2026-02-07
Blog Page 954

Euskal Herrian izan da CETIM, gurekin biltzeko

0

Genevako (Suitza) CETIM erakundea etorri zaigu bisitan Euskal Herrira, LABek gonbidatuta. CETIM (Centro Europa- Tercer Mundo) ikerketa eta argitalpen zentro bat da, 1970. urtean sortua, eta Ipar-Hegoa arteko harremanetan lan egiten du. Nazio Batuen Erakundean (NBE) parte hartze aktiboa du, beti ere eskubide ekonomikoak, sozialak eta kulturalak defendatu eta sustatzeko helburuarekin, baita garapenerako eskubidea ere. Hego eta Iparreko mugimendu sozialen proposamen eta analisiak zabaltzeko zubi-lana egin ohi du. Gaur egun, CETIM zeharo murgilduta dago enpresa transnazionalen inpunitatearen aurkako borrokan. Hain zuzen ere, itun bat bultzatu nahi du Nazio Batuen Erakundean, giza eskubideak eta herrien eskubideak errespeta daitezen, enpresa transnazionalen interes ekonomikoen gainetik. Lan horretan ari dira orain, eta eginbehar hori dela-eta izan dira Euskal Herrian.

CETIMeko zuzendari eta Giza Eskubideen Programako arduradun Melik Özden eta Giza Eskubideen Programako eta Komunikazioko kide Raffaele Morgantini izan dira gurekin, otsailaren 23 eta 24an. Lehen egunean, arlo sozioekonomikoko LABeko ordezkari Bea Martxueta, Urtzi Ostolozaga eta Txomin Lorcarekin bildu dira. CETIM zer den eta zein helburu dituen azaldu dute bileran, eta, batez ere, osatu nahi duten itunari buruzko xehetasunak eman dituzte. Bigarren egunean, LABeko Batzorde Exekutiboarekin bildu dira, eta, lehen eguneko gogoetaren harira, sindikatuen ekarpenaren garrantziaz aritu dira, enpresa transnazionalen aurkako borrokaren baitan.

Bisita hau oso interesgarria izan da hainbat arrazoirengatik. Nazio Batuetan garatu nahi duten itunari buruzko nondik norakoak ezagutu ditugu bertatik bertara, eta, aldi berean, gogoeta egin dugu sindikatuok borroka horretan bete behar dugun paperari buruz. Gure iritziz, sindikatuok paper garrantzitsua dugu, langile klasea baita enpresa transnazionalen botere eta inpunitatearen ondorioak pairatzen dituena.
 

 

 

Vicrilan lortutako akordioa gaitzetsi dugu

0

CCOO, UGT, USO, CUC eta ATVk lortutako akordio sozialaren aurrean, honen kontra dagoela adierazi nahi du Vicrilako LABek. Hona hemen arrazoiak: balizko erosleek ez dute inolako plan industrialik aldatu, ez langileon aurrean, ez Administrazio Konkurtsalaren aurrean, asmoen adierazpen htusak baino ez. Gaur akordio berria dago, lan baldintzak murriztu eta egungo eta etorkizuneko enplegua arriskuan jarriz, baina oraindik ez dakigu zein den Vicrila suspertuko duen plana. Balizko salmenten proiekzioa, gaur egun, ez da batera sinesgarria, duela 7 urte egin zutenaren antzera. Ezaguna da bere emaitza.

LABek, Enpresa-Batzordeak duen ordezkaritzaren bidez eta lantegiko asanbladetako partehartzearen bidez enplegua, lan-baldintzak eta konprometitutako inbertsioen gauzatzearen bermea lortu nahi izan du. Proposamen lorgarriak dira eta herri honetako enpresetan beste ordezkaritza sindikal batekin honezkero esistitzen direnak. Enpresaren ezezkoa Enpresa-Batzordearen gehiengoak proposamen hauei emandako ezezkoak lagundu du.

