2025-12-31
Blog Page 962

Negoziazio kolektiboa desblokeatzeko lanean jarraituko dugu, Akordio Interprofesionalaren mahaian egiturazko akordio bat lortu eta gero

Adostasuna lortu dugu Akordio Interprofesionalaren mahaian. Bilera gaur arratsaldean izan da, eta sindikatuek adierazpenak egin dituzte bukatu bezain pronto. LABeko ordezkari Xabier Ugartemendiak adierazi du “egiturazko akordio bat” dela sinatutakoa, eta nabarmendu du ezin izan dutela negoziazio kolektiboaren blokeo egoera gainditzeko neurriak adostu, “Confebaskek nahi izan ez duelako”. LABek blokeoa gainditzeko lanean jarraituko duela berretsi du.

Akordio Interprofesionalaren mahaia gaur bildu da berriro, eta egiturazko akordio bat sinatu dugu sindikatuok eta patronalak. LABeko Exekutiboko kide Xabier Ugartemendiaren arabera, “akordioarekin lortu dugu bertako sektore mailako hitzarmenak lehentasuna izatea, hau da, estatuko negoziazio eremutik, patronala, CCOO eta UGTren eskutik jasaten dituzten erasoetatik, babestuak geratzea”.

Modu baikorrean baloratu du babes hori lortu izana, eta akordioa sinatzeko arrazoia horixe izan dela azaldu du. “Baina, akordio honek indarrean dauden hitzarmenak baino ez ditu babestuko, eta, horrexegatik, LABek ere negoziazio kolektiboaren blokeo egoera konpontzea planteatu du. Akordio honen negoziazioan argi geratu da nork blokeatzen duen negoziazio kolektiboa eta nork ez duen blokeoari irtenbiderik eman nahi: Confebaskek eta bere barruan dauden Adegik, Cebekek eta Seak”, jakinarazi du Ugartemendiak.

Hala, ez dituzte desblokeorako neurriak adostu, baina LABek helburu hori lortzeko lanean jarraituko duela berretsi du. “Argi dugu langileak pairatzen ari diren egoerarekin amaitzeko prekarietateari aurre egingo dien edukiak dituzten hitzarmenak behar ditugula, eta hitzarmen horiek lortzeko indar korrelazioa aldatu behar dugu”, zehaztu du sindikatuko ordezkariak.

LABek Birpentsatzen prozesua abiatu zuen joan den ikasturtean, ekintza sindikalean eraginkorragoak izateko, eta langile multzo bakoitzari borrokatzeko eskaintza bat egin ahal izateko. Gure helburua langileak aktibatzea da, beraiek pairatzen ari diren egoerari aurre egiteko eta prekarietatetik irtetzeko. Aktibazo horrek ekarriko du patronala eta administrazioa duten posizioetatik mugitzeko borroka eta konfrontazioa. Hori da bidea egoera aldatzeko eta eduki txukunak dituzten hitzarmenak lortzeko. LABek bide horretan lanean jarraitzeko konpromisoa hartu du, eta hainbat dinamika jarriko ditu abian hori lortzeko.
 

 

 

Mobilizazioak egingo ditugu larunbatean, inposatu nahi dizkiguten merkatu hitzarmenak salatzeko

0


TTIP, CETA eta TiSAren aurkako kanpaina osatzen dugun erakundeok mobilizazio eguna antolatu dugu datorren urtarrilaren 21erako, Itunarekiko gure gaitzespena agerian uzteko. Mobilizazioak egingo ditugu Iruñean, Bilbon eta Gasteizen. Europa mailako deialdiarekin bat eginez, inposatu nahi dizkiguten merkatu hitzarmen hauetatik geure buruak aterkiekin babestuko ditugu.

TTIP, CETA eta TiSAren aurkako aterkien elkarretaratzeak egingo ditugu datorren larunbatean, itunen aurkako plataformak eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deituta: Iruñean, 12:00etan, Carlos III pasealekuan; Bilbon, 12:00etan, Arenaleko zubian; Gasteizen, 12:00etan, Ama Zurian. Hauxe da mobilizazioen atarian kaleratutako adierazpena:

Europar Batasuna eta Kanadaren arteko merkataritza eta ekonomia ituna (CETA) baieztapenerako azken fasean dago. Europar Kontseiluan blokeatuta gelditzekotan egon zen, Valoniako Parlamentuak ez baitzuen bere oniritzia eman nahi, baina, azkenean, nazioarteko presioek, belgikarrak baiezkorantz eraman zituen.

