2026-01-13
Blog Page 891

Iraungitze EEEa atzera bota dute Fagor CNA enpresan

0

Zuzendaritzak atzo hartutako erabakia erabat aurbuiatu du Fagor CNAko enpresa batzordeak, bertan jasotakoa ez datorrelako bat beraiekin izandako bileran esandakoarekin. "Jarrera honetan hastea ez da batere egokia 350 pertsonen etorkizuna jokoan denean", adierazi du.

Hau da Edesa Industrial-Geyser Gastech-eko enpresa batzordearen oharra:

Atzo Zuzendaritzak hartutako erabakia erabat aurbuiatzen dugu, bertan jasotakoa ez dator bat beraiekin izandako bileran esandakoarekin. jarrera honetan hastea ez da batere egokia 350 pertsonen etorkizuna jokoan denean.

Gaur helarazten dizuegun eta enpresak igorritakoa jasotzen duen idatziak, atzo geniona baieztatzen du. Hau da, iraungitze EEEaren atzera bota dela eta mahai bat osatuko dela Fagor-CNA enpresarentzat proiektu berri bat sortzeko helburuarekin, beti ere enplegua eta etorkizunerako bermeak oinarri hartuta.

Mahaia honetan, Eusko Jaurlaritza eta Fagor S.Coop egon beharko luketena gure ustez, 350 pertsonentzako proyectu baten eraikuntza defendatuko dugu. Posible dela ulertzen dugu.
 

 

 

Gizarte zerbitzuetan EAJk eta PSOEk bultzatutako murrizketak salatu ditugu

Ez da erakunde honek egiten duen lehen murrizketa, baina, gure iritziz, pertsona helduei egiten zaien eraso berri hau onartezina da eta zerbitzu publikoaren kalitatean eragin kaltegarria du, helburua kalitatea bermatzea izan beharko litzatekeenean.

Oso kezkagarria iruditzen zaigu Gipuzkoako Aldundiak 3.750.000 eurotan murriztea udalei egiten dien ekarpena, gero eta pertsona heldu gehiago daudenean artatua izateko beharrarekin.

Finantzazioaren banaketa gisa “saldu” nahi dute, baina errealitatea da aldundiak ekarpen gutxiago egingo duela gizarte zerbitzuen arloan, gehienezko ekarpen bat ezarriz, zerbitzu hauek eskatzen dituzten pertsonak gero eta gehiago direla kontutan hartu gabe. Hala, murrizketa dator zerbitzuari arreta handiagoa eskaini beharko litzaiokenean.

2016ko abenduaren 31eko datuek hala erakusten dute: Euskal Autonomia Erkidegoan 96.637 eta Nafarroan 18.323 pertsona dira eskaera aurkeztu dutenak. %3,98 eta %4,96ko igoera ekarri du honek, hurrenez hurren, iazko datuekin alderatuta. Kontua da pertsona horietatik milaka ez direla oraindik artatuak izan. Hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoan kopuru osoaren %22,5 ez da artatua izan (16.368 pertsona daude itxaron zerrendan) eta Nafarroan %30,7 (4.332 pertsona), hauek guztiek arreta jasotzeko eskubide osoa aitortua izan arren.

Gipuzkoako Aldundiaren neurri berri honi gehitu behar zaio zaharren egoitza eta eguneko zentroetan egindako murrizketak, tokiei dagokienez. Neurri hauek erakusten dute pertsona helduak ez zaizkiela axola; inporta zaien gauza bakarra irudi bat “saltzea” dela, alegia. Ondo geratzea dute helburu, erakutsi nahi duten irudia egunerokoaren errealitatetik eta Gipuzkoako pertsona helduen beharretatik oso urruti egon arren.

Honengatik guztiagatik, LABek kalitatezko sistema bat bermatu dezatela exijitzen dugu gizarte zerbitzuen arloan, pertsona heldu guztien autonomia eta gizarte ongizatea bermatzeko. Era berean, Gipuzkoako Aldundiari eskatzen diogu murrizketa eta atzerapenen politikak alboratu ditzala, halakoek aipatutako kolektiboaren bizi baldintzen kalitatea okertzea besterik ez baitute ekartzen.
 

