LAB SINDIKATUA

2017/03/27 :: 19:56

Azken Eguneraketa:2017/03/27 :: 13:11

HIZKUNTZA
Hemen zaude: FEDERAZIOAK ZERBITZU PUBLIKOAK Irakaskuntza LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok grebara deitzen dugu martxoak 22an unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan

LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok grebara deitzen dugu martxoak 22an unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan

E-posta Inprimatu PDF fitxategia
Partekatu albistea

b_345_209_16777215_0___materiala_argazkiak_zerbitzuPublikoak_irakaskuntza_hezkuntza_17_02_16agerraldia_17-02-16agerraldiairakaskun.png
Azken urteotan, Iruñea eta Gasteizko gobernuek ezarritako murrizketek, hezkuntza inbertsio erabat eskasek eta inposaturiko hezkuntza erreforma basatiek behar dugun hezkuntza sistemaren aurka egin dute. Ondorioz, EAEn eta Nafarroan behar dugun hezkuntza sistemaren bidean eman beharreko urratsen egoera oro har eta gaur egungo hezkuntza publikoarena, modu berezian, larria da. Beraz, egoera aldatu asmoz, mobilizatzea erabaki dute sindikatuek eta martxoaren 22rako greba deitu dute.

Proposatzen dugun hezkuntza sistema berri horren bidean nahitaezkoa da hezkuntza publikoan negoziazio kolektibo eskubidea berreskuratu eta lan-baldintzak nabarmen hobetzea. Azken urteetako murrizketen ondorioei aurre egiteko ondorengo neurriak exijitzen dizkiegu gure gobernuei:

• EAEko hezkuntza publikoko plantilak gutxienez 2.000 langiletan handitu behar dira kolektibo ezberdinetan eta Nafarroan 900 langiletan.
• Bataz-beste ia %40ko behin-behinekotasuna (%38 irakasleetan, %57 Haurreskoletan, %58 Heziketa Berezian eta %63 Sukalde eta Garbiketan), %6ra murriztu behar da, Nafarroan 1.800 lanposturik gora egonkortuz eta EAEn 6.000tik gora kolektibo ezberdinetan.
• Gelako ikasle kopurua %10 murriztu behar da.
• Hezkuntzako langileen eroste ahalmena berreskuratu behar da.
• Ordezkapenak lehen egunetik egitea premiazkoa da.
• Bajak bere osotasunean ordaindu behar dira, gaixotzen diren langileak zigortzeari utziz.
• Erretiroa erraztu eta laguntzeko neurriak berreskuratu behar dira.

Adierazitakoari erantzuteko eta gure herrian hezkuntzaren garapen eta eraikuntza bermatzeko ezinbestekoa da erabat eskasa den hezkuntza inbertsio publikoa (BPGren %3,1 Nafarroan eta %3,5 EAEn) handitzea, EHko Karta Sozialean jasotako hezkuntza publikoaren norabidean urratsak ematea ahalbidetzeko gutxienez Europako bataz-bestekora parekatuz eta progresiboki BPGren %6ra iritsiz. Hezkuntza berdintasuna, justizia soziala, integrazio eta gizarte kohesioa bermatzeko oinarrizko tresna da. Horretarako ezinbestekoa da hezkuntza behar bereziei modu egokian aurre egiteko baliabideak gehitu eta bermatzea.

Honekin batera ezinbestekoa deritzogu gure hezkuntza sistema txikitzen, erabat mugatzen eta desarautzen duen LOMCE Euskal Herriko gure ikastetxeetatik ateratzea eta EAEn honen moldaketa hutsa den Heziberri bertan behera uztea. Balizko Hezkuntza Legeen aurrean langileon ordezkariok zer esana badugu, hezkuntza eragile garen aldetik. Honen inguruan beharrezko ikusten dugu herri hausnarketa ariketa bat egitea herri mailako eragile guztien parte-hartzea bermatuz.

Hezkuntzaren merkantilizazioa alde batera uztea eskatzen dugu, egungo desorekak gaindituz hezkuntza garapen pertsonal eta sozial integralerako tresna izan dadin, kohesio soziala eta integrazioa bultzatuz, aniztasuna, berdintasuna eta hezkidetza oinarri.

Euskararen ezagutza nahikoa bermatzen ez duten politika eta hezkuntza ereduak gainditu eta tokian tokiko errealitatera egokituz ikasle euskaldun eleaniztunak sortuko dituen euskarazko murgiltze eredua garatu behar da.

ELA, LAB eta STEILAS sindikatuoi egungo egoera guztiz onartezina egiten zaigu. Hori dela eta, sindikatuok gainerako hezkuntza eta gizarte eragileekin elkarlanean mobilizazio fase bat garatu nahi dugu Iruñea eta Gasteizko gobernuei orain arteko politikak alde batera utzi eta aurrez adierazitako puntuak ardatz izango dituen hezkuntza politika gara dezaten eskatzeko.

EAEn martxoaren 22an greba deitzen dugu unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan eta gobernuak adierazitako bidean pausorik ematen ez badu hurrengo hilabeteetan greba eta mobilizazio dinamika areagotuko dugu.

Nafarroan ere, momentu honetan gobernuarekin irekita dagoen negoziazio prozesuak adierazitako bidean pauso esanguratsurik bermatzen ez duen heinean mobilizaziora joko dugu.
 


 
 

Ez dago iruzkinik


Iruzkinak egiteko izena ematea ezinbestekoa da. Oraindik ez duzu konturik? Erregistratu