2026-07-10
Blog Page 898

Antolakuntza eta borrokaren aldeko apustua berretsi dugu Lisboan

0

LABeko Nazioarteko idazkari Koldo Saenz Portugalen dago, herrialde horretako CGTP IN sindikatuak antolatutako lanaren etorkizunari buruzko konferentzian parte hartzen, Europa, Asia, Afrika eta Amerikako hainbat sindikatuetako ordezkarirekin batera. Lisboan egiten ari diren jardunaldietan hitza hartu du LABeko ordezkariak, eta, Euskal Herria "saldu nahi diguten oasia ez dela" argi eta garbi utzi eta gero, nabarmendu du antolakuntza eta borroka direla egoerari buelta emateko bideak: "LABek langileei eskaintzen dien alternatiba antolakuntza da, patronalari botere eremuak irabazteko".
 

 

 

Igor Urrutikoetxea omenduko dute, larunbatean, Lezaman

Oxangoitin jarri dute hitzordua, 13:00etan, familiaren etxe aurreko zuhaitzara joateko. Ekitaldi bat egingo dute bertan. 14:45ean, berriz, bazkari bat egingo dute Oxangoitin eta, bazkalostean, CUPeko kide batek solasaldi bat eskainiko du.

2013ko azaroaren 28an hil zen Igor Urrutikoetxea Bilbao, Brasilen. Ibilbide luzea zuen LAB sindikatu barruan. Aholkularitza juridikoan hasi, Hego Uribe Arratiako arduradun, metalean gero, Nazioarteko idazkaria zen hil zenean. Hori sindikatu barruan, Lezama jaioterrian saltsa guztietan ibilitakoa zelako aurretik: euskalgintzan, herrikoan, presoen aldeko mugimenduan, internazionalismoan…

Hala, bere heriotzaren 4. urtemugan, hainbat jarduera egingo dituzte Lezaman, bere ekarpena eta ibilbideari ohore egiteko.
 

 

 

Kazeroladak egin ditugu Gipuzkoako Aldundiko lantokietan, hitzarmenaren alde

Langileen Batzordeak, Gipuzkoako Foru Aldundiak aldebakarrez, hitzarmenaren negoziazio mahia itxitzat eman eta inongo akordiorik gabe Diputatuen Kontseilura eraman nahi izana salatzen du. Izan ere, langileen lan baldintzak arautuko dituen testu berri honek, aurretik genuen erregulazio guztia indargabetuko du.

Joan den azaroaren 16an argitaratu zuten oharrarekin eta Diputatuaren bulegora joateko gonbitarekin, Langileen Batzordeari eta Hitzarmen Kolektiboari dioten errespetu falta argi utzi dute.

Dauzkagun lan baldintzak langileek urteetan egindako borroken ondoren lortutakoak dira eta ez GFAko gobernuak borondate onez emandakoak, horregatik, mahaia berriro irekitzea eta benetako negoziazioa egitea exijitzen diogu Foru Aldundiari, lan baldintza duinak jasotzen dituen lan hitzarmen bat adosteko.

Mobilizazioekin jarraitzeko, lan zentro guztietan kazeroladak egin genituen atzo, LAB, ELA eta CCOO deituta.

 

 

 

Prekarietatea, jendarte-bazterketa eta euskal herritarren oinarrizko eskubideen bermea hemen erabakitzeari uko egitea dira EAJ-PSE koalizioaren lorpen handiak, PPren babesarekin

EAJ eta PSEren artean EAEko gobernua osatu zen momentutik bertatik, ez zitzaigun inolako zalantzarik gelditzen gobernu horrek garatuko zituen politikak parametro estrategiko biren azpian egingo zirela: gero eta mugatuagoa den esparru konpetentzial estatutarioa kudeatu eta euskal esparruan patronalari onura ekartzen dioten politika neoliberalak inplementatu. Aurrekari horiekin nabarmena zen gutxiengoan dagoen gobernuari falta zitzaion botua PPk jarriko zuela.