Europar Parlamentuko lan komisioak ezetz esan zion itunari abenduaren 8an eta beste hainbat komisiok berdina egitea espero dugu.

Prozeduraren hurrengo pausoan, Europar Parlamentuak akordioa bere osotasunean bozkatuko du osoko bilkuran otsaileko lehenengo egunetan. Bozketaren emaitza baiezkoa balitz, itunaren atal asko behin behinean aplikatzen hasiko lirateke, eskualdetako eta nazio-parlamentuetan bozkatzen den bitartean (38 guztira. Baten batek onartuko ez balu, akordioa bertan behera geratuko litzateke).

Europar Batasuneko nahiz Kanadako gizarte zibileko hainbat aldetako kideak CETAren aurkako iritzia azaldu dute, ingurugiroaren eta pertsonen oinarrizko eskubideen babesaren aldeko bermerik eskaintzen ez duelakoan. 3,5 milioi pertsonek CETA eta TTIParen (itun bikia) aurkako eskaera sinatu dute jada Europar Batasunean.

CETAri hainbat eranskin eta “adierazpen interpretatibo” gehitu dizkiote, gerora, itunaren aldeko babesa gehitzeko asmotan, baina, testu hauek guztiek, ez dute akordioa gehiegi aldatzen, epaitegi paraleloak, lanpostuen galera, ingurugiroaren babes eza, etab. bezalako hainbat arazo aurkezten dituelarik oraindik, besteak beste.

Honegatik guztiagatik, TTIP, CETA eta TiSAren aurkako kanpaina osatzen dugun erakundeok mobilizazio eguna antolatu dugu datorren urtarrilaren 21erako. Itunarekiko gure gaitzespena agerian utzi nahi dugu baita erabakitzeko gaitasuna eta bozka daukaten europar, kanadiar nahiz nazio, probintzia eta eskualdeetako parlamentuei ordezkatzen dituzten herritarren eskubide eta interesen alde jokatzeko eskaera luzatu ere, itun honek suposatzen duen mehatxua kontutan hartu eta CETAren baieztapenaren aurka bozkatzeko eskatuz. TTIP eta CETAren aurkako jarrera hartzeko eskatu nahi diogu Gasteizko Parlamentuari, lehenago Nafarroako Parlamentuak egin zuen moduan. Merkataritza interesek ezin dute demokraziaren eta pertsona eta planetaren interesen gainetik egon. Horregatik guztiagatik, TTIP eta CETAri ezezkoa ematen diegu, herriek erabaki behar dutelako!
 

 

 

Patxiren etxebizitzaren aurrean agerraldia egingo dugu bihar Donostian

Geratu behar dugun beste etxe desjabetze bat da. Onartezina da Patxi, bere 84 urteekin, enpresa prestamista batek, XXI. mendeko lukurreroak, etxetik botatzea eta kalean utzi nahi izatea. Momentuz, azken berrien arabera, epaileak atzeratu du etxegabetzea, maiatzaren 15era arte. Biharko zegoen iragarrita.

Etxe desjabetze gehiagorik ez, pertsona guztiok izan behar dugu etxebizitza duina izateko eskubidea, instituzioek bermatu egin behar dute eskubide hori Patxi bezala, prestamista lukurreroen, banku espekulatzaileen edo egoera hauei irtenbidea eskaini beharrean beste alde batera begiratzen duten instituzioen biktima direnen kasuan.

Atzo astelehena lehen pausua eman genuen Patxi eta beste jendarte eragile, sindikatu eta alderdi politiko ugarirekin egoera salatuz. Orain pauso bat harago joatea dagokigu, bihar bere etxetik bidaltzeko asmoa baitzuten. Azken berrien arabera, berriz, epaileak maiatzaren 15era atzeratu du etxegabetzea.

Berriro ere, erakutsi behar dugu desjabetze mehatxu guztien aurreko elkartasuna eta salaketa dela egoera honekin amaitzeko bide bakarra. Herritarrei dei egiten diegu desjabetze hau saihesteko bihar, 11:00etan, egingo den agerraldira eta, era berean, instituzioei publikoei benetako konpromisoa har dezaten, Donostia eta Euskal Herria desjabetzerik gabeko lurraldeak izan daitezen beharrezko konponbideak bilatzeko.
 

