2026-04-09
Blog Page 886

Babes eta elkartasun guztia adierazi nahi diegu Pontevedran greban dauden Bershkako langileei

0

LABetik, bereziki merkataritzako langile eta Bershka-ko LABeko ordezkaritzatik, gure babes eta elkartasun guztia bidali nahi diegu Pontevedran greban dauden Bershka-ko langileei. Mundu osoko Inditex marketako langile guztien indarra eta elkartasuna berebizikoak direla deritzogu, beraien mozkinak biderkatzeko milaka langileen lan-esku merkeaz aprobetxatzen den multinazionalari aurre egiteko.

Pontevedrako kideen adibideak beste behin ere borroka kolektiboaren garrantzia erakusten digu, ez digute ezer oparitzen eta ahal badute kendu egiten digute; erreforma, legedi aldaketak… erabiliz. Beraz, berebizikoa da Inditex-eko langile bakoitzaren borroka eta konpromisoa orain arte lortutako eskubideak babesteko, zein Inditex taldeko marka guztietan lortu daitezkeen lan-baldintzak hobetzeko.

Gogora dezagun 2016an Inditex-ek 3.157 miloi irabazi zituela (irabaziak %10 igoaz) eta Amancio Ortega jauna langileen helburu fiskal susmagarria duten pagen bidez isiltasuna erosten saiatzen den arren, Inditex- eko marka ezberdinentzat egunero lan egiten dugunok, badakigu multinazional honentzat gu beraien mozkinak handitzeko tresna baino ez garela. Beraz, aldi-baterakotasuna, malgutasuna, lan-kargak, soldata baxuak… laburbilduz, prekarietatea, eguneroko gauza dira gure lan-zentroetan.

Merkataritzako langileok, sektore erabat feminizatua, ez dugu bigarren mailako langileak izaten jarraitu nahi, lan-baldintza duinak exijitzen ditugu, eros-ahalmena bermatuko digutenak, gure aisia eta atsedenerako denbora errespetatuko dituztenak, lana eta bizitza familiarra uztartzeko eskubidea emango digutenak eta gure laneko osasuna eta bizitza duinerako eskubidea bermatu.

 

 

 

Lan hitzarmen berri baten negoziazioa exijitu diogu Osakidetzari

0
LABek lan hitzarmen berri baten negoziazioa exijitu dio gaur Osakidetzari, mahai sektorialeko bileran. Osakidetzari gogorarazi diogu soldataren %1 igotzea ez dela nahikoa, langileok honekin ez baitugu galdu dugun erosahalmena berreskuratuko.

Osakidetzak aurreko ikasturteko sektore-mahaietan (2017ko martxoaren 23an, ekainaren 5ean eta ekainaren 23an) honako puntu hauek mahaigaineratu zituen, bertan parte hartzen dugun sindikatuokin akordio batera heltzeko:

1.- 2017ko EPEen programazioa (2016ko EPEarekin batera burutuko dena).
2.- 2018ko EPErako plaza kopuru eta kategorien negoziazioa. 3.- Kontratazio zerrendetako irizpideak finkatu.
4.- 2017 urterako lekualdatze-lehiaketa eta 2018tik aurrera irekia eta iraunkorra izan behar den lekualdatze lehiaketa sistema berriaren prestaketa.
5.- 2007-2008 eta 2009ko Akordioa ordezkatu behar zuen Lan-baldintzen Akordio berriaren aurrerapen moduan, lizentzia eta baimenen atala negoziatu.
6.- ESIen estruktura-dekretua onartu.
7.- Osakidetzan ematen diren pribatizazioak.
8.- Hainbat batzorderekin lan egin (lan-osasuna, euskara, berdintasuna).
9.- Lanaren kalitatearen hobekuntza plana indarrean jarri.
10.- Aldi baterako kontrataziorako Akordio berria.
11. Hautaketa eta hornikuntza dekretua.
12.- Lanpostu funtzionalen dekretua.

Urria amaitzear da eta esan dezakegu puntu guzti hauetatik Osakidetzak ez duela bete ezta %10a ere.

Gogoratu behar da ekainaren 23ko sektore-mahaian, Osakidetzak presa handia zuela akordio batera iristeko eta azkenean SATSEk, SMEk eta UGTk bi puntu hauek sinatu zituztela: 2017ko EPEa eta 2017ko lekualdatze lehiaketa. LABek eskaintza eznahikoa zela adierazi zuen bere momentuan.

