2026-02-07
Blog Page 943

EAEko Hezkuntza Saila eskola jangeletako esperientzia pilotuekin egiten ari den xantaia salatu dugu

Hiru ikasturte pasatu dira zentroen eta euren guraso elkarteen autogestioan oinarritutako esperientzia pilotu bat lau ikastetxetan martxan jartzea onartu zenetik. Helburua, bertoko elikagaiak eta sasoikoak sartzea zen. Baina, LABetik, denbora honen ondoren, salatu beharrean gaude esperientzia pilotoak propaganda kanpaina bezala erabiltzen ari direla.

Erabaki honek Gernikako Allende Salazar, Learreta-Markina, Urduña eta Laukarizeko ikastetxeak hartzen zituen bere baitan. Egun, Allende Salazar eta Markina baino ez daude martxan. Besteak, Urduña eta Laukariz, zain daude hasi ahal izateko.

LABetik, denbora honen ondoren, salatu beharrean gaude esperientzia pilotoak propaganda kanpaina bezala erabiltzen ari direla Hezkuntza Sailaren aldetik, bere irudia eta katering enpresen irudia garbitu nahian, Lehiaren Euskal Agentziak bototako 18 milioi eurotako eskandaluaren ondoren. Ematen du Hezkuntza Sailak ez duela inolako asmorik esperientziak positiboak izan daitezen.

Laukarizen, Sail hau esatera iritsi da kurtso hasieran sukaldean aritzeko beharrzko langileek familien poltsikoetatik atera behar duela eta hezitzaileak, egun 2 ordu dituztenak ikasleak artatzeko, agian gehiago murriztu beharko lituzketela euren lanaldiak.

Zentzugabekeria izan da guztia Sail honen aldetik, langileak erabiltzen dituena arma bezala xantaia onartezina aurrera eramateko.

Laukarizko kasuan 175 bazkaltiar eta sukaldari bat daude, azken hau Hezkuntza Saileko pertsonal laborala. Ratio honek ez du hitzarmena betetzen, beraz, errefortzurako bi pertsona bideratzen dira, bata 8 ordutara eta 3 ordutara bestea. Laguntza hauek iraila amaiera edo urri hasieran hasten dira martxan eta ekainaren 23aren inguruan amaitzen dira.

Jarduera kontraktual honek sortzen du jangela zabaltzen denetik, iraila hasieran, sukaldeko langile finko bakarra bakarrik aurkitzen dela hiru pertsonei dagokien lana egiten.

2016-2017 ikasturte honek sortu duena da janari garraitua hartu behar izan dela errefortzuko langileak kontratatu arte.

LAB beharrizan hau kontsolidatzea eskatzen egon da, eta beste 60 lanpostu ere. Horretarako Sailak adierazten du negoziazio mahaien bidez egin behar dela, eta hauek bi urte baino gehiago daramate deituak izan gabe.

Salatu behar dugu pasa den kurtsora arte, Laukarizera Bermeotik langile bat lekualdatu zena gehigizko kopuruagatik. Pertsona honek urteko estaldurako bakante bat zeukan. Egun, desagertu egin da bakante hori, ez da ez Laukarizen mantendu ezta bere Bermeoko jatorrizko zentroan berkolokatu, ondoriozko plantila murrizketarekin.

LABek salatzen Hezkuntza Sailaren jukutriek argi erakusten dutela esperientzia pilotoen inguruan honek egiten duen apostua.

Sail honek enpresen negozioa eustearen alde egin du eta berarekin bere eredua, industrializatutako janaria, karbono lorratz handia duena, eta dudazko kalitatezkoa erabiltzen dituen osagaiengatik.

Berriro egiten du murrizketen politiken alde, bai langileena bai aurrekontuena, kolektiboen prekarizazioa elikatuz, nagusiki emakumeak direnak eta baldintza kaskarrak dituztenak, guztiona den diru hori nora doan justifikatu gabe.

 

 

 

“Borrokak bakarrik ekarriko du langileok behar dugun bizi eta lan eredua”

LABek antolatutako solasaldi zikloak aurrera darrai. Durangon eta Tolosan aritu gara egunotan, “Sindikalgintzaren garaia. Ekintza sindikal berrirantz” lelodun mahai inguruekin. Bihar, osteguna, Bilbon izango gara: sindikatuko idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek hartuko du hitza Hika Ateneoan, 18:30ean, “Gure garaia. Hamarkada bat sindikalgintzatik” leloarekin.

