2025-12-13
Blog Page 917

Heriotz istripu berri honen aurrean mobilizatzen jarraituko dugu

Langileen osasunak eta bizitzak arriskuan jarraitzen du. Atzo, maiatzak 3, gertatu zen heriotz istripua salatu beharrean gaude berriro ere. LABen iritziz istripu hauek ekiditea posible da neurri egokiak hartuz gero eta hau horrela izan dadin mobilizazioaren bideari eutsiko diogu, borrokan eta antolakuntzan baitago aldaketarako palanka. Bestalde gaur 12etan, Azkoitiako Erlo Group enpresaren aurrean egingo den elkarretaratzean parte hartzeko deia luzatzen dugu.

Aurreko astean, Lan Osasunaren Nazioarteko Egunean, prekarietatearen aurka mobilizatu ginen eta lan mundua gaixorik dagoela, gaixotu eta erailtzen gaituela ozen salatu genuen. Egoerak bere horretan jarraitzen du eta atzo, maiatzak 3, gertatu zen heriotz istripuaren hariera salaketa ohar berri bat idatzi beharrean aurkitzen gara.

Lehenik eta behin gure elkartasuna osoa adierazten diegu familia, lankide eta langilego guztiari
.

Urtea hasi zenetik lanean gutxienez 21 langile hil dira Euskal Herrian lan istripuz, laneko gaixotasunek hildakoak kontutan artu gabe. Argi dugu arazo estrukturala dela eta konponbideak ere halakoa izan behar duela.

Honelakoak ekiditea posible da neurri egokiak hartuz gero. Beraz instituzioei eskatzen diegu arduraz jokatu eta egoerak eskatzen dituen neurriak hartzeko. Hau horrela izan dadin LABek mobilizazioaren bideari eutsiko dio, borrokan eta antolakuntzan baitago aldaketarako palanka.

Amaitzeko, gaur 12etan, Azkoitiako Erlo Group enpresaren aurrean egingo den elkarretaratzean parte hartzeko deia luzatzen dugu, eta orain artean bezala enpresetan eredu berri baten alde borrokan jarraituko dugu, gure osasuna, lan baldintza eta bizitza erdigunean jarriko dituen eredu baten alde.
 

 

 

PPren xantaiaren aurrean makurtu egin da EAJ, Kupoaren akordioa itxita

“Foru nazioaren” eszenifikazioaren aurrean gaude, zalantzarik gabe. Horretan datza EAJk aldarrikatutako aldebiko politika; Madrilgo Gobernuaren xantaia politikoaren aurrean makurtzean datza, alegia. Gastu sozialaren murrizketa eta zor publikoaren ordainketa lehentasun gisa dituzten politikak bere horretan mantentzen dituzte aurrekontuek, eta irentsi egin ditu; eskubidez eta soldata duinez osatutako enplegu finkoa sortu edo Europa mailaren pareko gizarte politikak sustatu beharrean.

Hamar urte egon da zintzilik Euskal Autonomia Erkidegoak Estatu espainolari transferitu gabeko eskuduntzengatik ordaindutako kupoaren behin betiko lidikazioa. Atzerapen honek ez du zerikusirik negoziazioaren beraren zailtasunak dakarren blokeoarekin, PSOE eta PPko gobernuek propio behartutako atzerapenarekin baizik.

Atzerapen hau Madrilgo Gobernuak baliatutako estrategia sistematikoaren parte da. Gobernu espainola ez da ezaguna bere hitza betetzeagatik; are eta gehiago, adostutakoa errespetatzeko asmorik ez du erakusten, egoskorkeria lagun.
Kupoaren negoziazioari dagokionez, abantailarekin jokatu ohi du amarru horren bidez. Hala, negoziatzeari ekin ohi dio babesa behar duenean bakarrik, Kongresuan dituen arazoak gainditzeko gehiengo nahikorik ez duenean, oraingoan bezala.

