2026-06-20
Blog Page 921

“Ziur gaude euskaldunok ere egunen batean bozkatuko dugula”

0

Bilboko elkarretaratzea, Moyua plazan.

ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuak urriaren 1ean Katalunian egingo den erreferenduma babesteko irten gara gaur kalera, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Bilbon, LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk hartu du hitza; Iruñean, berriz, Imanol Karrerak. LABeko ordezkariek argi dute: "Mobilizatua dagoen herri bat gauza handiak lortzeko gai da".

Garbiñe Aranbururen hitzetan, "testuinguru politiko oso garrantzitsuan bizi dugu gaurkoa. 78Ko errejimena dago jokoan, handik eratorritako lurralde eredua eta eredu ekonomiko eta soziala dago jokoan. Katalanek, erreferenduma egiteko eskubide eta zilegitasun osoa dute. Erreferendum hori salbuespen egoera batean egingo da. PPren gobernuak PSOE eta Ciudadanos-en laguntzarekin erreferenduma oztopatzeko erabaki irmoa du. Inork zalantzarik bazuen, argi geratu da Espainiako Estatuak ez duela herrien erabakitzeko eskubidea errespetatzen. Oztopatu egiten du horretarako errepresioa erabiliz. Demokrazia bera jokoan dago".

Gasteizen ere elkartu gara, Gobernu azpiordezkaritzaren aurrean.

LABeko idazkari nagusiaren arabera, "Kataluniarekin elkartasuna adierazi eta aldi berean erabakitzeko eskubidea ukatzen duen PPrekin akordioak ez dira bateragarriak. EAJk erabakitzeko eskubidearen benetako defentsa egin nahiko badu, PPrekin dituen akordioak apurtu behar ditu. EAJk oso ondo daki PPrekin ez dagoela nazioa garela eta erabakitzeko eskubidea dugula jasoko duen marko juridiko berri bat adosterik. PPrekin dagoen tarte bakarra, momentu honetan gobernuan duen ahultasunaz baliatuz, herri honi iruzur berri bat egitea da".

Geroa Bairi ere deia
LABeko ordezkari Imanol Karrerak hartu du hitza Iruñeko elkarretaratzean: "Langileon aldetik, Geroa Baiko Gobernuarentzat eskaera bat egiten dugu: Kataluniarekiko babes eta elkartasun osoa adierazi dezala, eta errepresioaren aurkako jarrera argia azaldu dezala".

Iruñeko protesta, Gobernuko ordezkaritzaren aurrean.

Karreraren esanetan, "ziur gaude katalanek urriaren 1ean bozkatuko dutela. Eta ziur gaude euskaldunok ere egunen batean bozkatuko dugula. Ilusionatu, motibatu, aktibatu eta mobilizatu gaitezen. Mobilizatua dagoen herri bat gauza handiak lortzeko gai delako, badugulako indar nahikoa estatuari bigarren fronte bat irekitzeko".

 

 

 

Abortua oraindik ez da eskubide normalizatu bat Osakidetzan

Irailak 28 da gaur, abortatzeko eskubidearen aldeko nazioarteko eguna. Beharrezko baliabideak ditugu abortuaren eskubidea ingurune normalizatu batean gauzatu ahal izateko, Osakidetzako edozein pazientek gisa, osasungintza publiko eta kalitatezko batean. Eta ez dezagun ahaztu: legezko eskubidea dugu.

Idazkaritza feministak iritzi artikulu bat egin du abortatzeko eskubidearen aldeko nazioarteko egunaren harira. Zerbitzu Publikoetako ordezkariek, bere aldetik, ondorengo irakurketa egin dute:

Irailak 28, abortatzeko eskubidearen aldeko nazioarteko egunaren harira, LABek salatu nahi du aborto eskubidea oraindik ez dela eskubide normalizatua Osakidetzan.

