2026-06-19
HomeEkintza PolitikoaEuskal gehiengo sindikalak gutxieneko soldata propio eta duina eskuratzeko konpromisoak eskatu dizkie...

Euskal gehiengo sindikalak gutxieneko soldata propio eta duina eskuratzeko konpromisoak eskatu dizkie euskal alderdiei

LAB, ELA, ESK, STEILAS, ETXALDE eta HIRU sindikatuetako ordezkariek bilera erronda abiatu dute euskal alderdiekin, gutxieneko soldata propio eta duina eskuratzeko konpromisoa har dezaten. Atzo EAJrekin egin bezala, gaur EH Bilduren ordezkaritza batekin elkartu dira sindikatuotako ordezkariak.

Zehazki, bi dira alderdiei eskatu dizkieten konpromisoak. Alde batetik, egungo legediaren arabera egingarria den lanbidearteko akordioa negoziatzeari Confebask eta CENek emandako ezezkoari aurre egitea.

Ezaguna den bezala, lehen bilkuran mahaia sortzeari uko egin zion Confebaskek eta, 1.500 euroko gutxieneko soldataren proposamena mahai gainean jarri ondotik egindako bigarren deialdira joateari uko egin zion. CENek berriz, uko egin zion bilkuran parte hartzeari, kasu honetan UGT eta CCOOekin batera. LAB, ELA, ESK, STEILAS, ETXALDE eta HIRU sindikatuen iritziz, alderdiek eta bereziki Gobernuek lan egin dezakete Patronala negoziazio mahaira eser dadin lortzeko.

Beste alde batetik, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak estatukoa baino altuagoa litzatekeen gutxieneko soldata ezarri ahal izatea eskatzen duen Herri Ekimen Legegilearen berri eman diete sindikatuok alderdiei eta berau aurrera ateratzeko konpromisoa eskatu diete.

Langileen Estatutua aldatzea eskatzen du Herri Ekimen Legegile honek eta, behin herritarren sinadurak jasota, EAEko Legebiltzarrera iritsiko da. Nafarroaren kasuan, berriz, Parlamentuko Mahaiak tramitera onartu ez zuenez, jasotako sinadurak alderdien esku jarriko dira, hauek tramiteari ekin diezaioten. Kasu bietan, sindikatuon eskaera bera da: alderdi politikoek lege aldaketaren alde egin dezaten, legebiltzarretan aldeko bozka emanez eta behin legebiltzarrek onartuta Espainiako Kongresuan herri ekimen legegilearen defentsa eginez.

Ildo honetan, Herri Ekimen Legegilearen aldeko sinadura emateko deia berretsi dute LAB, ELA, ESK, STEILAS, ETXALDE eta HIRU sindikatuek; gero eta sinadura gehiago jaso, orduan eta aukera handiagoak egongo baitira gutxieneko soldata propio eta duina eskuratzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

HHEEetako zerbitzu orokorretako langileak beharra sortzen denean bertan ordezka ditzaten exijitzen dugu

Dagoeneko bi ikasturte oso daramatzagu Nafarroako Gobernuko haur eskoletako zerbitzu orokorretako langileen ordezkapenak egiteko arazo larriekin. Horrelako kontratazioak, egiten badira, oso berandu egiten dira, zoritxarrez. Eta batzuetan enpresa pribatuetara ere jotzen dute kontratazioak egiteko. Horrek tentsio larria eta gainkarga handia eragiten die langileei, horretarako beharrik izan gabe.

Bilboko udal eraikinetako garbitzaileek udalari exijitu diote behingoz ardura har dezala gatazkan

Lan baldintzak hobetzeko bederatzi greba aste egin ostean, atseden hartzeko unea iritsi zaie, baina ohartarazi dute datorren ikasturtean indartsu berrekingo diotela borrokari.

Ikuskizunetako teknikarien sektoreko langileek greba egun gehiago iragarri dituzte

Patronala mugitzen ez dela eta, lanuzteei berrekingo diegu hitzarmena negoziatzen ari garen sindikatuok.