2026-07-11
Blog Page 872

Garbiñe Aranburu: “Zertarako erabaki? Bizitzaren prekarizazioari aurre egin eta guztioi lan eta bizi duina bermatzeko”

Zergatik erabaki. Horixe izan zen atzo, Gure Esku Dago dinamikaren eskutik, Bilboko Bizkaia aretoan antolatutako solasaldiaren ardatza. LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu hizlarien artean izan zen, eta sindikatuko ordezkariak ez zuen zalantzarako tarterik utzi: "Lan harremanetarako eta babes sozialerako sistema propio bat eraikitzeko erabaki ahalmen osoa behar dugu”.

“Bizitzaren prekarizazio prozesua bizitzen ari gara. Erabaki nahi dugu egungo eredu ekonomikoa eraldatzeko”. Garbiñe Aranbururen hitzak dira hauek, Gure Esku Dago dinamikak antolatutako solasaldian esandakoak. Hala, mahai inguruaren galdera nagusiari zuzen zuzenean heldu zion, erabakitzeko eskubidea, zergatik baino, zertarako den garrantzitsua nabarmenduta: "Zertarako erabaki? Bizitzaren prekarizazioari aurre egin eta guztioi lan eta bizi duina bermatzeko".

Neoliberalismoak herritarrengan kaltea baino ez duela ekarri esan zuen; sektore publikoen pribatizazioa, zaintza lanak emakumeen gain egotea eta babes sozial sistema egokirik ez izatea, esaterako. Horrenbestez, bizitza duin bat bermatzeko erabakitzeko eskubidea ezinbestekoa dela berretsi zuen; “erabaki ahalmen osoa" izatea, alegia.

Atzoko solasaldia osorik ikusteko aukera dago Gure Esku Dagoren webgunean

 

 

 

Nafarroa osoan haurrak D ereduan matrikulatzeko deia egin dugu, horretarako hamaika arrazoi on dagoela sinetsita

0
Nafarroan, otsailaren 1etik 7ra eginen dute Haur eta Lehen Hezkuntzako aurrematrikulazio kanpaina. Hori dela-eta LAB sindikatuak D ereduaren aldeko bere konpromisoa eta babesa berretsi nahi ditu. Era berean, Nafarroa osoko familiak animatu nahi ditu haurrak D ereduan matrikula ditzaten, horixe baita herritar euskaldun eleaniztunak izatea ahalbidetzen duen eredu bakarra.

Nafarroan dagoen egoera soziolinguistikoa zein den ikusita, ikasle euskaldun eleaniztunak sortzeko bidean, LABek ezinbestekotzat jotzen du D ereduaren indartzea. 50 urteko esperientzia pilatua du D ereduak, eta gaurko egunean Nafarroako eredu bakarra da derrigorrezko hezkuntza bukatutakoan ikasleak euskaraz ongi komunikatzea ahalbidetzen duena.

Orain dela bi urte LAB sindikatuak egin zuen kanpaina batean adierazi zen moduan, badira hamaika arrazoi haurrak D ereduan eskolatzeko:

1. Ikasle euskaldun eleaniztunak nahi ditugulako.
2. Gure ondare kulturala ezagutzeko eta maitatzeko.
3. Pedagogia aurrerakoian oinarritzen delako.
4. Gurea ezagutuz desberdina dena errespetatzen ikasteko.
5. Irakasleak ereduarekin konprometituak daudelako.
6. Ezagupena barnetik hasten delako. Euskara gurea!
7. Hirugarren hizkuntza batzuk errazago ikasteko.
8. Lan aukera handiagoak izateko.
9. Bide luzea egin duen hezkuntza eredua delako.
10.Emaitza akademiko onak ematen dituelako. 11.Nafarroa hobeto ezagutzeko.

LAB sindikatuak, eragile soziopolitikoa den heinean, gizartearekin duen erantzukizunaren baitan kokatzen du D ereduaren aldeko zeregin hau, eta berriz ere adierazi nahi du Nafarroan eta Euskal herri osoan euskararen ofizialtasunaren eta normalizazioaren mesedetan lanean jardungo duela.

 

 

 

Alfako langileek infogune bat egokitu dute Eibarren, grebaren arrazoiak gizarteratzeko

0

Alfa Taldeko langileek Infogune bat zabaldu dute Eibarko Untzaga plazan, daramaten borrokari buruz informatzeko eta borroka beraren arrazoiak gizarteratzeko. Astelehen, asteazken eta ostiraletan egongo da irekita, 9:30etik 12:30era eta 17:00etatik 19:30era.

