2026-07-11
Blog Page 874

Bizkaiko bulego eta langeletako langileek egun osoko greba egingo dute ostegunean

LAB, ELA, ESK, CGT eta CNT sindikatuok egun osoko grebara deitu dute ostegunerako Bizkaiko bulego eta langelen hitzarmenak eragiten dien sektoreetan. Hitzarmenaren negoziazioari bultzada ematea da sindikatuen helburua. Hala azaldu dute gaur Bilbon, mobilizazioen berri emateko egindako agerraldian. Hitzordu nagusiena 12:00etan izango da, Bilboko Arriaga plazatik abiatuko den manifestazioa.

Hauxe da sindikatuetako ordezkariek gaurko agerraldian egin duten irakurketa:

Hilabete luzez akordioren bat lotu nahian negoziatu ostean, aukera hori oso nekez lor daitekeela uste dugu, GFI, NORTE, IDE, Accenture, Entelgy Ibai, IBM… bezalako enpresek langileak are pobreagoak izan daitezen dituzten asmoez eraginda. Ez dute zalantzarik agertzen antzinatasuna ezabatzeko, gutxiengo bermea moduko eskubideak baliogabetzeko; soldata muga barik izoztu dadin hura xurgatzen eta ordaintzen saiatzen dira,eta horrela, euren enpresetako lan prekarietatea betikotzen, betiere, CEBEKen siglen atzean ezkutatuz.

Antzinatasuna eta gutxieneko bermea mugiezinak iruditzen zaizkigu, non eta bi kontzeptu horiek barik, lan baldintzak penagarriak liratekeen sektore batean.

Patronala, erakusten ari den immobilismoaz eta langileontzat kaltegarria den bulego eta langeletako hitzarmen kolektiboa egiteko gogoz, berriro estutzen ari da egoera.

Euskaltel, Vodafone, Kutxabank euskal bankua, Iberdrola, Bizkaiko ForuAldundia eta Eusko Jaurlaritza egoera honen gaizkideak dira, Bulego eta langeletako hitzarmena ezarri beharko luketen enpresetako bezeroak izanik, lizitazioak erabiltzen ari dira are gehiago zanpatzeko, zalantza sortuz ekonomia-irabaziak handitzeko, soldatak bere horretan eusteko eta subrogazioa eragozteko, eta hori guztia eginez, egoeraz baliatzeko.

Sektore honek honezkero,nahikoa da, esan du! Mobilizazioak eta manifestazioak atari izan dira sindikatuek jarrera gogortu zezaten; betiere, behargin guztien eskubideak eta eskubideen galerariki zango ez dituzten baldintzak helburu izanik.

Otsailaren batean gure sektoreak grebara deitu du, korapilatsua izan daitekeen negoziazioari bultzada berriak em ateko. Aurrerantzean ere, irmotasunez eutsiko diegu aldarrikapenei eta borrokatuko gara Bizkaiko Bulego eta Despatxuetako hitzarmenaren alde.
 

 

 

Arrantzaleen bizia dago armadoreen interes ekonomikoen gainetik

Pasa den ostegunean, urtarrilaren 25ean, Indiko itsasoan ari zen Bermeoko Atunsa enpresako atunontzi batean arrantzale bat hil zen lan istripuan. Gaur, urtarrilaren 29an, gehiengo sindikalak kontzentrazioa egin du Bermeoko Lameran lan istripu hilgarri hau salatzeko.

Ez da lehen aldia enpresa horretako ontzietan arrantzaleak lan istripuan hiltzen direla. Ostegunekoa, azken urteotako hirugarrena izan zen. 2008ko irailaren 16an E.L.M. Langilea hil zen, “Izurdia” izeneko atunontziko arrantzalea. 2007ko azaroaren 12an, L.E. “Txori Toki” atunontziko langilea hil zen, bihotzekoak jota. Aski da!

