Azken egunotan publiko egin da EAEko Osasun Mahaia azken txanpan dagoela, eta litekeena dela hilabete hau amaitu baino lehen akordioa lortzea. Badirudi eztabaidatzen ari diren gaietako bat osasun-sistemako lankidetza publiko-pribatuaren gaia dela. Eta hor sartzen da bete-betean Tolosaldearen etorkizun sanitarioa.
Bai Asuncion Klinikako langileek, bai Tolosaldeko herritarrek urte asko daramatzate eskualdeak ospitale eta osasun-zerbitzu publikoak izan ditzan mobilizatzen, Gipuzkoako gainerako ESIek duten bezala.
Eusko Jaurlaritzak Tolosan ospitale publikoa eraikitzea erabaki zuen 2019an. Horretarako, plan funtzional bat jarri zuen martxan, 2023an jendaurrean aurkeztu zena. Plan honek ez ditu inoiz jaso Asuncioneko langileen eta gizartearen aldarrikapenak.
Plan funtzional hori labur gelditzen da zerbitzuei dagokienez; adibidez, ez du garbiketa-zerbitzua aipatzen, ezta sukaldea ere; ospitaleratzea ekarriko lukeen kirurgia beste ospitale batzuetara bideratuko da, eta ez da egongo pediatriako larrialdirik ezta obstetriziarik gabe. Hori guztia erreferentziazko Eskualdeko Ospitale izatetik oso urrun geratzen da. Gainera, baditugu Eibarko edo Gernikako kasuak, eskualdeko ospitaleen antzik ez dutenak. Era berean, ez du aipatzen hainbeste urtetan zerbitzu hori eman duten langileekin zer gertatuko den.
Beraz, eta Osasun Mahaiaren balizko akordio baten aurrean, Asuncion Klinikako enpresa batzordeak (LAB-ELA) Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio hasierako plan funtzionala baztertzeko eta langileen aldarrikapenak kontuan hartzeko:
– Ospitalea %100 publikoa, hau da, langile eta zerbitzu guztiak publikoak izatea.
– Zerbitzu guztiak dituen ospitalea izatea: eskualdeko erreferentziazko ospitalea izatea, Tolosaldeko herritarrei arreta integrala eman ahal izateko.
– Asuncioneko langileak ospitale publikoan subrogatzea. Subrogazio-prozesu hori posible da, Onkologikoan gertatzen ari den bezala. Borondate politikoa baino ez da behar.
Osasun sailburua den Alberto Martinezi dei egiten dio Asuncion Klinikako enpresa-batzordea bilerara dei dezan, orain arte ez baitu jaso biltzeko egin dituen eskaeren erantzunik, ez eta gure egungo eta etorkizun hurbileko egoerari buruzko informaziorik ere.
Azkenik, LABek eta ELAk dei egiten diete Asunción klinikako langile guztiei eta, oro har, Tolosaldeko herritar guztiei hilaren 14an Tolosan TOPA (Tolosaldea Osasungintza Publikoaren alde) plataformak, 12:00etan, Triangulotik hasita, egingo duen mobilizazioan parte hartzera; eta %100ean publikoa izango den eskualdeko ospitale baten alde borrokatzen jarraitzera, zerbitzu guztiekin eta Asuncioneko langileen subrogazioarekin.