2026-06-21
Blog Page 927

“Aldaketa sozialerako, independentzia” aldarrikatuko du LABek aurtengo Diadan

LAB sindikatuak bere babesa erakutsi nahi dio Kataluniari eta hartu duen erabakitzeko eskubidearen aldeko bideari. Gure etorkizunaz erabakitzeko antzerako ariketa, burujabetza prozesu sozial eta albakarrekoaren bidez egindakoa, nahiko genuke Euskal Herrirako ere, eta horretan ari gara lanean. Diada egunean, astelehenean, LABek deialdi propioa egingo du, eta egoitzetan elkarretaratzeak egingo ditu.

 Katalunian deitutako mobilizazioetan izango gara igandean eta astelehenean


Herri batek eta bere herritarrek euren etorkizunaz erabakitzeko aukera da urriaren 1ean Katalunian egingo den Indepentziarako Erreferenduma. Demokrazia ariketa gorena. Guk argi dugu galderari zer erantzungo geniokeen, baiezkoa, independentistak garelako. Independentzia delako, pertsonen bizitza erdigunean jarriko duen eredu bateranzko bidean, aldaketa sozialerako tresna eta bide eraginkorrena. Hala ere, galdetzea bera da garrantzitsuena. Etorkizunaz erabakitzeko eskubidea izatea, galdetuak izatea eta bozkatu ahal izatea.

Espainiatik mehatxu eta erasoak besterik ez dira etorri. Ezin dute onartu herri katalanaren demokrazia ariketa. Katalan herriaren bidea babesten dugun moduan, Espainiako estatuaren jarrera inposatzailea salatzea besterik ez zaigu geratzen. Gure elkartasuna helarazi nahiko genuke mehatxu eta erasoak jasotzen ari diren guztiei.

Astelehenean izango da Diada, Kataluniaren eguna. Eta honen inguruan Kataluniari eta bere prozesuari babesa erakusteko mobilizazioetan izango da LAB, Euskal Herrian zein Katalunian.

Deialdi propioa ere egin du LABek Diada egunerako. Sindikatuak elkartasun eta babes elkarretaratzeak egingo ditu bere egoitzetan, “Aldaketa sozialerako independentzia” lelopean. 20 deialdi inguru izango dira Euskal Herri osoan zehar. Garbiñe Aranburu Idazkari Nagusiak adierazpenak eskainiko dizkie komunikabideei Donostiako Igarako egoitzan, 11:00etan.

Diadan zein hemendik aurrera, Kataluniako Erreferendumaren alde eta aldebakarreko burujabetza prozesu sozialaren alde mobilizatzeko deia egiten die LABek langileei.

 

 

 

Negoziatzen jarraituko duela dio Cata Fagor enpresako zuzendaritzak, langileek ultimatumari ezezkoa eman arren

0
Etorkizuneko proiektu baten alde borrokan jarraituko duela berretsi du enpresa batzordeak. Hurrengo egunetan egin beharreko mobilizazioen berri emango dute.

Hauxe da Cata Fagor-eko enpresa batzordeak gaur argitaratutako oharra:

Bileran, batzarrak hartutako erabakia jakinarazi diegu, hau da, enpresaren ultimatumari ezezkoa eman diogula, proiektu industrial baten alde ez egiteagatik.

Zentzu honetan, jakinarazi diegu Garagartzan ekoiztea dela denboran iraun dezakeen ekoizpen-proiektu bat egotea bermatzen duen bakarra. Gainera, jakinarazi diegu egin dugun kudeaketari esker jakin dugunez, aukera dagoela egun erabiltzen den eraikina egokitzeko. Zuzendaritzak erantzun digu negoziatzen jarraituko duela eta balizko enpresaren etorkizunaren proiektuaren alde lanean jarraituko duela.

Gaineratu digu astelehenean Enplegua Erregulatzeko Espedientea aurkeztuko duela langile guztien kaleratzerako prozedurari hasiera emanez. Argitu nahi dugu aurreikusita zuela zuzendaritzak urrats hau ematea, langileen babesarekin edo gabe.

Horretaz etorkizuneko proiektu baten alde borrokan jarraituko dugu. Hurrengo egunetan egin beharreko mobilizazioen berri emango dugu.
 

 

 

Katalunian deitutako mobilizazioetan izango gara igandean eta astelehenean

0

LABeko idazkari nagusi ondoko Igor Arroyo eta sindikatuko Nazioarteko arduradun Koldo Saenz Bartzelonan izango dira igandean eta astelehenean. Hain zuzen ere, irailaren 10ean, Diadaren bezperan, beste sindikatu soberanista batzuekin batera, erreferenduma babesteko elkarretaratze batean parte hartuko dugu, Langile jendearen errepublika baten alde" leloarekin. Irailaren 11n, berriz, Diada egunean bertan, deialdi bitan izango gara: ANCek eta zeker independentistak deitutako mobilizazioetan.