 

 

Indarkeria matxistaren aurrean kalera ateratzeko deia egin dugu

Indarkeria matxista kasu larrien aurrean, LABek indarkeria sexista egungo sistema heteropatriarkarraren izozmendiaren muturra dela adierazi nahi dugu, erro sakon eta zabalak dituen matxismoaren adierazpiderik bortitzena, baina ez bakarra. Horrela, Emakumeen Mundu Martxatik deitu diren deialdi desberdinetan parte hartzeko deia egin nahi diegu langile eta herritarrei.

Indarkeria matxista kasu larrien berri izan dugu azken egunotan. Atzo, gizon batek emakume bat hil zuen Burlatan eta gorpua ibaira bota ondoren, bere burua entregatu zuen poliziaren aurrean. Beste alde batetik, Sara Majarenas preso politikoaren bikotekide ohia bere alaba hiltzen saiatu zen. Honetaz gain, bi gizon atxilotu zituzten igandean, bikotekideak jotzea leporatuta, Gasteiz eta Durangon.

Emakumeen kontrako indarkeria matxistaren azken biktimak izan dira. LAB sindikatutik indarkeria sexista egungo sistema heteropatriarkarraren izozmendiaren muturra dela adierazi nahi dugu, erro sakon eta zabalak dituen matxismoaren adierazpiderik bortitzena, baina ez bakarra.

Hala ere, ez gara istripuez edo saihestu ezin diren dramaz ari, arazo sozial eta politiko batez baino, alternatibak dituena. Egungo ereduak bultzatzen dituen botere harremanak iraulita zein harreman parekide eta justuagoetan oinarrituko den jendarte bat eraikita egingo diogu aurre indarkeriari modurik eraginkorrenean.

Honekin lotuta, ezinbestekoa da erasoak ozen salatu eta jendarte mobilizazioa hauspotzea. Horrela, Emakumeen Mundu Martxatik deitu diren deialdi desberdinetan parte hartzeko deia egin nahi die LAB sindikatuak langile eta herritarrei. Mobilizazioak “Eraso sexistarik ez” lemapean egingo dira.
 

 

 

Lan arloan erabateko ahalmena eskuratzeko urratsak emateko eskatu diogu Nafarroako Gobernuari

LABek lan osasuneko ekintza planari babesa eman dio, baina aipatutako planean dauden ekimenen jarraipen estua egitekoa konpromisoa hartu du, bere eraginkortasuna aztertu eta, beharrezkoa izanez gero, beharrezkoak liratekeen aldaketak planteatzeko. Era berean, Nafarroako Gobernuari eta berau sostengatzen duten alderdiei honako hau eskatu die: lan arloan eta lan osasunaren prebentzioan erabateko ahalmena eskuratzeko urratsak eman ditzatela, eta Lan Ikuskaritza propioa lortzeko helburua bere egin dezatela.

Nafarroako Gobernuko Lan Osasuneko Zerbitzuak ekintza-planaren (2016-2019) zirriborroa bidali eta ekarpenak eskatu zien sindikatu ezberdinei. Ekarpenak egiteko epea laburregia bazen ere, plan horren inguruko kontsentsua eraikitzeko aipatutako Zerbitzuak erakutsitako borondatea aintzat hartzen dugu. LABen jarrera bi ardatzetan labur biltzen da.

Alde batetik, LABen ustez oso zaila da nafar langileok ditugun osasun arazo larriei aurre egitea, arriskuen prebentzioari nahiz lan baldintzei dagokionean legeak sortzeko ahalmenik gabe, ezta legedi horren betetzeaz arduratuko litzatekeen Lan Ikuskaritza propiorik gabe. Ildo honetan, Nafarroak lan eremuaz nahiz prebentzioaz arautzeko ahalmena eskuratzea funtsezkoa da, baita Lan Ikuskaritza propioa izatea ere.

Beste alde batetik, LABen ustez premiazkoa da Nafarroan neurriak hartzea, lan erreformaren ondoriozko lan baldintzen prekarizazioak langileen osasunean eragindako ondorioei aurre egiteko.