Zergatik berritu ekintza sindikala? Hauxe izan da Durangon eta Tolosako hitzaldietan erantzundako galdera, Garbiñe Aranburu eta Xabier Ugartemendiaren eskutik.

Lan mundua aldatu baino, lan mundua okertu egin dutela nabarmendu dute biek, patronalaren etekinak mantentzeko edo biderkatzeko. “Gure lan baldintzak hartu dituzte jo puntu, eta hauen okertzeak bermatzen ditu beraien irabaziak. Prozesu hau guztia patronalak darama aurrera, babesa agertzen dioten botere politikoen laguntzaz”, azaldu du Ugartemendiak. “Prekarietatea legezko bihurtu dute”, salatu du.

Finko eta lan baldintza duinak dituen lanpostuaren ideia ezabatu nahi dute, eta, horretarako, bide desberdinak jorratu dituzte lan baldintzen okertzea bilatzeko: zerbitzu publikoen pribatizazioa eta merkantilizazioa, azpikontratazioaren hedapena, soldaten kaxkartzea eta hitzarmenak ezeztatzeko aukera, besteak beste. Prekarizazio eta pobretze prozesu honen guztiaren barruan, badaude kolektibo batzuk hau guztia egoera bortitzagoan sufritzen ari direnak. Horietako batzuk aipatu ditu Ugartemendiak: emakumeak, gazteak, etorkinak eta aniztasun funtzionala dituzten pertsonak.

Lanaren prekarizazioa baino, bizitzaren prekarizazioa bilatzen dutela azpimarratu du, eta sindikalgintzari egoerari aurre egiteko bitartekoak lapurtu dizkiotela ohartarazi du. “Krisia aurretik, LABen bageunden murgilduak egoerari aurre egiteko genituen hutsuneen inguruko eztabaidan, baina krisiak eztanda izanak erantzun dinamikan murgilduta egotera eraman gintuen. Gure ekimena berriz aztertzeko aukera izan genuenean, ordura arte egindako ekintza sindikalak eraginkortasun falta zuela ikusi genuen, eta jada ez zela nahikoa bizi genuen eta dugun egoerari buelta emateko. Birpentzatzen prozesua jarri genuen martxan, eta bertan ondorioztatu genuen aldatu beharra genuela eta ekintza sindikal berria eta eraginkorra beharrezkoa genuela”, esplikatu du LABeko ordezkariak.

Hain zuzen ere, ekintza sindikal berri honek oinarri hauek izan behar dituela adierazi du: “Prekarietatea eta pobretzearen kontra egitea hartu behar du oinarri eta lan zentruz lan zentru, herriz herri, auzoz auzo, langileak batu, antolatu eta borrokara eramatea du helburu, borrokak bakarrik ekarriko baitu langileok behar dugun bizi eta lan eredua”.

Aliantzen beharra

Aranburuk, bere aldetik, egoera zaila dela eta ez dagoela formula majikorik onartu du. “Argi dagoena da orain arte egin dugun guztia ez dela nahikoa langileen egoerari erreparatzen badiogu. Berdina egiten jarraitzen badugu, emaitza berdina izango da. Beraz gauza berriak egiten saiatuko gara. Hau guztia dinamikoa izango da, ensayo-error gisa, eta denon artean joan beharko dugu eraginkorrena izango den estrategia zein den zehazten”, esplikatu du.

Bost ideia nagusi azpimarratu ditu Aranburuk:

-Bizitzaren jasangarritasuna erdigunera ekarriko duen ekintza sindikal integrala egin behar dugu
-Langileen berrosaketa bultzatzea lehentasunezko borroka izango da
-Ekintza sindikala eta burujabetza prozesua lotuta daude
-Kontrabotere gaitasuna handitu behar dugu
-Ekintza sindikala eraginkortzeko aliantzak behar ditugu

Azken horri dagokionez, aliantza horiek nortzuk bultzatu behar dituzten argitu du: “Kapitalaren kontrako ofentsibari aurre egin nahi diogunon artean eta burujabetza prozesuaren alde gaudenon artean. Bata zein bestea lotuak daudelako”.