LABek onartezina jotzen du 2009tik Lan-baldintzen Akordio berririk gabe egotea. Osakidetzan lan egiten dugun langileok ezin dugu hitzarmenik gabe egon. Lizentziak eta baimenez gain, langileok gizarte eskubideez, gure jardunaldi eta atsedenaldiaz, gure euskalduntzeaz, gure segurtasun eta osasunaz edo gure soldataz negoziatu nahi dugu. Gure eskubidea da hitzarmen gaurkotua izatea.

LABek Osakidetzari gogorarazten dio soldataren %1a igotzea ez dela nahikoa, langileok honekin ez baitugu galdu dugun erosahalmena berreskuratulo; gaixorik egoteagatik ez dugu penalizaziorik nahi; lan zamak arintzeko ordezkapenak lehenego egunetik nahi ditugu; jubilatzeko adina aurreratzeko plan bat nahi dugu…

Horregatik, gaurko Mahai Sektorialean honako eskaerak egin dizkiogu Osakidetzari:

• Pendiente gelditzen diren puntu guztiak negoziatzeko egutegia finkatu. Lehentasunez, lan akordio berri oso bat negoziatu.

• Urduliz Ospitaleko garbiketa, ikuztegia eta sukalde zerbitzuen inguruko informazioa, betiko publiko izango direlako bermearekin.

• Askatasun sindikala errespetatu, posta elektronikoak bidaltzeko orduan ipinitako mugak bertan behera uzteko.

• SATSE, SME eta UGT sindikatuekin hitzartu zituen EPE eta lekualdatze lehiaketari buruz:
o EPEa: beste gauza batzuen artean, plaza gehiago atera, kategoria guztiekin; EPE batean ateratako nota hurrengo deialdietarako baliogarria izatea; temarioak Osakidetzak berak
argitaratzea, elebitan direla ziurtatuz.
o Trasladoak: Plazen %100 bakante atera; sistema “ireki eta etengabea” negoziatu eta
martxan ipintzea segituan.
 

 

 

Lan istripuen gaia Legebiltzarrera eraman dugu, urteko 50. lan heriotzaren berri izan dugun egunean

LABeko Lan Osasuneko Idazkaritzako kide Lurdes Erasok eta Ibon Zubielak Gasteizko Legebiltzarreko Lan eta Justizia Batzordean hartu dute parte gaur, Euskal Herria Bildu taldeak luzatutako gonbidapenari esker. Hain zuzen ere, agerraldia egin dute urteko 50. lan heriotzaren berri jakin dugun egunean, Cementos Lemonan langile bat hil baita eguerdian, erorketa baten ondorioz, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazitakoaren arabera. Atzo bertan salatu genuen beste lan heriotza bat.

Agerraldian, Lan Segurtasun eta Lan Osasun alorrean bultzatzen den prebentzioaz eta hartzen diren neurrien inguruan gure ikuspegia eta azalpenak eman ditugu. Aldi berean, gure proposamenak egin ditugu, onartezina den egungo egoera aldatzeko.

Lurdes Erasok lan istripuen arrazoiei buruz hitz egin du: "Enplegu eta lan baldintza kaskarren ondorio dira, prebentzio politika eta kontrol ezaren ondorio". Administrazioa lan merkatutik erretiratu egin dela kritikatu du, "patronalaren esku utzi baitu joko arauak ezartzea". Hau gutxi balitz, prebentzio politikarik ez dagoela berretsi du, eta, gainera, prebentzioan murrizketak egin dituztela nabarmendu du.

Hala, Lan Harremanetarako Euskal Esparrua sortzea ezinbestekoa dela adierazi du Erasok.
 

 

 

Jai egunetan saltoki handiek irekitzea salatzen dugu eta ez erostera dei egiten dugu prekarietatea ez bultzatzeko

Nahiz azaroaren 1a jai eguna izan Nafarroan, saltoki handiren batek egun horretan bere ateak irekiko dituela-eta, LAB sindikatuak bere apustua berresten du ezein saltokik ez dezan ireki jai egun edo igandeetan. LABek merkataritza guneei eta saltoki handiei exijitzen die ez irekitzeko eta dei egiten die kontsumitzaileei jaiegunetan eros ez dezaten, ekintza horrekin ari baitira saltoki txikien behin betiko itxiera laguntzen, bai eta egun horietan lan egitera behartuta dauden pertsonen lan baldintzak prekarizatzen ere.

Nafarroako Gobernua zuzenean interpelatzen dugu kontsumo kontzientziazio kanpainak egin ditzan eta legea alda dezan jaiegunetan irekitzea eragozte aldera. Ildo horretan, Gobernuaren, sindikatuen eta hainbat gizarte eragileren artean aliantzak bilatzen segitzen du LABek jaiegunetan jai izan dezagun.

