2026-01-01
Blog Page 939

Ainhoa Etxaide: “ELA eta LAB batera borrokatu behar dira murrizketen aurka”

0

AEKren aldizkaria da "Aizu!", eta LABeko idazkari nagusia elkarrizketatu berri du, maiatzeko Biltzar Nagusiaren atarian. Kongresuaren ostean, egun duen ardura postuaren lekukoa pasako du Etxaidek; hala, azken urteotako ibilbideari buruz galdetu diote. "Azken zortzi urtean, inoiz ikusi gabeko eraso politiko eta ideologikoa egon da sindikatuen aurka", adierazi du.

Ainhoa Etxaideri egindako elkarrizketa Aizu! aldizkariaren webgunean irakur daiteke.
 

 

 

Prekarietatearen aurkako elkargunea Iruñeko San Frantzisko plazan egokituko dugu ostiralean


Ostiral Duinak dinamika Iruñera iritsiko da ostiralean. Hain zuzen ere, hainbat jarduera egingo ditugu 17:00etatik aurrera: tele-kontsultak, prekariometro versus borrokametro izeneko tailerra, pilkete informatiboak… LAB elkarguneak antolatzen ari da Euskal Herriko hainbat txokotan, prekarietateari aurre egiteko. Gasteizen egon ginen joan den otsailaren 10ean, eta Iruñean izango gara orain, martxoaren 17aren etorrerarekin.

Prekarietatea agenda politikoan sartzeko garaia da. Helburu horrekin antolatu ditu LABek elkarguneak, lan prekarioa betetzen dutenek bildu eta esperientziak truka ditzaten, beti ere alternatibak daudela erakusteko asmoz. Dinamika honetan parte hartzera animatzen zaitugu, denon ekarpena beharrezkoa baita prekarietateari aurre egiteko.

Urratsak eman ditzaten eskatu behar diegu eragile politikoei. Honako hauek dira premiazkoenak:

. 1.200 euroko gutxiengo soldata bermatu
. Lanaren banaketa bultzatu, asteko lanaldi osoa 35 ordura murriztuta
. Bertako hitzarmen kolektiboak adostu eta blindatu, Madrildik etor daitezkeen erreformekiko
. Gutxiengo orduak ezarri, lanaldi partzialean kontratatzeko garaian
. Laneko ikuskaritzak kontrol eragingorra egitea enpresei

Prekarietateari aurre egiteko antolaketa, kontzientziazioa eta borroka beharrezkoak dira, kalean zein lantokitan. Gaur egun, lanposturen bat izateak ez du esan nahi prekarietaterik pairatuko ez dugunik. Euskal Herrian langile txiroak daude, lanpostu prekarioengatik hilabete amaierara iristen ez direnak.

Zerbitzuen sektorean egindako 3.369 inkesta anonimoen bidez, LABek egoera honetara ekarri gaituzten aldagai nagusiak aztertu ditu, eta emaitza latza da: langileen %80ek lan baldintza kaskarretan dihardutela adierazi dute, eta behin-behinekotasuna, soldata, malgutasuna, lanaldi mota eta lan ordutegiak aipatu dituzte prekarietatearen ardatz gisa.

Sistema kapitalistaren tresna bat da prekarietatea, gobernatzeko baliatu ohi du. Alarma gorria piztu behar dugu gizartean, ezinbestean. Hortaz, elkarguneetara hurbiltzeko gonbitea luzatzen dizugu, denon eskubideen alde eragiteko!
 

 

 

Gasteizko Legebiltzarrean erregistratu ditugu Eskubide Sozialen Kartaren aldarrikapenak

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen dugun eragile eta sindikatuon ordezkariak Gasteizko Legebiltzarrean izan gara gaur, aurrekontu sozial, parte hartzaile eta burujabeen aldarrikapena erregistratzeko, behin izapidea beteta, alderdiek gure proposamenaren berri izan dezaten. Ostiralean, Gasteizen egingo ditugun ekimenen atarian egin dugu gaurko agerraldia. 

