2026-05-06
Blog Page 876

La Asuncion klinikako langileek lanuzteak egingo dituzte hitzarmen duin baten defentsan

0

Tolosako klinikako zuzendaritzak negoziatzeko asmorik ez duela jakinarazi die langileei: ez du soldata igoeraz hitz egin nahi, 2010etik izoztuak dauden arren; ez du urteko lanaldia murrizteari buruz hitz egiteko asmorik, langileek Osakidetzan baino 78 lan ordu gehiago dituzten arren; eta ez dio klinikako zerbitzuan gertatzen ari den gainbeherari heldu nahi, medikuak joaten ari diren arren.

Larunbatean ekin zieten mobilizazioei, LAB eta ELA sindikatuok deituta. Hauek dira hurrengo egunetarako aurreikusitako protestak:

-Abenduak 13: Lau orduko lanuztea, 8:00etatik 12:00etara. Elkarretaratzea, 15:15etik 16:15era.

-Abenduak 20: Egun bateko lanuztea.

-Abenduak 27: Auto karabana, 18:00etatik 19:00ak bitartean.

-Urtarrilak 8 eta 9: Bi eguneko lanuztea.
 

 

 

Amesgaiztoak ez du etenik Pasaiako Zahar Etxeko langileentzat

Pasaiako Udal Zaharren Egoitzako langileok berriz salatu nahi dugu nola tratatu gaituzten Fundazioak eta Udalak. Borroka askoren ondoren, azkenean abuztuaren 17an azkenean sartu zen lizitazioagatik Pasaiako Zaharren Egoitza ABEE, Clece Zaintzen. Ematen zuen Kaipe ateratzen ari zen enpresarekin bizitako amesgaiztoa amaitu egingo zela. Azken honen etengabeak izan baitziren bere egitekoen ezbetetzeak. Kaipe enpresak alde egin zuen 2017ko uztaileko hilabetea zorretan utzita, eta horregatik, fundazioak erretenitu egin zuen gure abuztuko soldata, euren arabera, kobratu egingo genuela ziurtatzeko. Aste honetan zehar fundazioa langileen erreklamazioak jasotzen ibili da. Eta ideia bikaina izan dute. Soilik 11 langileri ordaintzea uztaila, abuztua eta finikitoak, jakinik horrela eginez gero ez zela guztiekikin zuten zorra kitatzeko nahikoa dirurik egongo.

Euren txapuzetako bat egin dute berriro. Langile batzuei dena ordaindu eta beste batzuk ezer gabe utzi. Langileen artean sortu duten bakarra haserrea da. Zergatik ez zaigu ordaindu modu proportzional batean?

Zer da lortu nahi dutena, zatitzea? Ez dute lortu. Baztertu eta ninguneatuak sentitu gara, bilera bat egiteko aukerarik ere ez dugu izan, oso lanpetuta omen zeudelako. Zorrak dituzten beste langileei lehenbailehen ordaintzea eskatzen diegu.

Eurak dira egoera hau urtetan zehar bizi izanaren errudunak, inoiz ez baitute Kaipe enpresa salatu eta hogei urte baino gehiagoz mantendu dute.
 

 

 

Parisera joateko deia luzatu du Batzorde Exekutiboak

Datorren larunbatean, abenduak 9, Bakearen Artisauek deituta, manifestazio bat izango da Parisen, “Orain, presoak” leloarekin. Hain zuzen ere, mobilizazio horretara joateko deia luzatu du gaur LABeko Batzorde Exekutiboak, euskal presoen egoerari behingoz heldu behar zaiola nabarmendu eta gero. LAB sindikatuak ordezkaritza bat izango du Parisen, Garbiñe Aranburu idazkari nagusia buru. Foro Sozial Iraunkorrak bultzatuta elkartu ginen urrian Bilboko Plaza Berrian, larunbateko manifestazioaren berri emateko.
 
Datorren larunbatean, abenduak 9, Bakearen Artisauek deituta, manifestazio bat izango da Parisen, “Orain, presoak” leloarekin. 11:30ean izango da 1940ko Ekainaren 18ko plazan, Gare Montparnasseren ondoan.