Lan istripu hauek estatistika soila bihurtuko da hainbatentzat, Instituzioentzat, Osalanentzat, Lan Ikuskaritzarentzat, Enpresarientzat,… baina ez guretzat, ordea. Erailketak dira.

LABetik betidanik eskatzen ari gara arrantza sektorearentzako lan baldintzak duinak. Hau da, interes ekonomiko gainetik arrantzaleen segurtasuna bermatu behar dela eta tokatzen zaiezkien atsedenak bete ditzatela, bai itsasoan eta baita lehorrean ere. Zergatik? Itsasoko lan baldintzak gogorrek, segurtasun eta atseden ezak sortutako arriskuek eta nekeak arrantzaleen bizia jokoan ipintzen dutelako, hain zuzen. Orain gertatu den bezala. Noiz arte itxaron behar da neurriak hartzeko istripuak eta ezbeharrak ez gertatzeko?

LABetik bai armadore elkarteei (Organización Productores Asociados Grandes Atuneros Congeladores- OPAGAC, Atun-itsasontzi Izozkailuen Armadoreen Elkarte Nazionala-ANABAC, Ondarroako Portuko Alturako Arrantzako Ekoizleen Erakundea-OPPAO), baxurako kofradiei, EAEko Arrantza Sailari, Espainiako zein Frantziako gobernuei zera exijitzen diegu: arrantza arduratsu eta iraunkorraren alde egin dezatela; arrantzaleen baldintzak hobetzeko, belaunaldi aldaketarako eta gure flota bideragarria izateko apustua egin dezatela eta euren probetxurako arrantzale-langileon eskubideekin eta biziarekin ez jolasteko.

LABentzat armadoreen interes ekonomikoen gainetik arrantzaleen bizia dago eta horren alde borrokatuko dugu.
 

 

 

Hendaian ekin diogu “Tira-bira” dinamika ibiltariari, Sokoa enpresaren atarian

Alarma Soziala izeneko tresna aurkeztu genuen Baionan, joan den urrian. Hain zuzen ere, alerta sistema bat da, Macronen erreformak enpresa batean atzerapen sozialen bat ekartzen duenean aktibatuko duguna. Tresna honen nondik norakoak azaltzeko, industriagunetik industriagunera, lantegiz lantegi, ibiliko gara datozen hamar egunetan, "Tira-bira" kanpainaren eskutik. Gaurtik abiatuta, otsailaren 9 arte, Ipar Euskal Herriko hainbat txokotan izango gara langileekin egoteko.

Agerraldi bat egin dugu gaur Hendaian, Sokoa enpresaren atarian, Alarma Soziala izeneko tresna noiz eta zertarako erabiliko dugun azaltzeko. Izan ere, Sokoa enpresan langile bat kaleratu berri dute, Macronen erreforma baliatuta. Honen harira, Sokoako langileek elkarretaratze bat egin dute kaleratutako langileari, Sebastien Hiriarti, elkartasuna adierazteko.

Agerraldi honekin eman diogu hasiera "Tira-bira" dinamika ibiltariari. Aurretik, goizean goiz, Lapurdiko zenbait industrigunetan izan gara, eskuorriak banatzen: Hendaian bertan, Senperen eta Donibane Lohizunen, tartean.

Leku hauetan egokituko dugu "Tira-bira" dinamika ibiltariaren infogunea, 12:00etatik 14:00ak bitartean:

-Urtarrilak 30: Kanbo. Hirigunean.

-Urtarrilak 31: Donibane Garazi. Hirigunean.

-Otsailak 1: Maule. Hirigunean.

-Otsailak 2: Izura. Bilkura publiko bat egingo dugu.

-Otsailak 5: Aiziritze. Industriagunean.

-Otsailak 6: Akamarre, Hauts de la Bidouzeko industriagunean.

-Otsailak 7: Hazparne. Hirigunean.

-Otsailak 8: Mugerre. Centre Fret gunean.

-Otsailak 9: Baiona. Ekitaldia eta mobilizazioa egingo ditugu.
 

