2026-09-30
HomeIrakaskuntzaSukalde eta garbitzaileakUgaoko ikastetxeak sukaldea bertan izatea eskatuko dugu

Ugaoko ikastetxeak sukaldea bertan izatea eskatuko dugu

LABek ekingo dion kanpainaren bidez, sukaldeak bertan eustea eskatuko dugu, eta tokian tokiko sukaldeak berriro ezar daitezela, desagerrarazi zituzten lekuetan.

Ugaoko ikastetxean eraikuntza berria egiten ari dira. Aipatu eraikuntza DBH eta batxilergoko klaseak emateko erabiliko da. Ikasle horietaz, gaur egun arte, lehen hezkuntzako eraikuntzan dagoen sukaldea arduratzen zen.

Jakin dugunez, eraikuntza berrian “officea” jarri gura da eta “catering” eredua ezarri gura da; sukalde nagusi batean prestatu nahi da janaria, ostean, ikastetxera eroateko.

Ezaguna da LABek jangeletako eredu berriari buruzko proposamena landu duela. Aipatu proposamenean 2000. urteko jantokietako aginduaz aritzen gara, indargabetutzat jotzen duguna. Agindu honen aipua egiten dugu, Hezkuntza Sail horrek erabili duen baliabidea delako catering eredu kaltegarria elikatzeko. Horretarako, Sailaren iritziz “cateringak” bermatzen duen osasun araudiari heltzen dio.

LABek zalantzak ditu argudio honekin. Uste osoa dugu Sailaren helburu nagusia sukalde guztiak kanpora eroatea dela, “catering” enpresei ateak zabalduz. Honez gain, esan behar da, enpresa hauen etika zalantzagarria dela, Lehiaren Euskal Agentziak lehia desleiala egin zelako jarri zuen salaketan agerian geratu zenez.

Enpresa-etika zalantzagarri horren itzala, eguneko lanak betetzen dituzten hezitzaileei ezarritako lan baldintzetan ere nabaritzen da, lanaldi prekarioekin eta salgai hutsen moduan erabiltzen dituztelako. Unean uneko enpresak izan ditzakeen premien arabera deitzen dituzte lanera. Hori eginez, lizitazioak egin ostean, gure zergen bidez osatzen eta ordaintzen den aurrekontuetatik ateratzen den dirua aurreztu gura dute. Ez dezagun ahantz jardunbide horiek ez dietela, inondik inora, eragiten familiek ordaindu beharreko kuotei.

Zehaztearren, bi bider ordaintzen da, alde batetik, lizitazioekin (izan gogoan, 35 milioi euro esleitzen direla honetara) eta bestetik, familiek, batez beste, 80 bat euroko kuotekin, behar den langile kupoa bete zein ez.

Askotan aipatzen dute sukaldea edukitzea garestiagoa dela. Sail beraren agiriekin froga dezakegu ez dela horrela. “Officea” edota bertan sukaldea jartzeak antzeko prezioa du, hala ere, bien arteko aldea nabaria da. Batean, goizean bertan prestatutako janaria banatzen den bitartean, bestean egun batzuk lehenago prestatua izan daiteke.

Modu berean, LABek eskatzen du bertako elikadurak eta elikadura agro-ekologikoak sartu ahal izatea. Gure ustez, elikagaien kalitatea handiagoa izango da horrela, jakina, baina eskari hori, gure lehen sektorea (sektore aberatsa eta gure erakundeek gutxietsia) lagundu guran ere egiten dugu.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Langileen aldarrikapenei erantzungo dieten proposamen zehatzak eskatu dizkiogu Osakidetzari

Osakidetzako Zuzendaritzak aurkeztu egin du Mahai Sektorialeko sindikatuei bidalitako proposamena. Lan Baldintzak Arautzen dituen Akordioaren lehen zirriborro bat da eta dokumentuak ez du barneratzen sakoneko gaiei buruzko proposamenik, hala nola ordainsariak, lanaldi murrizketa edo lan kargak.Gai horiek sindikatuon aldarrikapenen artean daude.

Ez dugu onartzen patronalek akordioak ez betetzeagatik langileak kaleratuak izatea