Hain zuzen ere, mobilizazio horretara joateko deia luzatu du LABeko Batzorde Exekutiboak, euskal presoen egoerari behingoz heldu behar zaiola nabarmendu eta gero. LAB sindikatuak ordezkaritza bat izango du Parisen, Garbiñe Aranburu idazkari nagusia buru.

Foro Sozial Iraunkorrak bultzatuta elkartu ginen urrian Bilboko Plaza Berrian, larunbateko manifestazioaren berri emateko.
Gure egiten ditugu berriro ere Bilboko agerraldian botatako hitzak: “Beraz, gaur eta hemen, berriro egiten diegu dei gure herriko eragile politiko, sindikal eta sozialei, eta hiritar guztiei ere bai, esku-har dezaten eta herri bakoitzean, auzo bakoitzean, lantoki bakoitzean, fakultate bakoitzean eta ikastetxe bakoitzean bozeramaile moduan joka dezaten eta, gero eta ahots gehiago gehituz, Bakearen Artisauen ekimenari sostengua ematen dion mezu hau transmiti dezaten. Frantziako Estatuan euskal presorik gabeko behin betiko bakerantz urrats erabakigarria emateko helburuarekin, Parisen bihotzean abenduaren 9an ospatuko den manifestazioan esku-hartzera animatuz. Horrek, zalantzarik gabe, lagunduko baitu akordioetan aurrerapausoak ematen, hemen, Euskadiko Komunitate Atonomoan eta Nafarroan”.

 

 

Greba mugagabera deitu ditugu Gipuzkoako garbiketa eta zabor bilketa arloko langileak

0

LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuko ordezkariok agerraldi bat egin dugu gaur, Gipuzkoako Kale Garbiketako hainbat langilerekin batera. Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzaren Lan Delegaritzan Greba Mugagabearen deialdia erregistratu dugula jakinarazi dugu: greba 2017ko abenduaren 20an hasteko deialdia egin dugu, zehazki abenduaren 19an gaueko 21:00etatik aurrera.

Negoziatzen ari garen hitzarmenak, bere indarraldia 2015ko abenduan amaitu zenak, ondorengo jarduerak betetzen ditu Gipuzkoan; bide garbiketa publikoa, ureztaketa, etxez etxeko zabor bilketa, hiri-hondakin solidoen zabortegiak, hiri-hondakin solidoen tratamendua eta ezabapena, gaikako bilketa, birziklapen plantak, estolderiaren garbiketa eta kontserbazioa, hondartzen, kaiena, ibaien eta ibai ibilguen garbiketa, mantentze lanak eta kontserbazioa.

1.200 langile inguru dira hitzarmen honen aplikazioak eragiten dienak.

Zertarako egin dugu Greba deialdia? Bereziki bi dira arrazoiak:

1/ Patronala negoziazio mahaian eskatzen ari garena ematera behartzeko. Hiru aldarrikapen nagusi dira:
a/ Erregulazio edo prozedura bat egotea lanaldi partziala duten langileentzat lan postu hutsak betetzeko, dela behin behinekoak edo behin betikoak izan.
b/ Soldata igoera aurreko urteko IPCaren gainetik
c/ Hitzarmenean honen denbora eremu mugagabea adostea, hau da, ultraactividad mugagabea.

2/ Administrazio ezberdinek kontuan izan dezaten plegu edo baldintzen agirietan zerbitzua esleitzeko berrikuste ekonomikoak ez badira erdiesten gerta daitekeena. Donostiako Bide Garbiketa egoera honen adibide argia da. ( 4 + 2)

Eta zergatik deitzen dugu grebara?