 

 

Selecta Nafarroako langileek elkarretaratze bat egin dute enpresak aurreikusitako 14 kaleratzeen aurka

0

Selecta Nafarroako langileek elkarretaratze bat egin dute gaur, Noaingo Talluntxe industriagunearen biribilgunean, enpresak egiten ari den enplegua erregulatzeko espedientea salatzeko. Espediente horren bidez 14 langile kaleratu nahi dituzte, eta lanean jarraituko dutenen baldintzak kaskartu.

Kafeak, edariak eta jakiak ematen dituzten makina automatikoekin egiten dute lan Pelican Rouge eta Selecta enpresek. Iragan urtearen bukaeran bigarrenak lehenbizikoa erosi zuen, eta, fusioaren ondorioz, enplegua erregulatzeko espediente bat proposatu zuen. Espediente horren bitartez, Selectak 14 langile kaleratu nahi ditu Nafarroan, eta lanean geldituko direnen baldintza nahikotxo okerragotuko ditu.

Nahiz eta azkenaldian Selectaren Nafarroako ordezkaritzak irabaziak erregistratu dituen, LABek argi ikusten du zein den enpresaren asmoa: bere irabaziak handitu, langileen lan baldintzak prekarizatuz. Horregatik, ordezkaritza honetako langileak hainbat mobilizazio egiten ari dira egoera hau salatzeko.
 

 

 

EuskoTreneko kontratazio berrietarako gutxieneko euskara gaitasuna B2 izaten jarraitzea ezinbestekotzat jotzen dugu

EuskoTrenek 2018. urterako aurreikusita dauden Tailerreko Teknikari eta Gidari Kobratzaileen kanpo-oposaketen euskara gaitasuna jaistea proposatu die sindikatuei. Sindikatuek eskakizun horrekin bat eginez gero, enpresa prest dago adosteko sindikatuekin, eskatuko den euskara maila.

2015ean onartu zen Euskara planean jasotzen da, EuskoTren enpresa publikoko lan postu guztietan gutxienezko euskara maila B2 izan behar dela. Orain, ordea, lan poltsak sortzeko ordua iritsi denean, eskaera horiek berraztertzeko aukera mahaiaren gainean jarri du, lan postu horiei egokitutako euskara eskakizunak gehiegizkoak direla argudiatuta. Gainera, EuskoTrenek sindikatuoi egindako proposamena ez dago irizpide teknikoetan oinarrituta eta sindikatuen eskuetan uzten du egokitzapen hau gauzatzea.

LAB sindikatuan alerta jartzen gaituzte gisa honetako proposamenek. Izan ere, 2016ko apirilean, lehen aldiz EuskoTrenenera sartzeko bi hizkuntza ofizialen ahozko zein idatzizko ezagutza bermatzen zuen kanpo lan-poltsa deialdia eta gero, euskara eskakizun-maila apaltzeko ahalegina egin baitzen hainbat sindikaturen babesarekin. Are gehiago, horietako baten batek bere hitzarmen plataforman aipatutako eskakizun-maila apaltzea ere jaso zuen.

Euskara planak enpresak euskalduntzeko egiten direla kontuan harturik, beharrezkoa da kontratazio berrietan euskara irizpide irmoak finkatzea, eta hau behin lortuta, atzera pausorik ez ematea. EuskoTren garraio enpresa publikoa den heinean, erreferente izan beharko litzateke arlo honetan beren erabiltzaile eta langileen euskara erabilera bermatuz. EuskoTreneko langileek eskubidea dute euskaraz bizi eta euskaraz lan egiteko, eta prozesu horretan atzerapausoak emateak eskubideen urraketa dakarrela gogoratzea beharrezkoa da.

LAB sindikatuak, onartutako oinarrietatik atzera pausorik ez egitea ezinbestekotzat jotzen du, eta zabalduko diren kanpo oposizioetarako lan postuetan jardun ahal izateko euskarazko gutxieneko gaitasuna B2 izaten jarraitzea eskatzen du, bai ahoz, eta baita, idatziz ere.

