2026-09-08
Blog Page 956

Laneko heriotzak ez errepikatzeko bitartekoak ezartzea exijitzen dugu

Pasa den ekainaren 21ean, Lesakako mendietan, zuhaitzak botatzen lan egiten zuen 57 urteko Doneztebeko langile bat hil zen. Azken honekin, 32 dira Euskal Herrian 2017an euren lanpostuetan hildako langileak, hauetariko 6 Nafarroan. LABek kasu hau salatu nahi du eta egoera hau ez errepikatzeko bitartekoak ezartzea exijitzen du.

Pasa den ekainaren 21ean, Lesakako mendietan, zuhaitzak botatzen lan egiten zuen 57 urteko Doneztebeko langile bat hil zen.

Lehenik eta behin, LAB sindikatuak bere babesa adierazi nahi die hildakoaren lankide, senide eta ingurukoei. Azken honekin, 32 dira Euskal Herrian 2017an euren lanpostuetan hildako langileak, hauetariko 6 Nafarroan.

Heriotza honen arrazoia, ordu luzez 36º inguru egiten zuen bitartean lan egin izana da. Ez dugu ahantzi behar uda hasiera honetan arrazoi honengatik hiltzen den bigarren langilea dela, eta holako egoerei konponbide bat ez badiegu jartzen ez direla kasu bakarrak izanen, horrelako tenperaturarekin kanpoan lan egiterakoan araututakoaren inguruan nabarmena baita hutsunea.

Horregatik LABek kasu hau salatu nahi du eta egoera hau ez errepikatzeko bitartekoak ezartzea exijitzen du.
 

 

 

Gasteiz, Ezkirotz eta Zaragozako BSH Bosch enpresako langileek bat egin dute euren lanpostuen defentsan

0

Agerraldi bateratu bat egin du Gasteizko lantegiko enpresa batzordeak, Zaragoza eta Ezkirotzeko lantegietako LAB eta IA-TIBeko sail sindikaleko ordezkariekin. Hain zuzen ere, ohar batean adierazi dute Gasteizko lantegiaren etorkizuna Alemaniako multinazionalaren ardura dela: Beraz, berari dagokio lantegi honen inguruan dauden zalantzak argitzea”.

Enpresak ez dituela gutxieneko negoziazio baldintzak bete salatu dute agerraldian, besteak beste, argitaratutako oharrean nabarmendutakoaren arabera.
 

 

 

Prekarietatearekin amaitzeko eta enplegua egonkortzeko neurriak aldarrikatu ditugu Iruñean

LABek, gaurko egunez, giza-kate bat egin du Iruñean, Nafarroako Gobernuaren egoitza eta Gobernuaren Ordezkaritza lotuz, behin-behinekotasun tasa handiekin amaitu eta kalitateko enplegua sortuko dituzten neurriak eskatzeko.

Ekitaldi amaieran irakurri den adierazpenean nabarmendu dira iragankortasun portzentaje handiak (administrazioan, %30a baino gehiago) eta gobernuek kalitateko enplegua sortzeko agertu duten gogo eza.

PPk eta PSOEk, Estatutik, neurriak gaitu dituzte behin-behinekotasuna orokortu nahian: birjarpen-tasa, gastu-muga, defizit publikoaren muga, autogobernuan murrizketak… Neurriok estatu mailako legeak eta Europako zuzentarauak urratzen dituzte. Nafarroan, Geroa Bairen Gobernuak, otzan agertuz, Madrilen sortu ildoak onartzen ditu.

Gobernuak eta UGT, CCOO eta CSIF sindikatuek “enplegua sortzeko akordio” izenekoa sinatu izanak Administrazio Publikoek egin ditzaketen Lan Eskaintza Publikoei egin murrizketei eusten eta prekarietatean sakontzen lagundu du.
 