Euskal Herrian ere irtengo gara kalera. Larunbatean, Kataluniarekin koordinazioguneak eta ANC-Euskal Herriak Hegoaldeko hiriburuetan deitutako elkarretaratzeetan hartuko dugu parte. 12:00etan izango dira Bilboko Arriagan, Donostiako Bulebarrean, Gasteizko Andramari Zuriaren plazan eta Iruñeko Sarasaten.


 

 

 

Euskal preso, iheslari eta deportatuen aldeko manifestazioan parte hartzeko deia luzatu dugu

Ezker abertzaleak Kalera Kalera dinamikaren bitartez deitutako manifestazioarekin egin dugu bat. Hain zuzen ere, mobilizazioa eguerdiko 13:30ean hasiko da Donostiako Bulebarretik, igandean, eta euskal jendarteari bertan parte hartzeko deia luzatu nahi diogu. Kontxako banderaren bigarren jardunaldiaren etorrerarekin urtero egin ohi duten protesta da hau.

Donostiako mobilizazioaren aurkezpena abuztua bukaeran egin zuten, agerraldi baten bitartez. Babes osoa eman genion LABetik.
 

 

 

Ziurgabetasunak jarraitzen du CELen

0

Gaur bilera izan dugu CEL eskuratu nahi duten TRIPLEI Txileko taldearen ordezkariekin. Bertan adierazi digute zeintzuk diren euren asmoak erosketarako euren eskaintza gauzatuko balitz. Eskaintza hau zehaztu gabe dago oraindik eta hau euren datorren bisitan egingo dute, irailaren 25 inguruan. Euren asmoak egungo ekoizpenetan aldaketak egitera bideratuko dira, beti ere papergintzaren barruan, inbertsio handiak beharko dituztenak eta soldaten sakrifizio handiak exijituko dituztenak. Horregatik, guzti hori aztertua eta eztabaidatua izan beharko da bi proposamenak zehazten diren momentuan.

Argitu nahiko genuke TRIPLEIk asteazkenean izandako bilera ELArekin izan zela eta ez enpresa- batzordearekin eta LAB eta UGTko ordezkarien protestaren ondoren soilik onartu zuela Txileko enpresak gainontzeko ordezkariekin elkartzea, ordutegien dantza baten ostean. Azken kontu honek, aurrekoarekin batera, itzelezko errespetu falta erakusten du, iragarri diguten bezala errepikatuko ez dela uste duguna.

Hain zuzen ere, prentsan atera da Triplei Txileko taldeak CEL eskuratzeko interesa duela eta atzo astezkena ordezkari sindikalekin bilera izan zuela. LABetik argitu nahi dugu bilera ELArekin izan zutela soilik eta LAB eta UGTko ordezkariok protesta egin genuenean bakarrik onartu zuela Txileko taldeak bilera izatea.

Gaur ostegunez egin da beste bilera hau, ordutegien dantza izan ondoren.

Honek itzelezko errespetu falta adierazten du ordezkaritza sindikalaren zati batekin eta hauek ordezkatzen dituzten langileekin, eta bilera izateko benetako interesaren falta nabarmena. Ez dakigu nola amaituko den Txileko talde honen interesa, baina LABek hasiera ona izan ez dela iritzi du, diskriminazioz eta ordezkaritzaren zati bat aintzat hartu gabe.

Udan, CEL taldeko lantegietako industria proiektuaren defentsan mobilizatu dira langileak, ixteko arriskuaren aurrean.
 

 

 

Protesta, Hezkuntza sailburuaren aurrean

0

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Cristina Uriarte Gasteizen izan da gaur, Angel Ganivet ikastetxean, ikasturte berriari hasiera emateko bisita bat dela eta. Sindikatuak kalera irten gara, datozen asteetarako deitutako protesten aurrekari.


 

 

 

Euskarazko Lanbide Heziketa, irakasle ezarengatik blokeatuta Nafarroan

0
LAB sindikatuak ekainean iragarri zuen hasi dugun ikasturtean Lanbide Heziketako ziklo berrietan euskarazko nahikoa irakaslerik ez izateko arriskua zegoela eta, zoritxarrez, iragarpena bete egin da. Hezkuntza Departamentuak, kasu honetan aurreikuspen eta kudeaketa eskasaren ondorioz, aipatu zikloetan izen-emandako ikasleriari arazo larria eragin dio. Beraz, egonkorturik gabeko ikasturte hasieraren ondorioak nozitu beharko ditu.

Ziklo horiek jasango dituzten balizko atzerapenak programazio eta material didaktiko egokia lantzeko zailtasunak eragiten ditu eta irakaskuntza gutxieneko kalitate eta eraginkortasunez egitea oztopatzen du.

