2026-02-05
Blog Page 976

Gure izenean ere ez, erraustegiari ez

0

Gipuzkoako Foru Aldundiak eraiki asmo duen erraustegiari ezezkoa emateko berriro kalera aterako gara bihar. Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak Donostian mobilizatzera deitu du abenduaren 27an eta LAB sindikatuak bat egiten du deialdiarekin.

Gure izenean ere ez, ez dezatela erraustegiaren proiektuarekin aurrera egin. Arrazoi ugari ditugu errausketaren kontra egoteko: 

– Ingurumena. Naturarekiko gure konpromisoa. Errausketa jarduera kutsatzailea da. 
– Osasuna. Langileon osasunaren aurka joko du bete-betean. Errauskailutik gertu bizi diren herritarrentzat minbizia izateko aukera biderkatu egingo da, zer esanik ez errauste plantako langileentzat. 
– Ez dugu ontzat ematen gutxi batzuren negozio pribatuak eta interes ekonomikoak gehiengo sozialaren eskubideen eta ongizatearen gainetik jartzea. 
– Hondakinen produkzioa gutxitu egin behar da: birziklatu, berrerabili. Zabortegi toxikoen aurrean, hondakinei beste trataera bat eman behar zaie. Alternatiba horiek guztiak ere enplegu sortzaile izan daitezke, gainera. 

Errauskailuak badauzka alternatiba egingarriak. Aldundiaren esku dago Gipuzkoan abiatu duen inboluzio prozesuarekin amaitu eta herritarrok esateko duguna entzuten hastea. Erraustegiaren proiektua geldiarazi eta hondakinen kudeaketarako egon litezkeen alternatiba ezberdinak aztertzea eskatzen diogu, gaia lantzeko prozesu sozial parte hartzaile bat irekiz, herritarrekin eta eragile ezberdinekin. 
 

 

 

EAEko Hezkuntza Sailaren proposamenaren aurrean, oposaketak atzeratzea eskatu dugu

0

Hezkuntzak 2017rako lan eskaintza deialdia presaka, planifikazio barik eta legeak baimentzen duen azken momentuan onartzeko asmoa du. Ikasturte hasieran, irailaren 7an, Cristina Uriartek Lanbide Heziketarako lan eskaintza izango zela iragarri zuen komunikabideetan. Ordutik hona, hainbat aldiz informazioa eskatu badugu ere, kezkatzeko moduko erantzunak jaso ditugu Hezkuntza Sailetik. Duela gutxi arte ez dute inolako informaziorik izan. Ez kidegoa, ez plaza kopurua, ezta oposaketak egongo ziren ere ez zekiten. Horregatik oposaketak atzeratzea eskatu dugu.

Hezkuntzak 2017rako lan eskaintza deialdia presaka, planifikazio barik eta legeak baimentzen duen azken momentuan onartzeko asmoa du. Ikasturte hasieran, irailaren 7an, Cristina Uriartek Lanbide Heziketarako lan eskaintza izango zela iragarri zuen komunikabideetan. Ordutik hona, hainbat aldiz informazioa eskatu badugu ere, kezkatzeko moduko erantzunak jaso ditugu Hezkuntza Sailetik. Duela gutxi arte ez dute inolako informaziorik izan. Ez kidegoa, ez plaza kopurua, ezta oposaketak egongo ziren ere ez zekiten. Horregatik oposaketak atzeratzea eskatu dugu.

Irakasleok jakin badakigu oposaketa batek zer nolako eragina duen langileongan eta zentroetan ere. Zenbat lan eta zenbat denbora eskatzen duen halako prozesu batean parte hartzeak. Lan eskaintzaren berri momentu honetan jasotzea erasotzat hartzen dugu. Gutxiengo baldintza batzuk ukaezinak dira. Abenduaren azken astean informazioa jasotzea onartezina da.