Hain zuzen ere, Mendizorrotza pilotalekuan, 10:30ean, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu neoliberalak salatuko ditugu martxoaren 17an. Ekitaldiaren ondoren, manifestazioa egingo dugu Legebiltzarreraino, “Aldaketa sozialerako, aurrekontu sozial, parte hartzaile eta burujabeen alde” leloarekin. 

Hauek dira Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren aldarrikapenak:

1. Aldaketa soziala aldarrikatzen dugu. Aldaketa estrukturala nahi eta behar dugu politika publikoetan: aberastasunaren banaketa, kalitatezko enpleguaren sorrera, bizitzaren iraunkortasuna eta askatasun zein kultur eskubideen defentsa oinarri izango dituena.

2. Sakoneko erreforma fiskala gauzatzea eskatzen dugu, gehien dutenek gehiago ordain dezaten. Iruzur fiskala eta kapitala eta errrenta altuei azken hamarkadetan eman zaien pribilegiozko tratamenduarekin bukatzea exijitzen dugu. Aberastasunaren banaketa ahalbideratzeko politika fiskal justu eta progresiboa aldarrikatzen dugu. Neurriok ezinbestekoak dira diru sarrerak handitzeko, beti ere zerbitzu publikoak, enplegua, babes soziala eta kultur-hizkuntza eskubideak sustatze aldera.

3. Jendarteak zor handia du emakumeekin, eurak gauzatzen baitute eguneroko bizitza sostengatzen duen zaintza lana; modu ikusezin eta prekarioan, gainera. Genero ikuspegia duten aurrekontuak oinarrizko tresna dira emakumeen behar espezifikoei erantzuteko, baita gehiengoarentzat bizitza duina bermatzeko eta genero arteko botere harremana estrukturalak eraldatzeko ere.

4. Energiaren ekoizpen eta komertzializazioaren gaineko kontrol publikoa ezarri, eredu energetikoaren trantsizioa zein burujabetza ahalbidetuko duten ekoizpen zein jarduera iraunkorrak bultzatuz.

5. Abiadura Handiko Trena, Fracking-a, gas putzuak, Garoña, Errauskailuak… proiektuak eten. Natura zein gure osasunarentzat kaltegarriak diren, alperrikakoak eta aurrekontuen poltsa xahutzen duten proiektu guztiak gelditu, eztabaida sozial parte hartzailea sustatuz eta proiektu hauek suposatzen duen gastua babes sozialean inbertituz.

6. Babes Sozialeko sistema publiko, integral, duin eta kalitatezkoa aldarrikatzen dugu, bizitzaren iraunkortasuna erdigunean jarriko duen jendarte ereduaren norabidean kokatuko dena. Horretarako,
1. DBE-ari (diru-sarrerak bermatzeko errentari) Lanbidek kudeatzen dituen beste prestazioei aplika diezaietela LGS-ak (Lanbide arteko gutxieneko soldatak) izan duen %8-ko igoera.
2. Indargabetu dezatela prestazio sozialen zenbatekoan %7ko murrizketa ezartzen duen xedapen gehigarria.
3. Pentsio sistema publiko propioaren bidean urratsak ematea.

7. Oinarrizko eskubide sozialak herritar guztioi, inolako diskriminaziorik gabe eta emergentzia sozialean daudenei lehentasunez, bermatzea:
– Alokairu sozialeko etxebizitza eskuratzeko aukera bermatu eta etxebizitza hutsen gaineko zerga ezarri.
– Menpekotasun egoera ororen estaldura, kalitatezko zerbitzu publikoen bidez.
– Osasun zerbitzu eta arreta unibertsala.
– 0 – 3 urte artean eta gainerako hezkuntza etapatan (goi mailako irakaskuntza barne), dauden (plaza) eskaera guztiak sare publikoan estaltzea, doan.