 

 

Esplotazio mota guztiak salatu ditugu sindikatuko kideok, Mugak Zabalduz karabanaren bitartez

Azken txanpan sartu da Mugak Zabalduz karabana. Uztailaren 14az geroztik, LABeko hainbat kide parte hartzen ari dira ekimenean. Esperientzia gogorra ari da izaten, etorkinek eta errefuxiatuek bizi duten egoera bertatik bertara ari direlako ezagutzen. LABeko ordezkarien hitzetan, "lankideok esplotazio mota guztiak salatu ditugu karabanan, eta langile klasea osatzen dugun subjektu guztiekin elkartasuna adierazi nahi dugu; izan zamaketari edo etxeko langile Melillan, jornalari Almerian, sexu langile munduko edozein mugatan edo migrante tenporero berotegietan, besteak beste".

Uztailaren 14an, Euskal Herritik Melillarantz abiatu zen Mugak Zabalduz karabana, etorkinek eta errefuxiatuek Hego Mugan pairatzen duten Giza Eskubideen urraketa sistematikoa salatzeko. Azken txanpan sartu da ekimena, eta Melillatik Andaluziara egin du gaur berriro jauzia. Hori gertatu baino lehenago, Melillako erdialdean performance bat egin dute, zamaketariak ere langile klase direla aldarrikatzeko. 

LABeko ordezkaritza bertan izan da, Euskal Herritik irten zenetik egin moduan, esplotazio mota guztiak salatzeko.
 

 

 

Lan baldintzetan aurrerapausoak CAFen

0

Atzo, Beasain, Irun eta Madrilgo fabriketako langilee batzarrek hitzarmen kolektiboari begira enpresak egin duen azken eskaintza berretsi zuten. LABk eta ELAk oso positiboki baloratzen dugu hitzarmen honen barruan lortutako aurrerapenak.

LAB eta ELAren irakurketa

"Gaur, uztailaren 20an, CAFeko zuzendaritzak Beasain, Irun eta Madrilgo fabriketako hitzarmen kolektiboari begira egin duen azken eskaintza berretsi dituzte langileen batzarrek.

Hitzarmen hau 2016ko urrian hasi ginen negoziatzen, eta 2017. eta 2018. urteetan egongo da indarrean. Negoziazioak hasi genituenean, eta hainbat lanuzte eginda, adostasunera iritsi ginen zuzendaritzarekin enplegu-politikaren inguruan. Horrela, Beasaingo eta Irungo fabriketara langile gehiago sartzea ahalbidetu genuen, eta hitzarmenak irauten duen bitartean 61 urte beteko duten langileentzat errelebo-kontratua ezartzea bermatu genuen.

Orduz geroztik, zuzendaritzako arduradunekin izandako elkarrizketak arinak izan dira. Hilabete horietan, enpresa-batzordeak seitan ere atzera bota ditu zuzendaritzak ekarritako proposamenak, langileok eskatzen genuena betetzen ez zutela ulertuta.

Pasa den uztailaren 14an, eta enpresa-batzordeak eman zuen ultimatumaren ondoren, zuzendaritzako arduradunek orain onartua izan den eskaintza egin zuten.

Beasaingo eta Irungo fabriketako sindikatu guztiek (LAB, ELA, CCOO, ESK eta UGT) zuzendaritzaren azken eskaintza horren alde egin dute batzarretan.

Eduki nagusiak hauexek dira:

Lanaldia:
• Tituludunei 8 ordu murriztuko zaie.
• Asteko 35 orduko lanaldia finkatuko da enplegatuentzat eta langileentzat.

Azpikontratazioa:
• Azpikontratatutako 33 langile CAFeko plantillan sartuko dira.
• Kitting-lanak CAFeko langileek egingo dituzte Beasaingo fabrikan; hartara, zeregin berri hori kanpora ez ateratzea lortu dugu. Horrek eragina izango du 20 lanpostutan baino gehiagotan.
• Zuzendaritzak konpromisoa hartu du azpikontratazioari buruzko informazio argia eta aldizkakoa emateko enpresa-batzordeari.

Enplegu-politika:
• Beasaingo fabrikan 180 langile gehiago kontratatuko dira aldi baterako, eta Irunen 40, ekoizpen-lanetarako. Horiei kontratatuko diren tituludunak gehitu behar zaizkie.
• Hitzarmenak irauten duen bitartean 61 urte betetzen dutenentzat errelebo-kontratua.