2024ko otsailean Greba Amaierako Akordioa (GAA) sinatu genuen. Hurrengo egunean langileok gure lanpostuetara bueltatu ginen. Baina patronalek ez zuten akordioa bete, fede txarrez negoziatu eta sinatu baitzuten, hau da, sinatutako akordioa beteko ez zutela jakinda. Lehenik eta behin, ez zituzten soldatak eguneratu nahi, gero ez zituzten sortutako atzerapenak ordaindu nahi, eta, ondoren, uko egin zioten ordu bateko eskola ordua murrizteari eta lan pertsonalerako ordu bateko igoera aplikatzeari. Horrenbestez, epaitegietara jotzera behartu gintuzten, sinatutakoa bete zezaten. Hiru aldiz jo behar izan dugu Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusira (EAEAN), eta hiruretan epaileek arrazoia eman digute, argi eta garbi utziz KEk (Kristau Eskolak), AICE-IZEAk eta ikastetxeek bete behar zuten akordioa urratzen zutela. Epaiek patronalek erabili dituzten argudioak desmuntatzen dituzte, honako baieztapen hauek jasotzen baitituzte: 1. Akordioak hitzarmen maila duela, sinatzaileek nahitaez bete behar dutela eta 2024ko otsailaren 5etik, hau da, sinatu zen egunetik aurrera, indarrean zegoela. 2. Itundutako soldata eta lan-baldintzak ez daude finantzaketa publikoari lotuta eta ez daude finantzaketa publikoaren menpe. Zehazki, eskola-orduak ordubetez murrizteko neurriak, adostua eta sinatua dagoenak, bi helburu zituen: 1. Langileen lan-karga izugarria murriztea. 2. Matrikulazioen jaitsieragatik ikasgelak galtzearen ondorioz hurrengo ikasturteetarako aurreikusitako inpaktua eta langileen kaleratzeak murriztea. Izan ere, horrela ahalbidetuko litzateke ikasgelaren bat ixten den ikastetxeetan kaleratzeak saihestea. Nola? Bada, eskola-ordu murrizketa aplikatzearen ondorioz egin beharko liratekeen kontratazio berriekin konpentsatuz. Gainera, ikasgelarik ixten ez den ikastetxeetan kontratazio berriak egongo lirateke, eta Birkokapen Akordioaren bidez, beste ikastetxe batzuetatik kaleratutako langileek lehentasuna izango lukete. Horrela egin behar zen, baina KEk eta AICE-IZEAk uko egin diote. Publikoki esaten dute kezkatuta daudela ikasgelak ixteagatik, baina ez da horrela, beren ez-betetzeekin eta fede txarrarekin 160 kaleratze baino gehiago eragin baitituzte. Joan den ikasturtean 100 langile inguru kaleratu zituzten, eta ikasturte honetan 160 baino gehiago. Ikasgela galtzearen ondoriozko kaleratze “objektiboak” salatuko ditugu, bidegabeko kaleratzeak direla argudiatuz; izan ere, kaleratzea ez da ikasgela galtzeagatik gertatu, baizik eta ikasgela galtzeagatik eta sinatutako irakastordu murrizketa ez aplikatzeagatik. Hau da, patronalek Greba Amaierako Akordioa bete ez izanaren ondorio zuzena da 160 langile baino gehiago kaleratzea, baita horiek birkokatzea oso zaila izatea ere. Gaur, irailak 30, arratsaldez, ikasturte berria ospatuko du KEk Gasteizko San Viator Ikastetxean. STEILASek, CCOOk, LABek eta UGTk garbi dugu ez-betetzeekin eta kaleratzeekin ez dugula ezer ospatzeko, eta bai asko aldarrikatzeko. Hori dela eta, arratsaldean ospakizunaren atarian esango diegu, argi eta ozen, sinatutako akordioa bete behar dutela eta negoziazio mahaira hitzarmen proposamen bat eraman behar dutela, atzerapausorik gabekoa eta GAAn sinatutako eskubide guzti-guztiak jasoko dituena. Eskola-orduen murrizketa eta lan pertsonalerako bost orduak jaso beharko ditu. Horrek, neurri handi batean, gelak ixteagatiko kaleratzeak murriztuko lituzke. 2026ko maiatzean, berriro ere, patronalek seriotasun faltaz eta fede txarrez jokatu zuten. Negoziazio mahaian hitzarmen-proposamen bat aurkeztu zuten, arreta zuzeneko orduak murriztea eta lan pertsonalerako bosgarren ordua ezartzea jasotzen zituena. Bost egun geroago erretiratu egin zuten, baina zer gertatuko litzateke sindikatuek proposamena sinatu izan balute? Jarrera hori errespetu falta ikaragarria da sektoreko 9000 langileekiko. Patronal serioak behar ditugu, sinatzen dutena betetzen dutenak. Horrenbestez, beste behin ere honakoa exigitzen diegu KEri, AICE-IZEAri eta ikastetxe guztiei, aplikazioaren azken arduradunak baitira: 1. Sinatutako GAA osorik betetzea, eskola-orduen murrizketa barne, dagokion konpentsazioarekin. 2. Atzerapausorik gabeko hitzarmen-proposamena aurkeztea eta GAAn adostutako guztia jasotzea. Bide batez, sektoreko ikastetxeen %20 inguru ari dira aplikatzen eskola-orduen murrizketa, Elizbarrutiko ikastetxe guztiak barne. Egin daiteke, baina ez dago horretarako borondaterik. STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuok patronalen ez-betetzeak salatzen jarraituko dugu, GAAn jasotako eta sinatutako eskubide guztiak bete arte.

Enpresaren kudeaketa negargarriak hartzekodunen konkurtsora kondenatu du Olazabal y Huarte

Gasteizko enpresa historikoak itxierari eta 30 lanpostu suntsitzeari egin behar die aurre. Olazabal y Huarte enpresa txarto kudeatua izan da hainbat urtez. Duela urte batzuk,...