Gripea edota hipertentsioa izanez gero zer egin behar dugun esaten digu Osakidetzak , baina abortuaren inguruan ez dago informazio esanguratsurik. Nahiz eta abortua eskubide gisa onartua dagoen, aukera hau ezkutatu, estali, egiten da eta, ondorioz, eskubide hau gauzatzea oztopatu egiten da.

Osasungintza Publikoak ez du lortu abortatu nahi duen emakumea epaitua ez sentitzea. Egiazki, babesik gabe sentitzen da. Izan ere, abortuaren praktika lohitu asmoz hainbat elkarte, alderdi eta elizak egin dituzten kanpainei gehitu egin behar zaie abortuaren inguruko Kontzientzi Eragozpenak izan duen oihartzun mediatiko handia. Ondorioz, legeak arautzen duen lehen asteetako abortua zentro pribatuetara desbideratzen da.

Egoera hau Osakidetzak pribatizazioaren bidean egiten ari denaren erakusgarri bat gehiago da. Beharrezko baliabideak ditugu abortuaren eskubidea ingurune normalizatu batean gauzatu ahal izateko, Osakidetzako edozein pazientek gisa, osasungintza publiko eta kalitatezko batean. Eta ez dezagun ahaztu: ESKUBIDE LEGALA DUGU.

 

 

Hitzarmen berri bat aldarrikatu dute Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako langileek

LAB, ELA, Steeilas, CCOO eta UGT sindikatuok elkarretaratze bat egin dugu, ikasturte honetan abiatuko dugun mobilizazio zikloaren lehenengo pausu bezala, baina bidea egiten jarraituko dugu hitzarmen berri bat lortu arte. Hain zuzen ere, Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako langileak Zumaiako Maria eta Jose ikastetxearen atarian bildu gara, hitzarmen berri bat aldarrikatzeko.

2009. urtetik daramagu hitzarmena berritu gabe, denbora honetan guztian gure soldatak izoztuak egon direla, eta ez bakarrik hori. 2010. urtean patronalek soldatetan %5eko murrizketa ezarri ziguten eta, mobilizazioaren eta hasitako bide judizialaren ondorioz atzera egin behar izan zuten. 2013. urtean hitzarmen estatala aplikatzen hasi ziren, gure lan baldintzak nabarmenki okertuz, eta abiatutako mobilizazioei esker gure hitzarmena berreskuratzea lortu genuen.

Hitzarmena berritu gabe 8 urte pasa diren honetan eta 33 hitzarmen mahai pasa diren honetan, argi gelditu da sektoreko patronalek nagoziatzeko borondaterik ez daukatela. Ez, behintzat, gure lan baldintzetan eta hezkuntzaren kalitatean hobekuntzak suposatuko luketen edukien inguruko eztabaidan sartzeko. Izan ere, behin baino gehiagotan argi utzi dute dirua suposatuko lukeen ezer negoziatuko ez dutela.

Eta gure ustez, ez da onargarria. Aipatu bezala, soldatak izoztuak urteetan zehar egon direnean. Urte hauetan guztietan hainbat kolektiboren (heziketa bereziko langileen eta 0-3ko langileen) bazterketan sakondu izan denean. Ordu osagarriak bahitu dizkigutenean eta lan kargak igo direnean, eta denboran gehiago iraun ezin daitekeen beste hainbat egoera mantentzen diren honetan ez gaude prest geldirik mantentzeko.
 

 

 

LABek Urkullu interpelatu du lan istripuen aurrean erabaki politikoak hartzeko

0

Gaur INDUSTRIA 4.0 jardunaldia burutzen ari da EUROPA Jauregian eta bertan LABek protesta ekintza egin du lan osasunarekin lotuta dagoen sarraskia salatzeko. Izan ere, URKULLU Lehendakariak hitza hartu behar zuenean, LABeko kideek hitzartzea eten eta interpelatu dute zuzenean propaganda gutxiago egiteko eta erabaki politikoak behingoz hartzeko langileon osasuna, eta bizitza, bermatzeko.