 

 

Elikadura burujabetzaren aldeko Labore ekimenari ongi etorria eman diogu

0


Gaur goizean LABeko Bilboko egoitzan Labore ekimenaren bisita jaso dugu. Proiektu honek, elikadura burujabetzan sakontzeko tresna izan nahi du. Saltoki itxura izango du kontsumo elkarte honek eta nahiz eta oraindik ez den publikoki martxan jarri, aurki zabalduko ditu bere ateak. Ekimen berri honi ongi etorria emateaz gain LABek elikadura burujabetzaren alde eginiko apustua berretsi du.

Laborek, hiru zutaberen gainean lan egiten du. Alde batetik, eta esan bezala, kontsumo talde potente bat osatzeko asmoa du; bestalde, aliantza estrategiko bat sustatu nahi du nekazarien eta kontsumitzaileen artean; eta azkenik, zerbitzu bat eskaini du, bertakoa, agroekologikoa eta soziala izango dena.

LABek elikadura burujabetzaren alde eginiko apustua berretsi nahi du. Horrela, ospatu berri dugun IX. Kongresuan erabaki bezala, lana-kapitala kontraesanetik bizitza-kapitala kontraesanera igaro gara. Zentzu horretan, elikadura burujabetza elementu zentrala da justizia sozialaren bidean eta bizitza duinak gaurdanik eraikitzeko. Labore bezalako proiektuak dira, hain zuzen ere, hauspotu nahi dugun aldaketa sozialaren mugarriak. Gainera, LABek ildo honetan, lan eremu bat irekia du dagoeneko: arrantzaren berreskurapenaren eta jangela proiektuen arteko konplizitateak bilatzen ari gara, elikadura burujabetza izanik iparra.

Hurrengo zita, Via Campesinak Derion uztailaren 16tik 24ra ospatuko duen nazioarteko konferentzian daukagu. Urte honetako leloak dioen bezala, Gure herriak elikatzen ditugu eta mugimendua eraikitzen dugu mundua aldatzeko.
 

 

 

Cristina Uriarteren dimisioa eskatu dugu Haurreskolen inguruan erakutsitako ardura politiko ezarengatik

0

LABeko Haurreskolak Partzuergoko kideek prentsaurrekoa egin dugu gaur Gasteizen, ordezkapenen zerrenden irekieraren aurreko euren irakurketa plazaratzeko. Hala, Haurreskola Partzuergoak duen funtzionatzeko eredu eskasa kontuan harturik, hurrengo eskaera zehatza egin dugu, Uriarteren dimisioa eskatzeaz gain: Eusko Jaurlaritzak eta Haurreskola Partzuergoak dekretuz ezarritako neurriak mahai negoziatzailera eraman, alde sozialarekin negoziatu eta adostea.

Ekainaren erdialdean Haurreskolak Partzuergoko ordezkapenetarako zerrenden irekierak utzitako irudiekin asaldatu gara denok. Haurreskolak Partzuergoko utzikeriak eta aurrelanketarik ezak ondorio horiek utzi zituen. Afera honek ordea, lan eremu publikoaren esparruan eta hezkuntzan bereziki endemiko den arazo baten aurrean kokatu gaitu berriro ere: ordezkapenetarako zerrenden irekieraren beharra. Errealitate bat da urtero ehundaka haur hezkuntzako goi mailako teknikari eta irakasle ateratzen direla lan egiteko prestakuntza edukita, zergaitik ordea, daude zerrendak itxita?

Haurreskolak Partzuergoan bi aldagaiak batu ziren eta horra ondorioak. Alde batetik, sei urtez zerrenda itxita egotea eta bestetik, ordezkoen beharraren aurreikuspen eza.

LAB sindikatuan harriduraz hartu ditugu hezkuntza sailburua den Uriarte andrearen azalpenak ekainaren 23ko legebiltzarreko osoko bilkuran. ”Holako egoerak aurreikusteko eta kudeatzeko zailak izaten dira. Ezohiko egoera baten aurrean, ezohiko neurria hartu zuten partzuergoko arduradunek”.