Dagoeneko 66 dira greba egunak, bi hilabete baino gehiago. Enpresak emandako azken pausua 131 pertsonentzat epaitegian ERE bat aurkeztea izan da.

Infogunearekin batera, langileek elkarretaratzeak egingo dituzte goizean zein arratsaldean; 12:00etan eta 19:00etan, hurrenez hurren. Enpresa batzordeak mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu dute.
 

 

 

Negoziazio prozesu bat irekitzeko eskatu dute Osakidetzako Larrialdi Zerbitzuetako langileek

Hainbat sindikatuetako ordezkariak Bilbon bildu gara, Osakidetzako Larrialdi Zerbitzuaren egoitza aurrean, inposizioak salatzeko eta negoziazio prozesu bat ireki dezaten eskatzeko. Larrialdi Zerbitzuko langile guztiei egin diegu dei, mobiliza daitezen, zuzendaritzak lan egutegia eta lizentziak bezalako gai garrantzitsuenetan duen jarrera dela eta.

LAB sindikatuarekin batera, ELA, CCOO, SATSE, UGT, SME eta ESK ere izan dira ordezkatuak gaurko protestan. Kaleratutako oharraren arabera, mobilizazioak Araba eta Gipuzkoara eramango ditugu otsailean.
 

 

 

Egonkortasuna aldarrikatu dute ikastoletako langileek

0

LABeko ikastoletako ordezkariek elkarretaratze bat egin dute gaur Gasteizen, Eusko Jaurlaritzaren aurrean, egonkortasunaren alde. Nafarroako zein EAEko Hezkuntza administrazioei adierazi diete aurrean edukiko dituztela, baldin eta ikastoletako langileen lan-baldintzak hobetzeko ezinbestekoa den finantziazio egokia eskuratzen ez bada. "Ikastola osatzen duten eragile guztien ardura izan behar da administrazioa interpelatzea", adierazi dute.
 

 

 

Nafarroa Beherean da “Tira-bira” dinamika ibiltaria

Donibane Garaziko eskualdera iritsi gara gaur, Alarma Soziala izeneko tresnaren berri bertako langileen artean emateko. Hain zuzen ere, horixe da "Tira-bira" itzuliaren helburua: tresna hori aurkeztea. Macronen erreformak enpresa batean atzerapen sozialen bat ekartzen duenean, aktibatuko dugun tresna da Alarma Soziala. Alerta sistema bat, alegia.

Hendaian ekin genion bideari astelehenean, "Tira-bira" dinamika ibiltariaren aurkezpenarekin. Otsailaren 9a bitartean, Ipar Euskal Herria zehartuko dugu. Azken egunean, Baionan, ekitaldi nagusia egingo dugu.

Alarma Soziala izeneko tresna Baionan aurkeztu genuen joan den urrian, enpresek Macronen erreforma aplikatu ez dezaten. Bada, "Tira-bira" ekimenarekin langileengana hurbitzen ari gara, alerta sistema hori eskuragarri dutela azaltzeko eta edozein momentutan aktibatu dezaketela jakinarazteko.

Lapurdin izan gara lehen bi egunetan, eta gaur eta datozen egunetan, leku hauetan egokituko dugu "Tira-bira" dinamika ibiltariaren infogunea, 12:00etatik 14:00ak bitartean:

-Urtarrilak 31: Donibane Garazi. Hirigunean.

-Otsailak 1: Maule. Hirigunean.

-Otsailak 2: Izura. Bilkura publiko bat egingo dugu.

-Otsailak 5: Aiziritze. Industriagunean.

-Otsailak 6: Akamarre, Hauts de la Bidouzeko industriagunean.

-Otsailak 7: Hazparne. Hirigunean.

-Otsailak 8: Mugerre. Centre Fret gunean.

-Otsailak 9: Baiona. Ekitaldia eta mobilizazioa egingo ditugu.

-Otsailak 5: Aiziritze. Industriagunean.

-Otsailak 6: Akamarre, Hauts de la Bidouzeko industriagunean.

-Otsailak 7: Hazparne. Hirigunean.

-Otsailak 8: Mugerre. Centre Fret gunean.

