikoa dela. Benetan enplegua eta behin behinekoen egoera egonkortzen duen langileentzako eskaintza publikoa eskatzen dugu.

Lanpostu guztiak bermatu behar ditugu, talde guztietakoak, E taldea barne eta kolektibo guztiak kontutan hartuz. Ahaztu gabe “Kartera dekretua”ren bitartez eraginda daudenak.

2006tik ez dugu lansarien igoera izan, eros ahalmenaren %10 galduz. Azken urte hauetan galdutako eros ahalmena berreskuratzea eskatzen dugu.

Mahai gainean berriro murrizketa sozialak eta laboralak jarri dizkigute. Murrizketa horien mahatxua mahaitik kentzea eskatzen dugu

Behar bezalako kalitatezko zerbitzua emateko, udal gobernuak egonkortasuna eta lan baldintza duinak eman behar dizkie langileei hitzarmen baten negoziazioaren bitartez.

Baldintza horiek ematen ez diren bitartean, gatazkan jarraituko dugu, gaurko itxialdiarekin hasiz.

Edozein kasutan, pasa den astean formalki eskatu genuen bilera bat alkatearekin egoera desblokeatu ahal izateko.

 

 

 

Santurtziko eta Pasaiako 700 zamaketariren kaleratzea salatu dugu

0

Santurtziko eta Pasaiako 700 zamaketariren kaleratzea adustu du Espainiako legebiltzarrak. Joan den maiatzaren 18an, Espainiako Legebitzarrak zamaketari buruzko errege dekretua onartu zuen EAJ, Ciudadanos eta PPren botoekin. Dekretuak Santurtzi eta Pasaiako 700 zamaketariren kaleratzea ekarriko du eta sortuko diren enplegu berriak prekaritate gordineran oinarrituak egongo dira. Aldi berean portuetan euren jarrera egiten duten enpresen irabazi mugagabeak ez dira zalatzan jarri. Guzti hau salatuz kalera irten gara.

Errege Dekretu honetan ez dira langileen aldarrikapenak jaso. Lan postuak eta lan baldintzak mantentzea eskatzen dugu eta hori subrogazioaren bitartez egin daiteke. Guzti honengatik LABek Errege Dekretu hau arbuiatzen du eta PP eta patronalaren politika neoliberalak eta zentalizatzaileak babesteari utz diezaiola eskatzen dio EAJri. Bestelako neurriak hartu eta langileen interesak defenda ditzala exigitzen dugu.

LABen lehentasunetariko bat da bertan lan egin, eta beraz, bertan erabakitzea. Zentzu horretan beharrezko ikusten dugu portuen kudeaketa gure esku egotea, eredu propio bat sortzeko. LABek kudeaketa integrala eta publikoa aldarrikatzen du, portuen kudeaketa propioa.

 

 

Osakidetzako zuzendaritzak negoziatzeko benetako konpromisoa adierazteko aukera dauka gaurko Mahai Negoziatzailean

0

Osakidetzak gaurko deitu du Osakidetzako Mahai sektoriala. Helarazitako gai-ordenenean negoziatzeko zenbait puntu sartu zituen: 2016-2017 EPEa, behin-behineko kontratazioa, leku-aldatze lehiaketak, ESIen dekretua, lizentzia eta baimenak eta pribatizazioa. Bilera honetan Osakidetzako zuzendaritzak negoziatzeko benetako konpromisoa adierazteko aukera paregabea izango du. Izan ere, aurreko sektoreko mahaian akordioak eskuratu nahi zituela azaldu zuen Osakidetza. Hala ere, ez gara oso baikorrak, hitz politez gain, benetako jarrera aldaketarik ez dugulako ikusi orain arte.

Martxoko mahai sektorialean adierazitako konpromiso batzuk bete gabe daude oraindik:

• Negoziazio egutegia. Ez digute ezer pasatu eta oso denbora tarte txikiarekin egin ziguten gaurko mahai sektorialerako deialdia;

• Osakidetzako plantilla estrukturala maiatzaren lehengo egunerako helaraztea agindu bai baina, oraindik ez daukagu. Hau inarrizko informazioa da negoziatu behar ditugun gaien inguruan aritu ahal izateko

• Pribatizazio, euskara eta berdintasun batzordeak ez dira bildu.

Bestaldetik, salatu behar dugu e-mailez komunikatzeko gaitasuna guztiz murriztu digutela, posta elektroniko masiboen bidalketa abisurik gabe eta ezer negoziatu gabe debekatu digutelako. LABek askatasun sindikalaren kontrako erasotzat jotzen du hau.