Horregatik guztiagatik, kontsumitzaileei eskatzen diegu azaroaren 1ean ez erosteko, saltoki txikien desagertzean ez laguntzeko eta egun horietan lan egitera behartuak garen langileen prekarietatean ez laguntzeko.
 

 

 

Eztabaiden txanda iritsi da Ekimen Ibiltarira

Irunen izan da Ekimen Ibiltaria goizean, eta Hondarribiara iritsiko da arratsaldean. Hain zuzen ere, ekintza sindikaleko tailer bat egin dugu Palmera Monteron, eta, arratsaldean, Hondarribiako San Pedro kalean, eztabaidak egingo ditugu bertan muntatuko dugun Infogunean. Ostegunean berriro ekingo diogu “Lan duina, bizi duina” dinamikari: Oiartzungo Alcampotik abiatuta, auto karabana bat egingo dugu 10:00etatik 13:00etara; eta Pasai Antxon egokituko dugun Infogunean, beste hitzaldi bat egingo dugu arratsaldean, Zumardian.

Gipuzkoan sartu da gaur Ekimen Ibiltaria. Goizean goiz, delegatuekin ekintza sindikaleko tailerra egin dugu, eta 30 delegatu inguruk parte hartu dute. Kasu praktikoak landu ditugu.
Gero, Plastikos Alai enpresan lan osasunerako prebentzio neurriak eskatu ditugu eta Wocco enpresan Aldi Baterako Lanerako Enpresetako langileak lan taldean sartzea eskatu dugu. 


Gaur arratsaldeko jarduerei helduta, Hondarribian, 17:30ean, “Zaldunborda: Prekarietatea gune beltz berria?” eztabaida egingo dugu; eta, 18:30ean, “Etxebizitza, gazteok zer alternatiba ditugu?” mahai ingurua.

Pasai Antxon bihar egingo dugun hitzaldiari dagokionez, “Pasaiako badian duin bizitzeko, burujabetza eta aldaketa soziala” izenburua izango du. 18:00etan hasiko da, Zumardian jarriko dugun Infogunean, eta LABeko Ekintza Sozialeko kide Edurne Larrañagak, Portuko LABeko kide Jose Ramon Zapirainek eta Pasaiako alkate ohi Juankarlos Alduntzik hartuko dute hitza.

Euskal presoen egoerari behingoz heldu behar zaiola nabarmendu dugu Bilbon

Foro Sozial Iraunkorrak bultzatuta elkartu gara gaur Bilboko Plaza Berrian. Alde batetik, gizarte zibileko hainbat erakundetako ordezkariak eta, bestetik, ibilbide eta sentikortasun anitzetako hiritarrak, bakoitza norberaren izenean. Guztiz garrantzitsua iruditzen zaigun ekimen bat bultzatzeko asmoz aurkezten gara gaur Bilbon: datorren abenduaren 9an, Bakearen Artisauek deituta, Parisen egitekoa den manifestazioa. Goiburu oso konkretu bat dauka: “Orain, presoak”. Agerraldian, LABeko Komite Exekutibo osoa egon da ordezkatua.

Hauxe da gaurko agerraldian irakurritako adierazpena:

Esaldi labur bat, baina eduki handikoa. Orain. Bai, orain, Aietekotik sei urte pasatu direnean, eta arma gabetzearen ostetik ia zortzi hilabete iragan direnean, konpondu gabe jarraitzen duen euskal presoen egoerari behingoz heldu behar zaio; izan ere, azken urte hauetan gertatu den guztiarekin bat ez datorren salbuespeneko legeria baten mendean baitauzkate oraindik ere euskal presoak.

Orain esaten dugunean, iragana eta etorkizuna biltzen ditu aldi berean. Beste orain baten determinazioz: apirilaren 8an desblokeatu zen, orain arte mugiezina zirudiena, eta han egon ginen hemen gaudenotako asko, eta gaur gurekin elkartzerik izan ez duten beste lagunak ere bai, milaka pertsonaren ondoan, Bakearen Artisauen lana babestuz. Lan isila, tinkoa, ausarta, uhin berri bat sortu zuena eta gatazkak ebazteko eredu arrakastatsu berri bat ireki zuena: Euskadiko, Nafarroako eta Iparraldeko erakundeen arteko triangulazioa. Artisauen lana agurtu eta goraipatu nahi dugu hemendik.