-Bi urteko negoziaketaren ostean ez dutelako gure ultimatum proposamen onartzen.
-Negoziaketan zehar bi tabla ekonomiko sortzen ahalegindu direlako. Bata berrikustea ekonomikoa zuten kontratentzat eta bestea, ez zutenentzat.
-Une batean Donostiako Bide Garbiketa hitzarmenetik ateratzea baldintza bezala jarri zutelako negoziaketa aurrera jarraitzeko.
-Hitzarmenaren negoziaketa bitartean Enpresa Hitzarmen proposamen ezberdinak egon direlako. Denak, patronalaren aldetik Sektoreko Hitzarmena anulatzeko asmoarekin. Eta denak, zegokien langileek ukatuak ahobatekotasunez Sektoreko hitzarmenaren alde eginaz.
-Gainontzeko herrialdeko langileen bizkar bota nahi dutelako Donostiko pleguak berrikuste ekonomikorik ez izatea.
-Kontratazioa kontrolatzen jarraitu nahi dutelako, eskubideak aitortu gabe.
-Sektoreko langileak gutxietxi dituztelako
-Bi urteko negoziaketaren ostean, argi genuelako, edo abenduaren 20ean hitzarmena dugu, edo grebara goaz.

Argi utzi nahi dugu, greba hasten denean gure aldarrikapenak egungoak baina handiagoak izango direla.

Grebaren lehen egunean, abenduaren 20ean, grebalarien herrialdeko manifestazioa burutuko dugu Donostian.
 

 

 

Garbialdiko langileek hitzarmen duin bat aldarrikatu dute Bizkaiko aldundiaren aurrean

0

Bizkaiko Aldundiko garbiketaz arduratzen den Garbialdi azpikontratako langileek elkarretaratze zaratatsu bat egin dute gaur, LAB, ELA, UGT, ESK eta CCOO sindikatuok deituta. Hain zuzen ere, hitzarmen duin baten defentsan irten dira kalera, eta, aurreratu dutenez, protesta hau "hasiera baino ez da, hemendik aurrera astero mobilizatuko garelako gure aldarrikapenak kontutan har ditzaten lortu arte".
 

 

 

Erriberagoitian hildako garraiolaria izan dugu gogoan

Joan den ostegunean jakin genuen Araban, Erriberagoitian, gidari bat hil zela kamioia errepidetik irten eta istripu baten ondorioz. Euskal gehiengo sindikala osatzen dugun sindikatuok elkarretaratze bat egin dugu gaur Gasteizen lan heriotza hau salatzeko eta garraiolarien lan baldintza prekarioen berri emateko. Gutxienez, 52 langile dira istripuz edo istripuen ondorioz bere bizitza galdu dutenak urtea hasieratik, Euskal Herrian.
 

 

 

Patronalaren blokeo jarrerak Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako mahaia hautsi eta mobilizaziora behartzen gaitu

Ia 8 urte eta 36 Negoziazio Mahaia burutu ondoren, Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalek inola ere ez diote LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuon eskaerei erantzun. Negoziazioa edukirik gabe luzatzeko estrategiaren aurrean mahaia hautsi eta mobilizazioa beste biderik ez digute utzi sindikatuoi.

Azken urte luzeetan negoziazio mahai ugaritan inolako emaitzarik gabe parte hartu ondoren agertzen gara publikoki EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan ordezkaritza dugun sindikatu guztiok.

Ikastetxeen %70 itunduak eta 9.000 langile inguruk diharduten sektore honetan, oraindik ere 2008-09ko hitzarmena dugu indarrean. Ordutik hona, hezkuntza sistemaren errealitatea, erronkak, kolektibo ezberdinen egoera eta lan-zamak asko aldatu diren arren lan-baldintza eta lansari taula berdinekin jarraitzen dugu.

Gogoratu beharrean gaude 2010eko ekainaz geroztik, patronalek, Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak finantziazioan ezarri zizkien murrizketak zuzenean langileoi ezartzea erabaki zutela, hitzarmena larriki urratuz. Hau gutxi balitz, 2013ko uztailaren 7tik 2014ko urrira 10 bitartean, Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalek aldebakarrez horrela erabakita, gure soldata eta lan-baldintzak nabarmen okertzen dituen estatuko hitzarmena ezarri ziguten. Milaka gatazka kolektibo eta bakarkako helegite, hamarnaka elkarretaratze, manifestazio eta bost greba egun beharrezkoak izan ziren 2008-09ko hitzarmena berreskuratzeko 2013ko urrian. Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako langile guztion borroka eredugarriak egin zuen posible EAEko itunpeko irakaskuntza estatu osoan murrizketarik gabeko hezkuntzako eremu bakarra izatea.