Jarrera hauek guztiek ez dute errazten negoziazioaren bidea eta argi eta garbi esan nahi diogu Osakidetzako zuzendaritzari LAB ez dagoela antzerki batean parte hartzeko prest. Edo benetako negoziazio abiatzen dugu edo gure mobilizazio eta ekintzak gogortuko ditugu.

Momentuz, beste biderik ez dago eta horregatik, EAJ-PSE gobernuaren Osakidetzaren pribatizazioaren kontrako manifestazioa egin genuon sindikatuok larunbat honetan bertan Bilbon.

 

 

 

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak CETAri EZ!

Karta Soziala osatzen dugun eragile eta sindikatuok elkarretaratzea egin dugu Gasteizko Legebiltzarraren aurrean "CETA EZ!" lemapean. Gaur Europako Gaietako eta Kanpo Ekintzako Batzordea Parlamentuan bildu da eta bertan, Valoniako parlamentuko ahaldun den Hélène Ryckmans andreak agerraldia egin du merkataritza-itunen gaineko parlamentu-kontrolari buruzko azalpenak emateko.

Cementos Lemonako langileek enpresa-hitzarmen ona adostea lortu dute

Hilabeteetako negoziazio eta mobilizazioen ondoren, LABek Hitzarmen Kolektiboa adostu du Cementos Lemonan, 130 langileko Arratiako porlan fabrikan. Akordio hau LABek deitutako mobilizazioek egin dute posible, baita mobilizazioak gogortzeko erabakiak ere, Cementos Lemonaren ehungarren urteurrenaren bezperetan. Enpresa honen 100 urteak hainbat belaunaldiren lanaren ondorio dira, eta akordio duin bat lortu ezean borrokan jarraitzeko jarrera irmoa erabakigarria izan da.

Edukiei dagokienez, gure balorazioa oso ona da. Guretzat ezinbestekoa zen ondorengo hiru gaiak jasotzea:

-Lan baldintzak hobetzea. Akordioak KPItik gorako soldata igoerak jasotzen ditu, eta igoerak ditu gaueko plusean eta produkzio priman. Enpresak zuen malgutasuna murriztu egin da, eta baimendutako soldatak hobetzeaz gain, zigor araudia aplikatzean enpresaren eskumena mugatu da.

– Enpresak aurrez ezarritako langileen arteko desberdinatasunak ezabatu dira. “Mando molino”ko langileen egoera hobetu da, eta haien egoera blindatu da, lanpostuak eduki gabe uzteko tentazioari aurre eginez. Harrobiko langileen kasuan, soldata diskriminazioa (soldata eskala bikoitza) kendu da, soldatak gorantz berdinduz.

– Etorkizunerako bermeak. Bi kontratazio berri adostu dira, eta langile kopurua mantentzeko konpromisoa lortu, inoiz Cementos Lemonako hitzarmen baten jaso izan ez dena.

Azaldutako edukiez gain, harro gaudela esan nahi dugu:

-Negoziaketa honetan izan dugun eredu parte hartzaileagatik, etengabean langile guztiekin baina bereziki
gai bakoitzarekin zuzeneko lotura zuten langileekin hartu emanetan egon garelako.

-Cementos Lemonan lan harreman eredu berri baten bidean urratsak eman ditugulako, interes partikularren gainetik interes orokorra ezarriz, ez beste zaharkitutako sindikalgintza ereduetan bezala. Izan ere, enpresa eroso zegoen interes partikularrak lehenesten zituen ereduarekin.

Amaitzeko, Cementos Lemonako langileak zoriondu nahi ditugu azaldu duten kemenagatik. Merezi dugu lortutako akordioa. Dena den, hau urrats bat besterik ez da, eta gure etorkizunaren defentsak borroka berriak ekarriko dizkigu.
 

 

 

Marinel bat hil da Nigerian lanean ari zela

Aurten 27 langile hil dira laneko istripuz

Ostegunean jakin genuen, Nigeriako uretan zebilen TEEKAY enpresaren itsasontzi merkante batean, J.G. 53 urteko langilea hil egin zela, lan istripu ez traumatikoan. Dagoeneko 27 dira gutxienez 2017an Euskal Herrian euren lanpostuetan edo euren ondorioz hildako langileak, 3 Araban, 8 Bizkaian, 12 Gipuzkoan eta 4 Nafarroan.