Soldata-igoera:
• KPI + % 1, 2017. urterako; eta KPI + % 1,2 2018rako. Soldata-igoera oro kontsolidatua izango da.
Lizentziak eta kontziliazioa:
• 14 ordu urtean, nahieran erabiltzeko.
• Gaixorik dauden seme-alabak etxean zaintzeko lizentzia.

Mutualitateak:
• Hitzarmen honek irauten duen bitartean, mutualitateek ezin izango dute kontingentzia arrunten gainean inolako kudeaketarik egin.

Hitzarmen honi begira ezarri genituen helburuak bete egin dira neurri handi batean. Kontratazio berriek eta azpikontratazioaren arloan lortutako aurrerapausoek sendotu egiten gaituzte kalitateko zuzeneko enplegua lortzeko, areago CAFk eskaera-zorro handia duela, eta zuzendaritzaren enplegu-politika kontratazio berriak ez egitera eta ahal zen guztia kanpora ateratzera bideratuta zegoela kontuan hartuta.

Halaber, positiboki baloratzen dugu aipatzeko moduko soldata igoera kontsolidatua, enpresak kontrola ditzakeen alderdien baitan ez dagoena. Akordioaren eduki soziala ere azpimarratzekoa da, langileen eta enplegatuen kolektiboan asteko 35 orduko lanaldiari eutsi izana, eta tituludunen lan-baldintzak erregularizatzeko emandako urratsak.

LABk eta ELAk oso positiboki baloratzen dute hitzarmen honen barruan lortutakoa. "

 

 

 

Abian da presoen eta iheslarien aldeko martxa

Presoen eskubideen defentsan irten gara kalera, Kalera Kalera dinamikak Kalera martxa izenekoari ekin baitio gaur, Gernikan. Preso, iheslari eta deportatuen aldeko ibilbideak zortzi etapa izango ditu, eta Lakuntzan amaituko da uztailaren 27an.

Ekimen honek bi helburu nagusi bete nahi ditu: batetik, gatazkak sortutako euskal errepresaliatu politiko guztiak Euskal Herriko kaleetara ekartzea (bide batez sinbolikoki, preso, iheslari eta deportatu guztiak udako jaietan murgiltzea); eta bestetik, jai-giroaz gozatzea.

Martxak Gipuzkoa, Bizkai eta Nafarroako errepideak eta herriak zeharkatuko ditu. Hauexek izango dira etapak:

-Uztailak 20, osteguna: Gernika-Busturia-Bermeo (15 km)

-Uztailak 21, ostirala: Bermeo-Ea-Lekeitio (24 km)

-Uztailak 22, larunbata: Lekeitio-Ondarroa (14 km)

-Uztailak 23, igandea: Ondarroa-Mutriku-Deba (11 km)

-Uztailak 24, astelehena: Deba-Zumaia-Getaria (24 km, Zumaiaraino

-Uztailak 25, asteartea: Getaria-Zarautz-Hernani (13 km)

-Uztailak 26, asteazkena:Hernani-Anoeta-Ibarra (20 km)

-Uztailak 27, osteguna: Ibarra-Etxarri Aranatz-Lakuntza (16 km)
 

 

 

EAJ Gobernu Zentralaren berme da burujabetza helburuak zapuzteko orduan, Euskal Herrian zein Kataluinian

Ez dugu zalantzarik akordio honen bidez EAJk estatu paktu bat lortu nahi duela, egoera aprobetxatuz, abantaila politikoak lortzeko. Eta Euskal Herriko edota Kataluiniako herrien burujabetza nahiak alde batera utzi behar badira horretarako, estatuarekin lerrokatzen da lasai asko.

Azken asteotan, Eusko Jaurlaritzak eta Gobernu Zentralak jotzen duten doinua bera da: bilateralitatearen onurak goiraipatzea; hain justu, akordio ezberdinen bidez praktikan jarritako bilateralitatea -kupoaren akordioa, aurrekontuei emandako babesa, sabai-gastua…-, helburu bakarra duena: egungo status quoa mantentzea. Eta bidaia honetarako, Espainiako Gobernuak, transizioan egin bezala, bigarren honetarako ere EAJren erabateko babesa jaso du.

