2025-05-21
HomeZerbitzu PublikoakOsasungintzaAutoaseguradoraren lapurreta salatu dute Basurtoko ospitaleko langileek

Autoaseguradoraren lapurreta salatu dute Basurtoko ospitaleko langileek

"Autoaseguradora Basurtoko langileon zerbitzu propioa da, lan istripuen gestio, arreta eta jarraipenaz arduratzen dena. Erabaki honek, hemendik aurrera, edozein lan osasun arazoren aurrean, kanpo mutualitate pribatu batera joatera behartzen gaitu", adierazi dute. Sindikatuok elkarretaratzea egin dugu gaur egoera salatzeko.

Maiatzaren 16an Basurtoko ordezkaritza sindikala tramite hutseko batzar batetara deitua izan da. Bertan adierazi digute ESIko Zuzendaritzak, 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera, Autoaseguradora bertan behera uzteko alde bateko erabakia hartu duela. Autoaseguradora Basurtoko langileon zerbitzu propioa da, lan istripuen gestio, arreta eta jarraipenaz arduratzen dena. Erabaki honek, hemendik aurrera, edozein LAN-OSASUN arazoren aurrean, kanpo Mutualitate PRIBATU batera joatera behartzen gaitu. Ezin dugu ahaztu Mutualitateak patronalaren asmakizuna direla, dirua irabazteko helburuarekin, kontigentzia profesional zein arrunten aurrean, lan-istripua pairatu duten langileen bajak ordaintzea saihestuz. Pentsa ezazue zelako tratua ematen dioten langileari, mutualitatearen xedea gastuak ekiditea denean eta ez langilearen osasuna.

Hainbat datu ekonomiko aurkeztu dizkigute; langilegoaren osasunaren inguruko guztia (aldibaterako ezintasunen kotizazioetatik, Lan Osasuneko langileen nominetara) GASTU moduan adierazita, eta ez benetan direnaren moduan: lan karga altuak pairatzen duen langilego zaharkituan INBERTSIOA. Lan-gaixotasun eta lan-istripuez jositako langilegoa hain zuzen ere. Ez digute denbora nahikorik eman datu horiek aztertu zein ulertzeko, ez bait dago gai hau eztabaidatzeko borondaterik. Paper horietan gainera, ez da hitzik esaten gai honen alde inportanteenari buruz: Basurtoko langilegoaren osasuna (dirudienez gutxien axola dena), herritarren osasuna zaintzeko ezinbestekoa. Basurtok %10etik gorako istripu arriskua izan du 2016an, ez dezagun ahaztu.

Ez dezagun gure burua engainatu, ez dezagun arreta zenbakietan galdu, azkenengo urteetan zenbaki hauek “moldatuz” joan dira benetan garrantzitsua denarekin bat egin dezaten: Basurtuko langilegoak eurena eta ona sentitzen duen zerbitzua PRIBATIZATZEKO erabaki POLITIKOA, Osakidetzak azken aldian jarraitzen duen ildo beretik.

Zer izango da hurrengoa?
Zuzendaritzaren helburuei ahal dugun neurrian aurre egiteko, gure zerbitzu juridikoetara joateaz gain, Osakidetzari momentu hauetan axola zaion gauza bakarra bere irudi publikoa ei denez, eta bide batez, langileon presio antolatua, eraispen hau ezagutzera eman nahi dugu. Horregatik gaur kontzentrazioa egin dugu Basurtuko ospitaleko Gobernuko pabeiloiaren aurrean.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek CENi exijitu dio bertan behera utz dezan lan osasunaren prebentzioaren ardura langileei egozten dien kanpaina, diru publikoarekin ordaindu dutena

LAB sindikatuak arriskutsutzat, iraingarritzat eta mingarritzat jo du CENeko enpresariek diru publikoa erabiltzea (60.000 euro) modu seguruan lan egitea langilearen esku dagoela sinetsarazi nahi duten ideiak zabaltzen dituen kanpaina egiteko. Enpresarien kanpainak prebentzioaren berezko printzipioen aurka egiten du, eta enpresariek arlo horretan dituzten legezko betebeharrak hankaz gora jartzen ditu. Nafarroako lan heriotzen agertoki tragiko honetan, prebentzio legea ez betetzeko orduan erakusten duen lotsagabekeriaren bertze erakusgarri bat da kanpaina.

LABek patronalen arduragabekeria salatu nahi du, berriz ere, Enplegu Zentro Berezien EAEko lehen lan hitzarmena lortzeko mahaiari uko egin diotelako

LAB sindikatuak irmoki salatu nahi du, hirugarren aldiz, Enplegu Zentro Berezietako patronalek uko egin diotela sektoreko EAEko lehen lan hitzarmena negoziatzeko mahai negoziatzailea eratzeari. BEREZILAN, CONNACE eta EHLABE aniztasun funtzionala duten 13.000 langile baino gehiagoren patronalak dira, izan ere, sektoreko langileon aniztasun funtzionalaz baliatzen dira etekin ekonomikoak lortzeko, hauek esplotatuz.

Zuzena da egungo aldaketa gainerako kakoetan eteteko Volkswagen Nafarroako zuzendaritzak hartutako erabakia

Lan-baldintzak defendatzeko konpromisoa hartu duten langileen garaipentzat hartzen dute LAB, ELA eta CGT sindikatuek.