8. Zorraren auditoria azken muturreraino eramateko konpromisoa berrresten dugu. Obra erraldoiak, ezkutuko mugimenduak eta enpresa publikoen sare iluna dira zorraren egileak. Auditoria ikusten dugu zor ilegal hori ez ordaintzeok urrats gisa.

9. Aurrekontu partea hartzaileak aldarrikatzen ditugu, politika publikoak diseinatu zein erabakitzeko herritarron parte hartzea ahalbidetuko duten baliabideak bideratuz.

10. Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian eredu sozial zein ekonomikoari buruzko erabakiak modu burujabean hartzeko eskubidea aldarrikatzen dugu.

 

 

 

Langileen asanbladak deituko ditugu Bizkaiko Etxez etxeko Laguntza Zerbitzuaren negoziazioa desblokeatzeko

Eskualde ezberdinetan deituko ditugu hurrengo asteetan, langileekin egoeraren diagnostikoa konpartitu eta honen gaineko hausnarketa egiteko asmoarekin. Zaintza lanak sufritzen duten krisia agerikoa da, eta, honen aurrean, mobilizazio egutegi bat sortzearen beharra ere partekatuko dugu. Agerraldi bat egin dugu gaur Bilbon, honen guztiaren berri emateko.

Udaletxeak dira Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuen prestazioen titularrak eta hauen gaineko ardura dutenak. Gehien gehienak, zerbitzuak azpikontratatzen dituzte lizitazioen bitartez. Prestazio hauek, etxez etxeko langileok eskaintzen ditugu zuzenean, baina azpikontratentzako egiten dugu lan.

Azken 6 urteotan, udaletxeek eskaintzen duten ordu kopurua gero eta urriagoa izaten ari da. Ordu gutxitze honek, udaletxe batzuetan, zerbitzuaren orduak %30 jaistera ere heldu da. Honek, nola ez, ondorio negatiboak izan ditu arretaren kalitatea eta lan baldintzen.

Arreta sozio-asistentzialari dagokionez:

• Geroz eta handiagoa den kolektibo bat geroz eta babes maila txikiagoarekin uztea dakar: zerbitzuaren orduak gutxitzen doaz, beraz, arretaren kalitatea okertzen; eta ordu gutxitze honetan langileok funtzio gehiago egiten ditugu, beraz, arreta denbora eta zerbitzuaren kalitatea oraindik gehiago okertzen dira.

Lan eremuan, urte asko eta askotan oinarrizkoa den zerbitzu hau aurrera eramaten dugunok, gehiengo handi bat emakumeak izanik, gure baldintzak okertzen ikusi ditugu urtez urte eta enpleguaren deusezte bat ere ikusten ari gara.

• Aldi baterako kontratuak dituzten langileak masiboki kaleratuak izan dira, gehienetan lege iruzurra eginez. Aldi baterako kontratazioak dira enpresen kontratazio politiketan nagusi. Horrela, bitarteko bikaina dute enpresek malgutasunarekin jolasteko, lanaldi partzialetan langileak kontratatu eta inongo arrazoi errealik gabe eta Hitzarmen Kolektiboak berak ezarritako gutxienekoak ere errespetatu gabe, langileak prekarietatera lotuta izateko. Gaur egun, oraindik ere, enpresek ez dute egoera hau arautu nahi eta ezezko borobila ematen diete langileon ordezkaritzekin akordioak lortzeari, lana bermatuko digun Lan Poltsak ezartzeko eskatzen dugunean.

• Ez dizkigute kontratuetan agertzen zaizkigun orduak bermatzen, horrela gure baldintzak behin eta berriro moldatzen dizkigute, lansari eta kotizazioetan galerak ematen diren bitartean. Gutariko askok lanaldi partzialetan egiten dugu lan.

• Azken hiru urteotan, gainera, gure lan baldintzak asko okertu dira. 2013 eta 2015 urte bitarteetan emandako soldaten izozteak, gure eros ahalmena %3 batean galtzea ekarri du.