EAJren apustua ez da aldatu. Herri honen garaipen handienetako bat bezala saltzen ari den Kupoaren akordioa, burujabetza lortzeko ametsari egiten zaion iruzur berri bat da. EAJ bat dator eskuin ekonomiaren proiektu ekonomikoarekin eta, modu honetan, inoiz ez du arriskuan jarriko babesa eskaintzen dion Espainiako politika-instituzionala. Horregatik egiten dio uko euskal gizarte justu eta solidarioago bat eraikitzeari.

Horretaz gain, Kupoaren akordioak menpekotasun politiko eta ekonomikoa betikotzen du, Estatuari unilateralki adostuakoa bete edo ez erabakitzeko aukera eskainiz -politikoki komeni zaienaren arabera-. Kontzertuak, eta Kupoak, akordio honen ostean, dena ondo lotua egoteko Estatuak kudeatutako tresna unilateral bat izaten jarraitzen dute.

Eta, gainera, akordio txar baten aurrean gaude lehenago adostutakoa birnegoziatuz dirua galtzen delako. Estatuaren gain esklusiboki diren inbertsioak finantzatzen ditu, AHTa besteak beste, eta, bitartean, Espainiako abiadura handiko trenbide sarearen zorra eta eraikuntzaren %6,24 ordaintzen du. Kupo oinarrian ordaindu beharrekoa igotzen du datozen bost urtetarako. Eta, estatua gainfinantzatzen du %6,24ko indizea mantenduz, ordaindu beharreko kupoaren kriterio moduan ezarriz.

Egun ez digu harritzen EAJk hartutako posizioak. Enpresa multinazionalen administrazio kontseiluetan burua sartzeko interesa jartzen du lehenik, krisitik irteteko kalitatezko enplegua babestu, aberastasuna banatu eta gure ehun produktiboaren sendotze, berrikuntza eta dibertsifikazioaren aurretik.
Ez dugu zalantzarik akordio honen bidez EAJk estatu paktu bat lortu nahi duela, egoera aprobetxatuz, abantaila politikoak lortzeko. Eta Euskal Herriko edota Kataluiniako herrien burujabetza nahiak alde batera utzi behar badira horretarako, estatuarekin lerrokatzen da lasai asko. EAJren eskaintzak (kupoaren akordioa eta gastuaren sabai-aurrekontuak) egonkortasuna ematen dio PPri datorren legegintzaldirako. Ustelkeriagatik epaitegietan dagoen alderdi batek boterean egonkortzea ekartzen du, modu honetan gehiengoarentzako murrizketa eta austeridade politikak egitea ahalbideratuko dio, gutxiengo baten onurarako.

Ez da arraroa espainolismo bihozberak EAJren erabakia txalotzea, bilateralitatea kontzeptua goraipatzea eta txaloka galdegitea independentismo kataluniarrari herri honetaz ikastea.
 

 

 

Jaurlaritzarena ez da euskal industriak behar duen plana

0
Ekonomia Garapeneko kontseilari Arantxa Tapiak Eusko Jaurlaritzaren Industria Plana aurkeztu zuen atzo. Bada, lan baldintzak prekarizatzen jarraituko duen industriaren aldeko hautua egiten jarraitzen dutela salatu dugu LABetik.

Eusko Jaurlaritzaren txoke plana izan behar zuen Industria Planak, txoke egiten du bai, baina soilik industriak dituen beharrrekin eta industrian lana egiten duten pertsonen beharrekin.

1.AKORDIOA BILATZEN EZ DUEN PLANA DA
Plan hau ez da eragile sozial, sindikal eta politikoekin adostua izan. Plan honek LABek aurkeztutako Industriarentzako urjentziazko 10 neurriak ez ditu kontuan izan. Eusko Jaurlaritzak ez ditu atsegin sindikalgintzatik jasotzen dituen interpelazioak.

2.AURREKO PLANEKO POLITIKEKIN JARRAITZEN DU, ETA ESKASA DA
Ez dago autokritikarik, orain arteko politikekin jarraitzen da. Eta aurreko Planetik egiaztagarria dena da enpresak bideratzeko funtsa 4 enpresetarako soilik erabili dela 2014-2016 epean eta partaidetza sustatzeko funtsaren erabileraren emaitza oraindik pobreagoa da: behin bakarrik izan da erabilia. Plan hau, gauzak beste era batera egiteari uko egitea espreski adieraztea da. Bultzada publikoa mugatua da, merkatuaren eskuetan uzten da, hau da, multinazionalen, Clusterren eta azterriko kapitalen eskuetan apostu estrategikoak.