Gaur, akordio fiskalaren antzerkia amaituta, elementu ezezagun guztiak argitu dira. Akordio fiskal eta aurrekontuen ingurukoa dago EAJ eta 155 eta 135 artikuluen taldearekin, eta EAJren aldeko jarrera legegintzaldiko akordioan sakontzen jarraitzeko Estatuko gobernuan PP mantentzeko, hurrengo geltokia Estatuko aurrekontuak izango liratekeelarik…

Ondorioak negargarriak dira euskal langileentzat, BPGaren portzentaietan gastu sozialaren Europako batazbestekotik urruntzen gaituzten aurrekontuekin. Enplegura bideratutako partida mantentzen da BPGaren hazkundearen portzentaia beretsuetan handitu barik. Sektore publikoko birjartze tasa onartzen da zerbitzuak kaltetu eta enplegua suntsituz. Inbertsio produktiboa eta garapen ekonomikora bideratutako partidak murrizten dira eta 2012/02 Legearen irizpideak, defizit helburuak betetzeari dagozkionak, betetzen dira zehatz mehatz (aurrekontuaren igoera zorra ordaintzera bideratzen da nagusiki).

Operazioa borobiltzeko Sozietateen zerga 4 puntu jaisten da helburu bakarrarekin, produktibitate igoerak akziodun eta jabeentzako onura bihurtzea erraztea. Prekarietatea eta bazterketak, aberastasunaren banaketa desorekatuaren ondorio, bultzada berria jasotzen duten alderdi hauek adostutako fiskalitatearekin.
 

 

 

Abenduaren 12rako greba erregistratu dute EAEko unibertsitatez kanpoko Hezkuntza Publikoko kolektiboek

0

LAB, ELA eta STEILAS sindikatuok grebara deitu dugu egun horretarako, azken asteotan egin diren Borroka Asteei segida emateko, ikasturte hasieran iragarri bezala.

LAB, ELA eta STEILAS sindikatuok mobilizazio ugari deitu ditugu EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan. Urrian zehar hainbat herri eta ikastetxeetan itxialdiak eta jai aldarrikatzaileak egin ditugu ikasle, guraso eta langileekin batera. Urriaren 28an familia eta herritarrekin batera manifestazio jendetsuak antolatu ditugu Gasteiz, Donostia eta Bilbon. Aurreko hiru astetan Haurreskolak Partzuergoko hezitzaile eta langileek, Sukaldari eta Garbitzaileek, eta Heziketa Bereziko Hezitzaileek izan zituzten Borroka Astea eta greba eguna, eta aste honetan Irakasleon txanda da. Hain zuzen ere, irakasleok bihar egingo dute greba.

Abenduaren 12an, berriz, kolektibo guztiek greba egingo dute, eta deialdi hori erregistratu dugu gaur, Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren egoitzan.
 

 

 

Arabako enpresetan gertatzen den diskriminazioa eta iruzurrarekin amaitzeko eskatu dugu

LABek irailean egindako agerraldi batetik abiatuta, gaur, kontratazioan ematen diren iruzurra eta diskriminazioari buruzko mozio bat eztabaidatu dute Arabako Biltzar Nagusietako Plenoan. Hori dela eta, elkarretaratze bat egin dugu Probintzia Plazan, aldundiaren aurrean, Araban enplegu duina aldarrikatzeko.

Gaur, hilak 29, mozio bat eztabaidatu eta onartu da Arabako Biltzar Nagusietan, enpresetako kontratazioan ematen diren iruzurraren eta diskriminazioaren inguruan. Mozio honen abiapuntua sindikatuaren agerraldi bat izan zen, pasa den irailean Enplegu Batzordean Arabako lan merkatuaren azterketa eta gure kontratazio proposamena aurkeztu baikenituen. Hori dela eta, elkarretaratze bat burutu dugu Arabako Foru Aldundiaren aurrean “Ni fraude ni discriminación, ARABAn ENPLEGU DUINA” lelopean.

Lehenik eta behin, salatu nahi dugu Arabako Biltzar Nagusiek beste alde batera begiratu dutela denboraz luzez eta soilik eztabaida bertara eraman dugunean hitz egin dela honetaz. Kontratazioan dauden iruzurra eta diskriminazioa aspalditik datozen arazoak dira eta LABen ustez, erakunde publikoek behingoz esku hartu behar dute beraiek ezabatzeko.