• Enpresek langile eta langileon ordezkarien lepo jartzen du dagoen absentismo maila altuaren ardura. Hauek, laneko gertakariek zein gertakari arruntek eragindakoak badira ere, ez dugu hau benetan arretaz tratatzeko borondatea aurkitzen enpresen partetik, ez baitituzte horretarako prebentzio neurri egokiak jartzen langileok inongo arazorik pairatu ez dezagun gure lana egitearren.

• Langileon gehiengo handiena emakumeok osatzen dugu, esperientzia urte askorekin zerbitzuan, denboraren poderioz osasun arazo handiak ekartzen dizkigutenak. Arazo muskularr hauek izan ohi dira askotan, enpresetan bajak eskatzearen arrazoi, edota aurretiazko jubilazioak eskatzearenak, honek, gure eskubideetan eragiten duen galera nabarmenarekin.

Era berean, 14 hilabete pasa dira jada Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuan Hitzarmen Kolektiboaren mahai negoziatzailea ireki zenetik.

Patronalak hasieratik blokeatu zuen negoziazioa, edozein hobekuntzaren aurrean ezezko borobila adieraziz, bai soldaten inguruan baita zerbitzuaren kalitate eta funtzionamenduaren inguruan. Bostgarren saioaren ostean, patronalak aldebakarrez negoziazioa eten zuen, Bilboko lehiketaren egoera argitu ezean (zeinak Bizkaian ematen den zerbitzuaren %50 suposatzen duen sektorean) ez zuela ezer aurreratuko argudiatuz.

Bilboko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren lehiaketa publikoa bukatu da jada eta enpresa berdinak eskuratu du. Honek, orduko prezioan %8ko igoera bat suposatu du aurreko lizitazioaren aurrean. Orduan, zein da negoziazio mahaira ez bueltatzeko arrazoia?

Nola da posible egoera hau ematen uztea, geroz eta handiagoa denean arreta zerbitzu hau beharrezkoa duten pertsonen kopurua dependentzia maila ezberdinak jasanda ere? Nola da posible, zerbitzu sozial publiko bat izanik, enpresen diru etekinen esku uztea prestazio hauek?

Hau horrela izanik ere, Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua murriztuz doaz. Bizkaiko Foru Aldundiaren arabera, herrialde honetan dependentzia graduren bat duten pertsonen %46ak ez du inongo prestaziorik jazotzen.

Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua okertzen doan bitartean eta gure lan baldintzak honekin batera, Bizkaiko Foru Aldundiak urterik urte geroz eta diru gehiago jartzen du etxekoen zaintza emateko partidetan. Dependentzia legearen arabera, salbuespenezko egoeretan emango den prestakuntza bat dela esaten bada ere.

Udalak eta Aldundia dira zerbitzu hauen arduradunak, haiek dute hauen titularitatea eta hauek pribatizatzeak, zerbitzu hauen kalitatearen truke gutxi batzuen onura ekonomikoa ahalbidetzea baino ez dakar.

Argi azaldu nahi dugu, Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua bezalakoak izugarrizko aukera izan daitezkeela emplegua sortu eta dagoena egonkortzeko. Sektore publikoaren aldeko apustua eginez gero, pertsonen zaintzan inbertsioa egingo genuke eta arreta duina eskeini.

LAB sindikatua, langileek era bateratuan egindako diagnostikoan berresten da Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren errealitateari dagokionez, eta ELA, UGT eta USOrekin batera egindako Plataformako edukietan indarra egiten dugu.

Hau dela eta, gainontzeko sindikatuei dei egiten diegu indarrak batu eta langileon mugimendu zabal bat osatzera, Udalak zein zerbitzua kudeatzen duten enpresen arduragabekeriaren aurrean.
 