Argitu nahi dugu LABetik ikasturte hasieratik zerrendak irekitzea eskatu dugula, baremazio epean zehar eta baremazio epetik kanpo… LABen aurreikusten genuelako holako egoera baten aurrean egon gintezkela. Aitzakiak aitzaki, giza baliabide eta baliabide ekonomikoen faltagatik ez zituztela zabalduko argi esan ziguten.

Era berean, Uriartek esan zuen LAB sindikatuak eskatu zuela "Zerrendak irekitzea eta izen emate hurrenkeren arabera, ordezkapenak eskaintzea".“Gehiengoa duen sindikatuak, LABek, eskatutakoa eta, Haurreskolak Partzuergoko zuzendaritzak hartutako azken erabakiarekin bat egiten duela ”.

Uriarte Andreari esan nahi genioke 2011ko maiatzaren 26an onartu eta dekretuz ezarri zigutela ordezkoen araudia eta horren 3.artikuluan, zerrendak irekitzeko irizpideak zehazten dira. “Langile beharren arabera zerrendak ireki eta ixteko erabakia hartuko da. Langile beharrak dauden bitartean zerrenda irekita utz daiteke etengabe, eta eskabideak sarrera hurrenkeraren arabera onartuko dira.”

Dekretuz ezarrita dago araudi hau, alde sozialak ez du sinatu. Arduraz jokatu eta ez izkutatu zuen utzikeria. Horregatik, hain zuzen ere bat egiten dute eskatutakoak eta hartutako erabakiak, ez kasualitatez.

Baina non dago holako kargu publiko bati suposatzen zaion ardura eta erantzukizuna? Uriarte andreak egun horietan Eibarren egondako pertsonei barkamenak eskatu zizkien eragozpenengatik, baina momentu batean ere ez du ardura politikoz jokatu arazoa konpontzeko neurriak eskainiz.

Denbora luzean negoziatzeko saiakera desberdinak egin dira eta beste gaiekin gertatzen den bezala, ordezkoen araudia negoziatzeko dirua suposatzen duen ororekin topeak aurkitzen ditugu.

Etorkizunean horrelako irudiak ekiditearen beharra agerikoa da. Historikoki LABek oso argi esan du, ordezkapenetarako zerrendak etengabe irekita egon behar zirela.

Berebiziko garrantzia du hezkuntza esparruko eremu guztietan zerrenden irekieraren inguruko prozedura berdina adostea eta baremazioa era egokian arautzea.

Norabide honetan eta helburu hauei behar bezalako soluzioa bidean kokatzen ez diren proposamek edota prozedurek LABen aurkakotasuna topatuko dute aurrez aurre.

Agerikoa da Hezkuntza Sailak gure kolektiboarekiko daukan utzikeria. Ez du 0-3 zikloaren garrantzia onartu nahi.

Behar dugun aitortza aldarrikatzen jarraituko dugu, behar diren inbertsio ekonomikoak, materialak eta politikoak lortu arte.

Beraz, lehen aipatutako guztia eta Haurreskola Partzuergoak duen funtzionatzeko eredu eskasa kontuan harturik, LAB sindikatuak hurrengo eskaera zehatzak egin nahi ditu:

-Eusko Jaurlaritzak eta Haurreskola Partzuergoak dekretuz ezarritako neurriak mahai negoziatzailera eraman, alde sozialarekin negoziatu eta adostea.

-Erakutsitako ardura politiko ezarengatik, Hezkuntza sailburua den Cristina Uriarteren dimisioa aurkeztea.
 

 

 

Lanuzteekin jarraitzen dute EAEko tele-arreta zerbitzuan

EAEko tele-arreta zerbitzuko zentroarteko batzordeek lanuzteekin jarraitzen dute. Gaur, 10:00etatik 20:00etara egingo dute lanuztea eta, bihar, 11:00etatik 13:00etara eta 18:00etatik 20:00etara. Kalitatezko zerbitzu eta lan-baldintzen alde abiatu dituzte mobilizazioak, eta, lan uzteekin batera, elkarretaratze bat egin dute gaur Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean.

