2026-09-19
HomeUncategorizedSenideek bat egin dute hezkuntza publikoko langileen aldarrikapenekin

Senideek bat egin dute hezkuntza publikoko langileen aldarrikapenekin

LAB, ELA eta Steilas sindikatuak kalera irten gara berriro, EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko eta Haurreskolak Partzuergoko langileak egiten ari garen mobilizazioak direla eta. Gaurkoan, ikasleen senideek egin dute bat gure aldarrikapenekin, eta Gasteiz, Bilbo eta Donostiako hiriburuetako kaleak hartu ditugu eurekin batera. Izan ere, haien seme eta alabei ere zuzenean eragiten die aspaldian pairatzen ditugun murrizketa neurriek eta lege inposizioek.

LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek hartu du hitza Bilbon, Jesusen Bihotzetik abiatutako manifestazioa hasi aurretik. Etxaidek benetako negoziazio mahai bat behingoz ireki dezatela aldarrikatu du, "kalitatea okertzen ari delako eta hezkuntza sistema atzera egiten ari delako, eta herri honetan aukera badago kalitatezko sistema bat eraikitzeko". LABeko idazkari nagusiak adierazi du ez gaudela hitz egiten ari lan gatazka huts batetaz, "herri honen etorkizunerako ezinbestekoa den hezkuntza sistema publikoari buruz baizik. Ez gaude irakasle batzuen soldataz hitz egiten ari, irakasle, hezitzaile, jangelako langile, garbitzaile, sukaldarien baldintzetaz baizik. Lan baldintzetaz, eta baita hauek sistemaren kalitatearekin duten loturaz ere".

Hezkuntzan behingoz inbertitu dezatela berretsi du, "Jaurlaritzak langileen bizkar gainean berari dagokiona uzteaz gain, uko egiten diolako baliabide gehiago ezartzeari". Azkenik, mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu du, "asko dagoelako jokoan eta ziur gaudelako, herritarren babesarekin, Jaurlaritzak behar diren inbertsioak egingo dituela azkenean".

Asteartean beste greba egun bat gauzatuko dugu, aste honetan eta martxoaren 22an egindakoen ondoren.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Sidenorren akordio markoaren negoziazioaren eratzea eten dadila eskatzen dugu, langileoi hitza emateko

Basauriko lan zentroan erreferenduma egitea eskatu dugu, marko horretan jarraitu beharko litzatekeen edo ez erabakitzeko.

Voestalpine Railway Systems JEZ-en langile baten diziplinazko kaleratzea salatzen dugu eta beldurra kudeaketa-tresna gisa erabiltzeaz ohartarazten dugu

Sindikatuaren ustez, erabakia justifikaziorik gabea eta neurriz kanpokoa da, eta ohartarazi du horrelako erabakiek presio giroa eta segurtasunik eza sortzen dutela langileen artean.

Ekialdebuseko lankide batek jasandako erasoa salatzen dugu

Ez da halako zerbait gertatzen den aldia, eta segurtasun arazoa salatu du Oarsoaldeko eta Bidasoaldeko autobus zerbitzuko LABek. Oraingoan E05 linean gertatu da, Errenteriako Beraungo anbulatorioaren parean.