3.INDUSTRIAREN DESABANTAILA TEKNOLOGIKOA MANTENZTEN DU
Urtero proposatzen den I+G+B igoerarekin 10 urtetan iritsiko ginateke Europar Batasunaren helburu den eta LABek proposatutako %3ko BPGren helburura. Non dira kupoaren negoziaketatik lortu omen ziren diru sarrera gehigarriak?

4.CONFEBASKEN NEURRIRA EGINDAKO PLANA DA
Ez da neurririk jasotzen deslokalizazioak, salmentak edo eszisioak ekiditeko. Enpresari handuien eskuetan dirua jartzearen aldeko apostua berresten da enplegu edo lurraldearekiko konpromisorik eskatu gabe. Kanpoko kapital haundiekiko are eta menpeakoagoa izango den ereduaren alde egiten da, finantza sistema publikoa bultzatu beharrean joera honi aurre egiteko. Hau erabaki politikoa da.

5.INDUSTRIAREN PREKARIZAZIOA MANTENTZEKO APUSTUA EGITEN DA
Dokumentuan erronka nagusietako bat ezberdintasun soziala murriztea eta kalitatezko enplegua bultzatzea dela esaten da.Halaere,proposatzendituztenneurriakaztertzehasita,ondorioztatzen da ez dutela BAKAR BAT ERE proposatzen. Hortaz, lan baldintzak prekarizatzen jarraituko duen industriaren aldeko hautua egiten jarraitzen dute.

6.MARKETINGEAN SAKONTZEN DUEN PLANA DA
Industria 4.0. zeharlerro moduan aurkezten bada ere, ez da plangintza zehatzik aurkezten. Denak balio du, edozein direlarik ere enpresen beharrak, Basque Industry 4.0. publizitate kanpainaren barnean txertatu badaiteke.

Azkenik, Arantxa Tapiaren adierazpenei erantzun nahi diegu, Planaren aurkezpenean esan baitu “Eusko Jaurlaritzaren ekimenez 22.000 lanpostu mantendu ahal izan direla. Harriduraz entzun ditugu adierazpen hauek, enpresak isten direnean inoiz ez baita Eusko Jaurlaritzaren erantzukizuna izaten, kudeaketa, merkatua edo arazo finantzieroen ondorio baizik.

Beste era batera egin daitezke gauzak, LABek industriaren etorkizunaren aurkeztutako dekalogoan jasotzen duen moduan. LABek benetako industria politikaren defentsan lanean jarraituko du.
 

 

 

Euskaraz ez dakiten langileak kontratatzen ari da Osakidetza

0
Adibide bat aipatzearren, Zarauzko osasun etxean, udaran lan egiteko, Osakidetzak zenbait kontratazio egin ditu, non eta kontratazio eta euskara araudia urratuz, euskaraz ez dakiten mediku eta administrari laguntzaileak kontratatu diren.

Osakidetzako LAB sindikatuak ohartarazi nahi du euskararen inguruko urraketa ugari antzeman dituela Osakidetzan azken hilabetetako langile kontratazioetan. Lan kategoria eta lantoki ugaritan gertatu izan dira urraketa hauek. Osakidetzako zuzendaritzari kontrol neurriak ezar ditzala eskatu izan diogun arren, egoerak ez du hobera egin. Alderantziz, azken egunetan erabat larriak diren kasu batzuen berri izan dugu.

Adibide bat aipatzearren, Zarauzko osasun etxean, udaran lan egiteko, Osakidetzak zenbait kontratazio egin ditu, non eta kontratazio eta euskara araudia urratuz, euskaraz ez dakiten mediku eta administrari laguntzaileak kontratatu diren.
Gogoratu behar da, Zarautz, herri erabat euskalduna izaki, Osakidetzaren Euskara Planean lehentasun gorenekotzat izendatua dagoela. Bestetik, Osakidetzak dituen herritarrentzako informazio eta harrera gune guztiak ere lehentasun gorenekotzat jotzen dira, eta gaur egun gune hauetako lanpostu guztiek dute ezarria euskara ezagutzaren betebeharra.