LABek ez du inolako berritasunik ikusten balizko jabe berriak egindako proposamenaren aldetik. Ez dago konpromisorik ez enpleguarekin ez lan-baldintzekin eta planaren benetako finantzazioa lan-baldintzen egungo eta biharko murrizketan oinarritzen da. Txeke sozial zuriak ezin du Vicrilaren alde benetako apustua egiteko borondatea ordezkatu.

Eusko Jaurlaritza publikoki agertu da erosteko eskaintzaren alde. Cambiumen proposamenak, Enpresa-Batzordeak atzera botatakoak, oinarri berdina zeukan. Akordio bat erdietsi nahi zuen bermerik eskaini gabe, ziugabetasunaren aurrean konpromisorik hartu gabe eta 90 kaleratzetakoa zen aldea, kapital propioa ematerako orduan aportazio askoz apalagoa eta txeke zuri soziala. Horrela edonork kudeatzen ditu enpresak. Egun, kreditura erosten dira enpresak eta hauek bueltatzeko bermea koste sozial apalagoetan oinarritzen da.

Beste behin Eusko Jaurlaritza herritarrekin dituen erantzukizunekiko abstraitu da. Gaur gogor kritikatzen du Vicrilak iraganean egindako kudeaketa balizko jabe berrien aurrean. LABek oroitarazi nahi dio Gobernu honi Luis Fernande ez zela bakarrik egon enpresaren kudeaketan. Eusko Jaurlaritzak beti izan zuen lehen eskuko informazioa Administrazio Kontseiluan kideak izaterakoan. Informazio hau langileei izkutatu zien.

Herri honentzat lan harramanen beste eredu bat ez dagoen bitartean, lan-erreformak indarrean dirauen artean, herri honetara laneko eskubideen espekulatzaileak soilik gerturatuko dira. Ez dira inbertsore industrialak gerturatzen gure ezagutza eta enpresa sarea probestera, espekulatzaileak gerturatzen dira. Euren lan nagusia enplegua eta lan- eskubideak murriztea da dibidenduak bermatzeko, inbertitu gabe eta arriskurik onartu gabe.
 

 

 

Panricoko langile autonomoek lan uzteak egin dituzte euren lanpostuen defentsan

0

150 enplegu daude arriskuan eta langileak lanuzteak egiten daude otsailaren 13tik. Bigarren berregituraketa bat proposatu dute, orain BIMBO taldeak sustatuta. Uko egin diote aurreko planteamenduak aldatzeari negoziazioaren bidez. Horrela, behartuta ikusi dute euren burua lanuzteak egitera jarduera hauengatik protestan eta gure lanpostuen defentsan.

Hauxe da Panricoko langile autonomoen oharra:

Tuterako Mahaia Panrico SAUko langile autonomoak biltzen dituen elkarte bat da eta Gipuzkoa, Araba, Nafarroa (Iruñea eta Tutera), Bizkaia, Errioxa eta Aragoa hartzen ditu bere baitan.

2013an Interes Profesionaleko Akordioa sinatu genuen. LAB sindikatuaren lankidetza izan genuen kontu honekin. Sakrifizio gogorrak egin genituen enpresak EEE desberdinekin eraman gintuen egoera larritik salbatzeko eta ondoren, lanera buletatu ginen. Akordio horrek murrizketa handiak ekarri zituen gure lan baldintzatak, eta lan karga handiagoak onartuz konpondu genuen. Honela, ahalik eta lanpostu gehienei eta enpresak nahi zuena baino maila ekonomiko hobeari eutsi genion. Hori bai, aurrekoa baino askoz handiagoa zen lan-kargarekin. Iraupen mugatua zuen aipatu akordioak, enpresaren egoera ekonomikoa hobetu ahala adostuta zegoen aurreko egoera kontraktualera itzulera.