Hala eta guztiz ere, positiboki baloratzen dugu mozioa adostasun handiz onartu izana. Ikuskaritzak tresna eta bitarteko gehiago behar dituela uste badugu ere, LABen aburuz iruzur eta diskriminazioaren kontrako mozio hau abiapuntua izan daiteke erakunde publikoek esku hartzeko Patronalak eta, oro har, enpresa handiek mantentzen duten jokabideei aurre egiteko eta behingoz egoera larriak konpontzeko. Ildo horretatik, eta mozioaren 3. puntuaren deialdiari helduz, LABek, zenbaitetan beste sindikatu batzuekin batera jada enpresa batzuetan proposatu du kontratazio eredua alde guztien artean adostea, irizpide garden, objetibo eta ez-diskriminatzaileak aintzat hartzeko.

Edonola ere, ezin dugu ahaztu Arabako erakundeek eta PNV, PSE eta PP alderdiek hilabeteotan erabateko babesa ematen dietela Patronala eta herrialdeko enpresa handiei, noiz eta Ikuskaritzak berak beraien iruzurra ebatzi duenean, noiz eta diskriminazioa eta entxufismoa inoiz baino ageriagoa direnean. Eta ez hori bakarrik, enpresa iruzurtiak eta diskriminatzaileak txalotzeaz gain, Patronalaren TRIPARTIOAk (PNV-PSE-PP) zergak jaitsiko dizkiete, herritarron kaltetan.

Horregatik, LABek lanean jarraituko du mozio hau paper hutsean ez gelditzeko eta erakundeen inplikazioa bultzatzeko. Aldi berean, gure kontratazio-proposamena zabaltzen jarraituko dugu, bai gizarte eragileen artean bai enpresetan, iruzurra eta diskriminazioa ezabatzeko eta azken batean Araban enplegu duina, kalitatezkoa eta bermeekin lortzeko.
 

 

 

Alfako enpresa batzordeak mobilizatzeko deia egin du

0

ALFA taldea 800 langile izatetik 200 izatera pasatu da azken 5 urteotan. 2010 ingurutik ez da soldata igoerarik egon. Gainera, ordutik hona %10 eta %30 arteko soldata jaitsierak izan dituzte langileek. Aurreko urtean, ALFA LAN (enpresa taldearen burua) enpresako diru kontuetan, 3 pertsonen artean 2.240.000 euro banatu zituztela aurkitu zuten, hau Industris GOL enpresa saldu ostean kobratu dute "arrakasta prima" moduan. Langileek eta komiteak saiakera handiak egin dituzte errekuperazioa lortzeko, baina datu hau ezagutu izanak borrokatu areagotu du azken hilabeteotan. Langileak mobilizatzen hasi direnean (paroak, pankartak…) enpresak mehatxuei ekin die, oraingo honetan EEE bat mahai gainean jarrita. Honengatik guztiagatik, enpresa batzordeak egoeraren berri eman du gaur, Eibarren, eta euren aldarrikapenak eta datozen egunetarako mobilizazioak aurkeztu ditu; gaur arratsaldeko manifestazioa, tartean.

Hau da Alfako enpresa batzordeak kaleratu duen oharra:

Alfa Precision Casting enpresako beharginen batzarra barikuan bildu zen (2017-11-24), eta enpresak Auto Mecanizados enpresari aurkeztu enplegua iraungitzeko espedientearen aurkako iritzia eman zuen; gehiengoak azaroaren 27an, 28an, 29an eta abenduaren 4an eta 5ean GREBA egitekoaren ALDEKO botoa eman zuen.

Grupo Alfako behargin-kopurua 800 beharginetakoa izatetik 200 izatera igaro da azken urteotan; enplegu galera izugarria izan da hortaz.

Duela 5 urte, Alfako beharginoi ezarri ziguten soldata-jaitsiera %10a eta %30a bitartean egon zen, behargin bakoitzak izan zitzakeen soldata-mailen araberakoa. Hori guztia lanpostuei eusteko egin zen. Horrez gain, gogoratu gura dugu eros-ahalmenaren murrizketa, honezkero, %23koa dela, batez beste; aurki, egoera konpondu ezean, aipatu galera gero eta handiagoa izango da.

2017.eko uztailean, Grupo Alfako zuzendaritzarekin izan genuen azken bileran esan ziguten Alfa Precision Casting enpresaren altxortegia oso positiboa zela, baina hala ere, 6.000.000 €tako hipoteka-zorra zeukala. Behargin guztiok dakigu aipatu zorra Industrial Gol erosi izanak eraginda sortu zela.

