2026-07-01
Blog Page 88

LABek mobilizazio arrakastatsuak egin ditu, EAEko hezkuntza publikoko irakasleen akordioa bete dadin exijitzeko

LABek deituta, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hezkuntza publikoko irakasleek lanuzteak eta mobilizazioak egin dituzte, Hezkuntza Sailari marketing kanpaina alboratu, sinatutako akordioa bere osotasunean bete eta 2025-26 ikasturtean ikastetxeak hornitu ditzan exijitzeko.

LABek ikasturte hasieran hezkuntza publikoa indartzeko helburuz abiatutako borrokari STEILAS, ELA eta CCOOekin batera irakasleen kolektiboan deitutako 9 greba egunek eta mobilizazioek jarraitu zioten. Maiatzaren 9an LABek, STEILAS, CCOO, UGT eta Interinok taldearekin batera, lan baldintzak hobetu eta baliabidez hornituko dituen akordioa erdietsi zuen.

Tamalez, eta nahiz eta Begoña Pedrosak Hezkuntza sailburuak medioetan adierazpenak egin dituen bakoitzean hezkuntza kalitateaz aritu den eta baliabideak erdigunean jarri izan dituen, hitzartutako guztia ez da betetzen ari. Negoziazioan baliabideen gaia gatazkatsua izan zen, eta LABek irmo defendatu ondoren soilik txertatu zen akordioan. Zentzu horretan, hezkuntza kalitatea hobetuko duten eta akordioan jaso diren neurri guztiak ezartzeko galdegin dio LABek Hezkuntza Sailari. Izan ere, akordioari esker, ehunka dira sortu beharreko lanpostuak.

Sindikatuak adierazi duenez, LABek izandako jarrera irmoari esker, Hezkuntza Sailak ikastetxe guztietako zuzendaritzei gutun bana bidali zien atzo, barkamena eskatuz eta 2025-26ko ikasturterako ezarri beharreko irizpideak zeintzuk diren adieraziz. LABek hainbatetan adierazi bezala, sailak ondorengo neurriak ezarri behar direla onartu du: etapa guztietan ordu lektiboak murriztea (Haur eta Lehen Hezkuntzan 23tik 22ra eta Bigarren Hezkuntzan zein Lanbide Heziketan 18tik 17ra); euskara indartzeko HIPI eta EUSLE programetan ezarritako ratio berriak zein ordu kreditu gehigarriak ezartzea; edota aniztasunari erantzuteko Pedagogia Terapeutiko, aholkulari eta orientatzaileak esleitzeko irizpide berriak txertatzea. Hala ere, gutunean ez da jasotzen Bigarren Hezkuntzan HEDATZE programan dauden ikastetxetan gehienezko orduak 17 ordu lektiboen barnean jaso behar direla edota ordu lektiboen murrizketaren ondorioz ordu-kredituak esleitu behar direla. Beraz, Hezkuntza Sailak ikastetxe bakoitzean baliabide gehigarriak txertatu bitarte, LABek borrokan jarraituko du, lan zama arintzeko eta hezkuntza eraldatzeko beharrezkoak diren neurriak ezartzeko.

Zentzu horretan, zuzendaritza taldeek ere dagozkien baliabideak alegatuz eta borrokatuz jarraitzen dute. Zuzendaritzak gauzatzen ari diren borroka horri esker, hainbat baliabide lortzen ari dira, baina ez dagozkien guztiak. Sindikatuak adierazi du Hezkuntza Sailari dagokiola ikastetxe bakoitzari dagozkion baliabideak ezartzea eta ez direla zuzendaritza bakoitzak egindako alegazio edo borrokaren araberakoak izan behar. Era berean, Hezkuntza Sailak izandako jarrerak ikastetxeetan urduritasuna eta kezka besterik ez dituela sortu salatu du LABek, presioaren, noraezaren, inprobisazioaren eta itxikeriaren ondorioz.