Hiru urte beranduago ikusten dugu BIMBOk PANRICO SAU erosi duela. Horrela eskuratu zituen BIMBOk merkatuan liderrak diren markak: DONUTS, DONETTES, BOLLYCAO, gama Qe, BELLA EASO… eta PANRICO moldeko ogia. BIMBO enpresa liderra da moldeko ogian, horrela PANRICOko moldeko ogia erosteak Lehiaren Epaimahaiarentzat legez kanpokoa da, monopolioaren kontrako legeak urratzeagatik. Horrela, BIMBOk PANRICO erostea onatzat ematen du baina beste enpresa bati saldu behar dio PANRICO. Orduan agertzen da ADAMS FOOD, honi saldu dio BIMBOk PANRICO eta kontratu bat sinatzen du denbora jakin baterako moldeko ogia banatzeko konpromisoa hartuz. Denbora honetan ADAMS FOODek beharreko alternatibak bilatuko zituen enpresak berak ogiaren banaketa egiteko.

Momentu hori iritsi da eta moldeko ogia gure salmenten %40 baldin bada gutxi gorabehera, BIMBOk planteatzen digu konponbide bezala 34 erruta kentzea Tuterako Mahairen esparruan, eta desagertzen diren erruta guztietako bezeroak banatzea kaleratuak izan ez ziren saltzaile autonomoen artean. Eta guztia egungo soldatarekin, hau da bigarren berregituraketa bat, orain BIMBO taldeak sustatua. Uko egiten diote aurreko planteamenduak aldatzeari negoziazioaren bidez. Horrela, behartuta ikusi dugu gure burua lanuzteak egitera jarduera hauengatik protestan eta gure lanpostuen defentsan.

150 enplegu daude arriskuan eta langileak lanuzteak egiten daude otsailaren 13tik.
 

 

 

Lehen Arretaren hileta egin dugu Errontegiko osasun etxean

0

Lehen Arreta oinarrizkoa dela defendatu dugu Barakaldon. Hain zuzen ere, utzikeriagatik hiltzen uzten ari dira, eta, egoera larri hori irudikatzeko, ekintza gauzatu dugu Errontegin. Bertako osasun zentroak bost urte baino ez ditu, baina, dagoeneko, azpiegitura arazoak ere baditu: teilatua erortzear dago, ur berorik ez dago, aldaketa geletan ez dago komunik, garajea ezin da erabili, hainbat zonaldetan kiratsa jasanezina da… "Hori nahikoa ez balitz, osasun zentroak ez du bizigarritasun baimenik", salatu dugu.

Hauxe da LABek egindako irakurketa:

Inposatutako ESI ereduan (lehen arreta eta espezializatua uztartzen dituena) ikusten ari gara Lehen Arreta nola ari den garrantzia galtzen egunero, kategoria batzuen desagertzea, funtzio zehaztugabetasuna, lan karga handiagoaren aurrean ez dute plantilla indartzen, kontratazioa irregularrak eta nahierara, edozein gatazkaren aurrean babesik eza eta abandonaturik egotearen sentsazioa… ESI hauen lehentasun zerrendetan ez gara agertzen.

LABen Lehen Arreta oinarrizkoa dela defendatu dugu eta indartzeko lan egiten dugu. Hau dela eta, iaz LEHEN ARRETA DEFENDA DEZAGUN kanpaina hasi genuen Osakidetzako osasun zentro eta anbulatorio guztietan. Hasteko, langile guztien iritzia ezagutzea izan genuen helburu eta horretarako emailez bidezko inkesta bidali. Emaitzek arrazoia eman ziguten:

-Langileek ez zuten benetako integraziorik ikusten
-Gero eta zuzendari eta buruzagi gehiago dagoen sentsazioa
-Ez dago irizpide bateraturik. Anbulatorio bakoitza mundu bat da.
-Arreta kalitatea jaitsi da (itxaron zerrendak, adibidez) eta barne gatazkak elikatzen dira.