Hezkuntzako beharren araberako planifikazioa beharrezkoa da. Plantillaren adina eta jubilazioak, langileen %30tik gorako behin-behinekotasun tasa eta eskoletako plantillen egoera eta egonkortasun falta kontuan hartu eta kalitatea bermatuko duen kontratazio eta sarbide eredua planifikatu behar da. Egungo eredua aldatzearen beharra ere azpimarratu du ere Europako sententziak. Azken urteetako oposaketa deialdiek egungo egoera betikotu egiten dute, inolako planifikaziorik gabeko erabakien ondorio dira, unean uneko erabakien ondorio.

Horregatik guztiagatik, honakoa eskatzen dugu:

  1. 2017rako lan eskaintza bertan behera uztea.
  2. Aurreikusita dauden lanpostu horiek ondorengo deialdirako gordetzea. Langileek beharrezko denboraz, duintasunez aurkezteko denbora izan dezaten.
  3. Mahai tekniko bat irekitzea. Egungo egoeraren azterketa egin eta etorkizunera begira hezkuntzako beharrei eta langileen beharrei erantzungo dion kontratazio eta sarbide eredua planifikatzeko.

 

 

 

Arcelor Olaberrian greba arrakastasua egin dute

0


Arcelor Olaberriako Enpresa Batzordeak deituta egun osoko greba egin dute langileek. Jarraipen zabala izan du deialdi honek. Mobilizazio hauen bidez langileek enpresako hitzarmena bete eta ordezko langileak Olaberrian sartzea eskatzen dute, baita etorkizunean izango diren errelebo kontratuak ere Olaberrian ematea ere, horrela enplegu suntsiketa eragotziz.

Gatazka Enpresako Zuzendaritzak enpresako aurrejubilazioen inguruko akordioa ez betetzeagatik dator. 2016 urtean, 7 langile aurrejubilatuko dira eta beraien ordez sartuko diren langileak Olaberriatik kanpoko beste lantegi batean kolokatu nahi ditu enpresak.
 

 

 

Euskal Herriak merezi duen bakea eraikitzeko unea dela berretsi du Etxaidek

0

Bake prozesuaren aldeko elkarretaratzeak egin ditugu Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, hainbat eragilek deituta. Bakea eraikitzeko jendartearen babesa dagoela aldarrikatu dute bildutakoek.

Pasa den astelehenean, Baionan, eragile sozial, sindikal, alderdi politiko eta hautetsiek Luhusoko gertakarien harira egin zuten deiari jarraikiz, zenbait eragilek elkarretaratzeak egin ditugu gaur, abenduak 23, Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Bertan, LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek adierazi du gaurko mobilizazioen helburua “Luhuson gertatutako atxiloketen aurrean Ipar Euskal Herriak emandako erantzunari jarraipena ematea” dela.

“Ipar Euskal Herriak zabaldutako bide hori Euskal Herri osora zabaltzea” beharrezko ikusten du Etxaidek. Ipar Euskal Herrian bezala, Hego Euskal Herrian ere hautetsiak eta ordezkari politikoak armagabetzea modu zuzenean gauzatu dadin inplikatzeko unea dela esan du. LABen iritziz, prozesu hau aurrera ateratzeko mobilizazio sozialean dago gakoa, hots, konpromiso indibidualak kolektibo bihurtuz, hautetsiak inplikatuz, Estatua mugitzea lortuko da.

“Estatuak oztopoak jartzeari utzi eta herri honek merezi duen bakea eraikitzeko aukera” zabaltzeko eskatu du Etxaidek.

Estatu espainol eta frantsesek ezarri nahi duten irabazle-galtzaile eskema gainditu dugu. Herria da garailea, eta Euskal Herria eraiki behar dugu orain. Horretarako badago sindikatuon konpromisoa eta jendartearen babesa.