LAB-ek argi eta garbi utzi nahi du jardunaldi hau propaganda hutsa dela, gure ustez propaganda 4 industria 0, deitu beharko litzateke. Are gehiago, Jaurlaritzak eta Patronalak bultzatzen duten ereduan prekarietatea 4 eta lan osasuna 0 baino ez dizkigute eskaintzen.

Horrelako propaganda ekitaldietan, errealitate gordina izkutatzen dute: 2017an Hego Euskal Herrian 43 langile hil dira, Industria sektorean 18 dira hildako langileak, 3 Araban; 22916 lan istripu eta 2586 lan gaixotasun erregistratu dira (hauek estatistika ofizialak dira, baina badakigu lan istripu asko ezkutatzen direla eta datuak makilatzen direla.)

Beraz, datu horiekin Eusko Jaurlaritzari eta Patronalari galdera zuzena egiten diegu: ze industria aurreratu saldu nahi digute, industrian 2 astero langile bat hiltzen denean?

LABek argi du lan istripu eta gaixotasun profesinalen atzean dagoen egiturazko arazoa prekarietatea eta enpleguaren kalitate eskasa direla. Patronalak prekarietatea zabaltzen du (langile berriak diskriminatzen, azpikontraten bidez, ETTen bidez, zabor kontratuekin, kontratazioan iruzurra eginez, formazioa ukatuz, segurtasun neurriak hartu gabe,…) eta Jaurlaritzak eta PNVk erabateko babes politikoa eskaintzen diote, eta ezagutzen ditugu horren ondorioak.

Pertsonengan apustua egiten dutela diote baina sarraski etengabe honekin bukatzeko borondaterik ez dago. Horregatik, Eusko Jaurlaritzari eta Patronalari exijitzen diegu propaganda eta marketing gutxiago eta konpromiso zehatzak har ditzaten langileon osasuna bermatzeko, erabaki politikoak hartu behar baitira arazo hau konpontzeko. Lan osasuna bermatzea industria aurreratu baten ezinbesteko osagaia izan behar da.

LABek heriotza eta lan istripuen atzean dauden erantzule zuzen nahiz zeharkakoak salatzen jarraituko dugu, prekarietatea eta lan istripuak borrokatzen jarraituko dugu.

 

Euskal erakundeek Kataluniari babesa eskain diezaiotela eskatu dugu Gasteizen, Iruñean eta Baionan

0

LABek idatzi bat erregistratu du gaur Euskal Herriko hiru instituzioetan: Gasteizen, Eusko Jaurlaritzan; Iruñean, Nafarroako Gobernuan; eta Baionan, Euskal Elkargoan. Erakundeek erreferendumaren mesedetan joka dezatela eskatu dugu dokumentuan.

Idatziaren bidez Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Ipar Euskal Herriko Lurralde Elkargoarengana zuzendu gara, honakoa eskatzeko:

-Katalunian gertatzen ari dena oso larria da, eskubide zibil eta politikoak, askatasun demokratikoak urratzen ari dira. Demokrazia bera dago jokoan.

-Kataluniako gobernuak zilegitasun osoa du urriaren 1eko erreferenduma deitzeko. Herriari hitza eman eta hitza errespetatzea demokrazia kontua da.

-Urriaren 1ean kataluniako herriak bozkatzeko duen eskubidea urratua izaten ari da. Espainiako gobernuak auzi politiko bati errepresioarekin erantzun dio. Momentu honetan salbuespen egoera dago Katalunia.

Gertatzen ari dena kontuan hartuz, honako eskaerak zuzentzen ditugu:

-Kataluniarekiko babes eta elkartasun osoa adierazi dezala eta errepresio bidearen aurkako jarrera argia azaldu dezala.

-Espainiako Gobernuari exijitu diezaiola Urriaren 1eko erreferendumaren antolaketa eta gauzapena errespetatzea bertatik ateratako emaitza onartzea.

-Erabateko eta baldintzarik gabeko babes politikoa eman diezaiola urriaren 1eko errefendumari eta bertatik ateratako emaitzak zilegitzat har ditzala ondorio guztietarako.