Aipatutako mugak kontutan hartuta, baina era berean ekintza-planean aurreko Gobernuen planekiko alderatuta ekimen berritzaileak daudela aitortuta, LABek hainbat proposamen egin ditu ekintza-planari begira eta horietako gehienak onartuak izan dira, tartean honako hauek:

-Lan osasunaren ikerketa nahiz arriskuen prebentzioa egitean, genero aldagaia txertatzea.
 -Lan osasunean jasandako kalteak aztertzean, ebentualitatea eta azpikontratazioa bezalako prekarietate aldagaiak kontutan hartzea.
 -Gaur egun ezkutuan mantentzen diren kalteak aitortzeari begirako ekintzak martxan jartzea.
 -Nafarroako eraikin eta instalazioetan legokeen amiantoaren mapa egitea.
 -Egungo prebentzio legedia betetzen dela bermatzeko, enpresei begirako behatze eta kontrol tresnak indartzea.
 -Mutuen jarduera ikuskatzea, nola prebentzioan hala lan osasunaren kudeaketan dauden praktika desegokiak antzemateko asmoz. 
 -Nafarroan indarrean dagoen sistema prebentibo merkantilizatua eraldatzea.

Honela bada, LABek Lan Osasuneko ekintza-planari babes kritikoa eskaintzen dio eta aipatutako planean dauden ekimenen jarraipen estua egiteko konpromisoa hartzen du, bere eraginkortasuna aztertu eta beharrezkoa izanez gero beharrezkoak liratekeen aldaketak planteatzeko.

Era berean, Nafarroako Gobernuari nahiz berau sostengatzen duten lau alderdiei zera eskatzen diegu: lan arloan eta lan osasunaren prebentzioan erabateko ahalmena nahiz Lan Ikuskaritza propioa eskuratzeko urratsak ematea.

 

 

 

Osakidetzak itxi egin du Lezako Ospitaleko garbitegia

0

Arabar Errioxako ESIko Zuzendaritzak urtarrilaren 13an, bat batean, iragarri zuen itxi egingo duela Lezako Garbitegia. Bertan Osakidetzako 4 langilek egiten dute lan. Horren ordez zerbitzua miseriazko soldatak ordaintzen dituen enpresa bati eskainiko dio. Arropa garbitzeko zerbitzua INDESA enpresari emango zaio. Honek Arabako Diputazioaren parte hartzea dauka eta ez-gaitasunen bat daukaten langileak kontratatzen ditu.

LABek gogorki salatu nahi du EAJren azken jokaldi hau, aurreko akordio guztiak apurtzen dituena, Mahai Orokorrean Zearreta jaunaren gezurrak agerian uzten dituena, Osakidetzako behe-kategorien desagerpenari segida ematen diona, eta zerbitzu publikoa eskeintzen diona lan-baldintzak kaskarrak eta miseriazko soldatak dauzkan enpresa bati, “insertzio laboralaren” aitzakiapean.

Lehenik eta behin, pribatizazio hau Mahai Orokorreko Akordioaren eta hainbat Dekreturen kontrakoa da, hala nola EAJk berak onarturiko Legebiltzarreko Akordioak. Argi dago diruaren txintxina tartean delarik, EAJren hitzak –eta sinadurak- ez duela deus balio.

Honetaz gain, arropa garbitzeko zerbitzu honetako lan-baldintzak erabat kaskartzen dira. Izan ere, INDESA, Arabako Aldundia akziodun nagusia izanik baina kapital eta kudeaketa pribatuarekin, behin eta berriro izan da salatua inposatzen dituen lan baldintza onartezinengatik. Inolako lotsarik gabe, ez-gaitasuna daukaten langileak lan-esku merke bezala erabiltzen ditu eta enpresako kargu batzuk urteko 68.000 euro irabazten duten bitartean, bataz besteko langileak ez dira heltzen hilean 1.000 eurotara (operarioen soldata batzuk 717 eurokoak dira).

Pribatizazio honen aurrean, LABk astelehen honetan bertan informazioa emateko asanblada egin du. Berriz ere, kalitatezko osasun sistema publikoa defendatzeko tenorea dugu.

 

 

 

Gorabideko langileek galdutako erosahalmena berreskuratzea exigitu dute


Gorabideko elkarteak Bizkaian desgaitasun intelektuala dutenei laguntzen egiten du lan. Bertako langileek asanbalda egin zuten abenduaren 1ean eta bertan, enpresak egindako azken proposamena aztertu zuten. Honek ez du azken 5 urteotako eros-ahalmenaren galera konpentsatzen, eta ez du langileek proposatutako inolako hobekuntza sozialak onartzen. Horregatik eta egoera aldatuko duen neurriak aldarrikatuz kalera irten dira langileak.