Ainhoa Etxaiderekin solasean

Bihar, osteguna, Bilbora iritsiko da solasaldien zikloa: sindikatuko idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek hartuko du hitza Hika Ateneoan, 18:30ean, “Gure garaia. Hamarkada bat sindikalgintzatik” leloarekin.

Hainbat gai jorratu ditugu orain arte, 9. Biltzar Nagusiaren harira egiten ari garen mahai inguruen bitartez: Des-herria, burujabetza, aldaketa soziala eta feminismoa, ekintza sindikal berriari buruzko Surangoko eta Tolosako hitzaldiez gain.

 

 

Ez dago autogobernurik Lan Harremanak eta Babes Sozialerako Euskal Esparrurik gabe

Xabier Ugartemendia LABeko kideak Gasteizko Parlamentuko Lan eta Justizia Batzordean parte hartu du gaur, lan harremanak eta negoziazio kolektiborako LABen analisiak, proposamenak eta aldarrikapenak aurkezteko. Egoeraren azterketa egin ondoren, adierazi du Akordio Interprofesionala sinatu zenean, LABek esan zuela akordio horrek ez zuela balio negoziazio kolektiboa desblokeatzeko, eta zoritxarrez denbora arrazoia ematen ari zaiola sindikatuari. Ezer ez da aldatu, patronalak eragindako blokeoa jarraitzen du.

Eragile politikoei honako eskariak luzatu dizkie Ugartemendiak:

– Lan harremanen erabateko desoreka dago patronalaren alde. Hau erabaki politikoen ondorio da. Ez da lan arazo soila eta ez da patronal eta sindikatuen artean konpondu beharreko afera soila.

– Arazoa politikoa da eta konponbide politikoak eskatzen ditu, eragile politikoek eta batez ere Gobernu ardurak dituztenek, erantzukizun zuzena dute gertatzen ari den guztian

– Lan harremanetan erabakitzeko ahalmenik ez izatea eta negoziazio kolektiboa bi aldeen arteko kontua izatea, ez die eragile politikoei erantzukizunik kentzen

– Instituzioak herriaren gehiengoaren mesedetan izango diren politikak sustatu behar dituzte

Egun lan harremanetan gertatzen ari denaren aurrean zer eskatzen diegu alderdiei? Eta berriro diogu, batez ere Gobernua sustengatzen dutenei:

1.- Negoziaketa kolektiboan joko arau demokratikoak bete behar direla defendatzea eta gutxiengoan sinatutako akordioen aurkako jarrera argia azaltzea. Hemen dagoen alderdiren batek ontzat emango luke parlamentuan legeak gutxiengo batek onartzea? Hori da negoziazio kolektibora eraman nahi den eredua.

2.- Marko propioaren defentsa argia egitea. Estatalizazioaren aurkako jarrera izatea.

3.- Hitzarmenak desblokeatzeko patronala interpelatzea. Akordio Interprofesionala eraginkorra izateko, hitzarmenak berritu behar dira. LABek jartzen dituen edukiak guztiz onargarriak dira edozein enpresarentzat: atzerapausorik ez, soldata igoerak eta lan erreformaren kontrako klausulak – bi aldeek adostu dutena ez betetzea bi aldeei dagokieta eta ez patronalari alde bakarrez ulertuta…edozein enpresak asumitu ditzakeen edukiak dira

4. CONFEBASKeri ematen dioten zilegitasuna eta babes politikoa ematen ez jarraitzea. CONFEBASKen politika ekonomiko eta sozialak babesten jarraitzeak, herritarren gehiengoaren beharrei bizkarra ematea da. Gaur egun dagoen lan harreman ereduarekin eta gainera aldamenean babes sozial sistema egokirik gabe, herritarrak prekarietate eta pobreziara kondenatzea da

5.- Patronalaren ordezkaritza neurtzeko bideak jartzea. Borondate politikoa baino ez da behar horretarako. CONFEBASKek ez ditu ordezkatzen herri honetako enpresari guztiak, elite ekonomiko baten interesak baino ez ditu defendatzen.

6.- Instituzioak enplegatzaile direnean, eredu izan behar dute. Madriletik datozen murrizketei aurre egin eta negoziazio kolektiborako esparru propioa defendatu behar dute, aldebakartasunaren bidea albo batera utziz.