Urtebete daraman arren, Hezkuntza Sailaren jokamoldea aski ezaguna da. Izan ere, elkarrizketarako eta kontsentsurako diskurtsoa plazaratu arren, negoziaziorako bide guztiak borroka eta mobilizazioei esker ireki eta lortu direla gogorarazi du LABek. Bestalde, sailak sindikatuekin duen harremana itxurakeria besterik ez da. Mahai negoziatzaileetan sinatutakoaren inguruko interpretazio berriak egin, eta akordioan jasotakoa ezeztatzea izan da jasotako erantzun bakarra. Beraz, propaganda utzi eta hezkuntza publikoak urgentziaz behar duen inbertsioa egin dezan galdegin dio LABek.

Azkenik, LABek eskerrak eman dizkie irakasleei, hilabete hauetan guztietan erakutsitako konpromisoagatik eta indarragatik ere, baita gaur mobilizatu direnei ere; besteak beste:

Araban: Gasteizen Gorbeialde HBI, Koldo Mitxelena BHI, Lakua BHI, Ekialde BHI, Mariturri HLHI, Francisco Baraibar BHI edota Eraiken LHI; Duranan Ikasbidea IPI, Laudio BHI edota Legution Garazi HLHI.

Bizkaian: Bilbon Cervantes HLHI edo Ibarrekolanda BHI; Zornotza LHII, Santurtzi LHII, Otxandioko eskola, Igorren Inazio Zubizarreta HLHI, Markina BHI, Ondarrun Zaldupe HLHI, Sopela BHI, Gernikan Allende Salazar HLHI, Arratzun Barrutialde BHI, Diman Ugarana HLHI, Zeberion Zubialde HLHI, Durangon Fray Juan de Zumarraga BHI edota Ugao IPI.

Gipuzkoan: Donostian Amassorrain Ikastola HLHI, Lauaizeta BHI, Antigua-Luberri BHI, Altza BHI, eta Zuhaizti HLHI, Aretxabaleta LHII, Arrasate Herri Eskola, Irunen Toki Alai HLHI eta Pio Baroja BHI, Hondarribin Talaia BHI, Hernani BHI, Elgoibar BHI, Lasarten Oriarte BHI, Urretxun J.M. Iparragirre BHI, Tolosaldea Lanbide Heziketa, Ezkio Itsaso Herri Eskola HLHI, Zumaiako Herri Eskola, Beasainen Loinazpe BHI edota Ereñotzun Txirrita HLHI.

Aurrerantzean ere LABek determinazio berdinarekin borrokan jarraituko du langileekin batera ikastetxe guztietan maiatzaren 9an sinatutako akordioa bete arte. Era berean, zuzendaritzekin elkarlanean jarraituko duela adierazi du sindikatuak akordioa betetzen dela bermatzeko. Azkenik, sindikatu sinatzaileak akordioaren defentsan batasun sindikala mantentzera deitzen ditu.

EAEko Auzitegi Nagusiak eskola publikoetako garraio eta jolastokietako zaintzaileen hitzarmen kolektiboko enpresa-elkartea zigortu du askatasun sindikalerako eskubidea urratzeagatik

Joan den abenduan, EAEko eskola publikoetako jolastokietako zaintzaileen eta eskola garraioko hitzarmen kolektiboaren enpresa-elkarteak (CIDI, Eulen, Ercisa eta La Productora enpresek osatua) negoziazio kolektiboa bertan behera uztea erabaki zuen, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak zerbitzua berriz lizitatu eta hau esleitu arte.

Erabaki horren ostean, LAB sindikatuak salaketa jarri zuen enpresa-elkartearen aurka, askatasun sindikala urratzeagatik. Bada, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak epaia eman du eta honen arabera, enpresa-elkarteak eta berau osatzen duten enpresek oinarrizko eskubide bat urratu dute; alegia, askatasun sindikalerako eskubidea, negoziatzeari uko egiteagatik. Hori dela eta, enpresa-elkartea kondenatu du eta sektoreko hitzarmen kolektiboaren negoziazioa berehala berrezartzea exijitu dio.