 

 

 

Lanbidek kudeatutako laguntzetan %15 murriztearen aurka mobilizatu gara


Lanbideren diru-laguntzak jasotzen dituzten pertsonak, prekariotasuna, etxegabetzeak eta pobrezia luzatzearen aurka lan egiten dute gizarte-kolektiboak eta hainbat eragile sindikal jendaurrean agertu gara Eusko Jaurlaritzaren Bilboko ordezkaritzaren aurrean, eta adierazi dugu nazkatuta gaudela Eusko Jaurlaritzak urte hauetan ezarri dituen murrizketa-politikekin.

Aurretik ere gogaituta zeuden, baina egoera kgainezka egin du Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailburu Beatriz Altolazabalek erabakik duenean Eusko Jaurlaritzak ez duela LGSaren %8a igoko Lanbidek kudeatzen dituen diru-laguntzetan; izan ere, igoera hori legez bete beharrekoa da. Honako hauek dira Lanbideren laguntzak: pentsioen osagarria, laneko diru-sarrerak osatzeko errenta, Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta eta etxebizitzaren laguntza osagarria.

Horrez gain, duela 5 urtetik %7ko murrizketa egiten da ozta-oozta bizi diren 64.000 familiak laguntza horien bitartez jasotzen dituzten zenbatekoetan. Gainera, kopuru hori oso urrun dago EAErako pobrezia-atalasearen 1.200 euroetatik.

Hori dela eta, mobilizazio honen bitartez, iragarri nahi dugu elkarretaratzea egingo dugula asteazken honetan, urtarrilaren 18an, Eusko Legebiltzarraren aurrean, Beatriz Artolazabal sailburuak legebiltzarrean egingo duen aurkezpenean zehar. Aurkezpen horretan, hasi berri den legealdi honetako programa azalduko du, eta nola ez, murrizketak izango dira nagusi.

Kontuan izan behar da Eusko Jaurlaritzak berak egindako ikerketan arabera azken urteotan gora egin dutela, bain enplegua dutenen bat langabezian dauden familian artean, pobrezia- eta bazterkeraia-indizeek eta hilabetearen amaierara iristeko zailtasunek. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzak berak diru-laguntza sozialak murriztu izanak eragin du egoera hori. Diru-laguntza horien bitartez, pertsonek gutxieneko diru-sarrera batzuk izatea berma daiteke bizitza pixka bat duinagoa izan dezaten, eta horiek murrizteko erabaki politikoaren ondorio da egoera dramatiko hau.

Gainera, lotsagarriak eta toleraezinak dira horrelako adierazpenak. “Ezin dugu DSBE igo eta lan-merkatura sratzeko pizgarria kendu”. Hori erabat faltsua da. Lanbideren datuen arabera, bizikidetza-unitateen %20k -12.504- enplegu prekarioa dute eta DSBErekin osatzen dute beren soldata eskasa; laguntzen %25 -15.817- pobrezia-pentsioak ordaintzeko erabiltzen dira; beste %20 zenbateko txikiko langabezia-sorospena osatzeko erabiltzen dira, oraingo egoera prekarioaren ondorioz.

Hau guztia dela eta, muzrrizkeen aldeko apustu politiko honi aurre egiteko…

  • ESKATZEN DUGU Lanbidek kudeatutako laguntzetan LGSaren %8 igo dezatela.
  • ESKATZEN DUGU datozen aurrekontuetan ez ditzatela %7 murriztu DSBE eta gure gizarteko pertsona pobretu eta prekarizatuentzako gainerako laguntzak.

 

 

 

Gaixotasun baja hartzeagatik Aguraingo DHL EUSKAL LOG enpresako langile bat kaleratu dute


Aguringo DHL EUSKAL LOG enpresako LAB, ELA eta CCOOeko atal sindikalek gaixotasun baja hartzeagatik langile bat kaleratua izan dela salatu dute. Hilaren 12an elkarretaratzea burutu zuten "DHL-Euskalog despidorik ez lemapean".

"COMUNICADO DE ELA, LAB y CCOO A LA PLANTILLA DE DHL EUSKAL LOG

La dirección de empresa ha vuelto a despedir a una compañera.

Lo ha hecho con un burofax como ya nos tiene acostumbrados y el motivo del despido que exponen en el es que esta persona ha cogido la baja 29 días laborales durante 2016.

Desde las secciones sindicales abajo firmantes estamos totalmente en contra de este y todo tipo de despidos que atentan contra los derechos de los trabajadores.

Si la dirección de DHL euskal log no va a respetar nuestros derechos, nos tendrá enfrente y por ello creemos que vuelve a ser el momento de la unión de la plantilla ante este suceso, ¡¡!!

Delegados sindicales de ELA, LAB Y CCOO"