Horrez gain, ziklo horietako ikasleek ez dute beharrezko titulazioa duen irakaslerik izango edo, gaitz erdi, berandu agertuko dira.

Hezkuntza Saileko Giza Baliabideetako arduradunen jarduna gaitzesgarria iruditzen zaigu, bere garaian ziklo berri horiei dagozkien zerrendak ez irekitzea erabaki baitzuten. Ekimen eza horren adierazgarri gisa, gaztelerazko zerrendak ez dituzte baliatu, hori egitea posible zuten arren, zerrenda-kideak direla argudiatuz. LABen aburuz, zerrenda bakarrari modu setatsuan uko egitearen ondorioak dira hauek guztiak. Aldi berean, tankera honetako gertaeretan, hizkuntz-normalizazioa bultzatzeko edozein ekimen judizializatzen duten euskararen aurkako lobiei dioten beldurra sumatzen da.

Geroa Baik hizkuntza normalizazioaren inguruan duen diskurtsoa UPNrenaren oso bestelakoa bada ere, sakoneko erabakietan antzekotasun handiegia dago bien artean. Horren adierazle, Hezkuntza Sailak egun dagoen apartheid linguistikoa normaltasunez bizitzea da, funtsezko senak dionaren aurka. Horrela ez bada, behin-betikoz hezkuntzan eman beharra den aldaketaren aldeko apustua agertu beharko luke.

Euskaldunok lurralde honetan pairatzen dugun hizkuntz-eskubideen zanpaketaren parekorik ez da Europa osoan, gai larria da eta Hezkuntza Departamentuak ez du hori konpontzeko asmorik adierazten.

LABek ez du onartuko euskarazko irakaskuntza espainolez egindakoaren pare ez egotea, batez ere atzean Hezkuntza Saileko Giza Baliabide arduradunen utzikeria eta kudeaketa eskasa agerikoak direnean. Aldi berean, sindikatu honek kalitatezko hezkuntzaren eta ikasle-irakasle euskaldunon hizkuntz-eskubideen aldeko apustua berresten du.
 

 

 

Jaurlaritzarentzat ontziolak sektore estrategiko bat ote den zalantza dugu

0

Elkartasuna adierazi eta borrokarako deia egin nahi diegu, La Navalen euren etorkizuna arriskuan duten langileei, eta bereziki jadanik kanpo gelditu direnei. La Navalekoa atzetik datorren egoera da. Pribatizazio prozesuak gero etorriko zenaren oinarriak ezarri zituen: estrategikoa beharko lukeen sektore baten porrota, bestelako interesak dituzten akziodunen kudeaketaren ondorioz.

Lanpostuen prekarizazioa eta azpikontratazio basatiaren aldeko hautua egin dute. Erabat baztertzen dugu azpikontratazio basatian oinarritutako enpresa eredu hau, prekarietatean oinarritua eta ez inbertsio eta balio erantsian. La Navalek 2.000 langileri eragiten die zuzenean, bertako langile izan, izan azpikontrata edo kontratako langileak. Hilabeteetan soldata kobratu ez duten langileak, jadanik ontziolatik kanpo dauden azpikontratatutako langileek ere konponbidearen parte izan behar dute.

Ez dakigu Eusko Jaurlaritzarentzat ontzigintza sektorea estrategikoa den, eta industria politika falta hau oso larria da Euskal Herriarentzat. Izan ere, enpresen ondoan egotea omen da bere industria politika, instituzioei dagokien interes sozialaren defentsari uko eginez. Gurea ustez badago zerbait egiterik, beste industria politika baterako proposatu genuen dekalogoan azaltzen genuen moduan.

LAB argi posizionatzen da. Ontzigintza sektore estrategikoa da Euskal Herriarentzat, Ezkerraldean sortzen duen enpleguagatik, eta batez ere, industrian bertako beste enpresekin sortzen dituen sinergiengatik. Baina etorkizuna izan dezan, jadanik egiten ez diren itsasontzi handiak egiteko merkatura jo behar da, kudeaketa on baten bidez. Ontzi handiak egiten da punta puntakoa La Naval, eta eman den kudeaketaren ondorioz (akziodunek euren beste enpresetan jarri duten lehentasuna) ez da ontzi handiak egitearen aldeko apustua egin.

Ekonomikoki, gastu finantzieroek ito dute La Naval, eta horregatik berrestu nahi dugu banka publikoari uko egin izanak, egoerahauetarakoezinbestekotresnabatezizateaekartzenduela. Berezikilarriada,kontutanizatenbadugu,Kutxabank zeharka La Navaleko akziodun dela. Finantziazio tresna publikoak eta banka publikoaren aldeko apostua beharrezkoak da.