Haien lana ez zen amaitu apirilaren 8an. Espetxeetako auzian sakontzen jarraitu dute, Frantziako Estatuan. Hain zuzen ere, duela egun gutxi jakin dugu ahalegin horiek fruituak ematen ari direla: publikoki aitortu da Fantziako Justizia Ministerioarekin lan-esparru bat sortu dela, han preso dauden pertsonen egoerari aurre egiteko. Ireki den bidea bihotz-bihotzez txalotzen dugu, zalantzarik gabe mugituko baititu espetxeetako salbuespeneko harresi handiaren lehen adreiluak.

Horregatik esaten dugu Pariseko abenduaren 9ko manifestaldia ez dela manifestazio bat gehiago. Beste ekimenekin lotutako ekimen bat da, Frantziako Estatuko espetxe-politika aldarazi dezakeena. Bigarren Luhosoa da, baina oraingoan preso diren pertsonen alde. Orduan bezala, gure gizartearen bultzada eta babesaren beharrean da. Eta egon gaitezen ziur; Parisen hartzen joango diren erabakiek, eta manifestaldiak berak, beren ondorioa izango dute Madillen. Gure orain horren oihartzunak Parisen eta Madrillen entzun behar dira.

Aietekoaren 6. urteurrenean Foro Sozialak esaten zuen moduan, espetxeetako giltzak gure esku ez daude. Baina, baditugu giltzak biraka jartzea lortzeko osagaiak. Gure herrian erakundeen arteko akordio zabal bat lortzeko lanean ari da Foro Sozial Iraunkorra; akordio horrek Espainiako Estatuan espetxe-politika malgutzearen aldeko iritzi-korronte bat sortzen lagundu behar du, pertsona presoen esku-hartzearen eta gizartearen bultzadaren bidez. Iparraldean ireki den bidea etapak korritzen ari da, etenaldirik gabe.

Manifestaldirako deialdiak jaso du jadanik Ipar Euskal Herriko gizartearen espektro zabal baten sostengua: lortu du hura inplikatzea eta engaiatzea. Hau da gaur hemen sustatu nahi duguna: batetik, ordezkatzen ditugun sektoreek edo hemen gauden banako pertsonok ekimen hori sostenga dezagula eta, bestetik, gure herriko beste kolektibo, sektore eta pertsonengana ere hel dadila.

Ekimen hori hel dadila ezberdin pentsatzen dugun eta errealitate askotarikoak bizi ditugun milaka pertsonongana, denok desio baitugu pertsona presorik, erbesteraturik edo iheslaririk ez duen eta bakean bizi den gizarte baten azken-geltokira heltzea. Bere baitan izan dituen era guztietako horrenbeste sufrikario ebatzi eta sendatzeko gai den gizarte bat. Indarkeria mota guztien biktimak errespetatu eta erreparatuko dituen gizarte bat.

Hori guztia dago jokoan Pariserako deialdian; horregatik, manifestaldi bat baino zerbait gehiago da. Konpondu gabe dauden arazo erabakigarriak ebaztera bideratutako segida berritzailean, une gakoetako bat da orain hori.

Beraz, gaur eta hemen, berriro egiten diegu dei gure herriko eragile politiko, sindikal eta sozialei, eta hiritar guztiei ere bai, esku-har dezaten eta herri bakoitzean, auzo bakoitzean, lantoki bakoitzean, fakultate bakoitzean eta ikastetxe bakoitzean bozeramaile moduan joka dezaten eta, gero eta ahots gehiago gehituz, Bakearen Artisauen ekimenari sostengua ematen dion mezu hau transmiti dezaten. Frantziako Estatuan euskal presorik gabeko behin betiko bakerantz urrats erabakigarria emateko helburuarekin, Parisen bihotzean abenduaren 9an ospatuko den manifestazioan esku-hartzera animatuz. Horrek, zalantzarik gabe, lagunduko baitu akordioetan aurrerapausoak ematen, hemen, Euskadiko Komunitate Atonomoan eta Nafarroan.

Orain presoak!
 

 

 

Heraclio Fournierreko langileen batzordea lankide baten kaleratzearen eta enpresaren inposaketen kontra mobilizatu da

0

Langileek dei egin diete Arabako erakundeei lan gatazkan esku har dezaten, 147 urte baino gehiagoko Gasteizko enpresa honetan konponbidea bilatzeari begira.

Hauxe da Langileen batzordearen oharra:

HERACLIO FOURNIERreko Langileen Batzordeak gure enpresan azken urteetan bizitzen ari garen errealitatea salatu nahi du, gizarteari honen berri emanez. Errealitate hori gure lan baldintzetan eta laneko giro kaskarrean islatzen da.