Ez dezagun ahaztu eskola garraioa eta jolastokiko zaintzaileek zerbitzu publikoa eskaintzen dutela eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak enpresa pribatuen esku uzten duela bere kudeaketa.

Hau esanda, LAB sindikatuak epaiaren balorazio oso positiboa egiten du eta enpresa-elkarteari negoziazioei berriro ekiteko exijitzen dio.

Donostiako turistifikazioa gelditzearen aldeko deia egiten du LABek

Turismoa ez da gertakari neutrala, klase, genero eta jatorriak ezinbestean baldintzaturik agertzen baitzaigu.

Langileon ehuneko handi batek, diru sarrera eznahikoek eraginda, ezin dugu gure bizilekua ez den beste munduko bazterrik bisitatu. Emakumeon* gehiengo batek oporren erabilpen duinik egiteko aukerarik ez dugu, bizitza sostengatzeko nahitaezkoak diren etenik gabeko zaintza lanen kargaren ardura gure bizkar gelditu ohi delako. Langile migratu eta arrazializatuok, prekaritatearen isla gorena izaki, atseden eta aisialdi egun jarraierako aukera itxia dugu.

Are gehiago, turistifikazioaren fenomenoak hiri ereduarekin, eta beraz, bertako langileen lan eta bizi baldintzekin lotura zuzena du, lan baldintzak direla, etxebizitza arazoa dela… bizi proiektu duin bat garatzea galarazten duten ondorioak dakartza.

Gutxi batzuen negozio grina langileon beharren gainetik ari dira jartzen egungo agintari zein enpresariak. Gure hiriak hipokrisia eta handinahikeriaren erakusleiho bilakatu dituzte, turismora bideratutako zerbitzuak -enplegu prekarioa oinarri dutenak— biderkatzen ari dira eta herritarron eguneroko bizitza bizigarriak bermatzeko elementu komunitarioak gutxinaka-gutxinaka desagerrarazten ere bai.

LABetik, herritar oro jasangaitza den egoera honi muga jarri eta langile guztion mesedera jardungo duen hiri ereduaren alde borrokatzera deitzen dugu. Horregatik guztiagatik, ekainaren 15ean Europa hegoaldeko hiri ezberdinetan burutuko diren mobilizazioei gure babesik beroena eman nahi diegu eta bide honetan, BiziLagunEkinek deitutako mobilizazioa gure egin eta igande honetan Donostiako kaleak betetzera dei egiten dugu.

Bertan bizi nahi dugu! Donostiaren turistifikazioa gelditu!

LABek ongi etorria ematen dio EH Bilduk Legebiltzarrean Enplegu Publikoaren legea erreformatzeko aurkeztu duen proposamenari, lege-babes egokia ezinbestekoa delako

Hizkuntz eskakizunak berrezartzeko eta eskubideak bermatzeko neurriak hartu ezean, datorren ikasturtean mobilizazio sendoak sustatzeari ekingo dio LABek.

Administrazioa euskalduntzearen aurkako oldarraldi judizial betean garen honetan, asteon, agenda politikoa markatu duten iragarpenen berri izan dugu. LABetik argi dugu lege-babes egokia ezinbestekoa dela administrazioan euskararen normalizazio osoa erdiesteko. Euskararen normalizazio-prozesuari segurtasun juridikoa eskaintzeko eta epaitegien etengabeko injerentzien aurrean euste-horma osatzeko legedia aldatzea eskatzen dugu LABetik, eta zentzu horretan, ongi-etorria ematen diogu Legebiltzarrean Enplegu Publikoaren Legea erreformatzeko EHBilduk egin duen proposamenari.