Enpresa publiko batek irizpide teknikorik gabe euskara planean adostutako hizkuntza eskakizunak gehiegizkotzat jotzen dituenean, Zilarrezko Bikain ziurtagiria eta Euskararen Txantxangorria itxurakeria hutsa direla frogatzen du, beste behin ere. Hizkuntza eskubideen kontrako beste eraso zuzen baten aurrean egon gaitezkeela uste dugu eta LAB ez dago hori onartzeko prest.
 

 

 

Pentsioei buruz hitz egingo dute bihar Bilbon

Alkartasuna Fundazioak mahai inguru bat antolatu du astearterako, "Pentsio duinen euskal sistema publiko baten alde" leloarekin. LABeko Ekintza Sozialeko idazkari Bea Martxuetak hartuko du hitza, EH Bilduko legebiltzarkide Leire Pinedo, ELAko ordezkari Janire Landaluze eta EHUko irakasle Jose Ramon Urrutiarekin batera. Bizkaiko Batzar Nagusien hitzaldi aretoan egingo dute solasaldia, 18:00etan.
 

 

 

“Zergatik erabaki?” galderari erantzungo diote

Solasaldi bat egingo dute asteazkenean Bilbon, Gure Esku Dago dinamikak antolatutako mahai inguru zikloaren barruan. LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu bertan izango da, beste hizlari batzuekin batera. Mahai ingurua Bizkaia aretoan izango da, 19:00etan, eta izena emateko Gure Esku Dagoren webgunean egin beharko dute interesatuek.

 

 

 

[IRITZIA] Jukutria juridikoak EHUko irakasleen arteko diskriminazioaren zerbitzura

0
EHUko 50 bat irakaslek eta ikertzailek, LAB sindikatuko hainbat ordezkarik tartean, iritzi artikulu bat idatzi dute soldata eta lan baldintza duinak aldarrikatzeko, azken asteetan egindako protesten harira.

Jende askok daukan eta batzuek zabaltzen duten irudiaren kontra, unibertsitate irakasleok ez gara pribilegiatuak. Irakasle lanpostu iraunkor bat lortzea iraupen lasterketa bat da, non gainditzeko hesiak ez diren gutxi. Ikerketako urte batzuen ostean doktoretza-tesia behin aurkeztua, beste fase batzuk datoz: lanpostuz promozionatzeko akreditazioak lortzea (kanpoko entitate batek meritu guztiak ebaluatuta) eta, behin plaza sortua eta publikoki deitua, oposizioa egitea: lehen atxiki plazarako (gehienez bost urtez luza daitekeena) eta gero agregatu edo titular plazarako (hauek bai, iraunkorrak). Horiexek dira urratsak ohiko bidea jarraitzekotan, zeren eta beste figura ez-iraunkorrak dauzkaten irakasle asko ere badaude. Modu honetan, irakasle doktore bat irakaskuntzan, ikerketan eta kudeaketan urte batzuetan aritu ostean, atzerriko ikerketa zentroetan egonaldiak egin ostean, akreditazioak lortuta eta oposizioak (gutxienez bi) behin gaindituta, iraunkor izatera pasatzen da. Hori 35-45 urterekin gertatzen da normalean (baita gehiagorekin ere kasu askotan).

Arnasa luzeko lasterketa honek formazio maila oso handia eskatzen badu ere, soldatak ez dira jende gehienak pentsa ditzakeenak (ezta oporrak ere…). Izan ere, unibertsitate irakasleok eta ikertzaileok soldata txikiak dauzkagu, irakasle iraunkorren oinarrizko soldata bigarren hezkuntzaren irakasleena baino txikiagoa da, edo eskola-graduatua den ertzain sartu berri baten antzekoa.