Soldaten izozketa eta gure lan baldintzen berritze eza jasaten ari gara duela 6 urtetik hona, enpresak etekinak eta lan karga handia dituen bitartean. Laneko giroa despota da erabat, enpresak nagusikeriaz jokatzen du lan harremanetan, mespretxuz tratatzen du alde soziala, lan erritmoak oso gogorrak dira, eta mehatxuak ere ematen dira.

Krispazio eta ulermen ezaren giro horretan, edalontziak gainezka egin azken gertaerarekin: lankide bat kaleratu berri dute inolako arrazoirik gabe. Plantila beldurtzea besterik ez dute bilatu, enpresa politika beldurrean eta inposaketan oinarrituz.
Horregatik guztiarengatik, enpresari exigitzen diogu gure lankidea berehala berronartzea eta lanean ezarri duten giro kaskarrarekin behingoz bukatzea. Inposaketa, mehatxua eta komunikazio-eza alboratu ditzan negoziazioari, errespetuari eta elkarrizketari bide emanez.

Era berean, dei egiten diegu Arabako erakundeei auzi honetan esku har dezaten, 147 urte baino gehiago dituen enpresa honetan konponbidea bilatzeari begira.
 

 

 

155. artikuluaren aurkako manifestazio batera deitu dugu hainbat eragileok

0

Hainbat eragile politiko, sozial eta sindikalok, LABek barne, agerraldi bat egin dugu gaur Bilbon, larunbatean, azaroaren 4an, Bilbon bertan izango den manifestazioaren berri emateko. Protesta 17:00etan abiatuko da La Casillatik, "155.ari ez. Demokrazia eta erabakitzeko eskubidea" leloarekin. LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu izan da agerraldian, EH Bildu, ELA, ESK, STEILAS, CNT, Etxalde, EHNE eta Gure Esku Dago eragileen ordezkariekin batera, besteak beste.

Hauxe da eragileok osatu dugun oharra:

Prentsaurreko hau ematen ari garen organizaziook arbuiatu egiten ditugu 155. artikuluaren aplikazioa eta Katalunian gertatzen ari diren espetxeratzeak nahiz gertakari errepresiboak. Beraz, inongo zilegitasunik ez duen Kataluniako Gobernuaren kargugabetzea salatzen dugu, eta ez dugu ontzat ematen Espainiako Gobernuak eskumenak bereganatu izana. Gainera, ezin dugu onartu Parlamenten -Kataluniako herritarren subiranotasun demokratikoaren erakundea- deusezteko erabakia, Mariano Raxoik agindutakoa.

Gure ustez auziaren edozein konponbiderako oinarria da eskubide zibil eta politikoak errespetatzea, demokrazian sakontzea eta erabakitzeko eskubidea aintzat hartzea.

Horrenbestez, datorren larunbatean, azaroaren 4an, Bilbon manifestazioa egitera deitzen dugu, honako aldarriarekin: “155.ari ez · Demokrazia eta erabakitzeko eskubidea”. Manifestazioa arratsaldeko bostetan hasiko da La Casillan.

Animatu nahiko genituzke herritarrak, erakunde eta eragile sozialak, sindikatuak eta alderdiak datozen egunetan mobilizazio honekin bat egin dezaten. Datorren egunetan plazaratuko genuke borondate hori adierazi dutenen zerrenda.
 

 

 

Kutxabanquen itxieraren kontra mobilizatu gara Hendaian

Nafarroatik Lapurdira eta Lapurditik Nafarroara. Bi herrialde horien artean dabil egunotan Ekimen Ibiltaria, “Lan duina, bizi duina” leloarekin. Lesakan izan gara gaur, ekintza sindikaleko tailerra egiten; eta Hendaian izan ginen larunbatean, Kutxabanquen aurreikusitako kaleratzeak eta itxierak salatzeko. Gipuzkoara igaroko da bihar dinakima ibiltaria. Hain zuzen ere, Irunen eta Hondarribian izango gara, eta hainbat jarduera proposatuko ditugu.

Irunen, ekintza sindikaleko tailerra egingo dugu goizean, 9:30etik 12:30ak arte, Palmera Monteron. Arratsaldean, 17:30etik 19:30ak arte, Hondarribira joango gara. San Pedro kalean Infogunea egokituko dugu, eta eztabaidak egingo ditugu bertan: “Zaldunborda: Prekarietatea gune beltz berria?”, 17:30ean; eta “Etxebizitza, gazteok zer alternatiba ditugu?”, 18:30ean.