Eskualde ezberdinetan deituko ditugu hurrengo asteetan, langileekin egoeraren diagnostikoa konpartitu eta honen gaineko hausnarketa egiteko asmoarekin. Zaintza lanak sufritzen duten krisia agerikoa da, eta, honen aurrean, mobilizazio egutegi bat sortzearen beharra ere partekatuko dugu. Agerraldi bat egin dugu gaur Bilbon, honen guztiaren berri emateko.

Udaletxeak dira Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuen prestazioen titularrak eta hauen gaineko ardura dutenak. Gehien gehienak, zerbitzuak azpikontratatzen dituzte lizitazioen bitartez. Prestazio hauek, etxez etxeko langileok eskaintzen ditugu zuzenean, baina azpikontratentzako egiten dugu lan.

Azken 6 urteotan, udaletxeek eskaintzen duten ordu kopurua gero eta urriagoa izaten ari da. Ordu gutxitze honek, udaletxe batzuetan, zerbitzuaren orduak %30 jaistera ere heldu da. Honek, nola ez, ondorio negatiboak izan ditu arretaren kalitatea eta lan baldintzen.

Arreta sozio-asistentzialari dagokionez:

• Geroz eta handiagoa den kolektibo bat geroz eta babes maila txikiagoarekin uztea dakar: zerbitzuaren orduak gutxitzen doaz, beraz, arretaren kalitatea okertzen; eta ordu gutxitze honetan langileok funtzio gehiago egiten ditugu, beraz, arreta denbora eta zerbitzuaren kalitatea oraindik gehiago okertzen dira.

Lan eremuan, urte asko eta askotan oinarrizkoa den zerbitzu hau aurrera eramaten dugunok, gehiengo handi bat emakumeak izanik, gure baldintzak okertzen ikusi ditugu urtez urte eta enpleguaren deusezte bat ere ikusten ari gara.

• Aldi baterako kontratuak dituzten langileak masiboki kaleratuak izan dira, gehienetan lege iruzurra eginez. Aldi baterako kontratazioak dira enpresen kontratazio politiketan nagusi. Horrela, bitarteko bikaina dute enpresek malgutasunarekin jolasteko, lanaldi partzialetan langileak kontratatu eta inongo arrazoi errealik gabe eta Hitzarmen Kolektiboak berak ezarritako gutxienekoak ere errespetatu gabe, langileak prekarietatera lotuta izateko. Gaur egun, oraindik ere, enpresek ez dute egoera hau arautu nahi eta ezezko borobila ematen diete langileon ordezkaritzekin akordioak lortzeari, lana bermatuko digun Lan Poltsak ezartzeko eskatzen dugunean.

• Ez dizkigute kontratuetan agertzen zaizkigun orduak bermatzen, horrela gure baldintzak behin eta berriro moldatzen dizkigute, lansari eta kotizazioetan galerak ematen diren bitartean. Gutariko askok lanaldi partzialetan egiten dugu lan.

• Azken hiru urteotan, gainera, gure lan baldintzak asko okertu dira. 2013 eta 2015 urte bitarteetan emandako soldaten izozteak, gure eros ahalmena %3 batean galtzea ekarri du.

• Enpresek langile eta langileon ordezkarien lepo jartzen du dagoen absentismo maila altuaren ardura. Hauek, laneko gertakariek zein gertakari arruntek eragindakoak badira ere, ez dugu hau benetan arretaz tratatzeko borondatea aurkitzen enpresen partetik, ez baitituzte horretarako prebentzio neurri egokiak jartzen langileok inongo arazorik pairatu ez dezagun gure lana egitearren.

• Langileon gehiengo handiena emakumeok osatzen dugu, esperientzia urte askorekin zerbitzuan, denboraren poderioz osasun arazo handiak ekartzen dizkigutenak. Arazo muskularr hauek izan ohi dira askotan, enpresetan bajak eskatzearen arrazoi, edota aurretiazko jubilazioak eskatzearenak, honek, gure eskubideetan eragiten duen galera nabarmenarekin.

Era berean, 14 hilabete pasa dira jada Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuan Hitzarmen Kolektiboaren mahai negoziatzailea ireki zenetik.

Patronalak hasieratik blokeatu zuen negoziazioa, edozein hobekuntzaren aurrean ezezko borobila adieraziz, bai soldaten inguruan baita zerbitzuaren kalitate eta funtzionamenduaren inguruan. Bostgarren saioaren ostean, patronalak aldebakarrez negoziazioa eten zuen, Bilboko lehiketaren egoera argitu ezean (zeinak Bizkaian ematen den zerbitzuaren %50 suposatzen duen sektorean) ez zuela ezer aurreratuko argudiatuz.

Bilboko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren lehiaketa publikoa bukatu da jada eta enpresa berdinak eskuratu du. Honek, orduko prezioan %8ko igoera bat suposatu du aurreko lizitazioaren aurrean. Orduan, zein da negoziazio mahaira ez bueltatzeko arrazoia?

Nola da posible egoera hau ematen uztea, geroz eta handiagoa denean arreta zerbitzu hau beharrezkoa duten pertsonen kopurua dependentzia maila ezberdinak jasanda ere? Nola da posible, zerbitzu sozial publiko bat izanik, enpresen diru etekinen esku uztea prestazio hauek?

Hau horrela izanik ere, Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua murriztuz doaz. Bizkaiko Foru Aldundiaren arabera, herrialde honetan dependentzia graduren bat duten pertsonen %46ak ez du inongo prestaziorik jazotzen.

Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua okertzen doan bitartean eta gure lan baldintzak honekin batera, Bizkaiko Foru Aldundiak urterik urte geroz eta diru gehiago jartzen du etxekoen zaintza emateko partidetan. Dependentzia legearen arabera, salbuespenezko egoeretan emango den prestakuntza bat dela esaten bada ere.

Udalak eta Aldundia dira zerbitzu hauen arduradunak, haiek dute hauen titularitatea eta hauek pribatizatzeak, zerbitzu hauen kalitatearen truke gutxi batzuen onura ekonomikoa ahalbidetzea baino ez dakar.

Argi azaldu nahi dugu, Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua bezalakoak izugarrizko aukera izan daitezkeela emplegua sortu eta dagoena egonkortzeko. Sektore publikoaren aldeko apustua eginez gero, pertsonen zaintzan inbertsioa egingo genuke eta arreta duina eskeini.

LAB sindikatua, langileek era bateratuan egindako diagnostikoan berresten da Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren errealitateari dagokionez, eta ELA, UGT eta USOrekin batera egindako Plataformako edukietan indarra egiten dugu.

Hau dela eta, gainontzeko sindikatuei dei egiten diegu indarrak batu eta langileon mugimendu zabal bat osatzera, Udalak zein zerbitzua kudeatzen duten enpresen arduragabekeriaren aurrean.