Ordutik eta 2008-09ko lan-hitzarmena berritzeko burutu ditugun hitzarmen mahaietan hauek izan dira sindikatuon aldarrikapen nagusiak:

-Sindikatuontzat nahitaezkoa da ordu osagarriak modu egokian antolatu eta erabiltzea. Egun, ikastetxeak transformazio eta berrikuntza prozesu bete-betean daude eta horren pisu handiena irakasleak ari dira jasaten. Berez modu nagusian ikasgaiak eta eskolak prestatzeko diren ordu osagarriak, etengabeko prestakuntza saio eta ikastetxearen hainbat proiektutan xahutzen dira. Eskolak prestatu eta ikasleen jarraipena egiteko denbora hitzarmenean jasota dauden lan-orduei gehituz. Arlo honetan gure ustez lan ordu guztiak ez dira presentzialak egin behar asko eta asko etxean egiten direlako (azterketak zuzendu, materiala prestatu…) eta hala aitortu behar da. Gainera, eskolako lanorduen barruan hainbat ordu osagarri, esklusiboki,eskolak prestatzeko eta ikasleen jarraipena egiteko bermatu behar dira. Horixe da hezkuntzaren oinarria eta ezin da baztertuta geratu edo lan orduetatik kanpo egitera behartu.

-Ikastetxeetan badaude azken urteetan asko ugaldu diren eta arreta berezia behar duten bi kolektibo nagusi. Baldintzarik okerrenetan diharduten langileak dira, emakumeak gehienak. Heziketa Bereziko langileak dira lehenak. Lanaldi murriztuan lan egiten dute beti, ez dute ordu osagarririk eskolak edota materialak prestatzeko edo ikasleen jarraipen eta balorazio txostenak egiteko, esaterako. Hezitzaile baino gehiago zaintzaile kontsiderazioa dute, ikastetxeen hezkuntza prozesu eta proiektuetan apenas dutelarik lekurik.

-Egoera oso prekarioan dagoen beste talde bat, Haur Hezkuntzako lehenengo zikloko langileak dira. 0-3 urte bitarteko ikasleekin lan egiten duten hezitzaileena, alegia. Gainerako langileek baino lanordu gehiago izateaz gain, ez dute ordu osagarririk eskolak prestatzeko, ikasleen jarraipena egiteko edota gurasoekin batzartzeko, besteak beste. Eta Heziketa Bereziko langileen kasuan bezala, hezitzaile baino gehiago ume-zaintzaile kontsiderazioa dute, ikastetxeen hezkuntza prozesu eta proiektuetan apenas lekurik gabe.

-Aurretik aipatu bezala, egun ordaintzen zaizkigun lansariak 2009ko berdinak dira. Beraz, urte hauetan guztietan %12etik gorako ero-ahalmen galera izan dugu. Ez da onargarria lan-zamak, erantzukizunak, hezkuntzaren konplexutasunak gora egin duen bitartean, hezkuntza prozesua posible egiten dugun langileon pobretze prozesu hau. Beraz, ezinbestean, pausuak eman behar ditugu eros-ahalmenaren berreskuratzean. Horretaz aparte, bere garaian ezarri zizkiguten lansarien murrizketen ondorioz, kobratzeke ditugu oraindik 2013ko 2014ko eta 2015eko hainbat kantitate.

-Jakin badakigu urte gogorrak datozela matrikulazioan. Egiazki, jaiotze tasaren beherapena ematen ari da eta hurrengo urteetan joera hori indartuko da. Hori dela eta itxi daitezkeen gelak sor ditzaketen kaleratzeak ekidin edo berbideratzeko ezinbestekotzat jotzen dugu enplegua mantentzeko akordio bat.

Negoziazio saiakeretan, ordea, agerian geratu da patronalak ez daudela prest oinarrizko gai eta aldarrikapenen inguruan hobekuntzarik egiteko. Are gehiago, hainbat esparrutan murrizketak ere planteatu dituzte. Patronalaren asmoa negoziazioak neurrigabe luzatzea izan da. Hitzarmenaren azterketa eta eztabaida fase baten ostean, inolako aldaketa eta aurrerapausorik eman gabe, beste elkarrizketa fase berri bat proposatu dute behin eta berriz. Sindikatuok, baina, mugara iritsi garela deritzogu. Ikasturte hasieran plataforma bateratua adostu eta patronalei aurkeztu genien, negoziazioa elementu zentraletara bideratzeko asmoz. Patronalek, ordea uko egin diote oinarrizko gai hauen inguruan aurrerapausoak emateari, Administrazioarengandik jasotako finantziazioa nahikoa ez delako aitzakiarekin.