Euskararen normalizazioak behar duen jauziaren terminoak aspaldi ezarriak ditugu euskalgintzak eta eragile euskaltzaleok: euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa lortzea ahalik eta epe laburrenean; erabilera erosorako espazioak hedatu eta babestea; administrazioaren euskalduntzea azkartzea, besteak beste langile publiko berri guztiak euskaldunak hartuz; lan mundua euskalduntzeko borondatezkotasunetik derrigorrezkotasuna ezarriko duen araugintzara jauzi eginez; eta, gainontzeko eremu sozialen euskalduntzea azkartzeko neurri zehatzak hartuz ere. Eta hau guztia ahalbidetu, neurriak eskaini eta legez babesteko hizkuntza-politika berria indarrean jarri, eta, euskara lege berria onartzea ezinbestekoa da.

Euskara kohesio sozialerako tresna izan dadin sustatu eta bitartekoak jarri behar dira. Eremu batzuetatik egiten ari diren moduan, hizkuntza eskubideak vs lan eskubideak dikotomia elikatzeak kohesio soziala erasotu egiten du.

Euskaraz lan egin eta bizi ahal izatea oinarrizko eskubidea da. Zentzu horretan, euskal langileok eskubide hori egikaritzeko lehendik genituen trabak areagotu egin ditu oldarraldi judizialak. Hizkuntza eskubideak bermatzeko eta euskararen normalizazioan aurrera egiteko epe ertain eta luzeko estrategiekin batera, premiaz, epe motzeko neurri eta erabakiak behar ditugu. Egokia eta beharrezkoa iruditzen zaigu, zentzu horretan, EHBilduren eskutik etorri den ekimena, euskararen eta gaztelaniaren ezagutzaren gaineko exijentzia parekatuz.

Hori horrela izanik, hizkuntz eskakizunak berrezartzeko eta eskubideak bermatzeko behar diren neurriak har daitezela eskatzen dugu LABetik eta dei egiten diogu Eusko Jaurlaritzari, adierazpen orokorretatik ekintza zehatzetara pasatu dadin. Horrela ez bada, datorren ikasturtean mobilizazio sendoak sustatzeari ekingo dio.

LABek salatzen du pribatizazioaren aldeko lobbyak estatu kolpea eman duela Osasun Mahaian

Gaurko mahaian Jaurlaritzak Osakidetza eraldatzeko itunerako aukerak lurperatu ditu.

Gaurko egunez burutu da Gasteizen Osasun Mahaiaren 10. bilera. Bertan, Osasun Sistema Publikoa indartzeko eta orain arteko politikak eraldatzeko abiaturiko bideari bukaera eman dio Jaurlaritzak, Osakidetza gainbeherara eraman duten pribatizazio politikak blindatzeko lobby pribatizatzailearekin lerrokatuz; hau da, EAJ, PSE, PP, Confebask eta elkargo profesional batzuk (medikuena edota famazeutikoena, besteak beste).

Gaurko mahaian 24 ildo estrategietako azken bi gaietan landutako dokumentuak aurkeztu behar ziren; publiko-pribatu kolaborazioaren lan-taldearena eta zerbitzu zorroarena, alegia. Alabaina, lan-taldeetako dokumentuak aurkeztean orain arte gertatu gabeko zerbait egin du Jaurlaritzak: estatu kolpea eman du gustuko ez dituen bi helburu atzera botatzeko.

Publiko-pribatu lan-taldean gehiengoz erabakitakoa atzera botatzeko kontraproposamen bat aurkeztu du, lan-taldean bertan eztabaidatu izan diren proposamenak gainditzen dituena eta helburutzat duena kolaborazio publiko-pribatua mantentzea, gaur eguneko pribatizazioaren portzentaiari helduz. Eta horretaz gain, zerbitzu zorroko lan-taldean kontsentsua zuen dokumentuaren helburuetako bat atzera bota du publiko-pribatuarekin duen harremana aitzakiatzat jarrita.