 

 

EHU-UPVn atzo gertatutakoaren aurrean LABen jarrera

0
Gure elkartasun osoa adierazi nahi diogu atzo Leioako UPV-EHUko kanpusean lanean ari zela zauritu zuten garbiketako langileari. Hau ez da lan istripu bat, guztiz lekuz kanpo dagoen eraso baten ondorioa baizik. Kazetaritzako dekanotzaren egoitzan gertatukoa onartezina da eta horrela adierazi nahi dugu LABetik.

Era berean, ikasleen borrokari errepresioaren bidez erantzutea bide okerra dela adierazi nahi dugu. Eta antzua, ez duelako ezer konpontzen. Ez ditugu unibertsitateak indar polizialez beteta ikusi nahi. Ze nolako hekuntza sistema behar eta nahi dugun da, ez errepresioa, hezkuntzako komunitatearen eztabaidaren erdian egon behar duena. Horrela izatea guztion ardura eta erantzukizuna da, baita ikasleena ere. Unibertsitate ereduaren eztabaida indartzea eta atzo gertatutakoaren atzean dauden helburu politikoen artean alde handia dagoela iruditzen zaigu guri.

Martxoaren 22an greba eguna deitu dugu gehiengo sindikala osatzen dugun sindikatuek, eta 23rako ikasleek egin dute deialdia. Egun hauetan ebaluazio sistema aztergai jarri dugu, egun dagoena aldatzea behar beharrezkoa jotzen dugulako. Nolako hezkuntza sistema behar eta nahi dugun Euskal Herrian eztabaidatzeko eta erabakitzeko borroka bizia dela erakusten duten deialdiak dira.

Inposatu diguten hezkuntza eredua aldatzeko borondatea eta konpromisoa dagoelako egin dira aipatutako deialdiak. Akats ikaragarria iruditzen zaigu Jaurlaritzaren arazo politiko nagusienetakoa izan behar duena, orden publikoko arazo huts bihurtu dezaketela ikustea. Uriarte eta Mendozaren hezkuntza politika ataka batean jartzea da helburua, bestelako politikak egitera behartzeko. Gaur badu eztabaida honi ihes egiteko modua.

Hezkuntza sistema ulertzeko eta antolatzeko proposamen ezberdinak daude Euskal Herrian. LABentzat behar beharrezkoak dira proiektuak elkarren artean konfrontatzea eta inposatu diguten proiektua aldatu ahal izateko borroka indartzea. Horretarako biderik hoberena da ikasle, irakasle eta langileak borroka honetan batzea eta jende gehiago borrokara batzeko bideak eskaintzea. LABen iritziz momentu aproposa da hezkuntza eredua aldatzeko borrokaren eztabaida egiteko ikasle eta sindikatuen artean, bi eremuen artean eskuz esku lan egin ahal izateko.
 

 

 

Martxoaren 22ko grebara deitu dugu Bilbon

0

LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok grebara deitu dugu Euskal Autonomia Erkidegoan, martxoaren 22rako, unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan. Deialdi horren baitan, elkarretaratzeak egiten ari gara lan uzteen arrazoiak eta langileen aldarrikapenak kalera eramateko. Gasteizen eta Donostian egin bezala, Bilbon egin dugu gaur protesta, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, "Lan baldintzak hobetu, Hezkuntza eraiki" leloarekin.
 

 

 

“Velatiako langileok ez dugu ezer ospatzeko”

0

Velatiako langileek protesta egin dute gaur, Zornotzako Boroa industriagunean. Hain zuzen ere, enpresa taldeak bere 50. urtemuga ospatzeko ekitaldi bat egin du, eta bertan izan dira, besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakaria eta Espainiako Erregea. Velatiako buru Jabier Ormazabalentzat hitzak izan dituzte langileek: “Kostuak merketzea helburu besterik ez duen industria politika inposatu nahi diguzue; Kapitalaren mesedetan gure lan baldintzak prekarizatuko badituzue ere”.