Soldata txiki hauek osatzeko helburuarekin ,osagarri-sistema bat sortu zen. Hala ere, eredu tranpatia da hau: osagarri guztiak ez dira unibertsalak, legeriak irakasle-figura batzuk sistema honetatik kanpo uzten baititu. Horrek posible egiten du unibertsitate irakasleen artean ezberdintasun handiak egotea, desoreka nabarmenak sortzen baitira.

Bazterketa hori posible da Eusko Jaurlaritzak eta UPV/EHUko zuzendaritzak horrela izaten jarraitzeko ahalegin guztiak egiten ari direlako, eta hori zuzentzeko egindako eskaeren eta egondako sententzien aurrean diskriminazio latz hau mantentzeko apustu garbia egin dutelako. Hain zuzen ere, EAEko Unibertsitate legeak irakaskuntzari lotutako bosturtekoak eta ikerketari lotutako seiurtekoak irakasle iraunkorrei aitortzen dizkie bakarrik. Hori, de facto, irakasle ez-iraunkorren diskriminazio argia da. Merituak ebaluatzen badira, meritu nahikorik izatea izan beharko litzateke irizpidea osagarria jasotzeko, eta ez irakasleak betetzen duen lanpostua. Are gehiago, kontuan hartzen badugu lanpostu iraunkorra lortzea ez dagoela neurri handi batean irakaslearen esku, beste faktore asko sartzen baitira tartean (sailaren beharrak, birjartze tasa, diru-hornidura…).

Europan izan diren aldi baterako langileen aldeko sententzietan oinarrituta (non, lan bera eginda, iraunkor edo ez izateagatik langileak diskriminatu ezin direla jasotzen den), unibertsitateko irakasle ez-iraunkorren aldeko sententzia batzuk egon dira EAEn ere, eta irakasle ez iraunkorrek bosturtekoak eskatu ahal izatea lortu zen (eta ematen du seiurtekoak eskatzeko aukera gertu dagoela). Hala ere, beste oztopo batekin egin genuen topo. UPV/EHUko zuzendaritzak bosturtekoak eskatzea ezinezkoa zela behin eta berriro errepikatu ostean, eskatu ahal izatea lortu denean, aitortutakoa ez ordaintzeko aitzakia berri bat topatu zuten: osagarrien zenbatekoa jasotzen duen Eusko Jaurlaritzaren 41/2008 dekretuan ez-iraunkorrek zenbat jaso behar duten zehaztuta ez egotea… Hau da, meritua daukazu eta aitortzen zaizu, baina ez duzu kobratzen okupatzen duzun lanpostua iraunkorra ez izateagatik…! Hala eta guztiz ere, bosturtekoak aitortu zitzaizkion irakasle ez-iraunkor batek epaiketa bat irabazi zuen 2017an, non epaileak UPV/EHU kondenatu zuen irakasleari bosturtekoak ordaintzera, diru-kopuru bat zehaztuta. UPV/EHUko zuzendaritzak helegitea jarri zion sententziari (gero esango digute UPV/EHU izena harrotasunez eraman behar dugula…), baina ez zen onartu; ondorioz, sententzia irmo bihurtu zen eta irakasleari zegokiona ordaindu zitzaion. Aitortutakoa ordaintzeko aukera bazegoela argi geratu zen. Hala ere, kaltetuen kolektiboak diskriminazio hau buka dadin exijitzeko egindako eskaeren eta ekimenen aurrean, UPV/EHUko zuzendaritzaren erantzuna beste aldera begiratzea izan da, borondate falta jantzi juridikoaz mozorrotuta. Horretarako erabiltzen dituzte maiz haien (baina guztiok ordaintzen ditugun) zerbitzu juridikoak: haien jarrera eta erabakiak juridikoki defendatzeko, langileon eskaera justuen aurrean bideak bilatzeko erabili baino.