Lakua eta Madrilen arteko liskarrak amaitu dira lortutako akordioarekin, 2007-2016 urte bitarteko Kupoaren kalkuluari dagokionez. Gobernu espainolak sobera jasotako 1.400 milioi euro itzultzeko konpromisoa hartu du, Euskal Autonomia Erkidegoko gobernuak aldea 1.600 milioi eurotan finkatu arren.
Hala ere, Erkoreka, Azpiazu, Esteban eta enparauek lorpen handi baten eragile nagusi gisa aurkeztuko dute euren burua, ituna azkar baino azkarrago sinatu dutenean, aurrekontuak adosteko izapideek behartuta, presiopean.
 

 

 

GOFEk ez du betetzen Ezintasun Pertsonen Eskubideen Legea

Gizarte Ongizaterako Forun Erakundeak Laudion duen Adimen Urritasun duten pertsonen etxebizitzak ez du betetzen Aniztasun Funtzional duten pertsonen irisgarritasun araudia. Nahiz eta Foru Erakundea orain dela urte asko horren jakinean egon, ez du ezer egin egoera hau aldatzeko, beraz, zentro horretan bizi diren pertsonen eskubideak behin eta berriro Foru Erakundeak zapaltzen ditu. Gaur egun, langileok gurpil aulki bat jeitsi eta igo behar dute bost eskaileretatik, honek dakar erabiltzailearen erortzeko arrisku handia. Aldi berean, langileok osasun kalte haundiak izaren ari dira, honenbestez, azken urtean lan istripu parte asko egon dira, baja laboralak barne.

APDEMAko Enpresa Batzordeak salatzen du egoera hau, azpikontratutako zerbitzu publikoetako lan baldintzen prekarizazioa eta APDEMAk itundako etxebizitzetan bizi diren pertsonen diskriminazioa beste adibidea besterik ez da. APDEMAk kudeatzen ditu etxebizitzetan zerbitzu gutxiago ematen dira, arreta zuzeneko orduak eta janaria dagokienez, erabiltzaileek kuota bera ordaindu arren.

Azkenik, APDEMAko Enpresa Batzordeak salatzen du, Laudioko egotetxeak jarduera lizentzia ez dauka.
 

 

 

HAEEko zerrendetara sartzeko azterketa psikoteknikoetan parte hartuko duten pertsonen babesgabetasuna salatu dugu

LAB sindikatuak seriotasuna eta erantzunkizuna eskatzen dio administrazioari Herri Arduralaritzaren euskal erakundea zerrendetara sartzeko hautaketa prozesuak kudeatu eta antolatzeko orduan.

LABen iritziz administrazioak prozesu guzti honetan jokaera arduragabea izan du. Lehenik eta behin, bere momentuan salatu genuen bezala, Gobernuak era axolagabean jokatu zuen gazteentzako enplegua sortzea suposatuko zuen zerrendak zabalduko zituela esanez eta lan egonkorra sortzeko itxaropen faltsuak sortuz. Hau agerian geratu zen 20.000 pertsonek parte hartu zuten eta antolaketan akats ugari egon ziren egun horretan.

Azterketa horren ondoren, pertsona hauek jakin dute froga psikoteknikoak izango dituztela. Froga hauek azterketa teorikoaren balio berdina izango dute baina beren edukia ez dago jakiterik, beraz, ezin izango dituzte prestatu.

Sindikatu honek jada azaldu du froga psikoteknikoen erabileraren aurka dagoela, baita aipatu frogek ezagupenek adinako balioa izatearen kontra ere. Funtzio Publikoak “lanpostu bakoitzerako egokitasun irizpiderik onena lortzeko ezarri nahi zutela” esan zuen Negoziazio Alorreko Mahaian.

Orain arte oposaketek ezagutza maila objetiboa neurtu izan dute baina orain ordea lanpostuaren "egokitasun irizpide" lausotu bat ezarri dute eta izan daiteke aztertzen diren gaietan ezagutza maila baxuagoa izatea. Hau eskandalu handi bat da. Horrela adierazi dugu Alorreko Mahaian eta horrela adierazten dugu orain ere.

Hau gutxi izango balitz, froga psikoteknikoa egingo duten pertsonei jakinarazi zaie ezin izango dutela beraien erantzunen kopia azterketatik atera, test horien enpresaren "copyrigth"-ak horretara behartzen duelako. Honek suposatzen du objetibitatearekin talka egiten duen zentzugabeko froga izateaz gain, inork ezin izango duela zuzenketaren erreklamaziorik egin horretarako frogarik izango ez duelako.