Eta zer jazo da Industrial Golen salmentan irabazitako diruarekin (22.000.000 € inguru)? Tamalez, erantzuna guk geuk bilatu behar izan genuen Merkataritza Erregistroan; hura baieztatu ziguten enpresaren 3 kontseilarik: “arrakasta-sari” kontzeptuan 2.289.092 €tako huskeria banatu zuten.

Ez dugu ahazten ere Mecánicas Mallabiren likidazioa, taldearen beste enpresetako bat, ez eta haren gardentasun eza eta asmo gaiztoak.

Aipatu dugun guztia eta bestelako jazoerak ikusi ostean, beharginak nazkatuak daude, aldiro, enpleguak erregulatzeko espedienteak aurkeztearekin egiten zaizkion mehatxuokin, bertan lan egiten dugun familien etorkizunarekin enpresa batera garbi ez jokatzearekin, soldatak jaistearekin eta horrenbeste urtez izoztearekin, enpresa likidatzeaz egiten diren mehatxuekin eta Mecanizadosen aurkeztu den enplegua erregulatzeko espedientearekin.

Horrengatik, Batzarrak erabaki du 5 egunetan Greba eginez mobilizatuko garela, Mecanizadoseko lankideei sostengua adierazteko eta enpresak EGONKORTASUN ETA ETORKIZUNEKO KONPROMISOAK bere egin ditzala eskatzeko, beti ere, ALFAKO FAMILIAK KONTUAN HARTUZ.
Talde honen zuzendaritza ez zaigu fidagarria iruditzen, bilerak eta informazioa ukatu dizkigute, haren jarrera ez da batere gardena izan eta berriro, enplegua erregulatzeko espediente berria daukagu mahai gainean.

Proiektu berriak izan badaude, prozesua kontrol handiagoz egiten da, baditugu bezero handiak, badago gaitasuna,… baina hala ere, zuzendaritza horrek gura duen bakarra opilaren zati handi- handia da… Horrela, geure buruei galdetzen diegu: zeintzuk dira zuzendaritza horren benetako asmoak?, zeintzuk dira dauzkagun egonkortasuneko eta etorkizunerako konpromisoak?, zuzendaritza horrek berriro banatuko ditu “arrakasta-sariak”?

Alfaren etorkizunaren, lanpostuak eustearen eta Alfako beharginen baldintza duinen aldeko borrokari eutsiko diogu.
Horrengatik, Grupo Alfako behargin guztiak eta Eibarko hiritarrak deitzen ditugu bat egin dezaten azaroaren 29an, 19:00etan eta Untzaga plazatik abiatuko den manifestazioarekin.

 

 

 

CENek argudio juridikoak erabili ditu aitzakiatzat, lan-baldintzak Nafarroan negoziatzeko eskubidea langileei ukatzeko

Nafarroako patronalak jakinarazi die ELAri eta LABi ez duela nahi Lanbidearteko Akordio bat, baldin eta horren helburua estatu-hitzarmenetako baldintza anitzez apalagoak Nafarroatik kanpo uztea bada.

Zapateroren Gobernuaren 2011ko lan-erreformak bide ematen die estatu-esparruko hitzarmenei negoziazio-gai jakin batzuk haientzat erreserbatzeko, eta sektoreko probintzia-hitzarmenetan ezarritakoa guztiz edo zati batez deuseztatzeko. Hori horrela, UGT eta CCOO ari dira estatu-hitzarmenak Madrildik ezartzen (eraikuntzan, ostalaritzan, metalgintzan, sukaldaritza kolektiboan…), zenbaitetan soldatak erdira jaitsiz.

2017ko ekainean ELAk eta LABek proposamen bat helarazi zieten CENi eta UGT eta CCOO sindikatuei, Nafarroako sektore-hitzarmenak lehenesteko, Madrilen sinatzen direnen aitzinetik. Ez dago beste helbururik langile nafarrei lan-baldintzak erabakitzea uztea baino, Madrilgo esku-sartzerik gabe.

CENek ezetza eman dio gure proposamenari, legezkotasuna auzitan jarriz. ELAn eta LABen ez dugu uste benetako arrazoia hori denik. Alde horretatik, oroitu beharrekoa da aurtengo urtarrilean ELAk, LABek, UGTk, CCOOek eta Confebaskek tankera bereko akordio bat sinatu zutela EAEn, eta ez du inork zalantzan jarri haren legezkotasuna.