Bada, udaran Zarauzko osasun etxeko herritarrentzako informazio gunean lan egiteko euskaraz ez dakiten administrari laguntzaileak hartu dituela jakin izan du LAB sindikatuak. Kontratazio eta euskara araudia erabat urratzeaz gain, Zarauzko osasun etxeko erabiltzaileen hizkuntz eskubideak ere urratzen ditu egoera honek. Eta kontratazio araudia zuzen beteko balitz kontratu horien jabe izan beharko liratekeen langileen eskubideak ere mespretxatzen ditu Osakidetzak.

Administrari laguntzaileen kontratazioetan euskararekin gertatzen dena erabat deigarria eta adierazgarria da. Nabarmena da kategoria honetan ehunka hautagai daudela kontratazio zerrendetan, horietako gehienak euskaldunak. Noizbait beharrezkoa izatekotan eta zerrendak irekiko balira ziurtzat eman daiteke beste ehunka hautagaiek izena emango luketela. Bestetik, informazio guneetan lan egiteko beharrezkoa den prestakuntza egun gutxitan eskaini dakioke langileari. Aitzitik, Osakidetzak, lan kategoria honetan ere, lanpostuko betekizunak urratuz, euskararen ezagutza egiaztatu gabeko langileak kontratatzeari eusten dio.

Euskara kontutan ez hartzeko inolako aitzakiarik onartzen ez duten lan-kategorietan gertatzen dena ikusita, garbi dago Osakidetzako gainontzeko lan kategoria guztietan gertatzen denaren iturburua zein den: Euskara sustatzeko eta herritarren hizkuntz eskubideak errespetatzeko borondate falta.
Zenbait lan kategorietan hautagai elebiduik ez dagoela argudiatzen du Osakidetzak sarritan, urraketak justifikatzeko. Eta kategoria horietako batzuetan kontratazio zerrendak irekiak dauden arren, hautagai berriek emateko irekiak, beste asko eta asko itxiak daude, zerrendak irekitze hutsarekin hautagai elebidunen gabezia konponduko litzatekeela jakitun izanik Osakidetza. Beste hainbeste esan daiteke Osakidetzak neurriz kanpo erabili eta euskara baztertzeko aitzakia diren zerrenda espezifikoen inguruan.

Azken adibide bat, gaur egun Osakidetzako Zuzendaritza Nagusian mekanizatzen dira lanpostuko euskara betekizuna betetzen ez dituzten langileen kontratuak. Horretarako, Zerbitzu Erakundeek aski dute eskaera egitea Zuzendaritza Nagusiari, lanpostuari dagokion langile elebiduna topatu ez izanaren arrazoiren bat argudiatuta. Gai honen inguruan EHBilduren eskariz Osasun Sailak Legebiltzarrera igorritako txostenean azken urtean euskara betekizuna baztertuz egindako ehunka “salbuespen” kontratu ageri dira, horietako asko erabat deigarriak eta ezin justifikatuzkoak diren kontratazioak. Izan ere, Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiak ez du inolako filtro, kontrol edota egiaztatze neurririk ezarri iristen zaizkion salbuespen eskaera hauen baliozkotasun eta justifikazioa egiaztatzeko.

Beste behin ere, LAB sindikatuak Osakidetzari eskatzen dio euskara normalizatu ahal izateko beharrezkoak diren neurri eta bitartekoak ezar ditzala.
 

 

 

Garbialdiko langileek protesta egin dute Bizkaiko aldundiaren aurrean

0

Bizkaiko Aldundiko garbiketaz arduratzen den Garbialdi azpikontratak Kaputxinos Ogasuneko eraikineko 16 langileri eragingo dien aldi baterako lan erregulazio espedientea (ERTE) iragarri du. Lan erregulazio espedientea abuztuaren 1etik 31ra aplikatuko litzake, %21,73 jaitsierarekin. Hau dela eta, erabaki horren aurkako protesta egin dute gaur langileek, aldundiaren aurrean.

LAB, ELA, CCOO, UGT eta ESK sindikatuok adierazpen bateratua osatu dugu: "ERTE honek Kaputxinos Ogasuneko langileei eragiten die; bihar, aldundiaren beste lan zentro bati eragin diezaioke", ohartarazi dugu.