7.- Enplegua duintzeko eta babes soziala handitzeko neurriak eskatu eta horiek aldeko akordioak sustatzea: 1200€, 35 ordu, bertoko eta babestutako lan hitzarmenak, klausula sozialak, lanaldi partzialentzako araudi hobeago bat, pentsioak osagarritu, RGIa igo, …. Gaur egungo eskumenekin egiten dena baina askoz gehiago egin daiteke.

8.- Autogobernuaren eztabaidan, arazo soziolaboralei konponbidea ematearen beharra erdigunean kokatzea. Ez dago autogobernurik negoziazio kolektiborako marko propiorik gabe edota ezin da autogobernuaz hitz egin, baldin eta gai laboral eta sozialetan langileen baldintzak hemen erabakitzen ez baditugu. Azken batean ez dago autogobernurik Lan Harremanak eta Babes Sozialerako Euskal Esparrurik gabe. Beraz, bizi dugun prekarizazio eta pobretze egoeraren aurrean, Lan Harremanak eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua lortzeko pausuak ematea ezinbestekoa da.
 

 

 

Ainhoa Etxaideri galderak egiteko aukera zabaldu dugu


Ainhoa Etxaidek Idazkari Nagusi ardura hartu zuenetik ia hamarkada bat igaro da. Urte horietan krisi ekonomikoak eta erreformek gogorki kolpatu dute euskal langileria, eta euskal sindikalgintzaren aurkako enbata ere ez da nolanahikoa izan. Etxaideren gidaritzapean, ekaitz horri aurre egin dio LAB sindikatuak, eta ez hori bakarrik, garai berri bat irekitzeko oinarriak ezarri ditu, datorrena gure garaia, langileon izan dadin. Biltzar Nagusiaren atarian gauden honetan, honen guztiaren inguruan Ainhoa Etxaiderekin solasteko tartea hartuko dugu martxoaren 23an, Bilboko Hika Ateneoan arratsaldeko 18:30etan. 

Zuri ere elkarrizketa honetan parte hartzeko aukera zabaldu nahi dizugu. Beraz galderaren bat luzatu nahi bazenio, bidali ondoko helbidera: www.lab.eus.

Elkarrizketa Ekhiñe Atorrasagasti eta Maite Asensio kazetariek gidatuko dute eta zuzenean ikusteko aukera izango da LAB sindikatuaren Facebook orritik.
 

 

 

Urdulizko ospitale berriko urgentzien eta ospitalizazio zerbitzuen irekieraren atzerapen berria salatu nahi dugu

0
LABek ospitaleko zuzendaritzaren kudeaketa kaskarra salatu nahi du. Jakin izan dugu urgentziak eta ospitalizazioa ez direla martxan jarriko agindutako datetan, baizik eta lehenengoa, gutxienez bi hilabeteko epean eta bigarrena, uda pasatu arte.

Aipatutako zerbitzuek martxan egon behar zuten 2016ko azaroaz geroztik. Oraingo atzerapen hau are larriagoa da, zerbitzu horietan lan egin behar zuten langileak bertan baitaude jadanik dena prestatzen, baina ez euren lanpostuei dagokien ordutegi zein txandetan. Langile horietako batzuek euren jatorrizko lanpostuetara bueltatu beharko dute momentuz, eta gainontzekoak ospitalean geldituko dira, baina artatzeko publikorik gabe eta haien kartelera egin gabe.

Hau langile zein erabiltzaileoi adar jotze hutsa baino ez da. Aurreikuspen falta guztiz salagarria da eta, batez ere, sindikatuok pairatu behar dugun informazio falta, ez baitzaigu ezer komunikatu. Gure aldetik, urgentziazko bilera exijitu diogu zuzendaritzari, azal ditzaten atzerapen zergatiak eta langileei (euren lanpostuetan hasi baino lehen dagoeneko haserre dagoen plantilla hain zuzen ere) eman beharreko irtenbideak. Ostegunerako, martxoak 23, ospitalean bertan egingo dugun asanblada batera deitu ditugu bertako langileak.
 

 

 

Pribatizazioen aurka mobilizatu gara Lezako ospitalean

0

Pribatizazio berri bat salatu dugu gaur; Lezako ospitaleko garbitegiarena, hain zuzen ere. Mobilizazioekin aurrera jarraituko dugu Osakidetzako arduradunen politika salatzeko. Urrutira joan gabe, Osasun Delegaritzen aurrean elkartuko gara apirilaren 4an, 11:00etan.

