LAB SINDIKATUA

2017/11/18 :: 11:10

Azken Eguneraketa:2017/11/17 :: 17:09

HIZKUNTZA
Hemen zaude: FEDERAZIOAK ZERBITZU PRIBATUAK Banka Dei egiten diogu EAJri herri eta langile interesak bere interesen gainetik jartzeko

Dei egiten diogu EAJri herri eta langile interesak bere interesen gainetik jartzeko

E-posta Inprimatu PDF fitxategia
Partekatu albistea



LABek prentsaurrekoa eman du gaur Bilboko Kutxabankeko egoitza nagusiaren aurrean, “Kutxabanque ez itxi” idatzita zeukan pankarta baten aurrean. Filipe Dulucq Kutxabanqueko delegatuak, Iñaki Egaña Kutxabankekoak eta Xabier Ugartemendia LABen Negoziazio Kolektiboko arduradunak hartu dute hitza. Hain zuzen ere, Kutxabankek erabaki du Kutxabanquen, Ipar Euskal Herrian duen bere markaren, hiru bulego itxi eta bertako 23 langileak kaleratzea. Hori dela eta egin dugu gaur agerraldia.

Hauxe da LABeko ordezkariek egindako irakurketa:

FilipeDulucq, Kutxabanqueko delegatua

Ez dut orain gauden 23 langileen izenean soilik hitz egiten baizik Iparraldean eta Frantses estatuan izatera iritsi ginenen izenean. Askok utzi egin behar izan zuten egitasmo hau aukeren faltagatik.

Gutariko gehienok gure lanpostuak uztea erabaki genuen Euskal Herriko mugak ezabatuko zituen proiektu batean sartzeko, eta euskara eta gure lurraldea garatzea ahalbideratuko ziguna.

Kutxak hedapen plan bat zuen Iparraldean bulego askoren irekierarekin eta guztiz inplikatzea erabaki genuen. Fusiora arte, itzelak izan ziren bulegoen emaitzak eta errentagarritasuna.

Egitasmoaren galga bortitz eta aurretik pentsatutakoa izan zen fusioa. Zuzendaritzak pazientzia eskatu zigun berrantolaketa prozesua eskatzen zuelako baina bitarteko eta indar gehiago ere ekarriko zuen guretzat.

Itxaropena etsipen bihurtu zen gure diru-sarrera nagusia kendu zigutelako, maileguak. Eta orain esaten digute errentagarritasun faltagatik ixten dutela...

Aukera bakar bezala kaleratzen gaituzte eta gainera, Kutxabanken orain arte inoiz egin ez duten bezala, gure bezeroekin harremanetan jarri behar gara beste banku bat bila dezaten. Euren gestioetan langundu behar ditugu geu izan arren Kutxabankekin lan egiteko konbentzitu zituztenak.

Inork ez du erabakia ulertzen, ezta Kutxabankek erabili dituen presak eta forma txarrak bere bezero eta langileekiko.

Ulertezina da ikustea nola gelditzen diren bertan behera horrenbeste urtetako lan eta ahaleginak Jaurlaritza eta Herri Elkargoaren arteko egungo harremanekin bat ez datozenean.

Nire lankideak eta ni bertan behera utziak sentitzen gara, baita huts egin digutela ere. Kutxabankek itxaropena kendu digu eta etorkizunik gabe utzi gaitu. Nola jarraitu ahal izango du gu gabe Iparraldean?



Iñaki Egaña, Kutxabankeko delegatua

Kutxabanquek 3.850 langile finko eta 200 behin-behineko ditu. Hori horrela, erabaki bitxia hartu du, bere 23 langile kaleratzea. Sei urte dira euskal aurrezki kutxak fusionatu eta bankua sortu zenetik. Ordutik hona 1.000 lanpostu baino gehiago amortizatu dira. Batzuetan solapamenduaren aitzakiarekin, besteetan kostuak murriztu eta irabaziak handitzeko. Orain arte, bi modutan buruta da politika hau. Gehienetan, aurrejubilazien bitartez. Batzuetan, lekualdaketa basatien bitartez borondatezko bajak eraginez. Orain, lehenengo aldiz, kaleratzeak erabili dituzte. Itxuraz, etekinak hobetzeko, non eta iaz 244 milioi euroko irabaziak aitortu zituen enpresa batean.

Kutxabanque da Iparraldean eta Frantzian Kutxabankek duen marka. Bertako 23 langile kalera doaz. “Kalean hotz egiten duela”, mehatxua erabili izan du sarritan enpresaren zuzendaritzak. Neurtutako eragikortasunaz, ondo zebilen negozio bat desegin ondoren, mehatxua bete da. Honezkero ez da mehatxua. Kalean hotz da benetan.

Kutxabankeko sindikatu guzti-guztiek eskatu diote zuzendaritzari, publikoki eta pribatuan, kaleratzerik ez burutzeko. Baita probintzia espainiarrak ordezkatzen dituztenek ere. Sindikatu hauetako batzuekin ez dugu inoiz bat egin estrategia sindikalean, baina oraingoan guztiok egin dugu bat. Banku gaztearen historian lehenengo aldiz.

Kutxabanqueko langileak gure artean nahi ditugu. Euskal Herriko gainerako langileok osatzen dugu egituran haien lan-bizitza burutu dezaten nahi dugu. Lankideak dira. Ezin diegu bidegabeki etorkizuna lapurtu. Ez eurei, ezta haien senideei ere. Horregatik egiten dugu oihu: kaleratzerik ez!

Xabier Ugartemendia, LABen Negoziazio Kolektiboko arduraduna

Kutxabank, Euskal Herriko behar sozioekonomikoei erantzuten dien tresna finantzieroa izan behar da. Hori izan beharrean, Administrazio kontseiluaren bidez, bankua kontrolatzen duen EAJk, bere interes partidista eta kapitalistei erantzuten dioe tresnan bihurtu du Kutxabank.

Orain Ipar Euskal Herriko bere jarduera bertan behera uztea erabaki dute, biztanlegoak hainbeste aldarrikatu duen lurralde aitortza lortu dutenean Parisen partetik.

Kutxabankek, EAJren eskutik, Euskal Herri osoko estrategia ekonomikoak garatzeko tresna finantzieroa izatera uko egten dio. Nahiago dute, euskal herritarren aurrezkiekin, Espainako bankuak erosi eta hondotik atera, Cajasurren moduan,herri honetako ehun ekonomikoan inbertitzea baino.

Erabaki honek, beste behin erakusten digu EAJk nahiago duela Espainiako estatuari egonkortasuna ematea bere bankuak gure diruarekin hondotik ateraz, Euskal Herriko etorkizuna bermatuko duen herri apustua egitea baino.

EAJko ordezkariek harro esaten dute “Euskadiko interesak” defendatzen dituztela; baina Kutxabanquekin hartu duten erabakiak erakusten duenez, argi dago prest daudela behin da berriz herri hau saltzera, beraien alderdiaren interes politiko eta ekonomikoen trukean.

EAJren zuzendaritzari, baita Kutxabankeko administrazio kontseiluari, Kutxabanqueko bulegoak irekita mantentzea, 23 lanpostuei eustea eta Ipar Euskal Herriak behar duen motore ekonomikoa izatea exijitzen diegu.

Lurralde honen eta Euskal Herri osoaren herri etorkizuna jokoan dago, eta honen alde egiteko momentua da.
 


 
 

Ez dago iruzkinik


Iruzkinak egiteko izena ematea ezinbestekoa da. Oraindik ez duzu konturik? Erregistratu