 

 

 

Hirugarren sektorea arriskuan dagoela ohartarazi dugu Bilbon


Bizkaiko hirugarren sektorearen etorkizunari buruzko zalantza ugari daude, udal-eskuduntzei buruzkoak batez ere. Ezagutzera eman dutena kezka sortu du sektorean, eta, azalpenak eman ditzaten eskatzeko, LABek elkarretaratzea egin du Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean, ESK eta CCOO sindikatuekin batera.

Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren aldaketa prozesu baten erdi-erdian aurkitzen gara, maparen eta karteraren hedapenarekin, Gizarte Zerbitzuen Legeak jasotzen duen bezala; prozesu honek 2016ko abenduaren 31rako amaituta egon beharko luke.

Arlo honi dagokionez, instituzioen atzerapenak eta Bizkaiko Foru Aldundiaren utzikeriak prozesuaren ezaugarriak izan dira eta dira, nahasmen egoera sortu delarik, jendarte zerbitzuen bi foru-arlotako banaketarekin nahasmena areagotuz; alde batetik jendarte zerbitzuak, eta bestaldetik, jendarte-inklusioa. Egoera, oro har, ez bada batere erakargarria, alarma gorria piztu du jendarte-inklusioan.

Gizarte Zerbitzuen Legearen hedapen hau 2010etik jasaten ari garen murrizketen testuinguruan ematen ari da. Egun, Bizkaiko hirugarren sektorearen etorkizunari buruzko zalantza ugari daude, batez ere udal-eskuduntzei buruzkoak; ezagutzera ematen ari den gutxi horrek oso kezkatzen gaitu. Zer gertatuko da mapa horretan sartzen ez diren zerbitzuekin? Zein alternatiba dago lanpos­tua galtzeko arriskuan den jende horrentzat? Zein baldintzetan burutuko da inklusio soziala­ren lana?

Testuinguru honetan, ESK, LAB eta CCOO sindikatuek elkarretaratzea egin zuten atzo, Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean.
 

 

 

Sahararen aurkako errepresioa salatuko dugu abenduaren 26an Bilbon

0


Duela 6 urte, 2010eko Azaroaren 8an, Marokoko indar okupatzaileek Gdeim Izik kanpamendua suntsitu zuten modu bortitzean. Horren harira Marokoko erreinuak 25 pertsona atxilotu zituen modu arbitrarioan eta handik 2 urtera zigor gogorretara kondenatu zituen. Mobilizazioari esker epaiketa militar hura bertan behera geratzea lortu zen, baina kartzelan jarraitzen dute. Guzti hau salatu eta abenduaren 26ko epaiketa berria bertan gera dadin eskatuz mobilizazioa egingo dugu 11:30tan Marokok bilbon duen kontsulatuaren aurrean.

2010ean Marokoko indar okupatzaileek Gdeim Izik kanpamendua suntsitu zuten Saharar herritar zibilak erasotuz, kanpamendua inbadituz, jaimak errez, eta helikopteroetatik gas negar-eragile eta ur beroa botaz. Ondoren 25 pertsona atxilotu zituen, 20.000 pertsonek baino gehiagok Marokoren giza eskubideen aurkako eraso berria salatuz eginiko mobilizazioan parte hartu izana egotzita. Preso politikoak askatzeko eginiko presio eta mobilizazioen ondoren, epaiketa militarra bertan behera gelditu zen, baino kartzelan jarraitzen dute, eta berriro ere epaituak izanen dira, oraingoan epaitegi zibil batean.

Honen aurrean Euskal Herritik gogor eta ozen exijitzen dugu Sahararen okupazioa eta horren ondorioz Saharar herriak pairatzen duen errepresioa bertan behera gelditu dadila, eta aldi berean behingoagatik adostutako erreferenduma egin dadila eskatzen dugu, Saharar herriak bere etorkizuna libre eta demokratikoki erabaki ahal izan dezan.