Telelaguntzako zerbitzua kudeatzen duen merkataritza enpresak, Tunstall Televida-GSR-IMQ Aldi Baterako Enpresa-elkarteak, eskaintzen duen zerbitzuaren kalitatea jaisten ari da, beti ere haren irabaziak handitzeko helburuarekin eta langileen kalterako. Hau dela eta, mobilizazioei ekiteko erabakia hartu zuten ekaina hasieran.
 

 

 

Langile baten kaleratzea salatu dugu Bizkaiko Zabor Birziklategian (BZB)

0

BZB, Bizkaiko edukiontzi horien birziklapena egiten duen lantegi bakarra da. BZB TRIENEKENS taldekoa da, Bizkaiko diputazioa ere tartean dago GIZAKER-en bitartez. Joan zen astelehenean, lantegiak mantenimenduko langile bat kaleratu zuen beste gauza batzuen artean bere lanean inbolukrazio falta aitzakia hartuta. Kaleratze honen aurka, Zubieta poligonoan BZB lantegiaren aurrean elkartu gara gaur eguerdian.

Argi daukagu kaleratze bidegabe hau enpresak aurretiaz hartuta zeukala, beste langile bat kontratatu baitzuten langileari kaleratzea jakinarazi aurretik.

Kezkagarria iruditzen zaigu lantegia hartzen ari den bidea lantegiko arduradun berriaren eskutik, langile guztiak bere jomugan jarriaz.

Kaleratutako langilearen beronarpena eskatzen dugu eta utz ditzatela alde batetara elkarrizketa eta negoziazioa alboratuz lantegia azken aldian hartzen ari den jarrera.
 

 

 

Bizkaibus, hiru urte baino gehiagoko “bake sozial faltsua”

0

2013ko urrian eta 2014ko azaroan itxi ziren Bizkaiko Foru Aldundiarekin akordioak. Hauen arabera, 2013ko urriaren 3an zeuden lanpostuetako bat bera ere ez amortizatzeko konpromisoa hartzen zuen Aldundiak. Hiru urte baino gehiago pasatu dira Aldundiarekin sinatutako azken akordioetatik eta LABetik ikusten dugu gidaritza lanarekin harremanik ez duten lanpostuak suntsitzen aritu direla. Egoera hau salatzeko mobilizazioa egin dugu Bizkaiko Foru Aldundiaren Garraio Sailaren aurrean.

Enpresa-batzorde ezberdinetan enplegu suntsiketa honen aurreko erantzun sindikal bateratua adosten saiatu gara, zoritxarrez posible izan ez dena, baina espero dugu azkenean lortzea, gai honek Bizkaibuseko langileontzat duen garrantzia kontuan izanda.

Behin hona iritsita, eta Bizkaibuseko enpresa ezberdinetako LABeko gainontzeko delegatuekin kontrastea egin ondoren, geratzen zaigun bakarra da publikoki salatzea iragarritako enplegu suntsiketa baten kronika, enpresek modu bikainean antolatua eta Aldundiak ahalbideratu duena intentzionalitate argi batekin.

Aldundiak 12 milioi euro bideratu zituen 2017ra arte (enpresa bakoitzaren emakidari gehiagarriak) lanpostuak amortizatzeko.

Isilpeko enplegu suntsiketarako emandako “diru-laguntza” hau orain amaituko da. Eta orain zer? Nola atera ahal diote enpresek diru gehiago Aldundiari? Nola jarraitu ahal dute are irabazi gehiago ateratzen pribatizatutako zerbitzu publiko batetik?

LABetik ulertzen dugu akordioak akordioak betearazi behar direla eta gidatzearekin lotuta ez dauden arloetan lanpostuen amortizazioa ez onartzeko, horrela zerbitzuaren kalitateari eutsiz. Horrela ez bada behera egingo du Bizkaibusen kalitateak eta linea eta autobusen segurtasunari eragin diezaioke.

