2026-08-21
HomeIndustriaMetalgintzaLa Naval salbatzeko eratuko den mahaian azpikontratak ordezkatuak egotea eskatzen dugu

La Naval salbatzeko eratuko den mahaian azpikontratak ordezkatuak egotea eskatzen dugu

La Navalen etorkizunaz eta haren iraunkortasuna bermatuko duen industria-planaz hitz egiteko, agerraldi bat egin dugu gaur Bilbon, azpikontratetako ordezkariekin batera. LAB ere bat dator La Navalen konponbideari ekingo dion mahaia eratzearekin, erakunde publikoek parte hartuz. Ontziola azpikontratazio handienetakoa ematen den sektorea da. Sestaoko ontziolan 215 bat langile kontratatzen ditu La Navalek zuzenean, eta azken urteotan, azpikontratatuak 1.800 bat izan dira, hau da, langile-kopuru osoaren %90a. Datu hau kontutan hartuz, ezinbestekoa deritzogu talde hau aintzakotzat hartzeari, La Navalen etorkizunari eta egon daitezkeen irtenbideei ekiteko. Horregatik eskatzen dugu azpikontraten ordezkaritza egon dadila ontziola salbatzeko eratuko litzatekeen mahaian.

La Navalen pribatizazioak berekin ekarri zuen lan eredua azpikontrataziorik basatienean oinarritzen zen, eta hortaz, lan baldintzak kaskartzean (erreferentzia moduan hartu beharreko gutxiengo hitzarmena ez da aplikatzen, soldata-eskala bikoitzak, lanaldi bukaezinak, soldata ordaintzen ez zitzaielako lanpostua utzi behar izan duten langileek,…). La Navalen etorkizuna ezin daiteke iraganari eusten dion lan eredu batean mamitu, lan baldintzen esplotazioan eta prekarizazioan oinarritua. Eta hori azpikontratetako langileek bakarrik berma dezakete.

LABen iritziz, ontzigintza sektore estrategikoa izanik, honako galdera egiten diegu geure buruei: Eusko Jaurlaritzaren ustez, ontzigintza sektore estrategikoa al da? Industria-politika ezak egunero ikusten ditugun ondorio lazgarriak dakarzkigu. Eusko Jaurlaritzak dabilen politika bakarra enpresa handien jarduna erraztea da, euskal kapitalez osatutako enpresak atzerriko kapitalari saltzen lagatzea da. Horretan datza Eusko Jaurlaritza horrenbeste harrotzen duen euskal kapitalaren konpromisoa. Horrela jokatuz, erakundeei dagokien interes sozialen zaintzari uko egiten zaio. Horixe da hain zuzen berriro jazoko dena, oraingoan La Navalen.

Ontzigintza estrategikoa da Euskal Herriarentzat, Ezkerraldeko eskualdean sortzen duen enpleguagatik eta beste industria-enpresetan sortzen dituen sinergiengatik. Eusko Jaurlaritzak argi eta garbi egin behar du sektore honen aldeko hautua, industria-egitasmoa landuz.

Itsasontzi handiak eraikitzen jardungo den, kalitateko enplegua sortuko duen eta lan baldintza duinak bermatuko dituen ontzigintza sektorea behar dugu. Horretarako ezinbestekoa deritzagu erakunde eta eragindako eragileek langile azpikontratatuak konponbidearen alderditzat onartzeari.

Azpikontratutako langileak kontuan hartu barik, La Navalek ez du konponbiderik.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Hirugarren greba zikloari ekingo diote Gipuzkoako Moeve gasolindegietako langileek lan baldintzak hobetzearen alde abuztuaren 28tik 30era

Abuztuaren 28ko 22:00etatik abuztuaren 30eko 22:00etara egingo dute greba Moevek Gipuzkoan dituen 16 gasolindegietako 150 langileek. Enpresa batzordea LABeko 5 ordezkarik eta ELAko 3k...

LABek eta ELAk adingabe batzuk balorazio psikosozialik egin gabe Bilbotik Gueñesera lekualdatu izana salatzen dugu

Sindikatuok kritikatzen dugu Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eudes Fundazioak zentro-aldaketa hilabete eskaseko aurrerapenarekin aurkeztu dutela, haren eragina baloratu gabe eta adingabeekin egunero lan egiten...

Bilboko tranbian zezenketen publizitatea jartzea salatu dute Euskotreneko langileek

Mobilizazioa egin dute Arriaga plazan. Euskotreneko enpresa batzordeak bere kezka eta erabateko gaitzespena adierazi nahi ditu, aurten ere Bilboko tranbiaren unitateetan zezenketekin lotutako ikuskizunen publizitatea...