Hau guztiagatik, hurrengo Abenduaren 26an goizeko 11:30etan Bilbon Marokok duen kontsulatuaren aurrean mobilizatuko gara ELA, ESK, STEILAS, Sahara herriarekiko Euskal Herriko eragileak eta Euskal Herriko Saharar etorkinen erakundeekin batera. Euskal jendartea mobilizazioan parte hartzera deitzen dugu.

 

 

 

Hainbat herritan zabaldu dugu euskal preso politikoen aldeko aldarria


Gasteiz, Laudio, Bergara, Algorta…euskal preso politikoen aldeko aldarria hainbat herritan zabaldu du LABek egunotan. Mobilizazio gehiago aurreikusita daude urtea amaitu arte eta ondorengorako, preso eta iheslarien etxeratzea lehentasuna baita sindikatuarentzat.

LAB euskal preso politikoen alde irten da kalera. Preso ohiek ‘Kalera Kalera’ ekimena abian jarri dute, eta sindikatuak babesa eskaini die. Dinamika horretatik harago, LABek mobilizazioak egin ditu egunotan hainbat herritan, abenduan zehar egin bezala. Urrutira joan gabe, Gasteiz, Laudio, Algorta eta Bergaran deitu zituzten protestak atzo. 

Hain zuzen ere, Bergaran, Debaldea eskualdeko delegatuek bilera izan zuten, lan munduan euskal preso eta iheslarien etxeratzearen alde Donostiako Ibaeta Fakultatean aurkeztutako Ireki ekimenaren berri emateko, eta, bide batez, sindikatuko ordezkariek aipatutako dinamika horrek Euskal Herri osoan 150.000 sinadura lortzearen erronka betetze aldera zein ekarpen eta nola egin dezaketen aztertzeko. Hala, LABek ordezkaritza duen enpresa handietan, Irekiren ekimenei babesa eta sostengua ematea izango du helburu sindikatuak, lantoki txikiagotan ere sinadura bilketak sustatzearekin batera. Herri ezberdinetan sortu litezkeen taldeetan parte hartzea ere ez zuten baztertu bileran. 

LABen iritziz, Euskal Herriko gatazkaren konponbidean, preso eta iheslarien etxeratzea lehentasuna duen gai bat da, eta bere esku dagoen guztia egingo du eremu horretan, lantokietan zein kalean.

Hauek dira egunotarako aurreikusitako mobilizazio batzuk:

Abenduak 28. Goierri
Ordiziako merkatuan, mobilizazioa

Abenduak 30. Hego Uribe Arratia
Basaurin, 12:00etan, elkarretaratzea Benta Plazan

Abenduak 30. Oarso Bidasoa
Azken ostirala indartuko dugu deialdi zabalagoa eginez.

Abenduak 30. Donostia
Azken ostirala indartuko dugu deialdi zabalago bat eginez. Urdaneta kaleko Korreos-en izango da elkarretaratzea, eta, ondoren, Donostiako presoei eskutitzak bidaliko dizkiegu.

Urtarrilak 13. Iruñerria
Iruñean, 12:00etan, giza-katea Gaztelu Plazan

 

 

 

Ugaoko ikastetxeak sukaldea bertan izatea eskatuko dugu

LABek ekingo dion kanpainaren bidez, sukaldeak bertan eustea eskatuko dugu, eta tokian tokiko sukaldeak berriro ezar daitezela, desagerrarazi zituzten lekuetan.

Ugaoko ikastetxean eraikuntza berria egiten ari dira. Aipatu eraikuntza DBH eta batxilergoko klaseak emateko erabiliko da. Ikasle horietaz, gaur egun arte, lehen hezkuntzako eraikuntzan dagoen sukaldea arduratzen zen.

Jakin dugunez, eraikuntza berrian “officea” jarri gura da eta “catering” eredua ezarri gura da; sukalde nagusi batean prestatu nahi da janaria, ostean, ikastetxera eroateko.