Kanpainaren bigarren urratsa ESI eredu berria aurkeztea izan zen. Eredu horretan Lehen Arreta sendo baten aldeko apustua egiten dugu, benetan duen inportantzia emanez osasunean, promozioan, prebentzioan, heziketan eta baita dibulgazio lanetan ere. Horretarako herritarren kolaborazioa proposatzen dugu, jendeari eskainitako zerbitzuetako kopurua handitzea, langileen kategoria guztien presentzia bermatzea, aurrekontuak handitzea,…eta ekimen honi babesa emateko, sinadura bilketa antolatu genuen. Emaitzek berriro arrazoia eman digute. Langile kopuru handi batek daukagun ESI eredua aldatu nahi du.

Hau guztia publikoki irudikatzeko hileta egin dugu, utzikeriagatik hiltzen den Lehen Arreta lurperatzeko, hain zuzen ere,  Errontegi Osasun zentroan (Barakaldo-Sestao ESIn) salatzen ari garen adibide argia baita. Osasun zentro horrek oraindik 5 urte ez dituenean bete Lehen Arretako arazo orokorrez gain, azpiegiturakoak ere baditu:

-Teilatua estaltzen duena asfaltozko geruza ALDREBEZ ipini zuten, eta horren emaitza: 3. solairua zurkaiztuta eta teilatua erortze arriskuan.
-Ur berorik ez dago
-Aldaketa geletan ez dago komunik
-Garajea ezin da erabili
-Hainbat zonaldetan kiratsa jasanezina..

Eta hori nahikoa ez balitz osasun zentroak EZ DU BIZIGARRITASUN BAIMENIK.
 

 

 

18 kaleratze Caprabo-Eroskin

0

Atzo, 4 Caprabo denden itxiera eta 18 langileen kaleratzea salatzeko Caprabo-Eroskiko langileek hiru egunetako grebari hasiera eman zioten. Duela aste bete, Eroski taldeak urtez-urte irabaziak izanik, Iruñeko lau denden itxiera komunikatu zuen, horietako bi Errotxapean, bat Olite kalean eta beste bat Arrosadian eta Eroskik 18 langile kaleratu ditu, bestelako konponbiderik planteatu gabe. Argi dago, Eroskik lanpostu nahikoak dituela, eta Nafarroan dituen hamaika dendetan langileak birkolokatzeko aukera duela.

Feminismoaren garaia da! Un paso feminista desde el sindicalismo

0

Atzo Iruñerriko emakume afiliatuon batzarra egin eta egungo Nafarroako emakumeon egoera lan munduan aztertu genuen. Bilkuran aurrera begirako zenbait erronka zehaztu geniteun eta norabide horretan Iruñerriko LAB sindikatuko emakumeok, tresna berri bat aurkeztu genuen: PIKETE FEMINISTA.

Datuek erakusten duten moduan, emakumeak lan merkatura sartu izanak ez du ekarri zaintza lanen banaketa erantzunkidea batetik, ezta lan merkatuan lan baldintzen parekatzea, bestetik. Lan merkatuan emakumeen presentzia handitzeak eta nolabait “normalizatu” izanak, lan merkatua arautzen duten printzipio androzentrikoak eta logika heteropatriarkala ez ditu aldatu. Emakume langileok pairatzen dugun diskriminazioa egiturazkoa baita.

Gure ustez, bada garaia sistema kapitalista hetereopatriarkalaren logikaren baitan kokatzen diren berdintasun lege, politika eta neurrietatik haratago benetako politika feminista ausartetara jauzia emateko.

Norabide horretan, Iruñerriko LAB sindikatuko emakumeok, tresna berri bat sozializatu nahi dugu: PIKETE FEMINISTA.

Emakume langileen egoerak ikustarazteko, protagonismoa emakume langileengan jartzeko, emakume langileak ahalduntzeko eta lan eremuan pairatzen dugun errealitatearen bozgorailu eta motorea izateko, PIKETE FEMINISTA bezalako tresna bat behar dugula uste dugu.