-Otsailak 9: Baiona. Ekitaldia eta mobilizazioa egingo ditugu.
 

 

 

Otsailaren 28an lanuzteak egingo ditugu EAEko udal eta foru administrazioko erakunde guztietan

LAB eta ELAko EAEko udal eta foru administrazioko ordezkariek agerraldi bat egin dute gaur, datozen asteetarako aurreikusitako mobilizazio dinamikaren berri emateko. Hain zuzen ere, langile guztiei egin diete dei -30.000 langile inguruk egiten dute lan sektorean- otsailaren 28ko lanuzte eta mobilizazioetan parte hartzeko, "bakarrik mobilizazioen bidez lortuko baitugu egoerari buelta ematea". LAB eta ELA sindikatuok langileen ordezkaritzaren %80 inguru dugu udal eta foru administrazioan.

Hauxe da LAB eta ELAko EAEko udal eta foru administrazioko ordezkariek gaurko agerraldian zehaztutakoa:

Pasa den abenduan iragarri genuen bezala, sektore honetan azken urteotan lanpostu asko galdu dira, egin diren kontratuak behin-behinekoak dira, zerbitzu asko pribatizatu dira hauen kalitatea eta langileen baldintzak nabarmenki okertu direlarik eta eroste ahalmen handia galdu dugu langileok.

Horrela, EUDELek berak onartzen duenez, behin-behinekotasunak %36a gainditzen du, eta langileok ikusi dugu nola gure eroste-ahalmena %10 baino gehiago murriztu den.

Pasa den abenduan bertan egin genituen mobilizazioak Elkargoko hiru Aldundien aurrean. Tamalez, gauzak ez dira aldatu. Alderdiek ez diete erantzunik eman gure aldarrikapenei, ez dute esan EUDELek duen jarrerarekin bat datozen edo kudeatzen dituzten erakundeetan Udalhitz hitzarmena betetzeko asmorik duten. Horrela, ulertu behar dugu isiltasun horrek adostasuna erakusten duela eta langileok berdin segituko dugula.

Egoera honen aurrean, eta abenduan aurreratzen genuen bezala, erabaki dugu mobilizazioekin jarraitzea eta, gainera horien maila igotzea: hala, hurrengo otsailaren 28an lanuzteak eginen ditugu EAEko udal eta foru sektoreko erakunde guztietan. Hain zuzen ere, 4 orduko lanuztea egingo dugu (11etatik 15ak arte, goizeko txandan; eta 15etatik 19ak arte, arratsaldekoan).

Egun horretan bertan mobilizazioak eginen ditugu hiru hiriburuetan eta zenbait eskualdetako buruetan.

Aldarrikapenak, iragarri bezala, hurrengoak dira:

• Zerbitzu publikoak garatu. Ematen ditugun zerbitzu publikoak defendatu eta garatu, pribatizazioak geldituz. Pribatizaturiko zerbitzuetan langileen lan baldintzak duindu eta klausula sozialak landu.

• Enplegu Publikoaren alde: Suntsitutako enplegua berreskuratu eta behin-behinekotasun tasak %6ra jaitsi, akordioak betez. Lanpostuak egonkortu eta sortu. Eta betetzeko Langile batzordeen gehiengoarekin adostutako LEPak deitu.

• Negoziazio kolektiboaren eskubidea berreskuratu: Galdutako eskubideak eta eros- ahalmena berreskuratu.

Eta berauek lortzeko dei egin nahi diegu langile guztiei 28an lanuztean eta mobilizazioetan parte hartzeko, bakarrik mobilizazioen bidez lortuko baitugu egoerari buelta ematea.
 

 

 

Bea Martxueta: “Babes sozialerako marko eta sistema propio eta publiko bat da gure proposamena”

Alkartasuna Fundazioak mahai inguru bat antolatu zuen atzo arratsaldean, Bizkaiko Batzar Nagusien hitzaldi aretoan, "Pentsio duinen euskal sistema publiko baten alde" izenburupean. LABeko Ekintza Sozialeko idazkari Bea Martxueta bertan izan zen, beste hizlari batzuekin batera, eta sindikatuak pentsioei buruz egiten duen irakurketa plazaratu zuen.