Amaitzeko, beharrezkoa da salatzea autaketarako baremoetan euskararekiko ematen den tratamentua, Euskal Administrazio Publikoaren euskara normalizazioaren kontra doana.
 

 

 

Industriaren trantsizio ekosozialaz arituko dira Bilbon, maiatzaren 9an

0

Euskal Gune Ekosozialistak agerraldi bat egin du gaur Bilbon, eta iniziatibaren sorrera, xedeak eta lan markoa aurkeztu ditu. Era berean, Euskal Gune Ekosozialistatik bertatik sortutako Herri Eskola Ekosozialistaren berri eman dute, baita honen definizioa, helburuak eta metologia jakinarazi ere. Hain zuzen ere, herri eskolak lehen saio bat antolatu du datorren maiatzaren 9rako, 19:00etan, Bilboko La Bolsan: Euskal Herriko industriaren trantsizio ekosozialaz arituko dira.

2016ko irailean Bilbon egindako Nazioarteko III. Topaketa Ekosozialisten ondoren sortu zen Euskal Gune Ekosozialista. Euskal Herrian gogoeta eta eztabaidatzeko espazio bat da. Horren inguruan, aktibistak, ikertzaileak eta bestelako pertsonak biltzen dira, eta egunerokotasunean praktika ekosozialistak erdigunean kokatzea da helburu nagusia.

Herri Eskola Ekosozialista Euskal Gune Ekosozialistak formakuntzarako duen tresna nagusia da. Bestelako eredu bat posible dela pentsatzen duten pertsonei eskainia dagoen proiektu kultural eta hezitzailea da. Horrela, Euskal Herriak aurrera eraman beharreko trantsizio ekonomiko (energetikoa eta produkzio ereduarena: industria, garraiobideak, elikadura burujabetza…), sozial (zaintzare antolakuntza kolektiboa, osasuna, hezkuntza…), kultural (jasangarritasunaren aldeko hezkuntza, gure eguneroko bizitzaren birpentsatzea, herri jakituriaren berreskurapena…), legegile (ondare komunak berreskuratu eta babesteko legeak, desjabetzeen eta pobrezia energetikoaren kontrakoak, biodibertsitatearen ingurukoak…) eta lurraldeko trantsizioan (lurralde planifikazio eta ordenatzea, aurrekontu partehartzaileak…) sakontzeko beharra ikusten duten horiei zuzendua dago.

Eskola, hausnarketak eta formakuntzan zentratzeaz gain, alternatiba eta proposamen zehatzak diseinatzera bideratuta dago.

Zentzu honetan, herri eskolak saio bat antolatu du datorren maiatzaren 9rako, 19:00etan, Bilboko La Bolsan. Joserra Becerra (EQUO, Elkarrekin Ahal Dugu-ko Euskal parlamentaria), Ana Perez (Bilboko Emakumeen Asanblada) eta Zorion Ortigosa (LAB-Industria Federakundea) Euskal Herriko industriaren trantsizio ekosozialaz arituko dira. Ekainaren 3an emango diote jarraipena eztabaidari. Karmelo espazioan, Santutxun, esperientziak trukatzeko tailerra egingo dute, 10:00etan.

Jardunaldi gehiago aurreikusi dituzte datozen asteetarako, gai desberdinen inguruan; pentsio publikoei buruz, esaterako, maiatzaren 12an.

 

 

 

“Nolakoa da feminismotik sortu nahi dugun boterea?” galderari erantzungo diote Berriozarren, larunbatean

Datorren maiatzaren 6an, Bilgune Feministaren 15. urteurrena ospatu eta aurrera begirako urratsak partekatzeko asmoz, "Indar bat gara gu" lemapean, Emakume* Abertzaleon VII. Topaketa Feministak egingo dituzte Berriozarren. Hori dela eta, egun bateko jardunaldia osatuko dute, urte hauetako ibilbidea elkarrekin konpartitzeko, ospatzeko eta aurrera begira, Euskal Herriaren burujabetza feminista helburu hartuta, erronka berrietan sakontzeko.