Pikete feminista, praktika feminista ekintza sindikalean txertatu eta emakume langileen arteko aliantza lortzeko tresna bat izatea nahi dugu. Baita mugimendu feministarekin elkarlana burutzeko ere.
 

 

 

EHUn sor daitezkeen ezberdintasun eta iritzi kontrajarriei era elkarrizketatuan konponbidea emateko saiakera egin behar da

0

Euskal Herriko Unibertsitateak eztabaida, ekimen eta pentsamendu kritiko eta autokritikoaren gune izan behar du. Horregatik, Bilboko Ingeniaritza Eskolan identifikaturiko 200 ikasle horiei ezelako oinarri eta babes demokratikorik ez duen Mozal Legea aplikatzeko edozein ekimen bertan behera uztea eskatzen dugu.

Unibertsitate-komunitate osoaren eta horren baitan, sektore ezberdinen eskubide demokratikoak bermatu behar dira. Ekimenak antolatzea, unibertsitatearen instalazioak erabiltzea eta, are, itxialdia egitea eskubide horien adierazle dira.

Arauak, edozein arau, sektore guztiok ditugun eskubideen bermatzaileak izan behar dira. Eskubide horien egikaritzean, baina, elkarren arteko begirunea eta errespetua ezinbestekotzat jotzen dugu.

UPV/EHUren egunerokotasunean sor daitezkeen ezberdintasun, iritzi kontrajarri eta abarri era elkarrizketatu eta adostuaren bidez konponbidea topatzeko benetako saiakerak egiteko deitzen ditugu ikasle eta agintariak.
 

 

 

Ebaluazioaren inguruko jardunaldiak burutuko ditugu martxoaren 18an

0

"Egungo eredua irauliz,ebaluazio hezitzailea iruten.Analisia, kritika eta alternatiba" izenburupean gauzatuko ditugu jardunaldiak, Hernaniko ORONA-IDEO gunean. Jardunaldiak goizez izango dira, 9:30etik 13:30era. Izen ematea modu telematikoan egingo da eta hurrengo egunetan horretarako lotura argitaratuko dugu.

Beharrezkoa al da ebaluazioa? Zein funtzio betetzen du? Zein funtzio bete beharko luke? LABek ebaluazio eredu berri baten eraikuntzaren aldeko lanketa egiten hasi nahi du. Hezkuntza sistema propioaren bidean ardatzetako bat izaki, bestelako eredu baten bidean urratsak emateko beharra agerikoa da.

Jardunaldien helburua, bestelako ebaluazio eredu baten bidean elementuak identifikatzeaz gain, esperientziak ezagutuz, eragileen eta orohar jendartean eztabaida sustatutzea da, adostasunak iruten hasteko.

Jardunaldietako hizlariak ANE ABLANEDO (NUP, UPPA, UEU, haurtzaroa zaintzeko haziera eredu prebentiboan aditua), ALEXANDER BARANDIARAN (HUHEZI,Hazitegi ikertaldeko partaidea) eta LORE ERRIONDO (UPV/EHU) izango dira .

Eskema klasikotik haratago, ponentzien aurkezpenean eredu dialogikoaren aldeko apustua egingo dugu. Beraz, Mikel Gartzia, ARGIAko kazetariaren galderen bitartez gidatuko da eztabaida eta bertaratutakoek ere galderak egiteko aukera izango dute.

Gainera, hezkuntza esperientzia ezberdinen berri jasotzeko aukera izango da. Elorrioko Txintxirri ikastola eta Arrankudiagako eskolako esperientzien berri emango da.
 