Ezaguna da LABek jangeletako eredu berriari buruzko proposamena landu duela. Aipatu proposamenean 2000. urteko jantokietako aginduaz aritzen gara, indargabetutzat jotzen duguna. Agindu honen aipua egiten dugu, Hezkuntza Sail horrek erabili duen baliabidea delako catering eredu kaltegarria elikatzeko. Horretarako, Sailaren iritziz “cateringak” bermatzen duen osasun araudiari heltzen dio.

LABek zalantzak ditu argudio honekin. Uste osoa dugu Sailaren helburu nagusia sukalde guztiak kanpora eroatea dela, “catering” enpresei ateak zabalduz. Honez gain, esan behar da, enpresa hauen etika zalantzagarria dela, Lehiaren Euskal Agentziak lehia desleiala egin zelako jarri zuen salaketan agerian geratu zenez.

Enpresa-etika zalantzagarri horren itzala, eguneko lanak betetzen dituzten hezitzaileei ezarritako lan baldintzetan ere nabaritzen da, lanaldi prekarioekin eta salgai hutsen moduan erabiltzen dituztelako. Unean uneko enpresak izan ditzakeen premien arabera deitzen dituzte lanera. Hori eginez, lizitazioak egin ostean, gure zergen bidez osatzen eta ordaintzen den aurrekontuetatik ateratzen den dirua aurreztu gura dute. Ez dezagun ahantz jardunbide horiek ez dietela, inondik inora, eragiten familiek ordaindu beharreko kuotei.

Zehaztearren, bi bider ordaintzen da, alde batetik, lizitazioekin (izan gogoan, 35 milioi euro esleitzen direla honetara) eta bestetik, familiek, batez beste, 80 bat euroko kuotekin, behar den langile kupoa bete zein ez.

Askotan aipatzen dute sukaldea edukitzea garestiagoa dela. Sail beraren agiriekin froga dezakegu ez dela horrela. “Officea” edota bertan sukaldea jartzeak antzeko prezioa du, hala ere, bien arteko aldea nabaria da. Batean, goizean bertan prestatutako janaria banatzen den bitartean, bestean egun batzuk lehenago prestatua izan daiteke.

Modu berean, LABek eskatzen du bertako elikadurak eta elikadura agro-ekologikoak sartu ahal izatea. Gure ustez, elikagaien kalitatea handiagoa izango da horrela, jakina, baina eskari hori, gure lehen sektorea (sektore aberatsa eta gure erakundeek gutxietsia) lagundu guran ere egiten dugu.
 

 

 

Gipuzkoako grafikagintzako hitzarmena sinatu da

0

LABek, sektoreko delegatuen batzarraren erabateko adostasunarekin, Gipuzkoako Grafikagintzako hitzarmena sinatu du. UGTk ere sinatu du. Hitzarmenaren sinadurarekin langileen eros-ahalmena bermatzeaz gain, sektoreko lan baldintza guztiak, baita soldata eta lanaldia ere, 2021era arte bermatu ditugu, lan erreformari aurre eginez.

ADEGI lan erreformaren jarraitzailerik sutsuena izanik, atzera egin behar izan du eta 3 urteko ultraktibitatea onartu (lan erreformaren urtebetekoa gehi beste bi urte). Honek duen garrantziaz ohartarazi nahi dugu, gainerako sektoreetarako aurrekaria izan daitekeelako. Lorpen hau, zalantzarik gabe, langileen borrokaren emaitza izan da.

Azkenik, arrazoi ezberdinak direla medio, ELA eta CCOOek ez sinatzea erabaki dute. Sindikatu hauen erabakia guztiz errespetagarria bada ere, bere erabakia hartzeko erabilitako argudioak ez horrenbeste.

CCOOk nahiz ELAk arrazoi juridikoak aipatu dituzte, ea ultraktibitatearen akordio berri honek dagoena kaltetuko ote duen. Ez zaigu serioa iruditzen, euren plataforman zein negoziazio mahaian LABek dioen gauza bera adierazi baitute. Plataformak eta aktak publikoak dira. Koherentzia garrantzitsua da.