Botere(tze) feministaren inguruko hausnarketa antolatu dute maiatzaren 6rako: feminismoaren diagnostiko konpartitu bat egiteko eta botere(tze) honen ezaugarriak elkarren artean definitzeko. Horretarako, honako galderak erantzungo dituzte: nola ikusten dugu feminismoa Euskal Herrian? Nola aliantzak, militantzia, kolektibitatea, konpromisoa eta lidergo feministak? Nolakoa da feminismotik sortu nahi dugun boterea?

Jardueraz beteriko eguna osatu dute. Goizean eztabaida zabala eta dinamikoa antolatuko dute galderei erantzuten saiatzeko. Arratsaldean, berriz, botere(tze) prozedurak askotariko praktikei lotuta jorratuko dituzte horretarako antolatu dituzten tailerretan. Iluntzean, kalean zein dantzalekuan, ospakizunei bukaera emango diete.

Topaketen atarian eskuragarri dago izena emateko eta informazio gehiago eskuratzeko aukera.

 

 

 

Legebiltzarreko Hezkuntza batzordean La Milagrosa ikastetxeko etorkizuna erabakiko da

0

Bihar, maiatzak 3, Legebiltzarreko Hezkuntza batzordean La Milagrosa ikastetxeko etorkizuna erabakiko da. Legebiltzar honetan gehiengoa osatzen duten hiru alderdi politikoek (EAJ-PP-PSE) osoko zuzenketa aurkeztu dute batera. Zuzenketa honetan bete ezin diren baldintzak jasotzen dira. Honela Hezkuntza Komunitateari leporatu nahi diote ikastetxearen balizko itxiera.

Aurkeztu duten testua baldintzaz beteta dago. Hala nola, Milagrosa ikastetxea aurrera jarraitzeko eskatzen diguten lehenengo baldintza matrikula izan behar dela da. Zelan izango dugu matrikula urtarriletik aurrera itxita baldin badaukagu? Eusko Jaurlaritzak ziurtatzen digun bakarra matrikula hori itzulgarria dela da.

Ikasturtea amaitzeko bi hilabete geratzen direnean cooperativa bat osatzea proposatzen digute. Aukera hau urtarrilean baloratu egin zen, baina gaur egun ez da bideragarria.

Esaten da trantsizio bat egin ahal dugula Minas egoitzan hutsik dauden geletan, baina ez da zehazten ze baldintzatan egon ahal izango ginatekeen bertan. Zergatik eskaintzen digute eraikin hori orain hasieratik ukatu digutenean?

Uste dugu zuzenketa honen bidez Hezkuntza Komunitateari leporatu nahi diotela ikastetxearen balizko itxiera. Aukera eman digutela eta ez dugula gauzatu nahi izan entzun beharko dugu. Baina ez da horrela, guk epe luzerako ikastetxearen jarraipen serio eta fidagarria defendatzen dugulako.

Zuzenketa honen butzatzaileek ikastetxea itxi ahal dute, pertsona helburu izan beharrean alderdien interesak lehenesten dituztelako. Bihar eztabaidatuko diren bi aukeren aurrean, familiek eta langileek ontzat emango genuke titulartasun bat lortzea gure hezkuntza proeiktuarekin aurrera jarraitzeko, baita publifikazioa ematea ere. Horretarako, Hezkuntza Batzordeko alderdi politikoai zera exijitzen diegu: proiektuarekin aurrera jarraitu ahal izateko adostasun batera heltzea, ikastetxea bere osotasunean tinko mantentzea ziurtatuz.

 

 

 

Maiatzaren 16 eta 23rako deitutako grebak erregistratu ditugu

0

LAB, ELA eta STEILAS sindikatuetako ordezkariok maiatzean egingo ditugun bi greba egunak erregistratu ditugu gaur, Eusko Jaurlaritzaren egoitzan. Hain zuzen ere, maiatzaren 16 eta 23an lan uzteak egingo ditugu EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan eta haurreskoletan.

Irakaskuntzak bizi duen egoerak oso larria izaten jarraitzen du, ezinbestekoa da Eusko Jaurlaritza azken urte luzeetan inposatzen ari den murrizketak eta hezkuntza politika errotik aldatzea. Horregatik, martxoaren 22an egin bezala, greba egingo dugu maiatzean ere. Joan den hilabetean egindako agerraldian eman genuen grebaren arrazoien berri.