Hemen gauden sindikatuontzat, ezinbestekoa da patronalek pausuak eman ditzatela ordu osagarrien gaian, prekarizatutako sektoreen lan baldintzen hobekuntzan, galdutako eros-ahalmenaren berreskurapenean eta enpleguaren mantentzean. Patronalen blokeo jarrera eta inolako edukirik gabe negoziazioa luzatzeko asmoak ez digu mahaitik altxa eta mobilizaziora jotzea beste biderik uzten.

Beraz, azaroaren 29ko negoziazio mahaiaren hausturarekin batera mobilizazio fase berri bat abiatu nahi dugu, ezinbestekotzat jotzen dugun hitzarmenaren berritzean eta lan-baldintzen hobekuntzan aurrerapausoak behartzeko.

Norabide honetan, hurrengo astean bertan hasiera emango diogu mobilizazioei, ordezkari eta langileen elkarretaratzeak burutuz abenduaren 13an eta 19an.
Abenduaren 13an Bilbon, 12:00etan, Indautxuko Jesuitak Ikastetxe aurrean, ordezkarien elkarretaratzea.

Abenduaren 19an 17:30etan ordezkari eta langileen elkarretaratzeak Bilbon (Indautxu Plazan), Donostia (Kristau Eskola aurrean) eta Gasteizen (Marianistas ikastetxe aurrean).
Patronalek gure eskakizunei erantzun eta lan-baldintzak hobetzeko proposamen zehatzak mahai gainean jarri ezean, mobilizazioa areagotu eta grebara jotzera behartuko gaitu.

Sindikatuok, azken ia zortzi urte eta 36 negoziazio mahaietan agerian utzi dugu gure elkarrizketarako prestutasuna. Eta patronalek negoziazio mahaia edukiz betetzen duten heinean prest gaude berriro ere negoziatzeko. Baina hau ematen ez den heinean mobilizazioa beste biderik ez digute uzten lan-baldintzetan eta hezkuntzaren kalitatean aurrera egiteko. Izan ere, askotan esaten dugun moduan, lan baldintza onak eta hezkuntzaren kalitatea eskutik doaz, lehenengorik gabe ezinezkoa baita bigarrena.
 

 

 

“Lan duina, bizi duina” Ekimen Ibiltariari amaiera emango diogu bihar Durangon, Landako Gunean egingo dugun ekitaldiarekin

“Lan duina, bizi duina” leloarekin, Euskal Herriko hainbat txoko zeharkatu ditugu urriaren 16az geroztik, Ekimen Ibiltaria izeneko dinamika Iruñetik abiatu genuenetik. Garaia da bizitzaren sostengarritasuna erdigunean jarriko duen eredua eraikitzeko, eta hala aldarrikatu du LAB sindikatuak herriz herri, eskualdez eskualde. Bada, Ekimen Ibiltaria bere azken geltokira iritsiko da bihar, abenduaren 6aren etorrerarekin. Hain justu, Durangon emango dugu amaitutzat dinamika, 11:30ean, Landako Gunean egingo dugun ekitaldi nagusiarekin. Aurretik, 10:30ean, “Gazte duina, herri duina” leloarekin, kalejira bat irtengo da udaletxetik Landako Guneko ekitaldiarekin bat egiteko.

Hitzordu honez gain, Durangon beste deialdi garrantzitsu bat izango da bihar, abenduaren 6a izanik: Independentistak plataformak deitutako manifestazioa, hain zuzen ere. Landako Gunetik irtengo da martxa, 12:30ean, “Espainiar Konstituzioa Herrien kartzela. Gora Euskal Errepublika!” leloarekin. Hala, LABek bat egingo du manifestazioarekin, eta, jai inposatuak ez ezik, Espainiako Konstituzioaren urteurrena ere salatuko dugu; lan duina eta bizi duinaren aurkako eraso zuzena baita Konstituzioa, langileon eskubideak txikitzeko aukerak ziurtatzen dizkiolako botere ekonomikoari.