Kontsentsua eta adostasuna irudikatu nahi duen Gobernuak beraz, betoa inposatzen du bere gustukoak ez diren proposamenetan, pribatizazioarekin harremana duten elementu guzti horietan. Hau da, Osasun Sistema Publikoaren zerbitzua baliabide publiko eta propioekin eskaintzeko, sektore pribatuarekiko duen menpekotasuna murrizteko eta hau salbuespenezko egoeretara mugatzeko helburua lurperatu dute. Gainerako lan-taldeetan egon diren desadostasunen inguruan ez du inolako arazorik izan. Alta, kolaborazio publiko-pribatua salbuespenezkoa izateko erabakiaren aurrean zein zerbitzu-zorroa publifikatzeko plan bat martxan jarri behar izatearekin ez dago ados Gobernua ezta osasun sistema publikoa eraldatzeko bokazioz Osasun Mahaia martxan jarri zuen Pradales ere.

Osasun Mahaiaren ituna bera lurperatu dute,. Lobby pribatizatzailearen osasun politikak mantendu eta ezarri nahi dituzte inposizio eta betoekin, pribatizazioa eta osasunarekin negozioa egitea, alegia. Osakidetza gainbeherara eraman zuten politika pribatizatzaileekin Osakidetza ahultzen jarraitzea besterik ez da lortuko. Gobernuan urtebete bete duen Pradalesek eta haren gobernuak osasun sistema publikoa indartu eta aldaketa estrukturalei bide eman ahal zieten erabakiei betoa jarri eta estatu kolpea eman dute mahaian.

LAB sindikatuak adierazten du gogor salatuko duela, dituen medio guztiez baliatuta, Jaurlaritzak inposatu nahi digun iruzurra, eta Osakidetzako langileei zein erabiltzaile guztiei dei egiten die mobilizazio dinamikan jarraitzera. Pradalesek Urkulluren politikak mantendu eta ondo lotu nahi ditu.

Konpromiso errealak eta borondate politikoa eskatu dizkie LABek administrazioei, zaintzak negozio izateari utz diezaion

Zaintza sistema publiko komunitarioa garatzeko “apustu argia” eskatu du LABek, eta zaintza eztabaida politikoaren erdigunera eramateko lan egingo duela ziurtatu du.

Pribatizatutako zaintzako langileek mobilizazio nazionala egin dute Donostian, euren izaera publikoa aldarrikatzeko. Langile horiek zerbitzu publiko bat eskaintzen duten heinean, administrazioaren zuzeneko langile izan behar dutela defendatu du LABek, eta, norabide horretan, lan baldintzen ekiparazioa aldarrikatu.

Mobilizazioan izan dira, beste hainbat sektoretako langileekin batera, Gipuzkoako helduen egoitzetakoak. Lau lanuzte deituak ditu LABek sektorean, eta gaur izan da lehenengoa. Hain justu, haiei zuzendu dizkie lehen hitzak mobilizazio amaieran Ane Escondrillas LABen Soziokomunitario sektoreko arduradunak: “Borroka eta duintasun eredu izan zarete beti, eta gaurkoan ere patronalaren utzikeria salatzeko kalera atera zarete. Zuen ondoan izango gaituzue”.

Patronalaz ez ezik, administrazio publikoen arduraz ere hitz egin du Escondrillasek, ordea. Zaintzako langileen lan eta bizi baldintzak erabakitzen dituztenak direla salatu du. “Administrazioek beste alde batera begiratzen dute, eta, euren politika pribatizatzaileen bidez, patronalekin negoziatzera behartzen gaituzte, eta eskuak garbitzen dituzte diru publikoa xahutzen duten bitartean”. Horregatik, administrazioei eta agintariei mezu zuzena bidali die: “Ez dizuegu mediazioa eta enpresei oparitzen diozuen dirua kontrolatzea soilik eskatzen; konpromiso errealak eta borondate politikoa exijitzen dizkizuegu zaintzak negozio izateari utz diezaion”.

Horretarako, zaintza langileen lan eta bizi baldintzak “eztabaida sozialaren eta politikoaren erdigunera” eraman beharraz mintzatu da Escondrillas, eta datozen bi urteetan horren aldeko lanean konprometituko dela LAB. Sindikatuaren aldarrikapen nagusia argia da: pribatizatutako zaintza langileek, zerbitzu publiko bat ematen duteneez, administrazio publikoaren kudeaketa zuzeneko langileak izan behar dute. Bide horretan, baina, “erronka estrategiko” bat du sindikatuak, Escondrillasek gogora ekarri duenez: lan baldintzen ekiparazioa: “Lan berdina egiteagatik lan baldintza berdinak exijitzen ditugu”.