Momentu honetan, Del Dago enpresariaren desagerpenak lehertu du egoera. Orain, Eusko Jaurlaritzak dio ez duela ardurarik, baina Del Dago enpresariaren aldeko apostua egin zuen, beste behin Euskal Herrikoa ez den kanpoko kapitalaren sarrera bultzatuz.

Horregatik, hartzekodunen konkurtsoa aurkeztu hala ez, ondorengo neurriak hartu behar direla adierazten du LABek:

1-Azpikontratako langileak interlokutore bezala aitortuak izatea eskatzen dugu instituzio eta eragileen partetik.

2-Ontzigintza sektorearen aldeko apostua zehaztea Jaurlaritzaren partetik Industria Plan batean.

3-Akzioen kontrol lokala eta publikoa bermatzea, Jaurlaritzaren Kapital Arriskuko Sozietate baten bidez.

4-La Navalerako bideragarritasun plana, ontzi handien eraikuntza, lan baldintzen bermea eta finantzazio plan baten oinarrituta.
 

 

 

Nafarroako Itunpeko Akordioaren sinatze kritikoa egin dugu

0

Urtebete baino luzeago izan den negoziazio eta mobilizazio prozesuaren ostean, eta abuztuaren hondarrean egon diren aurrerapausoei esker, LABek Nafarroako Gobernuarekin akordio berriaren sinatze kritikoa egin du. Ez da LABek nahiko lukeen akordioa, baina azken txanpan hainbat puntu garrantzitsu bermatu ondoren, aurrera egiteko moduko akordioa dela iruditzen zaio.

LABek baloratu du azken egunetan Hezkuntza Departamentuak erakutsitako borondatea eta emandako pausoak. Aintzat hartu ditu hainbat lorpen, horietako batzuk aurretik ezinbestekoak zirenak LABentzat: %1 2017an ez irakasleentzat, 2018 eta 2019ko igoerak bermatuta, ordezkapenak lehenengo egunetik lau kasu berezietan eta gardentasunean lortutako aurrerapausoak, oraindik nahikoak ez izan arren.

Aldiz, sindikatuak aitortzen du ez dela akordio zoragarria: langileek 57 urterekin bi ordu lektiboen murrizketa izanen dute, gerora lau izanen direnak; formazioan eta langileen birkokapenean ez da lehengo egoera mantentzen eta ez da lortu 2016ko igoera.

Afiliatu eta delegatuekin kontsultatu ondoren, LABek arduraz jokatu nahi duela adierazi du eta sinatze kritikoa egitea erabaki du. Akordioaren alde positiboa bermatuta, LABek ez dio uko egiten 2016ko igoera eta beste eskubide batzuk berreskuratzeari. Sindikatuak azpimarratu du Hezkuntza Departamentuaren ardura dela langileek jasandako UPNren murrizketekin ahalik eta azkarren bukatzea batetik eta langileek galdutako erosteko ahalmena berreskuratzea bestetik. Sindikatuak horren alde borrokatzen jarraituko du.

Gainera, LABek patronalak, uda baino lehen beraiei interesatzen zitzaiena ziurtatu ondoren, garai hartan langileentzat kaxkarra zen proposamena sinatzeko prest azaldu zirela salatu du. LABek argi dauka patronalek zuzenean inplikatu behar direla beraien langileen lan baldintzen hobekuntzan. Sindikatuaren iritziz orain arte, patronal batzuek, dirua jaso duten bitartean, beste aldera begiratu dute inongo lotsarik gabe langileen lan baldintzen arazoa Nafarroako Gobernuari pasaz.

LABen ustez patronalek, zerbitzu publikoa emateko Administrazioaren dirua jasotzen duten heinean, orain arte erakutsi ez duten gardentasuna adierazi behar dute diru horren erabileran eta kontratazio prozesuetan. Irakaskuntzarekin zuzenean lotutako langileen formazioa ziurtatu behar dute eta horretarako erabil dezaketen diru publikoa behar den bezala justifikatu. Akordiotik Haur Hezkuntzako patio zaintza garai lektibotzat jotzen zuen puntua desagertu da. ANEG eta CECE patronalak negoziazioan prest azaldu dira behin baino gehiagotan bere gain hartzeko. LABek dio orain dela momentua emandako hitza betetzeko.

LABen ustez garaia da ere, Ikastolek duten antzera, Nafarroako Itunpeko Irakaskuntzako langileen lan baldintzak hobetuko lituzkeen lan hitzarmen propioa izateko. LABek patronalei beraien langileekiko ardura hartzeko galdegiten die. Nafarroako Itunpeko Irakaskuntzako langileek negoziazio kolektiborako duten eskubidea bere osotasunean garatu behar da.

Azkenik, LABek azken urte eta erdian, langileek burututako mobilizazioak eta erakutsitako inplikazioa goraipatu ditu. Horri esker lortu da, lortu dena eta ez dira ontzat eman aurreko hilabeteetan mahai gainean zeuden proposamen onartezinak.