 

 

Bilbon iganderako deitutako mobilizazioan izango gara, adinarekin eskubideak ez direlako iraungitzen

LABek agerraldia egin du gaur Bizkaiko Hirugarren Adineko egoitzen egoerari buruz ohartarazteko. Negoziazioari buruzko irakurketa egin dugu, eta ratioen inguruko proposamenak jakinarazi. Sindikatuak Babestu elkarteak eta Pentsionistak Martxan plataformak deitutako protesta babestu du, ezinbestekoa delako langileon artikulazioa ematea, mugimendu bat zeinak langileon atxikimendua ahalbidetuko duen eta mugimendu soziala ere indartzeko bideak irekiko dituen. Manifestazioa 12:30ean abiatuko da igandean, Jesusen Bihotza plazatik.

Hauxe da LABek gaurko agerraldian egin duen irakurketa eta helarazi dituen proposamenak:

Joan den Otsailaren 14an, eta Bizkaian 3. adineko egoitzak kudeatzen dituen patronalaren eskaeraz, mahai negoziatzailea batu eta hurrengoa aurkeztu ziguten: proposamen bakarra, 4 urtetarako (2016-2019), 40€tako soldata igoera hilean 2017tik hasi eta 2019ra bitarte. Eta kitto! Ez dago proposamen ez hobekuntzarik lanaldiari dagokionean, ezta ikuspegi sozialean, ezta ratioen inguruan… ezer ere ez!

Soldatari dagokionez, 2016a galtzea dakar honek, eta 2017rako %1,2a izango litzateke 2015 eta 2016ko IPCaren gainetik. Hau da, 16, 17€!

Lanaldiari dagokionez, orain arteko berdin berdina lan egitea dakar! Gure eskaera nagusia lanaldiaren murrizketari dagokiona bada ere! Gure lana urteko 365 egunetan eta 24 orduz burutzen da, 1698 ordu sartzen ditugu, lanaldiak oso irregularrak dira… ezin da horrela bizitza pertsonal zein familiarra kontziliatu. Eta ez dute ezta kontutan hartu proposamena egiterakoan.

Ratioei dagokionez, dependentzia handiko pertsonei haien eguneroko bizitzako jardueretan, ordu zehatz batzuetan gainera haien arretarako beharrak handitzen direnean, langile bakoitzak 10 bat adineko artatzea dakar. Honek, arazo muskuloeskeletiko oso gogorrak dakartza langileentzat.

Hau da, patronalak ez du ezer ulertu, edota ulertuta ere ez du inongo interesik benetan langileok aldarrikatzen duguna jazo eta arazo hau konpontzeko!

Guk eskatzen duguna oso argia da:

LAB, sistema públiko eta dependentzia duten pertsonen arretarako zerbitzu unibertsalen defentsan berrezten da, eta bide horretan lan baldintzen hobekuntza nabarmena aldarrikatzen du, baita kalitatezko zerbitzuen hobekuntza ere. Uste dugu, zerbitzu públikoetako baldintzak ezarri behar zaizkigula guri ere.

1592 ordutako lanaldira murrizketa

Langile kopuaren handitze nabarmena ezartzea, Ratio egokiak ezarriz eman nahi den arreta bermatzeko eta langileoi arrisku bat ez suposatzeko gure lanak

Soldatetan hobekuntza nabarmena

Baina beste behin ere, zerbitzu hauek kudeatzen dituen patronalak, eta hauen titular zein ornitzaile ekonomiko nagusia den Aldundiak, argi eta garbi azaldu dute haien posizioa zein den zerbitzu hauen garapenean:

-Zerbitzu publikoaren gestio pribaturako apustua egiten dute, oinarrizkoa eta estrategikoa den zerbitzu bat enpresentzako negozio borobil bihurtu dute, egoileen eta langileen prekarietatearen menpe.

LABentzako, oso garrantzitsua da baita, Aldundiak diru publikoaren erabilera ongi kontrolatu eta kudeatzea. Inor ezin da diru pulikoaz aberaztu, gure bizitzen eta duintasunaren truke gainera. Eta argi gera dadila, hau ahalbidetzen duen bitartean, egoitzetan gertatzen guztiaren ardura nagusia berea izango dela! Ez gaitzatela txorradarik kontatu, haien hitz polit eta onez makilatuta!