Hortaz, bi erantzule topatzen ditugu, baina jarrera bera. Alde batetik, Eusko Jaurlaritzak ez ditu egin beharreko lege-aldaketak gauzatzen, gaindituta geratu den arautegi bati helduta langileoi dagokiguna kentzeko. Beste alde batetik, konplize rolean, UPV/EHUko errektoretza taldeak bere langileei aitortu zaizkien merituak ordaintzeko dauzkan bideak ukatzen ditu, bere erantzukizuna ezkutatzeko jukutriak erabiliz. Biek jarrera bera dute: diskriminazio egoera honi bukaera emateko borondate falta. Modernitate, berdintasun, erantzukizun sozial eta etikaren inguruko propagandaren gainetik, argi esan behar da: Eusko Jaurlaritzak (Hezkuntza sailburu Cristina Uriarte eta Unibertsitate eta ikerlariaren sailburuorde Adolfo Morais direlarik arduradun nagusiak) eta EHUko zuzendaritzak berak (Nekane Balluerka errektorea eta Inmaculada Gerrikagoitia irakasle eta ikerlarien errektoreordea direlarik arduradun nagusiak) EHUko irakasle eta ikerlari ez-iraunkorrak diskriminatzen dituzte.

Zenbat denbora gehiago emango dute aitzakien atzean ezkutuka arazoari behingoz heldu gabe? Moldatu nahi ez duten zaharkitutako legea aitzakia gisa erabiltzen denean, tranpa baino ez da egiten. Langileoi egiten diguten tranpa.
 

 

 

UGT, CCOO eta CENek lan-baldintzak Nafarroan negoziatzeko eskubidea langileei ukatzea erabaki dute

LAB eta ELA sindikatuok hainbat kontaktu izan ditugu CEN patronalarekin eta UGT eta CCOO sindikatuekin, negoziazio kolektiboan Nafarroako hitzarmenak ezartzea lehenetsiko lukeen akordio interprofesional bat lortze aldera. Hala, lanketa honek izandako bidearen beri eman dugu gaur Iruñean, komunikabideen aurrean. Hain zuzen ere, nabarmendu dugu UGT, CCOO eta Nafarroako Patronalak jakinarazi digula sindikatuoi ez dutela nahi Lanbidearteko Akordio bat, baldin eta horren helburua estatu-hitzarmenetako baldintza anitzez apalagoak Nafarroatik kanpo uztea bada.

Zapateroren Gobernuaren 2011ko lan-erreformak bide ematen die estatu-esparruko hitzarmenei negoziazio-gai jakin batzuk haientzat erreserbatzeko, eta sektoreko probintzia-hitzarmenetan ezarritakoa guztiz edo zati batez deuseztatzeko. Lan erreforma horretaz baliatzen ari dira UGT, CCOO eta Patronalak estatu-hitzarmenak Madrildik ezartzeko (eraikuntzan, ostalaritzan, metalgintzan, sukaldaritza kolektiboan…). Negoziazio kolektiboaren estatalizazioa dela eta, Nafarroako langileen lan baldintzak nabarmen okertzen ari dira.

LABek eta ELAk, 2017. urtean, proposamen bat helarazi zieten CENi eta UGT eta CCOO sindikatuei, Nafarroako sektore-hitzarmenak lehenesteko, Madrilen sinatzen direnen aitzinetik. Ez dago beste helbururik langile nafarrei lan-baldintzak erabakitzea uztea baino, Madrilgo esku-sartzerik gabe. Alde horretatik, oroitu beharrekoa da 2017ko urtarrilean LABek, ELAk, UGTk, CCOOek eta Confebaskek tankera bereko akordio bat sinatu zutela EAEn.

UGTk, CCOOk eta CENek ezetza eman diote LABek eta ELAk egindako proposamenari.

Bi sindikatuok salatu nahi dugu UGT, CCOO eta CENen jarrera hori, langile nafarrei lan-baldintzak erabakitzeko eskubidea ukatu dietelako, baita negoziazio kolektiboa estatalizatzeko bidea urratu ere.

Azkenik, ELAk eta LABek gure defentsa berretsi nahi dugu lan-baldintzak Nafarroan erabakitzeko eskubidea bermatuko duen negoziazio kolektibo ereduari.