Hauxe da LABek kaleratu duen oharra, Velatiaren urtemugaren harira:

Jabier Ormazabal jaunari,

50. urteurren honetan, VELATIAko langileok ez dugu ezer ospatzeko. Kostuak merketzea helburu besterik ez duen industria politika inposatu nahi diguzue; Kapitalaren mesedetan gure lan baldintzak prekarizatuko badituzue ere.
Espainiako Erreforma, soldata eskala bikoitzak kolektibo konkretuetarako, lan baldintzen suntsipena eta eskubide galera dira zuen politikaren oinarri.

Kapitala eta Produkzioa besterik helburu ez duen politika nahi duzue; bidean langileon eskubide guztiak suntsituko badituzue ere. Monkloa, Zartzuela eta Ajuria Eneako modeloak lana sortzen, industria sustatzen edota onura kolektiboan eragiten ez badu ere, horren alde egiten duzue; herri osoa bat txikituz, bai bere identitatea baita ere bere eskubideak, kontutan eduki gabe herri honen industria bultzatzen duen engranajea langileak garela.

Utzi iezaiozue herri hau eta bertako langileria zapaltzea helburu besterik ez dutenak txalotzeari. Guk, behintzat, argi dugu, bizitza duina, pertsonak eta langile kalsearen eskubideak defendatzen jarraituko dugula.

Lehendakari Jauna,

Dakizunez Euskal Industriaren egoera kezkagarria da egun, baina are kezkagarriagoa da gauzak aldatu ezean etorkizunerako aurreikusten dugun argazkia: Gutxitzen ari da ekonomia osoarekiko suposatzen duen portzentajea azken urteetan; Industriak maila teknologiko ertain-baxua izaten jarraitzen du; Ikerkuntza, Garapen eta Berrikuntzan Europako bataz bestekoetatik urruti gaude; Erabakien deslokalizazio kasu garrantzitsuak eman dira; Ez dago sistema finantziero publikorik, eta hori erabaki politikoen ondorio da; Enpresa Txiki eta Ertainak ekimen instituzionaletik kanpo gelditzen dira: mesedetuak direnak enpresa haundiak dira, eta hauek dira euskal industriaren oinarria direnak.

Honen aurrean, hitzez beste eredu baten alde eginagatik, Eusko Jaurlaritzak Espainiako ereduaren aldeko apustua egin du praktikan: lan kosteak murrizten dira balio erantsia dituen produktuen aldeko inbertsioa bultzatu beharrean. Industria, teknologikoki aurreratua izateaz gain, aurreratuak izan behar du gizartearen ikuspegitik, baina baita lan baldintzen ikuspegitik ere. Tamalez, bai patronala bai Eusko Jaurlaritzaren apustua guztiz kontrakoa da, Industria 4.0.0 bultzatzen ari dela diozuen bitartean, egiten ari zaretena PREKARIETATEA 4 INDUSTRIA POLITIKA 0 eredua da, ezaugarri hauekin:

1. LAN ERREFORMAREN APLIKAZIOA

2. NEGOZIAZIO KOLEKTIBORAKO ESKUBIDEAREN UKAPENA

3. KONTRATAZIO BERRIEN DISKRIMINAZIOA

4. POBREZIAREN HAUNDITZEA

Horregatik, gure industriaren defentsan, propaganda gutxiago eta industria politika gehiago egitea eskatzen dizugu. Eta horretarako, ezinbesteko urratsa, burujabetzaren aldeko urrats eraginkorrak ematea da. Ze Espainiako eredua ezartzen jarraitzen badugu, gure industria etorkizunik gabeko industria izango da, langileen bizi baldintzen kontura arrakasta gabe lehiatu nahiko duen industria.

Madrilen eginiko Erreforma eta harturiko erabakien aurrean, Ajuria Eneatik AMEN besterik ez duzue egin; langileriak bizi duen egoera prekario, miserable eta, sarritan, jazanezinak zuei bost dizuela argi utziz. Ez dauka, ordea, zergatik horrela izan…

Urkullu Jauna, ez da beharrezkoa itxurakeriatan aritzea, patronalarekin, espainiako erregearekin, edota hedabideen aurrean; Euskal Herriak badu alternatiba, Euskal Herriak eta euskal langilegoak BURUJABETZA behar beharrezkoak ditugu; Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua eraiki dezagun, utzi Koroa alde batera eta begiratu herri honen gehiengoari, bai Euskal Langilegoari!!!.