Ratioak

Bergogortu nahi dugu ere, ZAINTZA ZAINDU lemapean jasotako 27.000 sinadurei esker Eusko Legebiltzarrak onartutako Erdibideko Zuzenketa. Honetan, ratioak eta pertsonalari dagozkion beste kontu batzuez gain, zerbitzu eta zentro horiek bete behar dituzten baldintza funtzional eta materialak ere arautuko dira. Eta dekretu berri honen prestatze lanetan Eusko Jaurlaritzak langileen eta erabiltzaileen ordezkariekin parte hartu beharko du ere.

Otsailaren 9an Eusko Legebiltzarraren osoko bilkuran, gehiengo osoz, onartutako Erdibideko Zuzenketan jasotzen dena hurrengoa da:

-“Eguneratu ditzala prestazio eta zerbitzu sozialak arautzen dituzten dekretuak, non arautuko baitira, ratioak eta pertsonalari dagozkion beste kontu batzuez gain, zerbitzu eta zentro horiek bete behar dituzten baldintza funtzional eta materialak, eta hiru hilabeteko epean ekar ditzala Legebiltzar honetara dekretu horien zirriborroak. Eguneratze prozesu horretan, zerbitzuaren kalitatean eta, horrenbestez, zentro horietan artatzen diren pertsonen bizi-baldintzatan duten eragina ikusita, lehentasuna izango du mendekotasuna duten pertsonentzako zentro eta zerbitzuen ratioak arautzen dituen dekretuaren zirriborroak, egungo errealitatera egokitu dadin.”

-“Egon dadila, dekretu horien prestatze lanetan, hiru maila instituzionaletako parte hartze teknikoa, bai eta sektoreko entitate sozialen, erabiltzaileen eta langileen ordezkarien parte hartzea ere”

-“Jaurlaritza eta beste erakunde publikoak arduratu eta inplikatu daitezela kontratazio publikoaren eremuan, kalitatezko zerbitzu publikoak eta zerbitzu horietan lan egiten duten pertsonen lan baldintza duinak bermatze aldera”

Ondorioak

Hala ere, bide luzea dugu oraindik! Luzea eta gogorra! Badakigu honek borondate politikoa eskatzen duela instituzio eta hauek osatzen dituzten alderdi politikoen aldetik. Borondatea eta iniziatiba politikoa urte asko luzatzen ari den egoera hau errotik aldatzeko. Oraindik ez dugu jazo inongo proposamenik honi heldu eta arazo hau konpontzeko bideak zabalduko dituenik, bideak bermeekin egitea ahalbidetyuko duenik. Eskertzen dugu gu entzun eta bidean laguntzen digutenen borondate ona, baina hamen konponbide bat behar da! Benetako konpromiso eta proposamen bat mahai gainean! Hobekuntza guzti hauek bermeekin jasoko dituen proposamen erreal bat ORAIN!

Arazo honen parte zuzena eta dependentziarako zerbitzu sozialen osaketaren parte garenok, hau da, egoile zein langileok, zerbitzu hauen osaketan parte aktibo izan behar dugu.

Eta zentzu honetan, ezinbestekoa da langileon artikulazioa ematea, mugimendu bat zeinak langileon atxikimendua ahalbidetuko duen eta mugimendu soziala ere indartzeko bideak irekiko dituen. LABek, orain ere, bide honen aldeko apustua egiten du.

Guzti hau esanda, eta bizi dugun egoeraren beste adierazle bat izanik, LAB, BABESTU Familiartekoen Elkarteak eta Pentsionistak Martxan Plataformak, igande honetan, otsailaren 26, goizeko 12:30tarako deitutako mobilizaziora deia egiten dugu gaur. “Adinarekin pertsonen eskubideak ez dira iraungitzen” lelopean egingo dena.