Honakoak dira gidatzearekin lotutako hainbat esparrutan ikusten ari garen enplegu suntsiketa eta lanpostuen amortizazioa:

1- Tailerrak: Gero eta langile gutxiago dago ibigailuak konpontzeko, denok ditugu gogoak Bilbobusetan Veoliaren gurpilekin gertatutakoak. Lanpostuak amortizatzeaz gain, enpresek Bizkaibuseko tailerreko langileak erabiltzen dituzte kanpoko enpresa batzuen konponketetarako, Bizkaibuseko emakidarekin zerikusirik ez dutenak. Horrela, diru publiko hau euren irabazi partikularrerako erabiltzen dute eta ez zerbitzua hobetzeko.

2- Autobusen erregaia hartzea: zuzenean kontratatuta zeuden eta jubilatuz joan diren pertsonen lanpostuak azpikontratatu egin dituzte, horrela lanpostuak amortizatuz, lan-baldintzak prekarizatuz eta zerbitzuaren kalitateari eraginez.

3- Ikuskaritza: langileak erretiroa hartzen ari dira eta enpresek ez dute langilerik kontratatzen lanpostu hauetarako. Denbora gutxiago eskaintzen zaio zerbitzuen antolaketari, intzidentziei eta iruzurraren kontrolari, zerbitzuaren kalitateari eragiten diolarik.

Aldundiari honakoa eskatzen diogu:

– Sinatutako akordioak bete eta betearaztea.
– Bizkaibusen inbertitutako diru publikoa kontrolatzea eta hobeto zaintzea datozen 12 urteotan emakidak kudeatuko dituzten enpresen jarduera.
– Tailerretan, erregaia hartzean, ikuskaritzan etab. kendutako lanpostuak berreskuratzea.

Gaur hona etorri gara egoera salatzeko eta Aldundiari bilera eskatzeko, bertan aipatu arazoei ekiteko, Sail honek sinatu dituen akordioak betetzeari begira.

 

 

 

Nafarroako Ospitaletegiko larrialditan kronifikatu den prekarietatea salatu dugu

0

LAB sindikatuak salatzen du Ospitaletegiko larrialdi bateratuan ematen den egoera. Dagoeneko bi urte eta erdi baino gehiago igaro dira Barcinak eta Verak inauguratu zutenetik. Zabaldu zenean zeuden arazo askok bere horretan diraute tamalez. Langileek behin eta berriz salatu dute zerbitzuan ematen diren arazoak, baina Ospitaletegiko zuzendaritzak ez du jaramonik egiten eta ez du zerbitzuaren anabasa zuzentzeko erabakirik hartzen.

Horrela, arazo hauek bere horretan diraute:

• Sorospena egiteko guneak ezegokiak dira.
• Medikuaren zeregina bete dadin, ez dago behar besteko pertsonarik.
• 12 ordutako ordutegi ezarriak eta txanda lerrakorrak.
• Buruzagitzek ez dute ikuskatzen.
• Gaixoek itxaroteko behar besteko lekurik ez dago, eta hortaz, jendea pilatzen da.
• Lan-zama eskerga eta haren banaketa desorekatua.

Hau guztia erizaintzako burutzak erakutsi jarreraren ondorioz betikotzen ari da: hark ez baititu kontuan hartzen langileek hobetzeko helburuan egin eskaerak; ez direlako neurri zuzengarriak egituratzeko gauza; ez daukatelako lantaldeak kudeatzeko gutxiengo ezaugarriak eta gaikuntza; nahasten dutelako lidergoa, ezarri behar izatearekin.

Egoera honelakoa izaki, 140 profesionalek beren buruak behartuak sentitu zituzten, horretan zuzenean nahasirik zeuden erizaintzako burutzen lagatzea idatziz eskatzeko.

Ospitaletegiko zuzendaritzak, berehala, egoera zuzentzeko neurriei ekin behar die; jabetu behar du, aitzinako kudeatze erek, hain zuzen, eraman gaituztela egungo egoerara.

Adierazi dugun guztiarengatik, gure lanpostuen ate aurrean elkartzen gara, jendartean salatzeko langileok eta erabiltzaileok pairatzen ari garen egoera.