¡POLITIKA INDUSTRIAL ERREALEN DEFENTSAN, EUSKAL HERRIAK INDEPENDENTZIA!!

Ah! Eta Borbongo Feliperi,

Euskal Herriaren eta Euskal Herritarren zapaltzaile ez ezik, Espainiako langileriaren etsaia zaren neurrian; utzi bakean Euskal Herria, ez zara ongi etorria; eta utzi bakean langileria. Gure besarkada eta elkartasuna Estatu espainoleko langileriari.

 

 

 

Elkartasuna PAMEko 35 kideekin

0

LABek klase orientazioko Euskal Herriko sindikatuak, Greziako PAME sindikatuko 35 kideei bere elkartasuna helarazten dio, eta aldi berean haien askatasuna exijitzen du. PAMEko kide hauek Martxoaren 16an epaiketa bat izanen dute 2013an Lan ministerioaren aurrean eginiko protesta bat dela eta.

Leporatzen dizkieten karguekin 2013ko urtarrilaren 30ean klase federazio eta sindikatuek lan ministroak Gizarte Segurantza publikoaren kontra egindako adierazpenen kontra eginiko protesta kriminalizatu nahi dute. Sindikalista hauei lan ministroaren bulegoan kalteak eragin izana leporatzen diete. 

Kapitalismoak langileen eskubide guztiak ezabatu nahi ditu eta hori dela eta azken urteetan inoiz ezagutu ez dugun adinako erasoa pairatzen ari gara. Momentu honetan gero eta langile gehiago sistema honen injustizia pairatzen ari da eta horregatik sistemak justiziaren eta langileen eskubideen aldeko iniziatiba guztiak erasotzen ditu.

Euskal Herrian ere antzerako egoerak bizitu ditugu. Orain hilabete batzuk langile batzuek ere greba batengatik epaiketa izan zuten haientzako hainbat urtetako kartzela zigor eskaria zegoelarik. Azkenean borrokari esker langile hauen askatasun lortu zen, baino etorkizunean horrelako egoerak berriro errepikatzea litekeena da. 

Bukatzeko PAMEri eta borrokan dauden sindikalista guztiei gure elkartasuna helarazi nahi diegu, soilik antolakuntzaren eta borrokaren bitartez lortuko ditugulako gure helburuak.
  

 

Enpleguaren alde mobilizatu dira Simplyko langileak Galdakaon

0

Simply supermerkatuetako langileak borrokan ari dira euren lanpostu eta lan-baldintzen defentsan eta sektore oso baten iraunkortasunaren alde. Gaur, kontzentrazioa egin dute Galdakaoko saltokiaren aurrean. Adierazi dute lan egiten duten kate handietako enpresen zuzendaritzek, enplegua sortzetik urrun, euren mozkinak handitzen dituzten politikak ezarri nahi dituztela, lanpostuak amortizatu eta lan-eskubideak murrizten saiatuz.

Enpresak langile bakoitzak lan-karga gehiago onartzea nahi du eta gainera, aintzinatasun handiena duten langileak kaleratu nahi ditu. Honetaz gain, enpresak igande eta jai-egunetan irekitzen dute merkataritza liberalizatua nahi duela adierazi dute, langile gutxi batzuk gau eta egin lan eginez.

Langileek adierazi dute enpresaren asmoak ikusita, aurrez aurre izango dituztela adierazi dute, lanaren eta bizitzaren duintasunaren alde.

Kontsumitzaileei elkartuna eskatu diete langileek, jokoan baitago enplegua sortzea, gure herri eta hirietarako nahi dugun merkataritza eredua eta kalitatezko zerbitzua eskaintzea gure dendetan.