Sindikatuak pribatizazioen kontrako kanpainan bete-betean ari gara LAB, SATSE, ELA, CCOO, UGT eta ESK sindikatuak. Osakidetzako zuzendari Maria Jesus Mugikaren hitzak dira erakundearen negozioa osasuna dela. Hitz horiek bete-betean azaltzen dute Osakidetza zuzentzen ari direnen filosofia, osasuna negozio iturri nahi dute. Iturri emankorra, baita bertan aritzen diren enpresentzat. Hona hemen hiru adibide:

-Garbialdi: azken hiru urteetan 1.518.797 eurotako irabaziak izan ditu. Garbialdik Osakidetzarentzat 30 milioi eurotik gorako gastua suposatzen du.

-IMQ Zorrozaurre: azken hiru urteetan 8.895.937 eurotako irabaziak izan ditu.

-Mapfre: Estatu mailan 1.148.310.000 eurotako irabaziak izan ditu.

Negozioa zabaltzen dute gizartearen osasun arretaren eta langileen lan-balditzen kaltetan. Osasun publikoa narriatzen duten neurrian handitzen da enpresa pribatuen negozioa. Noizko sindikatuok neurri hauek hartzea justifikatzen duten txostenak publiko egitea?

Eta, gainera, jendaurrean pribatizaziorik egiten ez dutela diote. Sindikatuokin sinaturik dute ez dutela zerbitzu berririk pribatizatuko, baina, Urdulizko Ospitalearen ondoren, Lezako garbitegiaren pribatizazioa dator orain.

Eusko Jaurlaritzak bere aurrekontu proiektua argitaratu du. Aurrekontuei buruzko eztabaida oso momentu egokia da Osakidetzak enpresa pribatuei bideraturiko 350 milioi euroak berrikusteko.

Bien bitartean, sindikatuok mobilizazioekin aurrera jarraituko dugu, ez diegu utziko modu baketsuan osasun-arreta eta lanpostu publikoak suntsitzen utziko.
 

 

 

Errauste plantaren aurkako manifestazioarekin egin dugu bat

0

Hainbat arrazoi daude Zubietako proiektua baztertzeko: ekonomikoki ez da bideragarria eta osasunarentzat eta ingurumenaretzat kaltegarria da. Honetaz gain, alternatibak daude: "Badago errausketaren alternatiba, Gipuzkoako herri askok jadanik aplikatzen dutena: murriztea, berrerabiltzea, birziklatzea, konpostatzea. Geratzen den errefusa tratatzeko instalazio malguagoak, merkeagoak eta gutxiago kutsatzen dutenak asmatuta daude". Halaxe adierazi dugu sindikatuok, gaur Donostian egindako agerraldian. Errausketaren Aurkako Mugimenduak deitutako manifestazioa datorren larunbatean izango da, 17:00etan, Donostiako Anoeta estadiotik abiatuta.

Hauxe da sindikatuok egin dugun adierazpena, hondakinen kudeaketari buruz:

Hemen elkartu garen sindikatuok gizarteari orokorrean eta bereziki langileei honakoa adierazi nahi diete:

Ezin dugu onartu, besterik gabe, gaur egun Foru Aldunditik inposatu nahi diguten errauste planta arrazoi hauek direla medio:

-Hainbat ikerketek diotenez erraustegiak kaltegarriak direlako bere inguru zabal batean bizi diren pertsonentzat, dioxinen eta metal astunen ondorioz: sortzetiko malformazioak, minbizi desberdinak, arnas aparatuko arazoak, etab ugariagoak dira. Erraustegiaren inguruko langileen osasuna ere kaltetua izango litzateke, eta ezin ditugu ahaztu honelako instalazioetan gertatzen diren istripuak, langileengan duten arrisku zuzenagatik eta ondorioz sortzen den kutsaduragatik.

-Zaborren errausketaren ondorioz klima aldaketa sortzen duten gasen isurketa (C O2 eta N Ox) asko handituko delako eta honekin batera lehorte edo uholde arriskua.

-Inguruko nekazari eta ganaduzaleen produktuak balorea galduko dutelako, hauek eduki dezaketen kutsaduraren ondorioz.