Pentsiodunentzat eskertza hitzak izan zituen Bea Martxuetak bere agerraldian: "Eskertzekoa da LABeko pentsiodunen arloko kideek eta plataforma ezberdinek egiten duten lana. Kalean gaude egunero pentsiodunen eskubideak defendatzen". Hau esanda, pauso bat harago eman zuen, hizpide zuen gaiaren garrantzia kontutan hartuta: "Pozten naiz gaurko pentsiodunak hemen ikusteaz, baina gustuko izango nuke biharkoak ere ikustea, guztioi eragiten digun arazoa baita; eskubide urraketak eta lan merkatuaren prekarizazioa".

Pentsioen egungo egoera aldez aurretik pentsatutako estrategia baten ondorioa dela nabarmendu zuen; Espainiako Estatuko gobernu desberdinek egituratutako estrategia baten ondorioa, alegia. Zentzu honetan, aipatu zuen euskal sistema, Espainiako sistema ez bezala, bideragarria izango litzatekeela: "Borondate politikoa besterik ez da behar horretarako". Hori bai, nabarmendu zuen aberastasunaren banaketa eta lan merkatuaren aldaketa eman beharko liratekeela ezinbestean, helburuak betetzeko. "Babes sozialerako marko eta sistema propio eta publikoa da gure proposamena. Lan merkatuaren inguruan egin beharreko politika publikoak guztiz lotuta daude babes sozialarekin eta, beraz, pentsioekin", jakinarazi zuen.
 

 

 

Inklusioa ardatz izango duen hezkuntza sistema burujabearen alde egiten dugu

0
EAEko Eskoletan matrikulazioa hasi berri den honetan, LABek bere kezka adierazi nahi du EAEko Hezkuntzak dituen zenbait egiturazko arazo larriagotzen ari delako: hizkuntza ereduak mantentzea, segregazioen arazoari aurre ez egitea, langileon lan baldintza kaxkarrei eustea, PISA azterketa eta errebalida berrien deialdia, espainiar Curriculumaren inposaketa,… eta aurreko guztia gutxi balitz Opus Deiri ateak parez pare ireki dizkio Gasteizko Gobernuak.

Bereziki, Opus Deiri egindako opariaz hitz egin nahi dugu. PPrekin egindako aurrekontu Itunak Opus Deiri aukera eman dio Gasteizko NClic Ikastetxea eta Kimba sareko haur eskolak bereganatzeko. Alfonso Aguiló enpresari ultrakatoliko Opus Deiko militante ezaguna buru, kongregazio ultrak hainbat ikastetxe erosi ditu Gasteizen.

Gauzak horrela, gure herriko gero eta haur zein gazte gehiagoren heziketa Espainiako ultra-eskuinaren esku utzi du Eusko Jaurlaritzak. Alfonbra gorria jartzeko prozesua ahalbideratu du EAJ eta PSEren Gobernuak PPrekin egindako aurrekontu akordioak. Akordio honen bidez, Alfonso Aguilók finantziazio publikoa eskuratu baitu ikastetxeak erosteko bere dogma errealitate bilakatuz: “Pentsatzen du aukera berdintasuna izan behar dela diru publikoa eskuratzerako orduan, berdin da zentro publiko zein pribatuak izan, irabazi asmoa dutenak zein ez dutenak”.

Berea da besteak beste neska mutilen segregazioaren aldeko ondoko esaldia: “Desberdintasun naturalak daude mutil eta nesken artean, eta honek, ikasteko modua ezberdina dela egiten du. Irakaskuntza bereizitua esperientzia bikaina da”.

Fundacion Arenalesen hezkuntza proiektua da ikasleak sexu, erlijio, jatorri, diru eta hizkuntzaren arabera segregatzen duen hezkuntza proiektu atzerakoiaren adibide garbia. Hezkuntza ultrakatoliko eta espainiarzaleak gure hizkuntza eta kultura baztertzeaz gain, proiektu erabat elitista eta atzerakoiaren aldeko apustua egiten du. LABen aburuz, horrelako ikastetxeek ezin dute finantziazio publikoa jaso, ezta euro bat ere.

LABek matrikulazio kanpainaren hasiera honetan segregazioaren aurkako borrokarako deia egiten du. Segregazio mota guztiak salatu eta gainditzeko unea da. Sexua, arraza, erlijioa, hizkuntza, jatorria edo diruaren araberako zatiketa gainditu beharra dago. Inklusioa ardatz izango duen Hezkuntza Sistema Burujabea iruteko garaia.