Horren alde borrokatuko du LABek, lantokietan, kalean eta instituzioetan. Azken horiei erreferentzia eginez, Escondrillasek nabarmendu du instituzioak “giltza” direla, zaintza sistema publiko komunitarioa lortzeko bidean, “aldaketa sakon batzuk egituratu ahal izateko”. Horrekin batera, ordea, dei egin die langileei, bide hori “hauspotzen” jarraitzera eta estrategia hori elikatzera. Etorkizuneko Euskal Herria “zaintzen duten langileekin” eraiki beharra nabarmenduz amaitu du hitzartzea: “Bizitzak sostengatzeak aitortza merezi duelako, zaintza sistema publiko komunitarioa erdigunean egongo den Euskal Herria aldarrikatzen dugu eta zerbitzu publiko duin, bidezko eta indartsuak dituen Euskal Herri batekin amesten dugu”.

Borondate politikorik ezean, “hitzontzikeria”

Ildo beretik, zaintza krisiari heldu eta zaintzarekin negozioa egiteari utzi beharraz aritu da, irmo, Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorra: “Ez dirudi instituzioen kezka nagusien artean dagoenik. Zaintzarekin negozioa egiten da, zaintza eredu duina ez da bultzatzen eta zaintza langileen prekaritate egoeren aurrean beste aldera begiratzen dute instituzioek. Inoiz ez da zaintza sistema publiko komunitariorik bere osotasunean garatu”. Instituzioen “hitzontzikeria” salatu du, “ezin baita berdintasunaz hitz egin aitortzarik egin gabe, desfamiliarizaziorik gabe, zaintzak banatu eta demorkatizatu gabe”. Orain arteko politikak irauli egin behar direla esan du, eta, horretarako, zaintza sistema publiko komunitarioa garatzeko “apustu argia” egin beharra dagoela.

Borondate politikorik ezak, era berean, patronala eramaten du horretaz aprobetxatzera, Aranbururen arabera: “Diru publikoaz baliatzen da eta hitzarmenen negoziazioak blokeatzen ditu”. Gipuzkoan Adegik helduen egoitzetako negoziazioan duen jarrera jarri du adibidetzat, eta argi adierazi: “Ez gaitezen despistatu; eskubideak patronalarekin konfrontatuz lortzen dira”.

Zaintzaren sektorean prekarizazioaren arrazoi nagusietako bat langileen soldata baxua ere badela gogoratu du Aranburuk, eta, horregatik, balioan jarri du gutxieneko soldata propioaren aldeko borroka, eta horretan LABek egin duen ekarpena: “Borroka hau bizirik mantendu dugu, emakume, gazte eta langile migratuen soldatak duintzeko eta aberastasunaren banaketa orekatuagoa lortzeko. Eta lortu dugu gehiengo sindikala estrategikoa den gai honetan elkarlanean aritzea”. Confebaskek gutxieneko soldata propioa ezartzeko mahaiari ezetz esan dio, etxeko langileen hitzarmenari nola, “esplotatzaileak” direla erakutsiz, Aranburuk deitoratu duenez. Hala ere, LABek hurrengo ikasturtean, zaintzarekin batera, gutxieneko soldata propioaren aldeko aldarria borroka sindikalen erdigunera eramango duela ziurtatu du.

Hain justu, sindikatuak feminismoa sindikalismora gerturatzeko egindako ahalegina gogoratu du Aranburuk, bere hitzartzean: “Sistemak bazterrean mantendu nahi dituen emakumeen* artean borrokak piztu, eta borroka horiek erdigunera ekartzearen aldeko apustua egin genuen. Sindikalismo feminista praktikara eramaten aitzindariak izan gara, eta, erabaki horiei esker, sektore feminizatuetako langileak, zaintzako langileak, borroka honetan subjektu aktibo zarete”. Sindikalismo feministaren garrantziaz ez ezik, sindikalismo antiarrazistaren garrantziaz ere aritu da eta zaintza eremuan ematen den arrazismo laborala salatzea eta borrokatzea ezinbestekoa dela adierazi du.