-Laguntza logistiko eta juridikoa eman diezaiela Kataluniako instituzioei eta kataluniako herriari erreferendum hori ahalik eta berme gehienekin egin dadin, besteak beste:

-Instituzio honetako zerbitzu juridikoak Generalitatearen behar izanetarako eskainiz.

-Begirale moduan arituko litzatekeen ordezkaritza instituzionala bidaliz.

-Boto paperak inprimatu nahiz bozka kutxak jartzeko, edo behar denerako beharrezkoa den laguntza logistikoa eskainiz.

 

 

 

Prekarietatea salatu dugu Urkulluren aurrean

0

Prekarietatea eta lan istripuak salatu ditugu, gaur, Gasteizen egin duten Araba 4.0 jardunaldiaren irekieran. Hain zuzen ere, Iñigo Urkulluk hitza hartu duenean irten gara salaketa egiteko, eta lehendakariaren hitzartzea eten dugu.

LABeko ordezkariok hartu dugu hitza, ekintzaren ostean: "Industria 4.0 ekimenak hobe luke deitu ‘Propaganda 4 industria 0’, edo ‘Prekarietatea 4 Lan Osasuna 0’. Izan ere, 2017ko datuen arabera, dagoeneko 47 langile erahil dituzte, astero bat, eta industria sektorean 18 izan dira jada hildakoak. Urteko lehen sei hilabeteetan, zenbaki ofizialen arabera, 23.000 lan istripu izan dira. Eta zenbaki ofizialak direnez, jakin badakigu are eta istripu gehiago direla, enpresek trikimailuak baliatzen baitituzte istripuak ezkutatzeko".

Hala, erakundeei eta patronalari propaganda gutxiago egiteko exijitu diegu, "eta sarraski hau gelditzeko neurriak har ditzatela". Izan ere, istripu eta heriotzak ez dira kasualitatearen ondorioz gertatzen, estrukturalak dira, lanaren prekarizazioa eta kalitate eskasaren ondorioz. "Patronalak langileen osasuna erabiltzen du aberasteko, Jaurlaritzaren oniritziarekin. Bada garaia langileen bizitza erdigunean jarriko duen eredu sozial bat eraikitzen hasteko. Bitartean, erantzuleak seinalatzen jarraituko dugu", erantsi dugu.

 

 

 

Edesa Industrial eta Geyser Gastech enpresetako langileek Lakuara eraman dute euren ezinegona

0

Edesa Industrial eta Geyser Gastech enpresetako langileek elkarretaratze bat egin dute gaur Gasteizen, Eusko Jaurlaritzak duen egoitzaren aurrean. Eusko Jaurlaritzari inplikazioa eskatzeko eta konponbideak mahaigaineratzeko egin dute protesta.
 

 

 

Bizkaiko Hirugarren Adineko Egoitzen kudeaketa eredua aldatzeko eskatu dugu

Bizkaiko Hirugarren Adineko Egoitzetako baldintza pleguen zirriborroa eskuratu dugu eta aurreikusten da urriko lehen asterako onartzea eta, beraz, Foru Aldundiak egoitzekin egingo dituen kontratuen baldintzak onartzea. LABen ustez, plegu hauek ez dituzte inondik inora jasotzen zerbitzu duina eman ahal izateko langileek eskatzen dituzten gutxienekoak. Horrela, langileen aldarrikapenak mahai gainean jarri eta Foru Aldundiari duen ardura behar bezala bete dezan eskatzeko, elkarretaratze bat egin du LABek Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean, Bizkaiko Hirugarren Adineko Egoitzen kudeaketa ereduaren aldaketa beharrezkoa delako eta instituzio honen inplikazioa eskatzeko egin dugu protesta.
 
Kalitatezko zerbitzu publikoetarako bidea egiten joan behar gara. Ez da bide erraza, baina denon mesedetan egiten joan behar garen bidea da hau.