-Behin eta berriz ikusten ari den bezala, Gipuzkoako herritar askoren iritziaren aurka, herritarren partehartzerik gabe eta Europatik datozen aginduen aurka egin nahi delako. Bereziki, langileok hitza izan nahi dugu eta erraustegiaren gaian erabaki.

-Dirutza handia suposatuko dielako gure Udalei, bai eraikuntzak, bai funtzionamenduak, eta diru hau multinazional baten esku pribatuetara joango delako, zerbitzu publiko baten truke. Gipuzkoan ere bizi dugun emergentzia sozialeko egoera honetan, lehentasunak pertsona zein natura izan beharko lirateke eta dirua oinarrizko eskubide sozialak bermatzera bideratu: enplegu duina, etxebizitza eskubidea, elikadura burujabetza, pobrezia energetikoari aurre egin, aberastasuna banatzeko mekanismoak, hezkuntza…

-Lanpostu gutxi sortuko dituelako (80 Foru Aldundiaren esanetan); aldiz, hondakinen hierarkian oinarritutako eredu jasangarriak jarraituz 15 bider gehiago sortu ahalko lirateke.

-Badagoelako errausketaren alternatiba, Gipuzkoako herri askok jadanik aplikatzen dutena: murriztea, berrerabiltzea, birziklatzea, konpostatzea. Geratzen den errefusa tratatzeko instalazio malguagoak, merkeagoak eta gutxiago kutsatzen dutenak asmatuta daudelako.

Honegatik guztiagatik dei egiten diegu langileei eta herritar guztiei martxoaren 25ean egingo den manifestazioan parte har dezaten. Langileok ere ozenki esan dezagun: ALTERNATIBA DAGOELAKO, ERRAUSKETARIK EZ.
 

 

 

Agur eta ohore, Martin McGuinness

0

Gaurko egunarekin, Irlandako Sinn Fein alderdiko eta Irlandako mugimendu Errepublikarraren lider historiko den eta aldi berean Irlanda Iparraldeko Lehen Ministro orde zen Martin McGuinnessen heriotzaren berri tristea jaso dugu. LAB sindikatutik bere familia, lagunei, Sinn Fein alderdiari eta Irlandako mugimendu Errepublikarrari hain gogorrak diren momentu hauetan gure doluminak bidaltzen dizkiegu, eta momentu zail hauetan zuekin gaudela ere adierazi nahi dizuegu.

Martin McGuinness, Irlandako askatasunarekin betidanik konprometitua egon zen pertsona bat eta bakearen, justiziaren eta Irlandako gizon eta emakume guztien parekidetasunaren aldeko borrokalari bat izan zen, bere pertsona eta bere gizatasun osoa ezagututa bakarrik uler zitekeen konpromisoa, hain zuzen ere.

Ez zen, ordea, borrokalari nekaezin huts bat izan. Martin McGuinness pertsona zoragarri bat izan zen, internazionalismo politikoa bere ideal politikoan txertatuta zuen pertsona bat. Euskal Herrian ezagutzeko aukera izan dugu, eta horregatik, hain zuzen ere, euskal gatazka politikoari justizia eta demokraziaren norabidean irtenbide bat bilatzeko egindako lan guztia eskertu beharrean gaude.

Hau ez da agur mezu bat, sarri arte esateko mezu bat baizik. Garaipenaren egunean berriz elkar ikusiko dugu; Euskal Herriaren eta Irlandaren askatasuna ospatzeko Martin McGuinnessek eta beste hainbestze pertsonek borrokaturiko askatasun,a hain zuzen ere.
 

 

 

Herri-akusazioak positiboki baloratzen du Kutxabank auzian emandako kondena


Kutxabank kasuko akusazioa osatzen duten eragileek (LAB, ESK, Steilas, EHNE, Hiru, EKA eta Euskal Herriko Pentsiodunen Plataformak) prentsaurrekoa eskaini dute Mario Fernandez, Mikel Cabieces eta Rafael Alcortaren kontrako epaiaren balorazioa egiteko. Bertan adierazi dute sententziak herri-akusazioak orain arte egindako salaketei forma juridikoa eman diela.

Zentzu horretan, argi eta garbi geratzen da akusatuak bidegabeko jabetzearen delituaren errudun direla, Kutxabankeko funtsak erabili dituzte entitatearentzat ez zuzenean ez zeharka lanik egin ez zuen pertsona bati milioitako soldatak ordaintzeko. Mikel Cabiecesi ordainketak egin zitzaizkion, bere ardura utzi zuen politikari bat izate hutsagatik.