Eskubide sozial eta laboralak suntsitu egin dituzte, krisi ekonomikoaren aitzakiarekin. Hortaz, eredu sozial eta ekonomiko berri bat eraiki nahi badugu, burujabetza da bide bakarra. Estatu propio bat behar du Euskal Herriak, erabakitzeko eskubidea oinarri. Herriak du giltza. Herri aktibazioa eta borondatea dira aldaketa sozial eta politikorako giltza, Estatu propio bat eratzeko prozesu politikoaren oinarri eta abiapuntua. Jendartearen gehiengoaren nahiak erabakigarria izan behar du Espainiako Estatua bizitzen ari den lurralde krisiaren aterabidea finkatzeko.
 

 

 

EHUko behin behineko irakasleei aitortu zaizkien bosturtekoak ordain dakizkien eskatzeko elkarretaratzea egin dugu Eusko Jaurlaritzaren aurrean

0

Aitortuta eduki arren, EHUko irakasle ez-iraunkorrak ez daude bosturtekoak kobratzen ari. Behin behiniko irakasleen urtetako erreibindikazioa izan da bosturteak aitortu eta kobratzearena. Izan ere, irakaskuntzari dagokion osagarri hau irakasle iraunkorrei soilik onartzeak diskriminazioa ezartzen baitu irakasleen artean. Izan ere, 2015ean berrehun irakasle ez-iraunkor inguruk osaturiko kolektibo batek mobilizazio ezberdinak antolatu zituen beren eskubideen defentsan, EHUren erantzuna, ordea, entzungorrarena izan zen.

Diskriminaziohorrenaurka,berriz, 2016ko otsailean, EAEko Auzitegi Nagusiaren gizarte arloko epaimahaiak EHUko behin behineko irakasle bati bost urtekoen deialdian parte hartzeko eskubidea aitortu zion. Orduan, deialdi berezia zabaldu zen behin behiniko irakasleek bosturtekoak eska zitzaten. Batzuek aitorpena lortu arren, kobratu barik jarraitu zuten, irakasleen soldatak ezartzen dituen 41/2008 dekretuan ordaindu beharrekoa jasotzen ez dela aitzakiatuz.

Jaurlaritzak, berealdetik, epaiaren kontrako helegitea jarri zuen. 2017ko urriaren 18an, berriz, Gorenak langileoi arrazoia emanez, sententzia irmo bihurtu zuen.

Beste aldetik, 2017ko martxoan, beste epaia batek EHU kondenatu zuen irakasle atxiki bati aitortutako 5 urtekoak ordaintzera, baita ordaindu beharreko kantitatea ezarri ere. Epaileak zehazten du ez dela beharrezkoa 41/2008 aldatzea bost urtekoa ordaintzeko, ordura arte erabilitako argudioa bertan behera utziaz. EHUko zuzendaritzak helegitea jarri zion sententzia horri. Baina, 2017ko irailean helegitea bertan behera utzi eta irakasleari ordaintzera behartu zuen beste epai batek. Hala ere, ordainketa ez da orokortu, eta horretarako aipaturiko 41/2008 dekretuaren aldaketaren beharrean justifikatzen du EHUk ordaindu ezina.

Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzari 41/2008 dekretaua aldatzeko eskatzen diogu, behin behiniko irakasle guztiei aitorturiko bosturtekoak ordain dakizkien ahalbidera dezan, gaur unibertsitatean ematen den diskriminazioarekin amaituta. Era berean, EHUko zuzendaritzari eskatzen diogu, irakasleon eskubideak epaitegietan banan banan onartu arte itxaron beharrean, langileon alde egin dezan eta behin behiniko irakasleen eta iraunkorren arteko diskriminazioaz amai dezan.
Eusko Jaurlaritza eta UPV/EHUko zuzendaritzari ez ikusiarenea ez egiteko eskatzen diegu eta langileon arteko diskriminazioarik ez egiteko.