Bitartean, Bizkaiko Foru Aldundiak Hirugarren Adineko Egoitzetarako Baldintza Pleguen proposamen bat egin berri du, inondik inora langileon aldarrikapen eta eskaerak batzen ez dituena, eta zerbitzu hau kalitatezkoa izan dadin minimoak betetzen ez dituena.

Hasteko, Foru Aldundiak ez du aurreikusten Egoitza hauetarako plaza arrunt gehiago sortzerik 2017- 2018rako. Denok dakigu nolako beharrak dituen Bizkaiko gizarteak, batez ere gero eta adinez nagusiagoa den gizarte bat delako, baina ez da aurreikusten beharrak handiagotzen joan daitezkeenik ere. Zein aterabide proposatzen du hurrengo urteetarako? Beste alde batetik, 2018ko uztailetik aurrera, behar handikoak diren 100 bat plaza gehiago sortuko direla dio, baina ez du zehazten ezta definitzen, behar handiko pertsona hauek ondo artatzeko zein profesional mota eta zein ratio beharko den, beraz, lan gehiago eta berezitasun handiagoekin sortuko dira, baina nola emango zaie hauei arreta? Zeinek egin beharko du lan hau? Zein baldintzapean?

Honekin batera, esan beharra dago, plegu hauetan ez dela benetan ratioen inguruko proposamen erreal bat egiten, zenbaki bat botatzen da (0,45 langile okupatutako plaza bakoitzeko eta hauetatik 0,36 arreta zuzenekoak) eta listo. Ez du ezer gehiago definitzen. Baina arazo honi aterabidea emateak berebiziko garrantzia du lana duintasunez egin eta zerbitzua kalitatezkoa izan dadila ziurtatzeko. Ratioek kategoriaguztietarakozehaztuakegonbehardute,presentzialak izan behar dira eta beharren arabera ere definizio bat behar dute: langile gehiago behar dira txanda bakoitzean eta kategoria ezberdinetakoak. Honek ezin du gehiago itxaron.

Beste arazo bat diru publikoaren inguruko gardentasun falta ere bada. Pleguetan eguneko eta pertsona bakoitzeko Aldundiak zenbat diru ematen dion enpresari agertzen da, baina ez du inon zehaztu ezta definitzen diru hau nola eta zertan gastatatu behar dutenaren gaineko irizpiderik. Honek kezka izugarria sortzen digu, enpresak denon diruarekin aberasteko planak egiten dituzten bitartean, langile eta erabiltzaileak egunero egunero okerrera egiten dugula ikusi, eta inongo bitartekorik jartzen ez dela ikusten dugulako. Horretarako eta kontrol publikoa bermatzeko bi neurri hauek jasotzea eskatzen dugu:

• Patronalari gehienezko irabazien muga ezartzea eskatzen dugu, %2 bat inguruan egon litekeena.

• Enpresei ematen zaien dirua zertarako denaren inguruko irizpideak ezarri behar zaizkie eta hau betetzen dutela bermatu behar da.

Azkenik, Aldundiari eskatzen diogu, 1.592 orduko lanaldi maximoa ezartzeko urtean: hau da egoitza publikoetan lan egiten den ordu kopurua eta guk, 106 ordu gehiago egiten ditugu soldataren erdiaren truke.

Haien politikek erabaki dute pribatizazioa eta langileon prekarietatea bide egokia izan daitekeela, beraz haien politikek konponbidea eman behar diote egoera guzti honi. Baldintza pleguak Aldundiaren borondatearen nondik norakoa markatzen dute eta orain aukera paregabea da Aldundiak behar duena egin eta Egoitzetan gertatzen ari denaren inguruan benetako ekarpena egiteko.

 

 

Bizkaian hildako etxegabearen omenezko ekitaldian izango gara bihar

BesteBi izeneko plataformak ekitaldi bat egingo du ostegunean, irailak 28, Barakaldoko herriko plazan. 11:30ean izango da joan den astean zendutako pertsonaren aldeko omenaldia. Plataforma honek etxerik gabeko pertsonen eta etxebizitza duin baten alde lan egiten duten hogei bat elkarte biltzen ditu.