Bestalde, berriro ere egiaztatzen da delituak bultzada politikoa izan zuela. Mario Fernandezen deklarazioen arabera, esangura politiko handiko pertsonek Cabiecesi soldata ordaintzeko bideak aurkitzeko beharra adierazi zioten. Politiko horietako inor, ez eta egileak, ez zen kezkatu Cabiecesek hilabetean Kutxabanketik jasotzen zituen 6.000 euroak zegokion lan prestaziokoak ziren baieztatzeaz. Momentuan argitaratu zen pertsonaia politiko esanguratsu horiek PPko Basagoiti eta Patxi Lopezen gobernuko kontseilari bat zirela, baina gure iritziz, Sabin Etxeak eta Mario Fernandez Kutxabankeko lehendakaritzan jarri zutenek hau guztia bazekiten eta hain zuzen ere, erabaki hau bultzatu zuten.

Gainera salatzen dugu bidegabeko jabetze delitua gertatu zen egoera Kutxak-Kutxabanken pribatizazioaren testuingurua zela eta tesguinguru honetan. EAJ, PSE eta PPren babesak pribatizazioari konpaktatzeko asmoz, borondate politikoak horrelako jarduerekin indartzen ziren. Pribatizazioa oinarri bat izan da gauza hauek gertatu ahal izateko.

Era berean, oso modu positiboan baloratzen dugu herri-akusazio honek egindako lana, modu erabakigarrian lagundu duelako txostenak eta frogak eskuratzen, herri-akusazio honek eskatutako lekukotzek abalatuak. Ziur gaude epaiketa honen emaitza ez zela berdina izango herri akusazio hau gabe. Hemen aitortza orokorragoa egin nahi dugu herri-akusazio eta akusazio partikularren presentzia indartzeko egungoa bezalako kasuak argitzeko tresna moduan.

Azkenik salatu nahi dugu, Mario Fernandez eta berarekin erabakiak hartu dituztenen ohorearen inguruan, zalantzan geratzen dela ez soilik epaiketa honetan gertatu denagatik, Kutxabanken barruan egin duen ibildeagatik ere.
Bere kudeaketa, finantza entitatearen buru bezala desastre bat izan da eta egoerarik okerrenean utzi ditu Euskal Kutxak-Kutxabank egoera ekonomikoa, prestigio soziala eta herritarrekiko zerbitzuari dagokionez.

Mario Fernándezke BBKren agintean, eta ondoren Kutxabankekoan, hartu zuen lehen erabakietakoa izan zen Caja Sur erostea. Honek itzelezko zuloa eragin du. Kutxabankeko funtsetatik 3.000 milioi euro bota dira zakarretara, BBKk Kutxabankeko akzio gehienak izateko helburu bakarrarekin.

Kutxabankek 2.000 enplegu suntsitu ditu bere agintepean eta ona da bere kontuen egoera baliabide gutxien dutenei itzelezko komisioak kobratzen dizkielako. Modu bortitzean murriztu du bere obra soziala eta honekin lotura zuten hirugarren sektoreko ehundaka lanpostu suntsitu ditu. Eurek aukeratutako 15 pertsonaren eskuetan utzi dituzte bankuaren akzioen salmentari buruzko eta Kutxabankeko aktiboen kudeaketa esku pribatu eta inbertsio-funtsen esku uztearen erabakiak. Eskubideak, partizipatuak eta jabego higiezinak saldu dituzte kutxa egin eta estres testak gainditzeko.

Mario Fernandezek egin duena EAJ, PP eta PSEren erabaki politikoen egile moduan, Euskal Kutxak-Kutxabanken euren aurrezkiak jarri dituzten herritarrei eta finantzazio beharra duen enpresa txiki eta ertainari egindako iruzurrik handiena da.

Guzti horrengatik poztu egiten gara bidegabeko jabetza delitua aitortu duelako epaiak. Jarraitzen dugu exijitzen bultzatzaile politikoek aurpegia eman dezatela eta behingoz estrategia negargarri honi amaiera ematea. Instituzio finantziero publikoak ezabatu dizkigute, ezinbestekoak direnak gure ehun ekonomiko, sozial eta enpresarialerako. Helburu horiek lortu artean lanean jarraituko dugu.