ELAren eta LABen iritziz, benetako arrazoia da CEN guztiz bat datorrela azken lan-erreformekin, negoziazio kolektiboa ahultzea eta langileria pobretzea ekarri dituzten erreformekin.

ELAk eta LABek deitoratzen dute CENen jarrera hori, zeren horrela langile nafarrei lan-baldintzak erabakitzeko eskubidea ukatu baitiete, eta negoziazio kolektiboa estatalizatzeko bidea urratu baitute.
 

 

 

Kutxabank eta PSOEren arteko akordioa, azken honen zorra barkatzen duena, mesede-tratua da

Kutxabank kasuko herri-akusazioak EAJ, PP eta PSOEri exijitzen die izan daitezkeen ustelkeri kasuak argitzeko, arduradunak epaitu eta zigortzeko, eta euskal herritarron beharrizanon alde, Kutxabanken pribatizazio eta bankarizazio prozesuan atzera egiteko. Euskal sistema finantziero publikoa osatu beharra dago, era horrela bakarrik ekidingo dira aurrean dauzkagun iruzur kasuak.

Kutxabank kasuko herri-akusazioaren oharra:

Kutxabanken Cabieces auzian, herri akusazio bezala agertu ginenetik, argi izan dugu, eta horrela azaldu dugu, Kutxabankek Cabieces lanik egin gabe soldatapean izatea alderdien arteko mesede tratua izan zela, Kutxabanken bankarizazio eta pribatizazio prozesuan aurrera egiteko. Denbora guzti honetan ordea, argi izan dugu eta horrela azaldu dugu, azaleratu genuen kasua ez zela bakarra. Atzetik beste hainbat egon behar zirela, eta Kutxabanken pribatizazioa bultzatu zuten alderdiek bultzatzaileek, erantzule izanda, pausu bat aurrera eman beharko luketela, eta ikertuak eta zigortuak izan beharko zirela egon zitezkeen mesede tratu, ustelkeri eta ate birakari kasu guztiengatik.

Beste behin ere, zuzen egon gara, eta beste ustezko mesede-tratu batekin aurkitu gara. Martxoan, PSOEko zuzendaritza eta Kutxabankeko ordezkari Xabier de Iralaren arteko akordioa sinatu zuten, PSOEri 21 milioi eurotako zorra barkatzeko. Zor hori PSOEk 80ko hamarkadatik zuen, eta oraingo zuzendaritzak gaia konpondu nahi omen zuen. Argi dago, gainontzeko herritarroi bankak ez dizkigula gure zorrak barkatzen, eta kobratzeko, gure etxeetatik kaleratzera iristen dira. Momentu honetan, gaia Senatuan dago, PPk alderdien ustezko finantziazio irregularra argitzeko osatu duen batzordean. Bestalde, Kontu Auzitegiak ere,azalpenak eskatu dizkio bai PSOEri eta bai Kutxabanki.

Kutxabankek, Eusko Jaurlaritzako kontrolerako batzordean ordezkaria dauka, eta PPk, Senatuko alderdi batzuen ustezko finantziazio irregularraren batzordea, bere ustelkeria kasuak zuritzeko asmatu zuen. Beraz, herri akusazio honek, esperantza gutxi dauka mesede tratu hau argitzeko. Jakina da, sarritan salatu dugun bezala, PPk PSOEk eta EAJk bankuekiko duten menpekotasuna. Kasu honetan, Kutxabankekiko duten menpekotasunak bultzatu ditu pribatizazio eta bankarizazio prozesuan hartu zituzten erabaki politikoak hartzera. Mesede-tratu gabe, ustelkeria gabe eta ate birakari gabe, bankarizazio eta pribatizazio prozesua ez zen posible izango.

Herri akusazio honek, EAJ, PP eta PSOEri exijitzen die izan daitezkeen ustelkeri kasuak argitzeko, arduradunak epaitu eta zigortzeko, eta euskal herritarron beharrizanon alde, Kutxabanken pribatizazio eta bankarizazio prozesuan atzera egiteko. Euskal sistema finantziero publikoa osatu beharra dago, era horrela bakarrik ekidingo dira aurrean dauzkagun iruzur kasuak.