LABek bere haserrea erakusten du Arabako egoitzetako patronalaren jarreraren aurrean

Astelehenean egin zuten bilera sindikatuek eta Arabako egoitzetako patronalak, langileen ordezkariek beren azken proposamena bidali zutenetik bi hilabete pasatu direnean. Bere momentuan, hurrengo bilerarako erantzungo zuela adierazi duen patronalak, baina ostiral arratsaldean, azken orduan, bidali zuen bere erantzuna, sindikatuei behar den bezala aztertzeko inolako aukerarik eman gabe.

Honen aurrean, LAB oso haserre dago, eta horrela adierazi dio patronalari. Pentsa liteke negoziaketak denboran luzatzea beste helbururik ez duela patronalak, izan ere, edukiaren aldetik ez baita sumatzen inolako aurrerapen esanguratsurik aurretik egindako proposamenekin alderatuta.

Inflexio puntu baten aurrean egon gintezke herrialdeko lehen hitzarmenaren aldeko borrokari dagokionean. Horrexegatik, presiorik gabe baina arduraz, orain arteko ibilbidearen eta egungo egoeraren inguruko hausnarketa partekatzeko asmoa du LABek sektoreko ordezkari eta afiliatu guztiekin batera. Lorpenetaz jabetuta, egon badaudelako, honakoa zehaztea litzateke helburua: urteetako mobilizazio ziklo eredugarriaren ostean zer aldatu ala gehitu behar den irabazteko, borrokak badirauelako.

Tolosaldeko osasungintzak %100ean publikoa izan behar du, zerbitzu guztiekin eta Asuncion Klinikako langileekin

Azken egunotan publiko egin da EAEko Osasun Mahaia azken txanpan dagoela, eta litekeena dela hilabete hau amaitu baino lehen akordioa lortzea. Badirudi eztabaidatzen ari diren gaietako bat osasun-sistemako lankidetza publiko-pribatuaren gaia dela. Eta hor sartzen da bete-betean Tolosaldearen etorkizun sanitarioa.

Bai Asuncion Klinikako langileek, bai Tolosaldeko herritarrek urte asko daramatzate eskualdeak ospitale eta osasun-zerbitzu publikoak izan ditzan mobilizatzen, Gipuzkoako gainerako ESIek duten bezala.

Eusko Jaurlaritzak Tolosan ospitale publikoa eraikitzea erabaki zuen 2019an. Horretarako, plan funtzional bat jarri zuen martxan, 2023an jendaurrean aurkeztu zena. Plan honek ez ditu inoiz jaso Asuncioneko langileen eta gizartearen aldarrikapenak.

Plan funtzional hori labur gelditzen da zerbitzuei dagokienez; adibidez, ez du garbiketa-zerbitzua aipatzen, ezta sukaldea ere; ospitaleratzea ekarriko lukeen kirurgia beste ospitale batzuetara bideratuko da, eta ez da egongo pediatriako larrialdirik ezta obstetriziarik gabe. Hori guztia erreferentziazko Eskualdeko Ospitale izatetik oso urrun geratzen da. Gainera, baditugu Eibarko edo Gernikako kasuak, eskualdeko ospitaleen antzik ez dutenak. Era berean, ez du aipatzen hainbeste urtetan zerbitzu hori eman duten langileekin zer gertatuko den.

Beraz, eta Osasun Mahaiaren balizko akordio baten aurrean, Asuncion Klinikako enpresa batzordeak (LAB-ELA) Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio hasierako plan funtzionala baztertzeko eta langileen aldarrikapenak kontuan hartzeko:

– Ospitalea %100 publikoa, hau da, langile eta zerbitzu guztiak publikoak izatea.

– Zerbitzu guztiak dituen ospitalea izatea: eskualdeko erreferentziazko ospitalea izatea, Tolosaldeko herritarrei arreta integrala eman ahal izateko.

– Asuncioneko langileak ospitale publikoan subrogatzea. Subrogazio-prozesu hori posible da, Onkologikoan gertatzen ari den bezala. Borondate politikoa baino ez da behar.

Osasun sailburua den Alberto Martinezi dei egiten dio Asuncion Klinikako enpresa-batzordea bilerara dei dezan, orain arte ez baitu jaso biltzeko egin dituen eskaeren erantzunik, ez eta gure egungo eta etorkizun hurbileko egoerari buruzko informaziorik ere.

Azkenik, LABek eta ELAk dei egiten diete Asunción klinikako langile guztiei eta, oro har, Tolosaldeko herritar guztiei hilaren 14an Tolosan TOPA (Tolosaldea Osasungintza Publikoaren alde) plataformak, 12:00etan, Triangulotik hasita, egingo duen mobilizazioan parte hartzera; eta %100ean publikoa izango den eskualdeko ospitale baten alde borrokatzen jarraitzera, zerbitzu guztiekin eta Asuncioneko langileen subrogazioarekin.

Euskal gehiengo sindikalak gutxieneko soldata propio eta duina eskuratzeko konpromisoak eskatu dizkie euskal alderdiei

LAB, ELA, ESK, STEILAS, ETXALDE eta HIRU sindikatuetako ordezkariek bilera erronda abiatu dute euskal alderdiekin, gutxieneko soldata propio eta duina eskuratzeko konpromisoa har dezaten. Atzo EAJrekin egin bezala, gaur EH Bilduren ordezkaritza batekin elkartu dira sindikatuotako ordezkariak.

Zehazki, bi dira alderdiei eskatu dizkieten konpromisoak. Alde batetik, egungo legediaren arabera egingarria den lanbidearteko akordioa negoziatzeari Confebask eta CENek emandako ezezkoari aurre egitea.

Ezaguna den bezala, lehen bilkuran mahaia sortzeari uko egin zion Confebaskek eta, 1.500 euroko gutxieneko soldataren proposamena mahai gainean jarri ondotik egindako bigarren deialdira joateari uko egin zion. CENek berriz, uko egin zion bilkuran parte hartzeari, kasu honetan UGT eta CCOOekin batera. LAB, ELA, ESK, STEILAS, ETXALDE eta HIRU sindikatuen iritziz, alderdiek eta bereziki Gobernuek lan egin dezakete Patronala negoziazio mahaira eser dadin lortzeko.

Beste alde batetik, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak estatukoa baino altuagoa litzatekeen gutxieneko soldata ezarri ahal izatea eskatzen duen Herri Ekimen Legegilearen berri eman diete sindikatuok alderdiei eta berau aurrera ateratzeko konpromisoa eskatu diete.

Langileen Estatutua aldatzea eskatzen du Herri Ekimen Legegile honek eta, behin herritarren sinadurak jasota, EAEko Legebiltzarrera iritsiko da. Nafarroaren kasuan, berriz, Parlamentuko Mahaiak tramitera onartu ez zuenez, jasotako sinadurak alderdien esku jarriko dira, hauek tramiteari ekin diezaioten. Kasu bietan, sindikatuon eskaera bera da: alderdi politikoek lege aldaketaren alde egin dezaten, legebiltzarretan aldeko bozka emanez eta behin legebiltzarrek onartuta Espainiako Kongresuan herri ekimen legegilearen defentsa eginez.

Ildo honetan, Herri Ekimen Legegilearen aldeko sinadura emateko deia berretsi dute LAB, ELA, ESK, STEILAS, ETXALDE eta HIRU sindikatuek; gero eta sinadura gehiago jaso, orduan eta aukera handiagoak egongo baitira gutxieneko soldata propio eta duina eskuratzeko.